literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

28.— Anastasio Arrinda Albisu

(1912-....)

 

        Lekeitio'n jaio zan Arrinda Arranegi kalean, 1 zenbakian. Aita lekeitiarra zuen eta ama Lazkau'koa, errementari baten alaba. Aurtzaro guztia Barakaldo'n eman zuen, alere, gurasoak an bizi ziralako. Bederatzi urte egiteko zegoela, Lazkau'ra aldatu ziran sendiko guztiak. Zergatik «Anes»? Beronek onan: «Anastasio guztiak Lekeitio'n "Anes" dira eta nere gurasoak izen ori jarri nai izan zidaten, euskaldun izen zalakoan, baiña ez zioten baimenik eman; alaz ere, ni bizi guztian etxean, lagun-artzen eta Lazkano'n beti izen orrekin ezagutu naute».

        Beude emen zeaztasunok ere: Udaro joan oi zan Lekeitio'ra, eta amaika urtekin latiñak egin zituen bertan Eguzkitza'tar Joan irakasle zuelarik. Gero, Saturraran'en, Gasteiz'en, Seminario Zaarrean osotu zuen leenengo kurtsoa, 1929-30. Urrengo ikastaroak Seminario barrian, sei ikastaro: 1930-36. M. Lekuona, J.M. Barandiaran, A.E. Mañarikua ta abar izan zituen irakasle. Gerra sortzean, 24 urtekin, ikasketak amaitzeko urte bete palta zitzaion. Iruña'n, Donostia'n soldaduzka egitera joan bear izan zuen, bitartean diakonotza arturik Gabon ostetxoan. 1937-10-24'an apaiztu zan, eta 31'an meza berria Loiola'n. Ondoren lau illabetez berriz ere soldadu Donostia'n, iru urte mando militarren mende.

        Etxera biurtu ta laister Araba'ko Elvillar erritxora bialdu zuten txaunburu. 1940'an Zumarraga'n daukagu parrokiko laguntzaille; amar urtetan, lanari ekin zion eten barik, neska-mutikoak, Luistarrak, Ekintza Katolikua eta Dotriñea bere kontura zituala, 1941'an, Gabonetako dantza ta kantuak Poxpoliñekin egiteko asmoz zebillen, baiña guardi-zibillak esan zioten: «Sermoiak euskeraz, besterik ezer ez».

        Deba'ko parroku izentatu zuten 1950'an. Emen ere bertatik asi zitzaigun lanean: euskerazko erakusketak, gau-eskolak geroago, eta Itziar'ko Amaren Ikastola azkenez. Iru urtean, Euskal-Jaiak... Beingoan artegatu zitzaizkion polizikuak, eta 1964'an Donostia'tik albistea, Deba'ko OARGUI'k ez zuela ezertxo ere antolatzeko baimenik. Lan egin nai eta trabak nunnaitik.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Gasteiz'ko Mintegian ikasle zalarik, liburu txiki bat irakurriz eta ausnartuz biziagotu zitzaion amaren magaletik zekarren Euskal-zaletasuna. Gerra aurretik «El Día»-n atera zitun lantxo batzuk, «Leizadi» izen-ordearekin. Seminario'ko «Kardaberaz» aldizkarian ere eman zitun beste batzuk; garai artan antzerki bat ere osatu zigun, iru ataletan: «Semeno». Emendik atera zuen gero «Semeno de Lazkano» (anai arteko gorroto) zeritzan eleberria. Gerora, «Zeruko Argia»-n eta Donostia'ko «Diario Vasco»-n azaldu dizkigu bere lanik geienak, «Olerti»-n, «Goiz-Argi»-n, «Príncipe de Viana»-n, «Agur»-en eta «Zer»-en ere idatzi duen arren. Auek dituzu oraiñarte argitara eman ditun liburuak:

        I. Erderaz: 1) Catequesis Infantil (Zarautz, 1965, Itxaropena). 2) Religión prehistórica de los vascos (Zarautz, 1965, Auñamendi Argitaldaria, Azkue bilduma, 10, 289 orr.). Erroma'n Irakasle (Doktor) egin zaneko tesisa.

        II. Euskeraz:

        1) Oto ta pototo, «Irripar egizu» (Zarautz, 1969, Itxaropena, 134 orr.). Ipui-sail polita.

        2) Juantxo-Txiki (Zarautz, 1969, Itxaropena).

        3) Euskal-Erri Zaarra (R.M. Barcelona Argitaldaria, 1969). Margo zabal-etxea. «Religión prehistórico»-ren leenengo zatia duzu, euskeraz.

