literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

31.— Klaudio Sagartzazu Sagartzazu, «Satarka»

(1895-1971)

 

        Onela «Zeleta»-k: «Orain dala ogeitabi-berrogeitabost bitarteko euskal egunkari, astekari ta aldizkarietan, maizki aurkitu oi gendun, Eltzo, Zubigar, Jauregi ta Enbeita'renaren inguruan, Sagartzazu'ren "Satarka" izenordea. Eta bere olerkiak, ordukoak bezela oraingoak ere, euskera garbi ta ulerterrezean tajutuak, mintzoera berdiñekoak eta arau berdiñekoak dira. Edozeñek ez duan doai naigarri au, erraz somatzen degu ondarrabiar olerkariaren neurtitz intzatsu oietan barra. Eta gizon bezela nolakoa dan, edo nolakoa izan ditekean, bere gorputz aundi, arpegi zabal, begi urdin eta irudi barretsuak ongiño adierazten digu» (Euzko-Gogoa, 1958, 111 orr.).

        Ondarrabia'n jaioa dugu Sagartzazu 1895-10-30'an, bizi guztian bizi izan zan Tiendas kalean, 13'garren zenbakian. Ortxe jaio, bizi ta il ziran bi anaiok, Klaudio ta Dionisio, biok gaiñera ezkongai edo mutilzar porrokatu: etziran ezkondu, euskerarekin ezik.

        Klaudio'k etxegintza zuen bizibide, kontratista bezela. 1953'an, ni, nere Milla euskal olerki eder osatzen nenbillenean, ara joan nintzakion; ez nekien nun bizi zan, baiña bai etxegintzatik bizi zala; ta berebillez Ondarrabi'ra iritxi nintzanean, bertatik galdetu nuen kalean bertan, ea nun ote zegoen Sagartzazu olerkariaren etxea. Eta ots-otsean erantzun zidaten: «Or duzu». Bertan neukan izan ere, zugaitz eta lorez inguraturiko jar-leku batean eserita. Gizon errime ta txeratsua. Itz-aspertu bitartean, ainbat berri, datu ta zeaztasun eman zizkigun nik nai nuen lanerako: arrezkero, eskutitzez, artu-eman ugari ta miña izan genduen biok. «Karmel» eta «Olerti» aldizkarietan, olerkirik asko argitaratu nizkion.

        1966'garrenetik Euskaltzaindiaren laguntzailleetarikoa zan. Esan dugunez Ondarrabi'n, bere sorterriko kabi beroan itzali zitzaigun 1971-11-23'an, Euskal Literaturan toki berezia merezi duen olerkari gozo biguna.

 

        OLERKARI SAMUR.— Edestitik dakigunez, munduko artistak —olerkari ta musikalariak baitik bat— Venezia'ra ta, joan oi dira, uri apain zoragarri oietako edertasunak ikusi ta txastatuaz, goi-argia —olermena— esnatu, azkortu ta indarrazteko asmoz nunbait. «Satarka»-k —Sagartzazu'tar Kauldi— eztu olako barne-azkortzaillerik bear kopla sentikor eta gozoak oretuteko. «Ondarribia erri arrantzale ta udarako leku apaña ez-ezik —diosku Ayalde'k—, euskel-olerkari on eta askoren sorterria ere ba-da.

        »Orietakoa dugu Sagartzazu'tar Kauldi, SATARKA. Ogei urte zitula, 1925 gn. aldean, Donostiko Tomas Deun egunean ospatu oi zan Euskal-jaian irabazi zun bere lenbiziko saria. SATARKA-k berak dionez ura izan du egun pozgarriena bizi guzian. Egun artan, amakin (olertian sarri aipatzen dun ama arekin) joan omen zan Ondarribitik Donostira saria jasotzera. Geroztik, danok dakigunez, SATARKA-k irabazitako, sari ta dedu-aipuak aunitz izan dira, Bidasoaz aruntz-onuzko Euskalerrian egiñiko txapelketetan» (Intza begietan, Donostia, 1957, azalean).

        Donostia'ko Lore-Jokuetan, 1918-12-21'an lendabiziko «accesit» bere Udaberri lanagatik; 1920'an berdintsu izan zuen, Donostia'n eta Urretxua'n; baita Donostia'n, 1923'an, bere «Agur, Mirentxu» ta «Artzayaren abestia»-gatik; 1924'an, Baiona'ko «Gure Herria»-k eratutako txapelketan, Larresoro'ko Aintziart-Killot'ek egin eta emaniko makila eskuratu zioten bere «Ez dezu maite» olerkiagatik; 1925, Ondarribi'ko euskal jaietan, olerki bi sariztu zizkioten, «Bidasoa'ko lurraldeari, agur», len-gaian, eta «Udaberria» bigarrenean, Pedro Mourlane Mitxelena, Emilio Navas, Isaak López Mendizabal eta Biktor Garitaonandia maiko zirala. Eta orrelaxe gerotara ere.

        J. San Martin'ek egiazki dio: «"Satarka", Luis Jauregi "Jautarkol"-ekin batean, euskal literaturaren lirikaren lehen bide urratzaileetakoa genuen noski. Eta Aitzolen inguruan, 1930'ean, "Euskaltzaleak" izeneko olerki berrizte mugimenduaren eragileetako bat izan zen» (Euskera, 1972, 285 orr.).

        Guda aurreko ta osteko euskal aldizkaririk geienetan agertzen dira Satarka'ren neurtitzak; baiña gerra ondoren, Olerti'n idatzi zuen bereziki. Aldizkarietako emaitz ugariz gaiñera, liburu bi utzi zizkigun argitalduta.

