literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

52.— Balendiñe Albizu Aizpurua

(1914-...)

 

        Zumaia'n jaio zan Balendiñe, 1914-9-18'an. Bere errian osatu zizkigun, eta gero bere kasa irakurriaz, dauzkan ezaguera ta jakitateak. Gerra sortu zanean, 1936'ko agorraren 24'an erritik irten bear izan zuten zazpi anai-arrebak. Or ibilli zitzaigun gero, aizeak ego-gain darabillen osto antzera, Balendiñe batez ere. Bilbo, Mundaka, Santander... Emen ezkondu zan mundakar batekin. Frantziraturik, Bidarte'n izan zuen lenengo seme Josu 1939-12-12'n. Gero, Marsella'tik zear Venezuela'ra jorik otel bat jarri zuen an. Eta ementxe bizi da gaur ere, lendabizi otel baten jabe, ta aspalditik, olako buru-auste barik, atseden patxadazkoan.

        Lau seme-alaba dauzka, batzuk ezkonduta, beste batzuk karrera ikasten. Balendiñe'k maite du bere sorterria eta al duenean onuntz jo oi du illabete batzuetarako. Berton dauzkan seme, adiskide ta lagunak agurtzea eder zaio, baiña ez bere erriak gaur dauzkan gauza asko: Euzkadi pakean, alkar maitasunean, langille ta zoriontsu ikusi nai luke.

 

        OLERKARI.— Soiñez ez, baiña arimaz urduri duzu Balendiñe. Jainkoak, bere erriak eta familiak kezkatzen du oso. Bakarrik bezela zebillan munduz mundu; bere ama an gelditu zan Zumaia'n, itxas egalean, alabaren oroiz mindua, eta aita... Mingarria ziñez gaztetan erri utzi bearra! Berarekin zituen senarra ta umetxoak, baiña orrez gaiñ ba-ditugu beste biotz-zati batzuk ere. Guzti onek, ostera, olerkari biurtzen gu. Zer ote da olerkia? Barne-garraxia. Eta barne-intziriak dira Balendiñe'ren poesiak.

        Noiztik dugu olerkari? Berak onela: «Ciudad Bolivar'en nengoela olerkiari eman nion. 1944 urtean Caracas'ko Eusko Etxea'n, euskal idazleen sariketa zala-ta, Nere urtearen lau aldiak biali nuen sariketa ortara. Beste askoren artean Jon Andoni Irazusta ere sartu zan sariketa artan eta oneri eman zioten lenengo saria, eta neri bigarrena. "Euzkadi" aldizkarira nere olerkiak bialtzen jarraitu nuen». Emen ez-ezik «Irrintzi» eta «Eusko-Deya»-n ere agertzen ziran bere olerki-lanak. Itzaldi asko eman ditu, baita ango irratitik, Caracas'en euskal kutsuzko zer guztietan esku arturik.

        Bere olerki txortak:

        1) Nere olerki txorta (Zarautz, 1972). 114 orr. 78 olerki guztiz. Lau zatitan banatuta: 1) Nere oroitean; 2) Ipar eta egoaldetik; 3) Nere biotzeriak, eta 4) Gogoketak. Eskeintza: «Nere seme alabatxo maite Goiz-Eder, Josu, Jon Imanol eta Asier'entzat, beren amaren biotz gogoetan sortutako olerki txorta au». Irizar'tar Sabin'ek itzaurrea.

        2) Olerkiak (Bilbao, 1984). Igarri irarkolan, 259 orr. A. Onaindia'ren itzaurrea. Tropiko lurriñez usaindua daukagu berau, Euskalerri miñez ernetua. «Lore lurrin, usai, asmo, biotz, amets, erri min, egamin... Eta irudimen egoetan, tropikotik Euskalerri'runtz, Parnaso zear, ederrez asea» datorkigu, Arozena'tar Andoni'k dioskunez.

 

        (Ikus S. Onaindia, Zer, 1982, maiatza, 8 orr.).

 

Bilaketa