literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

32.— Antonio Arzak Alberdi

(1855-1904)

 

        «Bere idazkereak, izkuntz-erreztasunak, itz-etorriz, gogai-narotasunaz, bere urteide Otaño'tar Pello Mari'rena oroitzen digu. Biotz ukitzen duten atzalgaiak, besterik baiño geiago atsegindu zitzaizkion, ementxe ikusi dugunez: ta ezin ukatu aetan gallendu egin zitula gure gogo ederraren zeindasunak» («Bol. Amer. E.V.», 1955, 30 orr.). Beraz, ba-dugu zerbait euskal idazle ta olerkari errez au.

        Donostia'n sortua, 1855-7-26'an, «Baderas» zeritzan jauregian, Ategorrieta'n. Olerkari ta euskal eragille ta izlari trebe. Gizaseme ona; giza-lege ta jendetasun aundikoa. Manterola'ri lagundu zion «Euskal-Erria»-n, eta ura il zanetik berau izan zitzaigun aldizkari orren zuzendari, 1884'tik 1904'ra alegia. Lore-Jokuen eta Udaletxeko liburutegiko idazkari bizi izan zan artekoa. Donostiar Orfeoia sortzerakoan eskua artu zuen, eta «Real Academia»-n Kondaira sailleko urgazle ta Prantziko Arkeoloji-Alkartekoa izan zan. Donostia'n il zan, bat-batean lez, 1904-10-11'an. Bere obiratzea guztiz ospetsu egin zan, Aiuntamentua, Diputazioe, Lore-Jokuetakoak eta donostiar Orfeoikoak, danak parte arturik. Beronen gomutaz idatzita, 19 olerki euskeraz ta 3 erderaz azaldu ziran «Euskal-Erria» aldizkarian (1904, 51'garren alean).

 

EUSKAL LANAK.— Bertsoz eta itz askatuz, asko idatzi zuen. Ona bere lanik irtenenak:

        1) Azken-agurrak gure etsaigoari (1880); Manterola'ren Cancionero Vasco sortan argitaratua; 2) Iltzen bazaigu ama Euskera, Euskaldunak, illak gera! (1881), Naparruako «Revista Euskara»-n atera zan; 3) Aztua (1883), Ondarribi'ko batzaldian saritua; 4) Errege ta bere amari, agur! (1887); 5) Maritxo (1893), teatru-lana; 6) Zerura (1894), teatru lana; 7) Joxe (1897), bertsotan; 8) Sofritzen (1898), euskal poema; 9) Amona (1900), euskal elezarra.

        Lan auetatik atera dezakegunaz, etzan nolanaiko idazlea, luma errez, fiñ eta gozokoa baizik. Klasiku tankeraz ibilli zan, iñoizka gotor, dizditsu. Olerkari bezela biguiña dugu; esaera eztitsua du geienik. Aiurriz bait gendun gozo, atsegintsu, laiño ta begiratua, lanetan ere naitaez orrela agertu bear. Xotilki dabes mendiaren biloistasuna Mendiak deritzaion poematxoan.

 

                Otza, ixiltasuna,

                bazter danetatik,

                zerbait ikusi nai ta

                ezer ez iñondik;

                ez zaldi, ez betizu,

                ez auntz, ez ardirik...

                denak, denak joan dira

                lurra lo! utzirik.

 

        (Ikus «Euskal-Erria», 1904, 51 alea, 341 orr.; P. Mourlane Mitxelena, «Congreso de Oñate», 630 orr.; «La Voz de Guipúzcoa», 1897-12-15; «Bol. Amer. E.V.», 1950, 123 orr., 1952, 188 orr., ta 1955, 29 orr.; Fermín Herrán, Biblioteca Bascongada, 27 alea, 72 orr.; S. Onaindia, MEOE, 342 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 107 orr.).

 

Bilaketa