literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

17.— Katalina Eleizegi Maiz

(1889-1963)

 

        Donosti'ko alaba, emen bait zan ludiratu 1889-4-6'an. Emakume ona ta euskaldun jatorra. Gaixotia zan umetatik, bizitzak iraun ziona iraun zion sortzetik zekarren biri-odietako marrantak ere; arnas-neke ori gora-bera, orraitio, ba-zuen kemenik euskal zelaian lan egiteko.

        Burgos'ko Maixu-Ikastetxean osatu zuen bere karrera, maistra karrera nunbait. Eta ondoren, osasun griñatan beti, Donostia'n, Oiartzun'en, Bidania'n, Amasa'n, Ituren'en, Burgos'en, Madrid'en eta azken ogetasei urteetan Lizarra (Naparroa)'n bizi izan zan. Berton il zan 1963-11-19'an.

        Arimaz onak diranak, edo-ta gorputzez gaizpera, minxko, auetakoak errez jo oi dute uzkurtz-altzora beren neka ta oiñazeen aringarri billa. Katariñe guztiz Jainko-zalea izan zan bere bizitzako egunetan. Asko irakurtzen zuen, eta atsegin zitzaizkion oso literatur-gaiak. Baita sarri urbiltzen zitzaizkion lagunekin alkar-izketa goxoa ere, gogoko zuen.

 

        TEATRUGILLE.— Emakume argia zan. Euskera maite zuen. Eta irakasle karrera amaituta laster asi zitzaigun antzerki idazten. Ogetazazpi urte zeuzkanerako sariztatu zioten lenengo teatru-lana.

        Ona arpagarri lau antzerkiok bederik:

        1) Garbiñe (Tolosa, 1917). Lopez'enean. 74 orrialde. Iru egintzetan eratutako antzerkia. 1916'an Donostia'ko Udaletxeak antolatu zuen teatru-batzaldian saritua, ta 1916-12-21'an Donosti bertako Teatro Printzipalean lenengoz emana, eta geroztik ere oso sarritan: Gaztelu'ko «Gazte Alaiak» bereziki Ordizia'n, Tolosa'n, Ernani'n, Beizama'n, Gaztelu'n, Azpeiti'n, Urretxu'n, Zizurkil'en eta abar antzeztu dute. Amabost bat urte dirala, onela idatzi zigun A.M. Labaien'ek: «Goierritik Beterrira ibilli ta gero gure antzezlari-taldeak aztertzen Gaztelu'koak aipamen berezi bat merezi dutela esango nuke. Gipuzkoa'ko errixka txikienetakoak izanik garaienetakoen artean gallendu da. Urte guzian zortzi ala amar jaialdi eratuko zituzten. Etxean ez ezik etxetik kanpo geienak. Lau bost bat antzerki-lan berri ikasi dituzte. Bateren bat luze ta joko-lagun ugari duna "GARBIÑE" bezelakoa» (Egan, 1960, agorra).

        2) Loreti (Donosti, 1918). Loiola'tar Eneko Deunaren irarkolan 102 orrialde. Iru egintzetan egiñikoa. Donosti'ko Udalak 1917'an eratu zuen Euskal batzaldian saritua, eta uri bertako Teatru Printzipalean 1918-12-21'an antzeztua.

        3) Jatsu (1934). Iru ekitalditako drama. Naparroa azpiratu zuenekoa du gai.

        4) Erauso'ko Katalin (Argitaratu gabe).

        Arras ongi artuak izan ziran Eleizegi'ren antzerki-lanak. «Antzerti» aldizkariak onela idazten zuen 1932'an: «Eleizegi'tar Katariñe andereñoak oso tajuz kondaira-antzerkia lantzen du: "Loreti" ta "Garbiñe"-k arrera ezin obea ta txalotuak izan dira toki guzietan» (Antzerti, 1932, 13 orr.).

        Eta urteak aurrerago: «Gaia beste batzuk ere erabillia izan arren, Pérez Galdos'ek esaterako bere "Marianela"-n, egilleak antzez-lagunak margoztean euskal ikur berezia ezarri nai izan die, ta giro ortan doa antzezkizun osoa... Ezta lipar batean ere aultzen auziaren gero ta indartzenagoz dijoan lillura; elkarizketak egillearen asmamena ta leuntasuna ditu nabari, ta izkera aldetik jatortasun ikasgarria diragarkigu. Nor dugu egille au? Eleizegi'tar Katariñe andereñoa; goi-goitik dabillen antzerki lana osotu digu, ospe aundiko teatrugilleak ere doi-doi gainditzen dituzten uarri ta eragozpideak ederki azpiratuz. "Garbiñe"-k ez dirudi asi-berri danaren lana, eldu dan baterena baizik. Ortik atera daiteke Eleizegi andereñoa, astean, eldu egin dala» (T. Altzaga, El Liberal Guipuzcoano, 1917-12-24).

 

        (Ikus A.M. Labayen, Teatro Euskaro, II, 58 ta 165 orr.; N. Kortazar, BAP, 1963, 371 orr., Herria, 1964-1-23, 3 orr., ta Cien autores vascos, 53 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1960, 45, 140 ta 188 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 76 orr.; Gaztelu, La Voz de España, Donostia, 1963-11-27; Auñamendi, Literatura, III, 430 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliographia, 112 orr.).

 

Bilaketa