literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

7.— Gallastegi Zenarruzabeitia Kauldi

(1906-1984)

 

        «Orra gizona —diosku Etxeberria'tar J. Anjel idazleak—: bakar. Andi. Andia dalako. Batzuetan, ezinbestean bakar. Bakar dala-ta, arritzeko andia. Andia, bakarrik. Bakarra, andia. Apaiztu zanetik (1931) zenbat ekintza, zenbat lan, zenbat itz... zenbat ixil-aldi. Dana Jainkoarren. Gizadiaren bitartez, Euskalerriaren bitartez. Batzuetan erderaz; beste batzuetan euskeraz. Oiñazea baizen andia dauan bere maitasunaren berri ba-dakie erdeldunak. Euskaldunak euskeraz gitxitxoago» (Amets eta Egi azken azalean).

        Elorrio'n jaio zan On Klaudio 1906-11-8'an. Apaiz karrera Gazteiz'en asi zuen, Latin eta giza-edertiak bertan ikasirik. Filosofia ta Teologia ikaskizunak, ordea, Komillas'en osotu zituen. 1931'an apaiztu zan, eta gerra ondo guztian Bilbao'ko San Anton parrokiko txaunburutza egin du, zerbaiten billa zetorkionari laguntzeko beti beso ta biotz-zabal. Izlari trebe.

        Bere arma-zaintza utzi gabe, tarteka marteka izan du astia oraindik zerbait idazteko ere. Bere euskera gozo giarrean oretuta, liburu auek argitara dizkigu:

        1) Galburutan. (Bilbao, 1968). Gari-solo batean galbururik ederren billa dabillen baten antzera, K. Gallastegi ere, gizadian ibilli zaigu pentsamentu lerden billa, ederrari buruz «bere biotz ederra ta sentibera» erakutsirik.

        2) Gabon Abestiak. (Bilbao, 1968). Arturo Intxausti'ren musika ta K. Gallastegi'ren letra.

        3) Sortaldean. Gabon-Abestiak. (Bilbao, 1969). K. Gallastegi'ren letra ta Frantzisko Bengoa maixuaren musika.

        4) Amets eta Egi. (Bilbao, 1973. I. Boan'ek irarrita. 162 orrialde. Iru zati ditu liburuak: 1) Idaz-saioak; 2) Umeentzako Antzerkiak, eta 3) Olerkiak. Liburu ontan, J. Anjel'ek dioanez, lengoz gaiñera, beste alderdi bat darakusku egilleak, ots, «beraren adimen-kezkak, lenengo atalean; eta alderdi sendo orren ondoan, gure umeak gogo-biotzen janaria izan dezaten, arduraz eta biozkadaz» egiñiko antzerkitxoak; azkenez bere olerki «errez eta sarkorrak».

        Lenengo saillean, ain zuzen, izpar jakingarri asko damakizkigu, berak or-emen eder-sen aundiz jasoak; ez doa iñora biotz-zauskada billa, egunero ibilliz gertatzen zaiona orixe darama idazkortz-puntaz paperera. Eta eguneroko apunte ta oar auek oso atsegin izan oi zaizkigu.

        Amar-amabi bat olerki datoz liburu ontan, ederki landuak. Nolakoak? Ona Lauaxeta bere lagunari eskeiñi zizkion aspaldietatik auek:

 

                «Urkiaga laguna, gogoratzen zaitut,

                ikastaroak zugaz nik egin baditut,

                Josulaunen etxean Durangon alkarraz

                iru bat urteetan bizi nintzan zugaz.

 

                Mutil mardul argia bai burudun betik,

                txiki txiki giñanok bai zugan lagunik.

                Bekokia zabala, begiak argiak,

                ikastetan aurrengo, gorengo jolasak».

 

        Arin banandu ziran adiskide biok: batak Loiola'rako bidea artu zuen, besteak Gazteiz'erakoa. Ura olerkari, bestea ikasle, ikasleak olerkariari irakurten zion. Baiña beiñola izpar beltz-beltza eldu zitzaion K. Gallastegi'ri: Lauaxeta il zutela. Egi mingarria Euskalerri osoan zabaltzen. Eta elorrioarrak onan:

 

                «Zure eriotzan Jata alde mendiak

                guztiz triskau ebazan itxaso ekaitzak.

                Negar zure amatxok, anai ta arrebak;

                negar zure lagunak, euskal-zale danak.

 

                Il zara, lagun maite, baiña bai bizi be,

                zure eriotz deun-deunak zaitu zeru-jabe.

                Zure olerki bikain goren-gorengoak,

                biztu dau gure abenda, jaiki dauz biotzak».

 

        Aipagarri dugu Gallastegi'ren beste alderdi bat ere: euskal liburuak argitaratzeko, San Anton'go Katekesi'aren bitartez, eman duen laguntza osoa.

 

        (Ikus J. San Martin, Apéndice a Escritores euskéricos, Bilbao, 1969, 20 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 124 orr.).

 

Bilaketa