        4) Semeno de Lazkano. Anai-arteko gorroto, XIV'gn. mendean (Zarautz, 1970). 130 orr. Kezka batek darabil Arrinda. Onela diosku: «SEMENO-ren historio au euskaldunon historia da. Ordukoa bezela gaurkoa ere. Egundokoa. Euskaldunok alkarren arteko burrukarako egiñak ote...? Lana argitaratzeko aurretik, kezka batzuek ditut buruan. Ze jantziekin atera kalera...? Zer ortografi erabilli? Batzuek ezkerretik dijoaz, besteak eskubitik. Aiek gazteak dirala, zenbait zahar eurakin dituztela; auek zarrak dirala zenbait gazteriakin... Batak besteari txistu. —Bioloji aldetik gurea da garaipena... —batek. —Bioloji aldetik zuek ere zartuko zerate —besteak. —Batasunaren kontrakoak zerate, ez bai duzute hatxerik artu nai... —Hatxeren aurretik batasuna eginda zegoen... Batasun onek alienazio baten itxura artzen ari zaizu. —Euskaltzaindiaren ahurka zabiltzate... —Euskaltzaindiak bere legeak orain 50 urte emanak zituen ta orduko lege oiek diraute gaurdaño. Zergatik puskatu dituzute...?» (Itz-aurrea, 7 orr.).

        5) Euskalerri Zaarreko Jainko Txikiak (Gasteiz, Eset, 1973). «Kardaberaz» liburuxkak-3. 19 orrialde. Auek dira: 1) Galtxa-gorri; 2) Santimamiñe; 3) Akelarreak; 4) Mari, Anboto'ko Sorgiña; 5) Mari'ren Morroiak.

        6) Euskal-Erria eta Eriotza (Gasteiz, Eset, 1974). «Kardaberaz» bilduma, 10. «Religión prehistórico»-ren bigarren zatia, geitua.

        7) Euskal-Erria eta Arrantza (Donostia, 1976). Aurrezki Kutxa Munizipaleko «Ediciones y Publicaciones»-ek. Zergatik liburua? Egilleak du erantzuna: «Nere aita itxas-gizona zan eta 1927'an, bakaillau-arrantza berritu zanean (200 urte orrelako arrantzarik egin gabe, Utrech'eko Itunetik onera), nere aita izan zan bakaillutan asitako lenengo kapitana. Amabost urte nitun nik orduan. Berrogeita amasei joan-etorri egin zitun Terranoba'ko inguruetara. Bakaillau-arrantza berritze orretan lekuko eta testigu bat neu naiz» (1983-2-10'ko idazkian).

        Argitaratzeko dauzkanak:

        1) Ator, Katamixar... Ipuiak eta olerki apurño batzuk.

        2) Argi-miña. 1965-75'ra bitartean ateratako edo atera gabeko lanak, amar urte oietako giroa berekin dutenak.

        3) La Religión prehistórica de los Vascos'en bigarren agertzea gertatzen ari da, zenbait gauza geiagokin. Euskalerria eta Kristautasuna gai begikoak ditu.

        Arrinda'k, azkenik, eztu prosaz bakarrik idatzi; ba-dauzka lan txanbeliñak neurtitzez egiñak ere, arin, errez eta mamitsuak noski.

        Lekeitiar onek barne daraman kezka bigarrenez aipatuz, esan dezagun au ere: ba-ditula nunbait jakintza-tituluak. 1958'tik 1960'ra, Erroma'n, «Universitas Lateranensis» deritzan Ikasgu Nagusian, bi ikastarotan, Pastoral Ekintzako Teolojian Lizenzia eta Doktoretzarako kursilloak osatu zitun. Tesis egiteko, Euskalerri Zaarreko Uzkurtza artu zuen gai. Ona zergatik. «Une aretan —diosku berak— 32 apaiz gipuzkoar genbiltzan Donostia'tik at, ikastaro nagusiak egiten. Nere burua aientzako eredu agertu nai izan nuen. Ai beste lagunek gure Euskalerria tesis-gai artu izan ba'lute...! Alperrik izan zan. Batek ere ez zuen nere biderik artu. Euskal-giro gabeko Seminariotik zetozen. Gu, berriz, beste giro batean egiñak izan giñan Gasteiz'en» (Idem).

        Idazle azkarra dugu Arrinda, euskal lurreko giro-barne lanari ekin diona. «Anes Lazkau'ko» eta «Arrankasi» sarri erabilli dizkigu izen-ordez.

 

        (Ikus Auñamendi, Literatura, IV, 203 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, 200 orr.).

 

Bilaketa