literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

4.— Biktor Garitaonandia Ariño

(1876-1929)

 

        Gorputz eta gogo, ona, nolatan ikusten duen Irure'k euskaltzale bizkor au: «Txikia ta lodi xamarra; arpegia lerden ta zabala; gorrizkak matrallak; begiak aundi ta alaiak; irriparrakin apaindutako ezpanak. Biotza sendo ta egin-zalea; izatez baikorra; etorkizunei, nola-naikoak izan, irripar eztitsu batekin agur egiten oitua; biotz-bera ta adiskideentzat adiskide zintzoa ta esku-zabala; lanean iraunkorra ta porroleatua; euskalzale ospatsu ta jakituna; apaiz gogotsu ta arduratsua; euskaldun jatorra, euskaldun utsa».

        Zaldibar'en jaio zan 1876-3-6'an. Beronen aita erriko maixua zan-eta zori ta adiñuntza ederrak izan zizkigun len-ikasketak errian bertan poliki asko osotu al izateko. Zeruak abots ederrez aberastu zuelako, kantua (solfeua) ta abesten ere umetatik ikasi zuen, lenengo Ermua'n eta Durango'n gero. Gaztetxu zala, amaika urteko, Orduña'ra joan zitzaigun, Aita Josulagunen ikastetxera, abeslari ta ikasle antzo: emen ikasi zuen batxiller osoa. Andik laster, jaupari izan naita, Salamanka'ra aldatu zan, ango Josulagunen ikastetxean estudioak jarraitzeko. Apaizgoa jadetxi zuenean, Zamora'ko katedralean lortu zuen baita abeslari kargua. Baña etzaigun an luzaro egondu: koru ura utzi ta, Donostiraturik, berton, Jesuiten elizan, abeslari ta organu-jotzaille ogetalau urte eman zizkigun.

        Berton il zan, oraindik gazte, 1929-8-3'an. Iñoizkorik gartsuen lanean zebillela iritxi zitzaion eriotza, apaiz on eta kristotar zintzoari dagokionez. Euskalerri osoari on egiñez igaro zitzaigun lur-gaiñ zear; Jainkoaren aintza ta urko lagunaren ona, etzuen besterik billatu itzez eta lumaz, kantuz eta soiñuz. Eta sarri esan oi dugu: «Zelako bizitza, alako eriotza». Gure aintziñako aiton-amon baserritar leialen antzera itzali zan, baketsu ta bare-bare. Bizienak ebaki zion bizi-aria. Azken unetan esaten zuen: «Betor Jaunak nai duenean!» Gertu zegoen beti Aren naia beteteko.

        Il zanekoxe, Euskalerri osoaren samiña agerterazi zuten or-emengo eguneroko ta aldizkariak. Bilbao'ko «Euzkerea»-k, esaterako, onan idatzi zigun: «Garitaonandia'tar Bitor beti abertzale, beti euskaltzale agertuten zan. Eta olako gixonik bein eta betiko galtzia, tamalgarrija da, ixan be, gure erri ta euzkerearentzat. Il yakun euzkeldun au, begiko ixan yaku beti, euzkerearen aldez gau ta egun, or ta emen, zintzo jokatu ixan daulako... Itz gitxitan esan leike, jaupari zintzo onen salla, onuratsuba ixan yakola euzkereari, bai bein!» (Euzkerea, 1929, 189 orr.).

        Gizaseme ain duin ta txalogarriari zor zaionez, laster izan zituen zaldibartarrak billera, omenaldi ta oroigaillu-jasotzeak. Bego emen auetatik bat, 1955'an Zaldibar'ko erriak eskeiñi ziona. Neri ere atsegin izan zitzaidan egiazki, bertan esku artu bear izan nuelako, elizako itzaldian eta ondoren oroigaillua estalgetzean egin nuenagatik batez ere. Erri osoak artu zuen parte urte orretan: goizean meza abestu entzungarria, erriko koralak ezin obeki kantatua; ondoren, eliz aurreko gomutagarria, ta arratsaldean omenduaren «Aitona ta Billoba» bertoko neska-mutillak antzeztuta. Oroigarrian au jarri genduen: «Garitaonandia eta Ariño'tar Bitor jauna, apaiz agurgarri ta euskaltzale onari, Zaldibar'ko erriak maitasunez jasotako Gomutagarria. 1955-XII-4'an».

