literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

21.— Julio Urkixo eta Ibarra

(1871-1950)

 

        Au dio Luis Aranburu-Altuna'k: «Gizon handia zan Urkixo eta bere lanen itzala are handiagoa nabari daiteke egun ere. Inor gutti da gure kondairaren zehar, Euskal Kulturari hainbesteko aupada eman dionik» (Egan, 1973, 1-6, 3 orr.).

 

        BIZI-BERRIAK TXIKIKA.— Bizkaitarra dugu J. Urkixo, sendiz karlista zan famili baten altzoan jaioa, ots, Deusto'n 1971-4-3'an, Jesuiten Ikastetxe nagusitik bertan. Ikasgu ontan ari izan zan bost urtetan ikasi ta ikasi; aita Julio Cejador izan zuen irakasleetatik bat, izkuntzalari ospetsua, Astarloa ta onakoen antzera izkuntza guztiak euskeratik zetoztela uste zuena. Onek eta garai artako beste maixu batzuk eraginda, ardura aundiz artu zuen J. Urkixo'k izkuntzen ikastea, eta amazortzi urte zitularik liburu bat argitaldu zigun berak ere: «Konils Volapukik» (Bilbao, 1889), Volapük izkuntzaz; esperantoaren gisakoa dugu izkuntz au, Schleyer apaizak asmatutakoa, lurbira osoan ulertua izan zedin. Ondoren Salamanka'n amaitu zitun bere ikastaroak, 1892'an lege-gizon bezela lizenziaturik.

        Deusto'n izan zituen izkuntza zaletasunetik atera dezakegunez, Urkixo izkera orokor baten billa zebilkigun gazte-gaztetatik. Baiña, etxekoa ere etzala baztertuta utzi bear eta, Azkue'k eta Arana-Goiri'k bultzatuta itxura danez, euskeraz ikasten asi zan Deusto'n bertan, eta irakurri ta ulertzeko beste ikasi ere egin zuen. Gero, J. Vinson'en Essai d'une Bibliographie de la langue basque (Paris, 1891) ta Les Etudes basques de 1901 a 1905, eta Azkue'ren Iztegi nagusia eskuratu zitun. Eta onek ipiñi zuen osorik euskal alorrean lan egiten.

        1894'an, Donibane Lohitzun'en ezkondu zan Bizenta Olazabal'ekin, eta bizitzarik geiena antxe eman zigun bere «Urkixo-baita» deituan. Txit liburu zale zebillen orduko: erriz erri joan oi zan, politika atxakiz, or ta emen galdezka liburu zarren bila. Idazti asko aurkitu zitun baserri ta eliz-artxibuetan, Zarautz'en batez ere. Orduantxe erosi zuen, gaiñera, oso-osorik Jose Manterola'ren liburutegi baliotsua; orrela J. Vinson'ek ezagutzen etzitunak ere ainbat eskuratu zitun, eta orrelaxe, aberatsa bait zan, ezagutzen zitun idazti ta edizio guztiak etxeratuz, azkenerako iñork izan duen euskal liburutegirik ederrena osotu zigun. Liburutegi ura, Urkixo il zanean, Gipuzkoa'ko Aldundiak erosi zuen, eta gaur-egun euskaltzaleok daukagun altxorrik bikaiñena dugu.

        1905'tik gora batez ere entzute zabaleko egiñik dabil bere izena. 1907'en RIEV —Revue Internationale des Etudes Basques, Revista Internacional de los Estudios Vascos— sortzen du. Espaiña'ko Kortietako Diputadu birritan izan zan, 1903'an eta 1932'an. 1911'an Euskalerriaren Alde aldizkariaren sortzailleen artean dago; 1918'an Euskaltzaindia irasi zanean, euskaltzain dugu asiera-asieratik. Espaiña'ko «Real Academia de la Historia»-n lankide zan aurretik ere, ta 1927'an, Azkue ta biok, «Real Academia de la Lengua Española»-ko akademiku izentatu zituzten. Beste dedu-egite askoren artean, omenaldi bizi bat egiten zaio ta iru aleko dedu-liburua (Donosti, 1949) argitaratzen da. Donostia'n ilten da, 1950-10-30'an.

