literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

5.— Enrike Zubiri Gortadi, «Manezaundi»

(1867-1948)

 

        Ez gara guztiok berdin geure adimen eta biotz eragiñak emakeran: urliak onela adierazi oi ditu bereak, eta sandiak arela, izatez eta izanez aski diferenteak bait gara. Au ez zitzaigu gizartean bakarrik ageri, idazleetan oraindik garbiago, nik uste. Nolako aldea batetik bestera! Onek onela dakusa gauzak, eta ark bestera; adierazi ere, onek samur, leun, bizi; beste ark, ordea, zakar, ez berezko. Zergatik ote? Idazleak berak ba al daki? Goxo idazten duenaren kideko izan nai luke, baiña ezin du.

        Zubiri'k errez, oparotsu ta mazal idatzi zigun; aatik oso txalotua dugu gurean utzi zigun lana.

 

        GIZONA.— Garazi ta Luzaide, gaur bata Frantzi ta bestea Espaiñi, alkarren urbil daude, Arnegi tarte dutelarik. Beiñola, «Ibañeta'tik beherakoan, Luzaide'ko alderat yaustian, Garazi'ko bideari buruz zoazilarik», jipoia ederki berotuta eraman zuten Karloman agintari zabalaren gudariak. Toki egokia da emen ortarako. Onela Zubiri'k: «Mehargune hertsia, erreka xumetik ezker eta eskuin malda xutak eta legunak; harri xee eta legartsuak. Eta gainak arkaitzez brikatuak, doi-doia xutak egoiten ahal direnak iduri» (Orriaga-ko gataska).

        Mendi tarte ospetsu ontan, Luzaide'n sortua duzu Zubiri. Beronen bizitza etzan lar zalapartsua izan, baiña bai aberatsa, andik naiz emendik begiratuta lits askoduna. Donibane-Garazi'n egin zituen bere ikasteak; garai artako gerrak girala-ta an bait ziran bizi bere gurasoak; ondoren Paris'en egon zan margolaritzaz jabetzen, eta etzan pintatzaille txarra izan, aurkintzak, irudi-antzak, edesti ta elezar puskak eta margozkiak berarizko eraz zirri-borrotzen; Iruña'n, Naparroa'ko Aldundiko aretoetan dagoz taiu onetako margo-lan batzuk: «Azpilikueta», «Naparroa'ko Karlos III'garrena», ta abar.

        Pintatzetik bizi izan zan zati bat, eta J.M. Satrustegi'k dioskunez, agintzen zizkioten lanetatik ere laguntza ederra zuen, bere inguruan jaun aundia zan eta. Margo-lan mordoa egin zuen, eta gaur bere illoben eskuetan izan bear dute. Au ere ba-diosku Satrustegi'k: «Ontan ere etzitzaizkion beti gauzak zuzen atera. Ezkontzekoa zan ilobarendako egina zuen Luzaideko ikusgai bat, bere erriko ayundamenduari utzi zion, ezkontza nastu ta. Eta bestalde, berriz, Naparroko Diputazioak agindu ta egindako «Oliveto», ilobaren eskutara joan zen saria ordaintzen etziotelako» (Zeruko Argia, 1967, urrillak 29, 12 orrialde).

        Izar beltza omen zuen gaiñean. Eta au «kontuan iduki behar da —dio Satrustegi'k— bere nortasuna ziñetik ezagutzeko. Bere illobak erreak dituzte andregaiarekin izan zituen artu-emanen idazkiak. Uts aundia! Ba omen ziren bertsuak ere! Eta gero, auspotako eritasunez joana maite zuen neskatxa; etzen iñoiz eskondu».

        Elertia ere, edo ederkerari zegokiona beintzat, antxe Paris'en ikasi zuen nunbait, bere lan bikaiñetatik atera dezakegunez: artista ikasi antzo bait ditu jartzen esaldietan, gauza bakoitzari zer dagokion uraxe adierazi ta aitzen ematen bearturik.

        Paris'tik euskal erriratu ta Iruña'n jarri zan egotez, ango Antze ta Lanbide Eskola'ko irakasle. Urte mordoa egin zuen arazo ontan. Azkenez, berton il zan 1943'an.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Fiña zan idazten, bai erderaz ta bai euskeraz. Euskerazko lanak orduko aldizkingi askotan agertzen zaizkizu. Bestelako gaiak ikutzen ditu, errikoiak eta jantziak, dala jazoera naiz kronika bat, dala ipui naiz edesti puskak, jori ta atsegin benapar izkelgian errez, trebe darabil bere idazkortz bitxia. Gizatiar lantze ta kultura bikaiñaren jabe zanez geroz, dagizkin antz-irudi, kontatze, berriketa ta enparauak antze ta artearen muiña sakonki dakianaren erara moldatzen dizkizu. Baiona'ko Eskualduna'n eta Iruña'ko La Voz de Navarra'n idatzi zuen.

