literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

51.— Iñaki Olabeaga ta Aldanondo

(1901-....)

 

        1901-10-14'an Donostia'n jaio zan, «Kanpanaro» karrikan, Parte zarreko jatorrizko kaleetakoa. Donostiar zarrentzat «Joxemaritar Kaxkariñak" zuen ezizena. Aita, Donato Olabeaga Zumalabe, Donestiarra ta itxasontziko pilotu, bere garaian oso ezaguna, bertako kai aldean; ama, Manuela Aldanondo Berra, Astigarraga'ko Xantiomendi'ko baserri batekoa: etzuen bein ere erdera ikasi. Bost anai ta iru arreba izan ziran. Bat, Iñaki, Salletarra egin zan. Manuela arreba lekaime, «Karmeldar Mixiolarien» taldean sartu ta Peru-Lima'n il zan.

        Garai artan Sallerarrak Frantzi'tik botata izanik, Donostira etorri ziran batzuk, eta «Aingeruen Ikastetxe» iriki zuten ta ara joan zan gure mutikoa, erdera ta lenengo letrak ikastera. Ordun sortu zitzaion Iñaki'ri euskal-erdel burruka. Ikastetxean dana erderaz, kalian ia dana, baiñan etxean nai ta nai ez euskeraz egin bear. Ume-aroan or ibilli zan meza-mutil bai Donostiko kaieko San Pedro'n, bai Santa Teresa, karmeldarren elizan, eta bai Santa Maria parrokian.

        Amalau urte zituela Irun'go Lasalletarren Nobizio-etxean sartzen da. An erdera ta frantsesa bapo sakondu zituen, baña baita zoritxarrez euskera ziaro aztu ere. Amasei urtekin, urte bateko nobiziadu ondoren, Bujedo (Burgos)'era irakaslaritzako ikasgaiak eta azterketak egiten. Or bai euskera benetan aztu zuela. Lelengo aldiz Donostira etxeratu zanean, gurasoak euskaraz ta semeak erderaz ekin bear. Geroztik ez-izen bat jarri zioten etxean: «Ara emen guretar maketo ikasia».

        Emeretzi urte zituela Irun'go San Martzial ikastetxean asten da maixu jardunetan. Bera izango du bizitzako lana. Ordun sortzen zaio euskal zaletasuna. 1922'an Baiona'ra bialdu zuten komertzio ta gaztelania erakusten. Iru urte egin zituen an. Gero bizitza osorako profesa egin ta osasunez makal zegoela ta Barakaldo ondoko Arboleda'ra bialdu zuten nagusiak. Emen urte bakarra egin eta berriz igorri zuten Irun'go San Martzial ikastetxera: berton osatzen du frantses ikasketa ta inglesaz ere jabetu.

        Errepublika etorri zanean, abertzaletasunak indar aundia artu zuela ta Estatutoa bazetorrela-ta, berekin batean ikastetxean elebitza zetorrela-ta, Anai nagusak euskal textuak sortzea bultzatu zien anai batzuei, Iñaki tartean zala. Garai artakoak dira Bruño'k argitartu zituen Zenbakiztia ta Neurkiztia. Guda etorri zalako, or geratu ziran baita, eskuz idatziak, «Euskal-Eliztia» euskera utsean eta «Euskal Idazleen Antologia».

        1936 urtean gaude. Gerraldia. Iñaki anaiaren bizitza arriskuan zegola-ta, Anai nagusik Frantziko Ipar aldera, Annappes erritxora bialtzen du: Lille inguruan datza erri ori. Zortzi urte egin zituan an, Lilleko Ikastetxe nagusian ikasle jarraitu ta etxean gaztelera maixu bezela. Zintzoa izanik, noski, Buruzagi-ordezkari izendatu zuten. Gero Europa'ko guda orokorra. Ango ikasleekin igeska oiñez ta gosez egin zituen, doixtarren egazkiñen lerkai bildurgarrien pean. Zorionez danak bizirik irten ziran.

