literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.115 idazlan
7.826 esteka / 6.314 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

23.— Jean M. Diharze, «Xabier Iratzeder»

(1920-....)

 

        Donibane Lohitzune'n jaio zan 1920-1-4'an. Bertako Josep Santuaren eskolan 1925'tik 1927'rako ikasketak, gero Sta. Maria ikastetxean jarraituz 1933'rarte. Urte onetan Uztaritze'ko apaiztegian sartzen da eta Baiona'koan 1938'an. Opor-aldian Larresoro'n zeukan geienik bere egoitza. 1941'an, Beloke'ko komentuan sartu zan benetitarra nairik; arrezkero, antxe dago mendi-gaintxo atsegingarri artan.

        1943'an, Europa'ko gudatean, Lazkano beneditar komentuan igaro zuen aldikada bat: emen zegoela osotu zitun olerki eder batzuk. Beloke'ra itzuliz, 1945'an, apaiz sagaratua izan zan, eta geroztik, asi-berrien maisu izan zan; gaur, batera bertako Abata da.

        Gaztetatik euskaltzale, eta tarteka-marteka idazlan ugariengatik Euskaltzaindiak euskaltzain oso izentatu zuen 1963'an. Bertan sartzea aundikiro ospatu zen Beloke'n bertan urte ortako maiatzaren 18'an. Bere itzaldiaren gaia: «Beloke euskaldun bidean».

 

        EUSKAL IDAZLE ETA OLERKARI.— Norberak bere bizia alaitu ta apaindu bearra dugu negar-erri onetan. Eta Iratzeder kantuz bizi da, olerkiz eta ederrez, naiz soroan lan-egin naiz koruan salmo-kantari. Kantuak eta bertsoak eta arimaz jainkotiar danarena.

        Apaiztu zanetik asi zan euskeraz idazten, eta poesiz bereziki «Ezkila», «Otoizlari», «Gernika», «Euzko Gogoa», «Gure Herria» «Egan», «Olerti», «Aintzina», eta abar. Idatzi ezezik, sariak jaso ere bai; «Eskualtzaleen Bitzarrak» saritu zioten, Zakalar, bertsozko drama, lendabizi ta Pindar eta Lanho (1920-1941) gero, «Gure Herria»-an (1957) agertua. Ondoren etorri ziran besteok:

        1) Eguerri (1946), Gabonetako misteriozko laukiak.

        2) Zeru-menditik (1941-1946). Editions «Ezkila», (1959). A. Arrue'k onela: «Olerkari bikaña da, ta Zeru-menditik berriz goieneko mallako bertso-bilduma» (Egan, 1-4, 1959). 44 poesi dira guztiz, iru ataletan bereiztuta: 1) Munduari ihes; 2) Munduari gogorreta 3) Munduari nausi.

        3) Mortutik oihu (1946). Komeria, Donibane Lohitzune'n antzeztua.

        4) Kantikak (1948). Kantu berri asko dakartzi Iratzeder'ek onduak.

        5) Antzerki-lanak: Pasiones, Aphez, Piztu zauku, Maria eta Kurutzea, Arrapaillu, Miss Mach, Iturrian eta Tontoleiko hiru semeak, Herrimina (1950'tik 1960'ra egiñiko lanak).

        6) Ezkongai (1954), ezkontzarako gertakuntza.

        7) Salmoak (Editions «Ezkila», 1963). 854 orrialdeko liburu mardula, Aita. I. Baztarrika'k gipuzkeraz eta Aita L. Akesolo'k bizkaieraz jarrita. A. Villasante'k onela: «Asko zor dio Euskalerriak Belokeko fraide-etxeari, eta egunetik egunera zor ori berrituz dijoa. Oker ezpanago, etorkizun aundiko lana da oraingo au. Elizak bere Liturgian berebiziko estimutan izan ditu Salmoak. Testamentu Zaarreko otoitz-liburu au, otoitz-libururik ederrena bezala erabilli irabilli izan du beti. Orain euskeraz eman dizkigute Salmoak, eta beren doiñu ta guzti gaiñera, gizataldeak kanta al ditzan. Geiegikeria gabe esan diteke Iratzederrek itzulpen miragarri bat lortu duela. Ez nuen siñistuko ikusi ezpanu, testu beneragarri oiek orrenbesteko indar, gozo ta argitasun euskeraz izan zezaketenik» (Egan, 1-6, 1964, 176 orr.).

        8) Argiz argi (Editions «Ezkila», 1969). 1947-1957 tarteko olerki-lanak, prosaz eta bertsoz. 91 guztira. Auetatik asko «Gure Herria»k argitaratu zizkigun 1967'an eta 1968'an.

        9) Uhaineri nausi (1958-1971). 47 olerki, iru ataletan bereizita: 1) Lanopetik; 2) Uhainen artean, eta 3) Uhainetarik argirat. Iru goragokoen gisako bertsoxorta bikaiña.

        Aspaldi danik berak zuzentzen du, eta zati eder bat idatzi, Beloke'ko beneditarrak ateratzen duten «Otoizlari» aldizkari goxo mamintsua. Illero datorkigu eztia darion frutuz gaiñezka. Diharze'k bere idaztietan agertzen duen goxotasun ori P. Lapitze ta Jean Barbier'gandik artua omen du, eta oso musika-zale danez, ditekena da Aita Donosti'ren euskal musikeaz ere zer-ikusia izatea. E. Allan Poe'k esaten zuen: «Musikea, oldozkun samur batekin naste, olerkia duzu». 1983'an argitaratu zuen «Biziaren Olerkia» bere poesi guztien bilduma.

        Lanak firmatzeko «Iratzeder» eta «Xabier Diharze» maiz erabilli dizkigu.

 

        (Ikus A. Ibinagabeitia, Euzko Gogoa, 1952, 3-4, 54 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1.146 orr.; L. Villasante, Egan, 1957, 1-2, 12 orr., eta Egan, 1964, 1-6, 176 orr.; A. Arrue, Egan, 1959, 1-4, 94 orr., eta Euskera, 1963-64, 182 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 66 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 137 orr., ta «Aranzazu», 1964, 128 zenbakian, maiatz; J. Bilbao, Eusko Bibliographia, III, 13 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 313 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, 217 orr.).

 

Bilaketa