literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

63.— Martin Itziar Agirre

(1905-....)

 

        Gizaseme jator, ixil, langillea. Azkoiti'n jaio zan 1905-11-11'an. Berea duen oski-denda batean lan egiñik bizi da; gaur alargun. Dakiana erriko eskolan eta irakurriaz ikasia du. Irakurriz, ala ere, gogo sendoaren jabe danak asko ikasi dezakenik ezingo du iñork ukatu.

        Umetan txorizale zan, berak aitortzen digunez. «Nere aurtzaroan —dio— emen inguruetako zugaztiak txoriz beteak ziran; eta umekoxkorrak taldean ibilli oi giñan kabi billa, ikastolatik iare genitun ordu guztietan. Jakiña izaten zan, gure atzaparretan erortzen ziran kabiei gertatu oi zitzaiena; eta ezin ba'genduan, artean kimuan generamakin griña asetzeko, etziran gure besotxoak arrika nekatzen, adar muturren baten zegon kabiko arrautzei edo, txorikumari lurra joerazi arte. Mutikoskerretan berriz... karnaba zale; eta areagoak ikusiak giñalako edo, gure okerrari utsa irizten genion. Gero gaztaroan, naiz ta nere ama eiztarien arerio purrukatua izan, beraren ustez elizkoi kazkarrak ziralako, alako batean lortu nuan txisparen jabe izatea; eta eiztari zentzundun eta biotzdun izan bearrean, txispazale oietako bat biurtu nintzan...».

        Ortan, guda etorri zan. Eta Martin'ek bere txispa utzi bear. Zer egin ote zuen? «Ganbarako sakapean gorde nuan», diosku. Eta or ibilli zitzaigun zati batean gorroto zuen zirimol lotsagarrian nastuta. Urazkenean, ala-bearrak saka eginda, Bilbao'rantza jo zuen, eta emen diosku berak: «Urrutizkiñeko artu-emanen ikasketa batzuk egin ondoren, bizkaitar euskal mutillak osatzen zuten talde batera izendatu ninduten». Mendi ta ibar ibilli asko burutu ondoren, 1937-6-13'an, Bizkai'ko Burnigerriko guda oiñean, Fika'n guentxoan aurkitzen zala, baitu ta Gernika'tik, Durango'tik, Otxandio'tik zear Gazteiz'era eraman zuten ondo zainduta.

        «Sierras Alavesas»-en eta Orduña'n egunak egiñik, dagonillaren lenengoetan Gazteiz'en zegoen berriz ere, espetxe biurtuta zegoen karmeldar Lekaidetxeko, goiko gela batean. «Sartu ninduten gelan —dio berak— amalau-amabost gizon adiñeko zeuden, denak arabarrak, eta tartean laudiotar batzuek. Auek esan zidaten nola gela ontan Lauaxeta ta Plazet egon ziran. Baita erakutsi ere ormatik zintzilik zegon Ama Birjiña Karmengoa'ren lauki atzean, Lauaxeta'k, il aurreko orduetan idatzita utzi zuan, erderaz Ama Birjiñari zuzendutako amalaukoa».

        Eta gero? Berak: «Lekaretxe aretatik ertenda, luzaro bazterrik bazter ibilli bearra izan nuanean, sarri samar erri-miñak jo oi ninduen. Lauaxeta zanak il aurrean Ama Birjiña'ri erderaz zuzendutako amalauko maitagarriak menperatu eziñik nenbillen beltzuratik ateratzen laguntzen ziran» (Olerkiak. Lauaxeta, 1974, 11 orr.).

        Etxera biurtu zanean, etzuen geiago izkillurik gura izan, ez txoririk ez gizonak iltzeko, txoriak goresten eta gizonak maitatzen bizi-egunak eman baizik.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Liburu bi eskeiñi dizkigu, eder-ederrak. Ona:

        1) Gure Txoriak (Zarautz, 1966). «Itxaropena» argitaldaria. 203 orrialde. Kuliska Sorta, 61. Umetan kabiak puskatzen ibillitakoa izanarren, maite ditu txoriak, eta maitasun orrek bultzatuta eskeiñi digu idazti bikain au. Adi berari: «Jakintsu bat bazan Europa'n Erri baten jakintza-neurria, an bertan pakean bizi ziran txorien urri-ugaritasunetik neurtzen zuana. Neurketa ori ontzat artzen badegu, gure Euskalerri gaixoa beherago ezin leike erori; lurra jo digu-ta... Gure mendi ta landa zabaletako ixiltasunakin, naigabez gogoa lurrera erortzen bai zaigu». Olantxe da, izan ere. Eiztariok!: ez zaitezte orren anker izan!

        Eta ondoren Euskalerrian aurkitzen diran egazti-motaen zerrenda ikaragarri ematen digu: 1) Itxas-egaztiak, 26; 2) Zezen-egaztiak, 2; 3) Itxas-ahate murgilariak, 3; 4) Itxas-ahate zerrak, 3; 5) Zinkunak, 2; 6) Putreak, 4; 7) Arranoak, 4; 8) Arranoxkak, 8; 9) Alkoiak, 5; 10) Eperrak, 4; 11) Urolloak, 7; 12) Eiz-egaztiak, 6; 13) Ollagor eta Istingorrak, 4; 14) Ipar-egaztiak, 4; 15) Kaioak, 8; 16) Antxetak, 5; 17) Itxas-enarak, 4; 18) Usoak, 4; 19) Mozollo ta ontzak, 7; 20) Zirringillak, 6; 21) Okillak, 7; 22) Txori-andreak, 5; 23) Enarak, 4; 24) Eulitxoriak, 4; 25) Erregetxoak, 2; 26) Txioak, 4; 27) Txinboak, 5; 28) Sasi-txoriak, 7; 29) Txindorrak, 7; 30) Ipurzuriak, 3; 31) Arkaitz-zozoak, 2; 32) Garraztaroak, 3, 33) Birigarroak, 2; 34) Zozoak, 4; 35) Burni-txoriak, 2; 36) Guritak, 3; 37) Buztan-ikarak, 3; 38) Antzandobiak, 5; 39) Gerri-txoriak, 4; 40) Kaxka-beltxak, 6; 41) Berdantzak, 6; 42) Alejaleak, 18 43) Araba-zozoak, 4; eta 44) Beleak, 9.

        2) Larraundi'ko Sendia (Zarautz, 1968). Itxaropena irarkolan. 152 orrialde. Nobela. Labur: bi idazti, zein baiño zein ederragoak.

 

        (Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 99 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 105 orr.; S. Onaindia, Olerkiak-Lauaxeta, II. orr.).

 

Bilaketa