literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.314 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

35.— Augustin Etxeberri

(...-1890)

 

        Saratarra jaiotzez. Zapatari ta olerkari batera. Neurtitz politak osotu zizkigun; baita sariak irabazi ere. Sara'n (1869) «Hiltzera doan haur baten auhenak» aurkeztu zuen; Sara'n berriz ere (1874), «Kattalin-Xume»; Bera'n (1880), «Deserturra»; Donostia'n (1886), «Maria alegiazkoa»; Donostia'n, berriz, (1888), «Xorien besta». «Aur umezurtza», Donostia'ko «Euskal-Erria» aldizkarian (1887) dator.

        Hugo Schuchardt euskaltzalearen maixu izan zitzaigun, ark euskeraz ikasi nai izan zuenean. 1890'an il zan.

        Oso ederki landua da «Deserturra» deritzana. Bizi-udaberrian gudari ez joatearren, desertatuz uste zuen obeki izango zala. Baiña aita-ama, aurride ta adiskiden artetik urruti bere burua ikusirikan, «bihotzeko har batekin izpiritua alhan», onela kantatzen du bere zorigaitza:

 

                Gauaz eta egunaz dut begien aintzinean

                sor-etxola, nere hura, larrain-bixkar batean.

                Bixta-bixtan hantxe dago, iturri bat aldean.

                Oi! nik nuen zoriona han bizi nintzenean

 

        Mendi urdin, ir-xirripa, bei ta ardi bizkar gurien ondoren, bere umetako lagunak, eta erriko jaiak datozkio gogora:

 

                Beste egun herrikoan nere gazte-lagunak,

                xirula joz, ba-dohatzi kantuz plazara denak.

                Gaur pilotan, bihar dantzan hekien atseginak!

                Ni, hetarik urrundua, zer nere bihotz-minak!

 

        Eta azken-aolku au:

 

                Ur-xirripa ez da galtzen nihoiz bere ohetik,

                ez eta ere arroka sartua den menditik.

                Hek bezala, sor-lekuaz amodio izanik,

                zuhur denak kanta beza beti bere herritik.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, II, 749 ta 764 orr.; W. Webster, «Euskal Erria», 1890, 123 orr.; H. Schuchardt, Zur Kenntnis des Baskischen von Sara, Berlin, 1922; S. Onaindia, MEOE, 445 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 666 orr.).

 

Bilaketa