 

        EUSKAL LANA.— Aitor dugunez, bizitza guztian gogaitzerik gabe ari izan zan liburuak biltzen, aztertzen eta ikasten, egundoko idaztitegi eder baten jabe zalarik. Ba-zuen lar egiteko gogoa ere: bear-bearrezkoa noski. Au ere ba-zekin: euskal arloko jakituria euskaldunai zor ziela, ta zor ori ordaintzeko liburu oietan zeukana besteai emateko garra sortu zitzaion barrean. Zer egin ortarako? Nundik asi? Aurkitze baliotsuak egin zituen: Sara'ko Joanes Etxeberri medikuaren lanak idoro zizkigun Zarautz'eko komentuan; eta Axular'ren Gero, eta Beriain, eta besteak.

        Aldizkari bat sortazi zuen euskaldun jakintsuai berariz bear zutena opatu al izateko. Euskaltzale ta euskalari asko ziran Euskalerrian eta Euskalerritik kanpora; baiña bakoitza zebillen bere bidetxigor berezitik zear, maiz batak bestearen lanik ezagutzen ez zutena, sasi-jakintsuak ere ba-zebiltzan beren jakin-uzta merke-xamarrik saldu naita. Benetako aldizkari bat bear zan ortaz, euskerari buruzko lanak —eta euskerazkoak— argitara emateko.

        Xede au aurrera ateratzeko, RIEV sortu zuen. Langaillu onen bitartez, ziur zegoen bera, euskal landako azterketa lanai oiñarri sendoak ipiñiko zizkien. Bera zan aldizkari orren jaun eta jabe, zuzendari ta banatzaille; edonork idatz zezakan bertan, zentzunez ta jakintsuki, eta hain zuzen ere 1907'tik 1936'rarte bertan datozten lanak taiuz, eraz ta zientzi-legez oldoztu ta egiñak dauzkagu. Etxeko ta atzerriko euskalari asko inguratu zitun. Atzerritarren artetik gogora izen auek: G. Lakonbe, asieran idazkari bezela asko lagundu ziona, J. Vinson, Jaurgain, Herelle, Meillet, Dodgson, Meyer-Lüke, Schuchardt, Linschmann, Winkler, Farinelli, Uhlenbeck, eta gaiñerakoak. 1922'garren urtean, Euzko-Ikaskuntza-k bere aldizkaritzat artu zuen.

        Eta L. Aranburu-Altuna'k onela: «Iñoiz ez halako bultzada izan zuan Euskal Kulturak, eta egun ere aupada haren fruitu gordin eta indartsua hasnaur daiteke gure artean». Eta arazo ontan egin zuen urratsik bereziena, au da, euskal jakintza ta kulturari egin zion mesederik aundiena, auxe izan zan: antziñaetako liburuak, ots, aurreko gizaldietan idatzi ta erdi-galdurik zeuden liburuak berriro argitara ateratzea, batzuk iñoiz irarri gabeak eta beste batzuk auts-artean umelduta zeudenak. Batzuk banazean atera zitun, liburu bezela, ta beste batzuk RIEV aldizkariaren orrialdeetan. Ona sailtxo bat:

        1) Obras Vascongadas del Doctor labortano Joanes d'Etcheberry (Paris, 1907). Billaketa leratsuan zebillela —esan dugu— Zarautz'en aurkitu zitun saratar idazle azkarraren eskuidatziak. Ale ederra, oso txukun irarrita.

