literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

11.— Bizenta Antonia Mogel eta Elgezabal

(1782-1854)

 

        Emen irugarren mogeldarra: Juan Jose'ren arreba ta Juan Antonio'ren illoba. Azkoiti'n jaio zan 1782-7-6'an, bere aita an bait zegoen orduan sendalari. Neba baiño urte bete gazteago genduan: gaztetxo zirala aita il zitzaien, eta umezurtz zeudela-ta, Markiña'ra aldatu ziran neba-arreba biak, osabearen babespera. Onek eskolatu zituen guriki.

        Entzun Bizenta'ri: «Zortzi urte nituenean ikusirik nere neba edo anaia ikasten asi zala gure osabarekin latiñezko izkerea, jarri zitzaidan barruan ikasi bear nuela nik ere. Ala, buruari neke gogorrik eman gabe, loari bere orduak emanda, ta zigor zaurigarriaren beldurrik ez nuela, jolasez bezela, irten nuen nere asmoarekin».

        J.A. Mogel'ek, izan ere, bere illobak ain argi ta jaseko ikusiaz, biai irakatsi zien bear zutena. Bizenta gaztetxoari ere bai? Garai artan etzuten emakumezkoak eskola aundirik artzen, kaltegarri zitzaiela uste zutelako. Mogel'ek, ordea, pikutara bota zituen ustekizun oiek, bere illoba biak, neskatilla ere bai, gizatiar eta humanista egiñik, ots, kultura giarra emanik.

        Bizenta, urteak joan urteak etorri, Eleuterio Basozabal'ekin ezkondu zan. Etxekoandre bezela maratz eta begiratua agertzen zan beti; eta azkenez, alargunduta, Abando'n il zan 1854-6-29'an.

 

EUSKAL IDAZLE.— Ez zigun askorik idatzi: gorenera jota ere, ipui ta kanta batzuek; eta bildurrez samar idatzi ere, orduan ez bait zan oiturarik emakumeak, banakaren batzuk izan ezik, literaturan muturrik sartzeko. Bizenta'k alere sartu zuen, eta ederki sartu ere.

Ipui onak-en itzaurrean berak diosku: «Ba-dakit, enzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurrean, jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean, iñoren lumaz janzi nai duela bela txikiak; au da, besten bearrak artu nai ditudala neretzat: ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitze liburugiñen: asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea. Nola nik siniserazoko diet askori, euskeratu ditudala erdaldun jakitunak argiratu dituzten ipuiak? Nolako arrotasuna berriz latiñezko izkuntzarekin liburu onen asmoa agertzea? Orretarako bear litzake jakitea euskera, gaztelania eta latiñezko iru izkuntzak. Zein gauza sinisgaitza neskatxa bategan!».

        Areago oraindik: «Naiz sinistu, naiz ez, esan bear det, gaztetxoa nintzala irakurri ta azaldu oi nituela Fedroren latiñezko ipuiak; artu oi nuela atsegin guziz andia enzunaz txakur, otso, aizeri, ollar, abere, lauoñeko, ta egaztien itzketa alkarren artekoak... Edozeñek daki Esoporen ipui latiñez ta itz lotu gabeetan daudenak, errazogoak dirala aditzen, Fedro ta Virgilioren itz lotuak baño».

        Eta ona gaztetako ikas-lera oien frutua. Osaba Juan Antonio il zitzaion urtean, 1804'an, berak 22 zitula, liburu jakingarri bat eman zigun: Ipui onac, ceintzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari ta gazte gueiac eracaste ederrac beren vicitza zucentzeco (Donosti, 1804). 114 orrialde. Undiano liburugillearen etxean.

        Bi gauza nabarmen ditu liburu onek: emakume batek idatzia dala, ta egilleak ondotxo ezagutzen zuela latiña. Euskal idazle emakumezkoen artean, auxe dugu gure literaturan lenengoa. «Dirudianez —idazten du J. San Martin'ek— arrigarria garai artako giroan. Aintziñako denboretan, beste izkuntzetan ere, emakumezko gutxi izan dira idazle. Gure inguruan, askoz lenago, Margarita Nafarruako erregiñak idatzi zituan zenbait ipui Toribio Etxeberria eibartarrak euskerara itzuliak» (Egan, 1962, 4-6, 266 orr.). Ipui auek etziran gaizki artuak izan, emakume baten lumatik irtenak izanik ere.

        Ortaz gaiñera, sarri ber-argituak izan dira. 1880'an, ain zuzen, Bilbao'ko «Beti bat» aldizkariak atera zitun; Azkue zana 1899'ko agorrillaren 3'an asi zan argitaratzen bere «Euskalzale» asterokoan, baita 13 ipui beintzat argitara eman ere; «Euskal Esnalea»-k liburu berezi bat osotu zuen (Donosti, 1912) Martin, Mena y C.-ren etxean, Txomin Agirre'ren itzaurreakin; eta, azkenez, «Auspoa» idazti bildumak (Zarautz, 1963) argitaldu du, J. San Martin'ek aintzin-solastuta.

 

IPUIEN GATZ-OZPIÑA.— Berrogetamar ipui dituzu guztiz, gurbil ta mamitsu ta goxo egiñak, emakumezkoak oi dutenez. Irakur bat erakutsi bezela: Leoia ta Aizeria deritza.