 

        EUSKALTZALE.— Erbesteko egotaldiak ez dira makalak, iñoiz moteldu ta erdi itzungi egin zaigun asabakandiko lera, berriz ere birbiztu ta ernarazteko gure biotz-aranean. Onako zerbait gertatu zitzaion B. Garitaonandia'ri Zamora'n aurkitzen zalarik: beiñik bein, erri-miñak dardarazia oartu zuen barrua. Bere adiskide Irure'k diosku: «Bere biotza ez izan gaztelerriko bazter batean eskutuan usteltzeko egiña, langillea ta eginzale porrokatua baizik; Zamora'ko urte aiek bere euskal-zaletasuna piztu, bizkortu ta indartu baizik etzuten ba egin; beste askori gertatu zaiena ari ere gertatu bear» (Euskal Esnalea, 1930, 117 orr.).

        Lenengo ta bein apaiza zan. Eta Kristo'ren ordezko —alter Christus— dan apaizak, daukan guztia eman bear du naitaez, bere zaintza ta babespean artu ditun ardien alde, ots, urreko lagunaren alde ta onerako. Kristo'k apostoluai agindutakoa bete bearra dute apaizak: Jainko itza iragarri ta aldarrikatu etengabeko ekiñean, siñismena entzunetik dator eta. Apaizaren eginkizunik beiñena auxe duzu: itz-egin, erakutsi, idatzi. Euskaldun apaizai ez bezaie iñork eskubide au moztu edo lotu-azi.

        Onela ikusten du, begi ez zabartuz, zaldibartar jakintsuak bere zeregiña. Eta orretan alegindu zitzaigun. Ez gero itz-egin bakarrik, ezta erakutsi sail-soillik: millaka ta millaka euskaldunek irakurriko zituen ark osoturiko lanak, lan kristauak, goxoak, garbi ta ederrak. Or berak sortu ta zuzendu zuen «Argia» asterokoa. Tresna oberik ba ote Kristo'ren irakatsia zabalduz, mundua obetu, alaitu ta bide artezez zuzenduteko? Ezezkoan nago ni neu.

        Ortarako adimen argia bear, jakitez aberastua. Eta biotz zabala. Baita oindio bi trebetasun oien erioa, ixuria edatzeko gaitasuna ere, luma erne ta bizkorra. Au, guzti au zuen B. Garitaonandia'k. Geldirik ez egotekoa zanez, umetatik zekian euskera gero ta sakonago, txukunago egin zuen bere lan-arteetan; au da: euskal idazle yaioa bilakatu zitzaigun. Errezak, jakingarriak dira aren lanak, «Argia»-n utzi zizkigunak eta liburuetan eta antzerkietan gatzatuak. Ark bai ezagutzen zuela giza-biotza! Gutxik bezela zekien, ez izan zalantzik, gauzak nola adierazi ta biotzari ere nola dardar-eragin.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Ez dugu urri ta exkaxa B. Garitaonandia'k, euskal idazle bezela, egiñitako lana. Astero-astero «Argia» lango aldizkingia gertatzeak ba-dakarzki korapilloak, buru ko miñak ez gutxi: zerbait esan lezakete ortan urtez urte ari diranak: zuzendariak berak ainbat idatzi bear du, iñoren lanak ere orraztu ta lerdendu, konta ezin-ala konponketa... Ala ere, ark ba-zuen, nun-edo-nundik aterata, liburuak, ipuiak, idazkiak eta antzerkiak onduteko astia. «Argia»-n eta «Euskal Esnalea»-n idatzi zuen batez ere.