        Arat-onat ibilli ondoren, 1944'an artu zuen Anai nagusiaren deia berriz Euskadi'ra biurtzeko. Baiñan doixtarrak etzioten igaro-biderik eman ta Ustaritz'en eskola ematen egon zan alemanak joan arte. Or asi zan euskeraz eskola ematen. Gero, Euzkadi'n sartu bai, baiñan Zaragoza'ra bialdua izan zan. An ere buruzagi-ordezkari izandatua izan zan. Frantsesa ta inglesa erakustea zan bere lana.

        Andik lau urtera Zarautz'en daukagu. Eta ementxe asi zan euskeraren alde burrukan. Mutillak euskeraz danak zekiten, baiña ez irakurtzen eta ez idazten etzekiten; beraz, ortak asi zitzaigun gogor. Ikastetxeko nagusi zala, ainbat euskal kanta erakutsi zien mutikoai. Baiña etsaia beti ernai: Madrid'en «separatista» zala salatua izan zan eta Peña Garikano'k, orduan Gipuzkoan gobernadore zanak, Gipuzkoa'tik jaurti zuen.

        Anai nagusiak Sestao'ra bialdu zuen. Gero, andik Bilbao'ra. «Ediciones Bruño»-ren arduradun jarri zuten. Garai artan asi zan San Anton'go euskal mezak 14 urte zear, orain arte, zuzentzen. Baita 16 eliz parrokitan izan da euskal illetak zuzentzen oar-arazle (monitor) bezela. Gaur Lasalletarrak lenengo euskal elkartea sortu dutela-ta, or dago Ibarrekolanda kalean, zazpi anai euskal ikasleen nagusi.

 

        EUSKAL LANA.— Ez du askorik idatzi, baiña bere lumatik irtena ezti-markatza bezin goxoa duzu. «Egan»-en, «Nora?»-n, «El Bidasoa»-n, «Euzko-Gogoa»-n, «Olerki»-n eta abar idatzi digu. Sestao'n aurkitzen zalarik, beta apurtxo bat zeukala-ta, olerkietan jarduten asi zan. Olerki oiek gero iru liburutan eman dizkigu, oso poliki. Ona:

        1) Gogoetan (Bilbao, 1972). San Anton Katekesia. 75 orrialde. Poesi-sail ederra. Neurkera askotan, berezko senez eginda maitezko ta osterantzezko lan legunak.

        2) Maite dedana (Erandio, 1975). Telleria irarkolan. 117 orrialde. Lau sailletan banatzen da liburua: 1) Saiaketak (17 lan); 2) Amalaukoak (6 olerki); 3) Bertso tankeran (9 olerki), ta 4) Antzin Liturjiko Jai-egunetan zear eta Begoña'ko Amari (olerki bat). Neurri askotan taiutuak auek ere, ulerterrez ta goxo. Etxebarria'tar Juan Anjel'ek dagitso itzaurrea, ta onela mintzatzen da: «Anai Olabeaga'k Jainkoa ta Jainkoarekikoak maite ditu benetan: Gizadia ta Izadia. Diliges proximun tuum: urrago ta maiteago. Orregaitik eusko lurra ta eusko gizona biotz-erraietan daroaz samurkiro. Izadia eder ta gizadia azke nai ditu...». Sentipen aundiz moldatuak daude neurtitzok. Eta biotzak itz egiten dizu. «Euzkera goxo, xamurra darabilkizu», beiñola Basarri'k esan zion bezela.

        3) Biotz iturritik (Bilbao, 1977). Berrogei olerkiz jantzitako idatzi mardula, oso ederki irarrita. Idurimen eta biotzondoz gaiñezka. 108 orrialde.

        4) Badu oraindik beste idatzi bat ere, itz lauzkoa: Salle'ko Juan Bautista'ren Bizitza laburra (Irun, 1955).

        «Txotx» izenordea erabilli zuen.

 

Bilaketa