        «Gizenduta zegoan leoi batek siniserazo nai zuen eririk zegoala, ta erakarten zituen bera ikustera beste abere ta lauoñekoak, zalako guzien buru edo erregea. Ordea eltzea ta irenstea guzia bat zan. Eldu zan leiza atarira asko jakiña zan aizeri bat. Diotsa oni leoiak bere etzundegi edo oetik:

        —Atoz aurrera.

        —Ez ni —eranzun zion aizeriak—. Dakustaz sartzen diradenen añatzak; ez ordea irtetzen dutenenak.

        Ala gorde zuan burua asko jakiñez ta begiratua izanaz.

        Ipui onek erakarten du besteen kalte, irrisku ta gaitzetatik ikasi bear degula gere gordebia. Orregatikan,

                Besteen gaitzetan ipiñi begiak,

                Ta ikasi nondik diran etorriak».

 

        Itz lauz daude, baiña azkenean sartu zituen bertsozko zortzi ere. Bereak ez, osabarenak baiño. Onela dio: «Esan nuan len bertso ipuizko oiek ez dirala nere burukoak. Pillo andi bat dauka eginda nere osaba jaunak, ta pillotik artuak dira emen ekusiko diran gutxi batzuek. Saiagarri bat da au, ta ez geiago». Giputz-euskalkia darabil, Baiña ezagun du aren eguneroko izketa bizkaieraz dala. Orixegatik bear bada, ba'liteke bere osabak aiñako erreztasunik ez erakustea; euskera ederra du, orraitio, izkerakiko sunda osotoro urrun-araztea errez etzaion arren. Itzulpena du, ta itzulpenetan, gaur ere berdin, ezta ain aixe astintzen erdel kutsuaren narda.

        Ba-zekian umetxoak eta gure baserritarrak, nolaka makurra duten ipuietara. Oientzat egin zituen. Eta eskeiñi? Markiña'n bertan zeukan eredu bikaiña, gaztetxo zana, ta nekazari zale: Antonio Maria Munibe Idiakez'en seme Biktor Munibe ta Aranguren'i opetsi zion bere ipui-liburua. Aitak bularretik bezela zekarren nekazarien maitetasuna, eta semea gaztetxoen artean zebillen oraindio.

        Gaztetxoari liburu eskeintzea, oso ederki egiten du. Osasuna, pakea ta urte luzeak opa izan ondoren, Biktor Munibe gaztearen etxe-barneko bizikera pozgarria ta joan-etorriak aipatzen ditu. Munibe jauregia toki zoragarrian kokatua dago, Markiña'tik pixkat alboratua. Emen du gazteak azitegi ederra, ta ikasleku bikaiña, bere etxekoen magal beroan. «Nolakoa —diotsa B. Mogel'ek— zure poza ekusten txaltxoak jostatzen zelaian, izutu ta gogaitik egin gabe enzuten dituzunean idi ta beien orroak? Bildotsak dabiltzanean parlanzuan, nolako farra gozock? Zoazanean gaztañadietara, ta arkitzean perretxikuak, nolako pozarekin ez zoaz aita jaunari esatera: "topatu ditut urdin eder bat, ta urritx bi bareak jan gabeak"? Au bai dala bizitza kategabea, ta erri andietako lotutasun edo labañkerierik ez duena!».

        Eta ipui zalea da gaztetxo au. Darrai: «Zu zera guziz ipui zalea. Aua zabalik enzuten egoten zera aspertu gabe aita jaunak kontatzen dizkitzunean. Leiatzen zera zeu ere buruz ikasten, ta besteai gero kontatzen. Berriz euskera egiten dezu, dala Giputzen, dala Bizkaitarren gisan. Guzira zaude egiña. Beraz alde guzietatik zor nizun zuri liburu onen eskintza».

Gabon-kantak ere ondu zituen, Bilbao'ko eleizetan urterik urte abestu oi ziranak. Naiz-ta berak bere izenik ez ipiñi, bereak dituzu olako ainbat, L. Akesolo'k egiñiko azterketa-aldietatik dakigunez. 1818'koetan V.M.B. agiri da, ta Bizenta Mogel Basozabal esan nai du nunbait (Ikus Olerti, 1962, I-II, 133 orr.).

        Eta azkenez, España'ko Gotzai-buruaren Artzai-idazkia itzuli ta argitaratu zuen. Au da: Toledo'ko Goi-Gotzai zan Luis Borbon kardenalak 1820-5-15'an egiñikoa, gaztelaniaz eta euskeraz (Bilbao, 1820).

        Luma erreza du, lau ta bizkorra. Darabizkin esaera, aditz-joku ta itzetan bizkaitar kutsua dario; baita ba-ditu Larramendi'gandik artutako ta berak asmaturiko itz berriak ere, banaka batzuk gero.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 161; J. Urkixo, RIEV, 1934, 678 orr.; I. Omaetxebarria, Euskera, 242 orr.; S. Onaindia, MEOE, 259 orr.; L. Villasante, HLV, 246 orr.; A. Zabala, «Auspoa», 28 alea; K. Etxenagusia, Lorategia, 123 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 6o4 orr.).

 

Bilaketa