        2) RIEV aldizkarian eman zituen auek beintzat: Axular'en Gero; Beñat Etxepare'ren Linguae Vasconum primitiae; A. Oihenart'en olerki ta esanak; Zubero'ko seme Tartas'en Onsa hilceco bidia; Los Refranes y Sentencias de 1596 dalakoa; Zalgiz'en errefrauak; Aita Añibarro'k bizkaieraz ipiñi zuen Gueroco Guero; A. Juan M. Zabala'ren Alegiak; Grazian Adema'ren olerkiak; Txomin Agirre'ren Garoa, ta abar. Argitalpen auek txit garbiak dituzu, egillearen lana ematen dizu ezertan ere ikuturik egin gabe. Ontan omengarri dira euskal zelaian etengabe lan egin zuten J. Urkixo ta R.M. Azkue, eta gaur ere ortan ari zaigun J.M. Barandiaran ataundar jakintsua.

        3) Los Refranes de Garibay (Donostia, 1919). Titulu onekin: «Refranero vasco», lenengo alea.

        4) Un juicio sujeto a revisión. Menéndez Pelayo y los Caballeritos de Azcoitia (Donosti, 1925). Santandertar jakintsuak Voltaire zaletzat jo zitun, bere Heterodoxos deitu liburuan, Peñaflorida ta bere lagunak; liburu edo iritzi orren aurka idatzi zuen J. Urkixo'k.

        5) Beste ainitz lan, lendabizi RIEV'en atera ta gero separata bezela emanak: Ibarguen-Katxopin'en Kronika, Lelo'ren kanta ta besteak.

        Langille alazokoa dudarik gabe, ta txalogarria dugu naiz linguistika ta bibliografi aldetik, naiz eta kondaira ta gizarte aldetik begiz jo, euskal gaiai ekarri zien onuragatik.

 

        KANPORA BEGIRA?— Iñoiz edo beste esan da, baita idatzi ere, orokortasunezko aizeak berotuta zebillela, 1920'tik ara batez ere. Lendik egia, ba-zigun olako zerbait Volapük saiera biribildu zunean, Europa guztirako bederik izkera bat bera gura izanik. Prantzia'n, adibidez, ikusten zitun bretoi ta oc-izkuntzak euskeraren artzera bizi eziñik, izkuntza sendo ta iraunkorragoak iraun-tresna guztiok zituztela ta besteak muga-ertz estuetan ito bearrez. Gaitz gogorrak oratu ta atxillotua zeukan gure euskera. Orixegatik, «Urkixoren barrena —dio L. Aranburu-Altuna'k— erdibiturik zen unibersalista eta euskaltzale zen alderditik. "Volapük" hizkuntza unibersala landu eta euskaraz hain iraunkorki borrokatu ziren biak, gizon bakarra osatzen zuten: Urkixo. Urkixoren jokaera eta saiera asko aztertzean, ez genezake ahaztu bere gutizia bikoitza» (Loc. cit).

        Ogeigarren mende ontan, gerra ta era askotariko zalaparpak dirala-ta, aurrerapideak ezeze, aldakuntzak ere izugarriak ikusiak gara aberri, enda, izkuntza ta olakoai buruz. Eta guztiok gara geure aldiko seme ta laster, lasterregi bear bada, joten dugu or-emen azaldu oi diren berrikeriak besarkatzera. Baiña J. Urkixo, aize-bolara orrek astindua, ots, Volapük izkuntza orokor orren alde arduraz jokatu zuena, izkuntza orren aurrelariekin ibillia izan arren, azkenez amets-bide oietatik aldendurik, bere izkuntza —euskera— landu, aztertu ta sendotze lanari lotu zan gogo ta zain. «Urkixo gizon praktiko zen —diosku berriz ere alegeriar idazle gazteak— eta berehala jabetu zen hizkuntza haren arduraz ez zuela funtsik. Urkixok, hildo bereizi eta konkreto bat behar zuan, eta euskaran aurkitu zuan bere ezin egonaren atseden. Euskaran aurkitu zuan bere gose eta egarrien osagarria. Euskarak errotu egin zuan. Eta nola bait ere Urkixok, Euskara bere hesi hertsiatikan at jarri zuan» (Idem, 11 orr.).