        Oraintsu arte agerkarietan sakabanaturik egon diran lanokin, batzuekin beintzat, liburu batzuk ere osotuak dituzu. Ona bi:

        1) Euskalerriko Ipuiñak (Iruña, 1957).

        2) Prosistas navarros edo XX-garren mendeko Nafarroako euskal idazlariak (Iruña, 1958); Aingeru Irigarai'k egiñiko idazlan-bilduma duzu au, Iruña'ko «Principe de Viana»-k argitara emana. Ogeta bederatzi lan daude berton Manezaundi'renak. Ona tituluak: «Bernat Dechepare», «Kokotz arraintzaria», «Oroitzapen zaharrak», «Orreagako gataska», «Huarte de San Juan», «Piarrexen izialdura», «Auritzeko ferietatik», «Martin Azpilicueta», «Xoria bere ohantzerat», «Hiru behien zerga», «Boryel pertsularia», «Tresna txar bat», «Artzaina yaundua», «Iruñeko itzulia», «Bazterretxetarrak karrikan», «Orreaga-ko beilak», «Olite-ko gaztelua», «Gizon perestu bat», «Iruñe zahar eta berri», «Eskuararen idazteaz», «Ile moxtea», «Udatik udazkenerat», «Zuberoko eskuara», «Donibaneko merkatian», «Sanferminetarat», «Ihauteri karakotxak», «Gure aurkintzak», «Aro gozoaz» eta «Napoleonen bidia».

        Danetik da, ikusten duzunez. Emen, gertatu zerbait edesten dizu: «Orreagako gataska», «Hiru behien zerga», «Olite-ko gaztelua» ta abar; an, erri-gaiak ditu oiñarri: «Kokotz arraintzaria», «Auritzeko ferietatik», «IIe moxtea», ta abar; beste an, kultura gaiak: «Eskuararen idazteaz», «Gure aurkintzak», «Zuberoko eskuara», ta abar. Ona, presaka bezela, «Eskuararen idazteaz» deritzaiona:

        «Lerro hauk abiatu baino lehen, yuan daila aitzinetik aitormen bat, deblauki errana, gaitzikorrek ez dezaten uste heien makur zuzentzaile edo kizikatzailea nizala bakarrik. Aitortzen dut nik ere denen araberan baditutala nere hutsak, eta nere herriko baserritarren ondoan, mintzaiari doazkon trebetasunetan, anitz ikastekotan nizala; bai eta ere heien artean yakintsun hoberenarekin baino geiago argitzen dutala, baldin iluntasun zonbait izaten badut.

        »Anitzek uste dute eskuaraz untsa idazteko aski dutela hiztegietako hitz guziak yakin gogoz eta apuñatik. Eta ez da batere hala. Ene ustez hitzen ikastea bezain beharrezekoa da aditza eta berboa, egindura, eta itzuliak eskualdunki ibiltzea, zeren eta hitz batek, hitzaldi batean erran nahi duena, beste batean, bera lekuz kanpo da, funtserik gabekoa.

        »Ikusbide anitz ezar nezazke, hemen, bainan irakurleak enea ez diten herabez, ez ditut lerro hauk luzatu nahi edadura haundiskoa emanik ene oharreri. Buru-austeak izan ditut zonbait aldiz idazki batean hitzaldi bat ezin arras ulertuz, bere itzuliaren ilundura ezin argitaratuz, xuxenki yakiteko zer erran nahi ote zuen, eta ardurenik azti batek bezala bere mamia atera beharrez. Hortakotz erran dezagun berriz ere, behin betikotz, baitezpadako eta ezin utzizko beharra duela urte guziz iragaitea ahalden epe luzena herri eskualdun huts batean, baserritarren solaseri iarraikirik, eskuara garbi, trebe eta gurbil ikasi nahi duenak. Liburuen ikasgaien eta errint-erakasleen ondotik hori behar lukete egin guziak, urtean behin. Zer mirakuluzko oputzak, zer mozkin nasaiak ez lezazkete bil! Una ederragorik ez dezakete amestu.

        »Nihauri gertatu zautana erraiten dautzuet, irakurleak; eta ene ikasbidea yarraikirik zihaurek, froga zinezkete nik erranak. Eta lerro hoen ondotik erran behar dut aspaldian gogoan nuena Irular gure adixkide idazleaz. Bere eskuara arras laket zait: garbia, ernea eta bakuna, hian gisa goxokoa eta argia, nun mendiez bi aldetako eskualdunek ulertzen ahal duten errexki, dremendenik neketasunik gabe. Eta arrigarriago dena: eskuara ikasi omen du, ez amaren besoetan, bainan mutiko tarrotua zelarik. Ez daiteke sinets bere eleketa eta idazkieri oharturik, ez dela haren sor-mintzoa. Barka nezazu, Irular, zure matelak gorriarazi baditut izpiño bat; bainan egia erran behar da oroz gainetik, lausenguak alde bat utzirik. Nolako aita, halako semea» (Prosistas navarros, 93 orr.).

