literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

31.— Luis Gonzalez Etxabarri, «Bingen Aizkibel»

(1893-1971)

 

        Euskal elertian, «Aizkibel'dar Bingen» zeritzan. Mendi artean lez daukazu, eder, Ubidea Bizkai'ko erritxoa, Araba'ri ikutzen noski. Erreka bat doa bere ondotik, Gorbeia'tik beera datorrena, ixil ta ugalkor. Gaur iñoizkorik geien, kale aietatik zear, kotxe ta tarranten barbalaka etengabea nabari da. Ementxe jaio zan Koldobika 1893-10-8'an.

        Dendaria zan atita, ta semeak ikasteko era obea izan zedin, Gazteiz'era aldatu zan sendia. An ikasi zigun batxillerra, ondoren berriz Bilbao'n osatu zizkigun Jakintza ta Ederti eskolak. Abertzale sutsua gazte-gaztetatik. 1904'tik asi ta 1937'rarte Bilbao'ko «Euzko-Gaztedija» izan zan abertzale gazte guztien biltokia; 1914'an, esate baterako, Eli Gallastegi zan buru ta Luis G. Etxabarri, idazkari. «Euzkadi» egunerokoan idazten zuen aspertu gabe; baita geroago «Aberri»-n eta «Kendu»-n ere, Manu Egileor, Arrien, Eli Gallastegi, Uribe-etxeberria ta beste batzukin. Euskeraz ta erderaz ari zan. Illunean argia egin naiean, 1921'tik 1924'ra berak zuzendu zuen «Aberri». Urte onetan, Primo de Rivera'ren nausitza aldian, atzerrira iges egin bear izan abertzale askok: M. Egileor'ek Lapurdi'ra jo zuen, E. Gallastegi'k Mexiko'ra, Robles Arangiz eta Luis G. Etxabarri'k Arjentina'ra.

        Andik ere lan ederra egin zigun Etxabarri'k. Beronen idatziak daurkiguz, ta ugari, Bilbao'ko «Euzkadi»-n eta «Aberri»-n, eta Buenos Aires'ko «La Nación», «Nación Vasca», «La Baskonia», «Euskalduna» ta «Mundial» aldizkarietan; baita E. Gallastegi'k Mexiko'n ateratzen zuen «Vida Vasca»-n ere. Ogetabost bat urtean, berri emaille izan zan «La Nación» egunerokoan.

        Buenos Aires'en il zan 1971-8-7'an.

 

        EUSKALTZALE.— Ander M. Iruxo'k onela: «Luis Gonzalez Etxebarri jaiotzez zan euskaldun. Aren erriko euskalkia erdi bizkaitar erdi arabar duzu. Izparringietan idatziz euskera landu zuen. Lan jatorrak eta itzulpenak argitara zizkigun; ez da, beraz, arritzeko 1918'an Euskaltzaindia sortu zanean berau ere Oñati'n aurkitzea». Euskal aldundiak an lau gizon aukeratu zituen ortarako araudia antolatu zezaten. R.M. Azkue, Artur Kanpion, Eleizalde'tar Koldobika ta Juli Urkixo. Urrengo batzar batean egindako araudia onartua izan zan, baiña euskaltzain osoak eta urgazleak izendatu ere: Luis G. Etxebarri ere, Bizkaikoen artean, antxe zegoen urgazle bezela. Etzan edozein moduko gizonen aulkian jarri, lagunkide bait zituen: Bizkai'tik, Seber Altube, Federiko Belaustegigoitia, Ebaristo Bustintza, Jose Maria Errazti, Jon Gurutz Ibargutxi, Gabriel Manterola, Nazario Oleaga, Urriolabeitia'tar Amantzi ta Paulo Zamarripa.

 

        IDAZLE.— Lumaren arazoa ogibide bait zuen, asko idatzia duzu euskeraz ta erderaz. Ikasteak amaitu-ala asi zitzaizun idazten, «Euzkadi» egunerokoan aurrenik, eta «Aberri»-n eta «Kendun»-en ondoren. Esan dizugu: «Aizkibel'dar Bigen» erabilli oi zuen gezur-izentzat, geienez beiñik-bein, bere izenez ere lanik asko azaldu zituen arren. Azken urteotan, Arjentina'n, frantsesetik eta inglesetik itzulitako lanak etzitun gutxi eman Buenos Aires'ko «La Nación» egunerokoan.

        Liburu bezela argitaratu zizkigun lanak.

        1) Ipuin aberkoyak (Bilbao, 1917). Grijelmo-Alargun-Semien irarkolan. 102 orrialde.

        2) Urretxindorra (Bilbao, 1918). Grijelmo-Alargun-Semien irarkolan. 145 orrialde. Olerki politak dituzu, aberkoyak geienak. «Euskal usaña daroen ezkero, eleiz ta zeru usaña be, daroe ez gitxi» (J.B. Deya, 1918, 255 orr.).

        3) Cuentos patrióticos (Bilbao, 1920). Ed. Vasca. 187 orrialde.

        4) Arara-Goiri, bardo de la Patria (Buenos Aires, 1925). Amorrortu'ren irarkolan. 36 orrialde. 1924-11-3'an Euzko-Indarraren batzokian irakurritako itzaldia.

        5) Cantos de Euzkadi (Buenos Aires, 1925). Sebastian Amorrortu'ren irarkolan. 84 orrialde.

        6) La destrucción del País Vasco (Buenos Aires, 1937).

        Beste lan asko ditu, esan dugunez orko ta ango kazetari ta aldizkarietan argitara emanda. Olerkari bezela etzitun gaizki aragitzen bere koplak. «Hermes», «Patria Vasca», «Euzko Deya», «Ideariun», «Euskal Esnalea», «Vida Vasca», «Euzko Enda», «Egan» ta olakoetan datoz Aizkibel'en neurtitzak. «Lan gutxi auetan aberriakiko biotz-zarrazta duzu nagusi —dio Ander M. Iruxo'k—. Onetan leial jokatu zuen beti, naiz-ta anai arteko burrukak eta ondorengo Laterri nagusi arteko gudak, erri-urruntasunak eta bere emazte ta alabagandik bananduta bizi bearrak ematen zion naigabeak —ez zuten iñoiz ere alkar ikusi, oiek bada etziran Arjentina'ra joan, ezta bera Euskalerria itzuli ere—, edozein politika okerdurako gai egoki egin zutelako, ezker-aldera bultzatu zuten. Joan zan, baiña, gerrea, ta ordun ulertu zuen euskaldun jator batentzat betiko balioak, geureak dirala. Eta poliki poliki lengo bidera biurtu zitzaigun».

        Lege-gizon bizkor eta kazetari trebe zan.

        Iñurri gisa ainbat euskal liburu pillatu zituen bere bizitzaldian, eta il zanean, Buenos Aires'ko «Laurak-Bat»-eko idaztitegirako geratu ziran guztiak. An datzaz gaur ere agertoki aratzean.

 

        (Ikus Euskera, 1921 ta 1973, 291 orr.; S. Onaindia, MEOE, 636 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1960, 140 orr. ta 1961, 41 ta 141 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 1963, 93 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 553 orr.; Ander M. Iruxo, Bol. Ame1. E.V., 1973, 36 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliografia, IV, 82 orr.).

 

Bilaketa