        Liburu-sorta polita osa dezakegu, ortara ezkero —ta noizbait osatu bearko—, B. Garitaonandia'k idatzi zigun guztia biltzerakoan. Ona argitaratu zituen batzuk:

        1) Iziartxo (Donostia, 1918). Bi argitalpen: 1'goa, Leizaola'ren irarkolan; bigarrena (Donostia, 1929), Iñaki Deunarenean. 1917'an Donosti'ko Udalak antzerki-batzaldi bat eratu zuen, eta antzerki onek eraman zizun lendabiziko saria. Donostia'n bertan, Antzoki nagusian antzeztu zan lenengoz, 1918-3-11'an. Bi ekitalditako komeri polita duzu, geroztik ere or eta emen sarri antzeztutakoa.

        2) Usandizaga. Bere bizitza ta eres-egikuntza (Donosti, 1920). 1919'garren urteko epaillaren 23'an eta 30'an irakurritako itzaldia, 70 orrialdekoa. Donostiar seme kutun ta Euskalerriko ereslari ospetsuari buruz oraindik ere ez dut uste iñork ain ederki artaz itz-egin duenik.

        3) Aitona ta billoba (Donostia, 1921). Bi ataldun antzerkia. Iñaki Deunaren irarkolan. Au ere maiz antzeztua, polita baita.

        4) «Argia» asterokoa (Donostia, 1921-1936). Euskera utsean. Berak sortu zuen, beste euskaltzale batzukin batera, baita zuzendu ere zortzi urtetan. Esan dugunez, ainbat lan ditu berton, zeukan egitekoak eskatuta idatziak. Euskaldun erriak atsegiñez irakurtzen zuen asteroko au.

        5) Ongillearen sariya (Donosti, 1922). Iñaki Deunaren irarkolan. 46 orrialde. Bi ekitalditako antzerkia, 1922'garreneko teatru batzaldian saritua ta urrengo urtean, maiatzaren 13'an Donostiko Antzoki nagusian emana. Geroztik, sarri samar errietan erakutsia.

        6) Ipuin laburrak umetxoentzat (Bilbao, 1922). Ipui atsegiñak; joskera eder oparotsuan darabil idazkortza. Euzko-Argitaldarian. 50 orrialde. Euskaltzaindiaren idazti batzaldian sariztua.

        7) Argi Donea (Zornotza, 1924). Jaungoiko-Zale'ren irarkolan. 781 orrialde. Balzola'tar Prantzisko Abak egiña ta «Argia»-ren batzaldian sariztua. Gasparri kardenalaren idazkia du sarreran. «"Argia" sortu zan —dio ondoren Garitaonandia'k—, ez asteroko bat egiteko bakarrik, baita bear diran beste gauzarik asko euskaldunei euskeraz emateko ere. Gauza orietan bear-bearrezkoenetakoa eliz-liburu on eta oso-oso bat iruditu zitzaigun, errelijio ta animari dagozkion gauzak nun ikasi, nola ta nundik egin izan zezaten euskaldunak... Orretarako "Argia"-k batzaldi bat egin zun, eliz-libururik egokien eta ederrena egiten zunari milla pezetako saria eskeñirik. Bi liburu agertu ziran Batzaldira eta epailleak (juraduak) liburu au, eskuetan daukazun au, Baltzola Aitak egindakoa aukeratu zun eta berari eman zitzaion milla pezetako saria. Orra nola sortu zan liburu au» (Argi Donea, sarreran).

        Liburu ederra bene-benetan, Euskalerri osoak pozik artua eta erabillitakoa. Bizkaieraz ere argitaratu zan (Zornotza, 1935), Eguzkitza'tar Jon U. jaupariak antolatua. 734 orrialde. Gipuzkeraz laburpen bat egin zan, 1924'an Donostia'n argitara ekarria baitik bat.