        Labur: zabaltasun ondorio legez elebitza edo bilinguismua gura zuen Urkixo'k; geure baitan itoazi gabe, ingurumari ditugun bi zibilizazio izkuntzen erdian, euskera ere europear maillan gura zuen. Asmo au, baña, nola iritxi? Beste izkuntzakin artu emana ta bizikidetza izanik: daukagunetik emanaz eta ez daukaguna aietatik artuaz. Bearrezkoa zerizkion ortarako euskalkien batasuna. Zergatik ote doia galduten gure euskera? Ona: euskaldunok gutxi garelako, euskerak laguntzarik ez duelako, euskalki askotan zatituta dagolako, guk ere beraren alde egiazko ekintzarik ez dagigulako.

 

        EUSKALDUN BERRI?— Gorago aitortu dugunez, Deusto'n ikasi zuen J. Urkixo'k euskeraz. Zerk eraman zuen ortara? Orduko irakasle batzuen izkuntza giroak, ziurrik asko. Beste askok ere orrela egin genduan ikasle giñala: maixuak zernai irarri dezake aurraren gogo-miesan.

        Au ere, orraitio, aitortu bear dugu: naiz-ta euskera susterrez ikastea zailla ez izan, Urkixo'k etzuen iñoiz ere itz-egiteko beintzat erreztasun aundirik lortu. Ta idazteko? Ezta. Etzuen beiñik bein euskal lan jator esatekorik egin. Au dala-ta iñoiz aitorpen barragarri batzuk egin izan dituzte norbaitzuek. Idazle zaarren lanak mamiz ezagutzen zitula? Ditekena. Eta aien idatziai buruz eman zuen iritzia, beste zenbait euskaltzale jatorrena baino egiazkoagoa ote? Emen errezki laban egin genezake. Beraz, obe guztiok ere zentzun geiagoz mintzatuko ba'giña; ez-jakiñez edo, orraitio, maiz ibilli oi gara arraiñari igerika erakusten.

        Ala ere, bego emen au euskaldun berrien pozerako: badu ark erakusgai bat euskeraz idatzia, ta bertan aitortzen digu euskeraz idazteko duen gaiztasuna. 1910'an «Euskal Esnalea»-ren aginduz osotu zuten Esku-Egundiya; ementxe datoz garai artako 61 idazlek egiñiko lanak, baita J. Urkixo'ren Zaharren erranak deritzaiona ere. Luzea ez da-ta, irakur zazu osorik. Berak erabillitako ortografiaz doa.

        «Ezta Euskaltzaletasuna gauza berria, hainitzek uste duten bezala. Iragan diren mendetan euskalzale batzuk bizi ziren, eta hekien artean Claberia Apheza, guti ezagutua dena. Jaun hunek, Etcheberrico Joanesi eskainiritako hitz neurthitzetan, erraiten dio:

 

                Burlatzen naiz Garibaiez

                bai halaber Echabez,

                denak mintzatu baitire

                erdaraz Eskaldunez.

 

                Ezen zirenaz geroztik

                eskaldunak hek biak,

                eskaraz behar zituzten

                egin bere historiak.

 

                Eskaraz egin ditutzu

                Etcheberri, zure obrak,

                ohoratu nahiz zeure

                ahalaz herritarrak.

 

                Zer errefau eder baita

                hitzkuntza arrotzetan

                hura aditzera ematen

                daroezu beretan.

 

                Esker bada eta aithor

                duzula berezia

                zeren choratu duzun

                herritarren mihia.

 

        Egia handia da hori. Haurdanik euskara ikasi ez dugunek ez detzakegu gure liburuchoak euskaraz eskriba, bainan Aitoren hitzkuntza dakitenek, zergatik eskriba lezakete erdaraz?»

 

        (Ikus Homenaje a don Julio Urquijo (Donostia, 1919); G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1950, 176 orr. ta 1957, 125 orr.; Euskera, 1954, 34 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 307 orr.; L. Aranburu, Egan, 1972, 1-6, 3 orr.).

 

Bilaketa