literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

5.— Jose Eizagirre Aiestaran

(1881-1948)

 

        Tolosa'n jaioa, 1881-2-4'an. Oñati'ko ikastetxean eta Madrid'en ikasi zuen Eskugoa (Deretxoa) eta onen inguruko beste gaiak. Gizaseme argi ta ona. 1918'an Kortietako alduna izan zan, baita Errepublika aldian ere Euzko-Abertzale Alderdiaren izenean. Azkeneko anai arteko gudatean, militar auzitegiko buru egin zuen. 1948-1-23'an il zan Donibane Lohitzun'en. «Eusko-Jakintza» aldizkarian onela dirakurgu (1949, 384 orr.): «Tolosarra jayotzez eta biotzez. Benetan euskaldun; ziñezko langille; iztun samur eta atsegiña. Idazle garbi, yayoa. Legegizon argi, zuzenbidearen jarraille». Euskaltzale jator bezela, 1901'an «Eskualzaleen Biltzarra» Ondarrabi'n eratu zanean, tarteko zan gure Jose Eizagirre ere.

 

        EUSKAL LANA.— Ondoz ta erroz zekian erabat, bere idaztiak lekuko, amaren magalean ikasi zuen euskera, erreztasun izugarriz mintzatu ta idazteko legean jakin ere. Euskal barrutian lan egin zigun, eta ia sortu zanetik aurkitzen dugu «Euskal Esnalea»-ren batzordean. Mugaz andik, gerrea zio, bizi izan zanean ere, ango «Eskualzaleen Biltzarreko» ta «Gernika» bazkuneko genduen.

        Euskal aldizkarietan idatzi zuen; baiña Bilbao'ko «Euzkadi» agerkarian (1913) ta egunerokoan, Donostia'ko «Euskal Esnalea»-n (1916-21) eta Baiona'ko «Gure Herria»-n (1921-22) batez ere. Eder zuen teatru gaia. Aldun zalarik, ikastoletan euskera sartzeko ere zentzunez jokatu zigun. 1914'an, Bilbao'ko Euzko-Gastedijak ipuin-batzaldia zabaldu zuenean, Eizagirre'ren «Umientzat» saritua. Orrez gaiñera bi lan dauzka argitaratuta.

        1) Basotarrak. 1911'an Segura'ko euskal jaietan saritu zioten opera liburuxka. «Euzkadi» illabete biñako euzko-ingurtian dator, 1913'ko epailla-jarrailla, 2 orrialdean. Ederki moldatua. Iru atal dauzka, bakoitza lau-bost agerraldikin. Segura'ko euskal jaietan, «Euskalerriaren Alde»-k, Gipuzkoa'ko Aldundiaren aginduz, eratu zuen batzaldira 30 lan joan ziran sari-billa. Lengaian opera batentzat ereskaia eskatzen zan; zazpi agertu ziran, eta beuron artean tolosarraren Basotarrak zeritzaiona izan zan bikaiñena. Onela maikoak: «Basotarrak deritzaion ereskaiaren egilleak iruditegia zer dan badakiela adiztera eman dualako, ta iruditegian egiten dana begietatik eta belarrietatik biotzerano nola sartu erazi litekean erakutsi dualako, geienen iritziz, bigarren saria, 125 laurlekoa eman zaio». Lenengo saririk etzan onartu urrean. Baiña Emeteri Arrese'k bere «Zara»-rekin eta Jose Elizondo'k bere «Belduba»-rekin 50 laurleko jaso zituzten bakoitzak.

        2) Ekaitzpean (Buenos Aires, 1948). Ipuin berria, «Ekin» etxe argitaldariak aterata. 224 orrialde. Onela berak itzaurrean: «Euskera galduko ba'litz Euskal-Erria zearo galdua litzakela ziur ba dakigula, gure izkuntza maiteari iraupena eman nai genioke; beraz, mintzatu ta irakurri bearrean gera, eta irakurtzeko irakurgaiak bear ditugu noski. Orregatik, aizkenengo gure gudate izugarriaren zipriztin beltzak mendi-mendian izkutatuta dagon baserri bateraño nola iritxi diran, gaitzat artuta, "Ekaitzpean" deitzen detan ipuinberri au asmatu eta argitaratzen det. Euskeraz irakurtzeko zaletasuna pixtu-arazi eta errezago irakurtzeagatik egintza onen geiena alkarrizketa-eran antolatu det. Eta ala, alkarrizketaz egiña dagona arturik, antzokirako ere errez antzeztu liteke».

        Eleberri onen opalmena bere gurasoai egiten die. «Nere lenengo itzak —dio— beren magal-besoetan euskeraz esan nituan; euskera ta Euskal-Erria benetan maitatzen berak erakutsi zidaten. Goian bitez!»

        Irakurtzetik atera dezakegu aixe nolako euskera bizkorra duen. Garbi, erreza beti. Alkar-izketa bizi-bizia, tarteka oarrak ere txairo egiñik.

 

        (Ikus Esku-egundiya, 74 orr.; Euskal Esnalea, 1911, I, 165, 180, 229 ta 236 orr.; Euskalerriaren Alde, 1911, I, 349 ta 568 orr.; Yakintza, 1935, 68 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 75 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 165 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 289 orr.).

 

Bilaketa