        8) Egutegia (Donostia, 1921-1936). «ARGIA, aurreko urtean agertutako asmoai buruz —dio bigarren urteko sarreran—, euskaldunen onerako eta euskaldunei zerbait laguntzearren, lan eta lan, gogotsu jarraiturik, eta urtetik urtera bere lanak osatu ta obeagoturik aurrera dijoa... Gure anai maiteak ARGIA'ren lenengo Egutegia'ri egin dioten abegi gogotsu orreri, nola erantzun? Bigarrena lenengoa baño osoago, apain ta ederkiago egin eta ugariki zabalduaz. Egutegi au, igazkoa baño aundiagoa da, irakurgai geyago ditu, irudiz ta edergalluz jantzirik apañagoa dator» (Irakurleei, 3 orr.).

        Etorri ere guztiz mardula zetorren. 123 orrialde zeuzkan, illeroko baserri-lanez, azken-nai legez, ipuin, euskerari ta izkuntzai buruzko lanez, aurrak eziteko oarrez, eguraldiaren berri aurrez jakiteko bidez, arrisimaurrak nastutzeko eraz, euskal abestiak, sukaldeko ta nekazaritzarako gaiez ta sutondoko izkirimiriz ornituta. Azkenengo urtekoak (1936), ordea, 190 orrialde dauzka. Amabost urteko lan oso bikaiña, noski.

        9) Eliza ta erri-abestiak (Donostia, 1929). Gipuzkoa'ko Atenecan 1929-4-21'an eman zuen itzaldia, «Euskal Esnalea»-k eratuta.

        Olerki batzuk ere ondu zizkigun: «Arantzazu» (Euskal-Erria, 1917, 21 orr.) eta «Ama neketsua» (Euskal-Erria, 1918, 115 orr.), adibidez.

        Baieztu dugunez, omenaldiak izan ditu B. Garitaonandia'k. Oña'n egin zitzaion lenengoa, 1930-3-3'an, ango «Euskel-ele bazkuna»-ko ikasleak, eta gero Donostian, epaillaren 23'an, ikasle aiek eta donostiarrak, Novedades deritzan antzokian; Jose Uranga, Jose Mari Irure ta Jose Goenaga mintzatu ziran; azkenez, Illezkorra olerkia irakurri zuen P. Aranzabal'ek (Euskal Esnalea, 1930, 77 orr.).

        Andik bi urtera, 1932-8-28'an, Zaldibar'en bertan egin zitzaion beste bat, jaio zan bizitz-oiñean atxurdiñezko arlosa bat jarriaz. Aita Intza'r Damaso'k itz-egin zuen mezatan, Euskaltzaindiaren ordezko bezela. Esan zuen: «Kistartasunak erri aundi izatera jaso zuen Euskalerria; gaur ere Euskalerriaren pizkundea uzkurtzarekin egin genezake. Jainkoa ta Uzkurtza gabe iñola ere ez». Meza ondoren, eliz-aurreko plazan alkateak itzaldi laburra irakurri ta oroigarria estaltzen zuen oiala kendu zuenean, txalo ta gora sutsuak entzun ziran. Idazkun au darama arlandu ertitsuak: «1876-1929. Garitaonandia eta Ariño'tar Bitor jaunaren jayotetxea». Emen ziran «Orixe», «Lizardi» ta garai artako euskal idazlerik punterengoenak, arratsaldean batez ere itzaldi ederrak egiñaz (Ekin, 1932-8-27, 3 orr. ta 1932-9-3, 3 orr.). 1956'garren urtean egin zitzaion beste bat, eliz aurreko oroitarria ipiñiaz.

 

        (Ikus Aztertzale, Euskal Esnalea, 1929, 168 orr., ta 1930, 77 orr.; J.M. Irure, Euskal Esnalea, 1930, 117 orr.; P. Aranzabal, Euskal Esnalea, 1930, 91 orr.; Euzkerea, 1929, 189 orr.; S. Onaindia, MEOE, 876 orr.; A.M. Labaien, Teatro eúskaro, II, 167 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 31 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 411 orr.; Jon Bilbao, Bibliografia, III, 601 orr.).

 

Bilaketa