        1) Txinpartak (Donostia, 1922). 124 orrialde. Jatorrak ditu geientsuak, baiña itzuliak ere bai, Biktor Hugo ta Heine'renak baitik bat. Liburu ontan datozten jatorretatik ezagunena Aurtxoa seaskan dugu nunbait: J. Olaizola'k musikea jarri zion, eta geroztik txit ezaguna duzu poema au.

        2) Intza begietan (Donostia, 1957). Valverde'ren irarkolan. 129 orrialde. Bere guraso Jose Leon Sagartzazu Sopelarte ta Bruna Sagartzazu Yartza'ri eskeiñita dago. Ayalde'k onela: «Intza begietan...; Amaren oroi xamurra, beste Ama il-zorian ikustea, lore igartuak, guda zitalen ondoreak, txori abeslarien eriotzak, eta olako beste olerki-gaiek intzaz bustita ditute olerkari onen begi argiak». Erdal-itzulpenarekin dator. Amalau olerki dira guztiz.

        M. Lekuona'k egiten dio sarrera. Beiñola Oiartzun'go baserri baten bezela, gerizak, ale gorritan noski, geriza ongi elduak ikusten ditu Satarka'ren olerki idaztian; eta goiz-txori kantariak. «Goiz asi ziñan —diotsa— zu ere kantuan. Gazte-gazterik. Zure barruko sentierak kantari. Eta oraindik ere lengo, betiko ozen eta goiztiar jarraitzen dezu zure arlo zerutarrean jarrai. Kantari».

        Eta aurretik kantatu ta joan zitzaizkigun olerkari batzuk gogorazten ditu. Onela darrai: «Zurekin asitakoak, asko, geienak, ixildu ziran. Eltzo ta Zubigar ziranak dauzkat orain gogoan. Eltzo Astigarraga'koa, ta Zubigar Lezo'koa. Jaungoikoa'k eraman zituan, zeru ederrean kantuz jardutera, emen oi zuten zerutar jario ta etorri ber-berarekin. Zu, gure artean utzi zinduan Jaun onak, goiz asitako jardun esnatiarrari guretzat jarrai zenezaion. Eta zuk, Jaungoikoa'ren dei ta doai jatorrari jarraikiz, pier iraun dezu gaur arte... Eta gaur, zure biotzaren opari bezela, Erriari, zure Erri maiteari, Euskalerri maite, errukarriari, zure kantarik ederrenaz orniturik, sortatxo bat eskeintzea gogoratu zaitzu. Zer nai dezu nik esan dezaizudan, adizkide maite? Ondo, oso ondo egin dezula. Zerutik ere zure lagun izandakoak orixe ber-bera esango bait-dizute» (Intza begietan, 8-9 orr.).

 

        IRITZIAK.— Zeleta'k: «Intza begietan... Aurtengo Bakaldun-egun oroigarrian, Zeru'tik jetxi ba'litzakigu bezela, eskura zitzaigun azal apañez eta marrazki politez jantziriko idazti naigarria. Eta atsegiñez jaso ta arretaz, urduri, irakurri degu, asi ta buka, dan-dana. Baita arduratsu tolostu ta idaztitegian gorde ere, aurtzaroan gure guraso maiteak kolkoan ezarri oi ziguten Kutuna'ren gisa» (Euzko-Gogoa, 1958, 110 orr.).

        Nik beiñola: «Gaztetan ar-nabargintzan ta gaur etxegintzan jarduna. Gizon artez ta zintzoa, sarri lan bitartean be bertso neurtzen ekiten dautso. Idurimen ugaria ta biotz biguna ditu, geienez. Berak egiñak oro batean bildu ezkero, olerki-txorta gizena antola daiteke».

        L. Mitxelena'k: «Intza begietan. Eztakit zer esan bear duen poesi-mota onezaz egun edo biarko kritikak. Nik beintzat ezin dezaket gai onetan kritikarik egin. Au baita aurretan, besterik bazen ere enekienean, ezagutu nuena; au, euskaldun guztiok, baita zekenak ere, biotzean gorderik daukagun xoko minbera orretaraiño sartu zitzaidana. Geroztik irakurri dut oberik eta goragokorik, baiña eztut bestetan sumatu ustekabean artu ninduen aurtzaroko ikara berri aren bizia» (Egan, 1958, 1-2, 105 orrialde).

        Eta azkenik, J. San Martin'ek: «Euskal literatura murritzian bere toki berezia merezi du olerkari samur honek» (Euskera, 1974, 285 orr.).

        Norekin ibilli, edo-ta zer irakurri, orlakoaren kutsua errez izan oi dugu geure lanetan. Sagartzazu arima goxo baten jabe genuen sortzetik, eta gero irakurriz —Heine, Tagore; Juan Ramón Jiménez— goxoago biurtu zitzaion barrena, ta auxe duzu bere kopletan ematen diguna. J.R. Jiménez'i eskeiñia da «Txindorra-ren eriotza» deritzana; ark erakutsi omen zion kanta zarrak kantatzen «ta aingeruaren seaskatxoa emeki ibiltzen». Kauldi'k olerki ortan J.R. Jiménez'i buruz dioana, guk gaur Kauldi'z esan dezagun:

 

                «Asko maitatu dezun gure lur zarrean

                Egin zazu lo... ta atseden lore artean!»

 

        (Ikus Oxobi, Gure Herria, 1922, 360 orr.; S. Onaindia, MEOE, 855 orr.; J. Artetxe, Camino y Horizonte, 68 orr.; M. Lekuona, Intza begietan, itzaurrean; H.V.B., Gure Herria, 1958-5-22; Ze1eta, Euzko-Gogoa, 1958, urtarrilla-otsailla, 110 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1958, 1-2, 105 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 153 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 510 orr.; J. San Martin, Euskera, 1972, 285 orr.).

 

Bilaketa