        Darabillen idazkerari begitu ezkero. A. Irigarai'ren oarrok jakingarriak dituzu: Benaparru sarkaldeko izkeraz idazten du, Kintoa'n, Arnegi'n eta Orzaize ta Baigorri'ko ibarretan mintzatzen bezela; baiña Garazi'ko aditz-era xu —ez dixit (dut), artu nixin (artu nuen)— txerazkoa ere ba darabil noizik bein. Baita auek ere: girea?, duzia? galderak ere; eta buru-buria, sartu-sartiko, Baztan'en eta beste toki zenbaiten lez; arnasdun h ere bai, naizta geiegikeri gabe; ez du baiño idazten, baino baizik. Itz berriak ere sartzen ditu, baiña bakanka, geienak erritik jasoak bait darabilzki.

 

        IRITZIAK.— Ez zaigu, ez, oartzeke iralkitzen idazle ona. Irular idazle bikaiña duzu, ta Manezaundi oartu zan, konturatu zitzaizun ortaz; baita gu ere luzaidetar xaloaren luma zorrotzaz. Orixegatik, onen lanak irakurri ta aztertu dituzten danak itz goragarriak eskeiñi dizkiote.

        Zubiri'ren lan pilloa bildumatu zuen A. Irigarai'k onela: «Bere idazkera egizale batena duzu, ta goi-argi jario ederrekoa; bere izkera berezkoa, itzetan aberatsa ta erri-mintzairaren bene benetako aldakia. Iñoiz arkitu liteke makurren bat, baiña beste izkuntzetako idazle klasikuak ere, gramatikalariak esan dutenez, izan dituzte beren makurrak».

        Eta P. Lafitte'k: «Segur gira liburu berria agradatuko zakotela eskuratuko eta irakurtuko duten guzi-guzieri».

        A. Villasante'k: «Idazle onek bildu digula esan dezakegu bere albiste, berri-emate ta kroniketan, euskaldun-frantses idazleak duten gatz, zirto ta mairotasun guztia».

        N. Alzola'k: «Asko idazki eban euskeraz, gai ugari eta atsegiñak erabili ebazan idazte orduan, edertasunak ikututa geienetan. Kirikiño gogoratzen jata neuri Manezaundi aitatzean. Pintatzaillea zan idazte orduan be sarritan luzaidarra. Kolorea, bizitasuna, ibiltea, bizitzaren inguru ta giroa emoten ekiana zan bere lauko-oialai: edertilari osoa».

        K. Etxenagusia'k: «Manezaundi'ren izkerea, Luzaide'koa izanik, baxe-naparroako euskalkikoa da; beti be oso errikoia, bizi bizia, esaeratan jatorra ta aberatsa. Atsegin aundiz irakurtzen dira aren artikulu polit eta umore onez orniduak».

        J.M. Satrustegi'k: «Zubiri eskual idazle ona da. Etzion dirurik eman, eta bai naigabe ugari, bere lumak. Obeita amaseian Luzaiden zen eta eskualtzale izatea arrisku aundiko gauza zaiteken; bere lagunak bildur aundia sartu zioten beintzat. Gizajoa baserri zoko batean sartu ta egon zen ez dakit zer bekaturen bildurrez. Ortan gelditu zen izialdura guzia».

        Eta Jose Anjel Irigarai'k: «Oi Garaziko euskeraren xarma! Manezaundik ez derabilla besterik, eta ederki alafede. Euskerazalea zen eta euskera jatorraren aldekoa».

        Labur: esaeretan ugari ta joskeran jator duzu E. Zubiri.

 

        (Ikus A. Irigarai, Prosistas navarros, 1957, 9-13 orr.; A. Arrue, Egan, 1958, 238 orr.; L. Villasante, HLV, 367 orr.; I. Omaetxebarria, Euskera, 207 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 1966, 11 orr.; P. Lafitte, Herria, 1958; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, 213 orr.; I. Sarasola, Euskal Literaturaren historia, 1970, 124. orr.; Auñamendi, Literatura, III, 251 orr.; J.A. Irigarai, Euskera eta Nafarroa, 1973, 82-85 orr.; J.M. Satrustegi, Zeruko Argia, 1967, urrillak, 29, 12 orr.; N. Alzola, Egan, 1967, 18 orr.).

 

Bilaketa