literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

6.— Biktoriano Iraola Aristegieta

(1841-1919)

 

        «Euskal Esnalea»-k Iraola'ren il berria ematerakoan, onela idatzi zuen: «...Makiña bat ipui, izkirimiri ta gauza alai idatzita joan zaigu Iraola gizarajoa... Olerkiak idazten ere ederki zekien. Emen bertan agertu ziran Euskalerriko txoriyak eta beste asko. Idazti batzaldietan ere sari ugari irabazi zitun donostiar jator onek... Oso donostiarra zan Iraola. Donosti'ko euskera zan berea; Donostia zarreko ipui ta gertaerak ederki zekizkian; arrantzale, txardiñ-saltzalle, zeladore ta orrelakoak ondo ezagutu zituan... Il da, il onen 19'garren egunean. Urte asko zituan, bañan sendo ta tente zebillen oraindik».

 

        BIZI-ZEAZTASUNAK.— Pasai San Juan'en jaio zan 1841'an; baiña Iraola gaztetxo zala Donostiara aldatu zan famili osoa, ta Biktoriano'k ementxe igazi zuen bere bizitza guztia. Azpeiti'ko alaba Katalin Alvarez'ekin ezkondu ta Legazpi kalean egon zan, beiñola Pio Baroxa bizi izan zan etxean. Arri-idazkola edo litografia bat zeukan bere etxean eta, makiñak erabilteko, asto bat moldatzen zizun tipirrika barruko aterpe larriñean. Udaletxeko kontzejal izan zan bein baiño geiagotan eta olako kargudun zala, gaur uri aldea edertzen duten millazka zugatzak landatu zitezen eskatu zutenetariko bat Iraola duzu.

        Gizakume men eta langillea. Eguneroko jardunari berea eman ondoren, idazteari oratzen zion guztiz jorantsu: litografi ta idatzi zeregiñean atertu gabe il arteraiño ari izan zitzaizun. Etzan bezuza ta erregalu zale. «San Tomasetan edo, iñor erregaluekin etortzen bazan, bera etxean bazan, ateondora joan, etorritakoari ostikoa eman ta eskalletan bera bialtzen zun bere erregalu ta guzi». Ez omen zan egurasten ibilten, alper-ontzitzat ar etzezaten. Bein, 1899'an, Paris'era joan zan ango Erakusketa ikustera, ta globo batean igo ei zan.

        Gorputzez lodi ta altua zan. Urte askorekin ere, sendo ta tente zebillena. Donostia'n il zan, azkenez, 1919-9-19'an.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Idazlari ugaria duzu. Lanak argitaratzean, bere izen-abizenak ez-ezik, Txuri ta Sei izengoitiak ere erabilten zitun. 1880'tik asi zan Iruña'ko Revista Euskara'n idazten; errez, alai ta errikoi beti. Berein gai ta gauza urratu zitun bertsoz ta itz askatuan, baiña par-eragitekoak zitzaizkion begikoen. Orduko aldizkari danetan agiri dira bere lanak: «Euskalzale»-n, «Ibaizabal»-en, «Euskal-Erria»-n, «Euskal-Esnalea»-n, «Euskalerriaren Alde»-n, «Baserritarra» ta olakoetan; Buenos Aires'ko «La Baskonia» bera ere Iraola'ren izkirimiri, ipui ta bertsoz baterik dago.

        Irutan banandu ditzakegu aren lanak: a) Kontuak; b) Olerkiak, eta d) Teatru-zatiak.

        a) Kontuak.— «Auspoa» bertso-bildumak (1962) ager-azi zuen B. Iraola'ren Oroitzak eta beste ipui asko. 27 ipui dira guztiz, eta 1906'tik 1908'ra Donostia'n atera zan «Baserritarra» aldizkaritik artuta daude denak. Onela dasa sarreran: «Ipuiak ere asmatu oi zitun. Par-eragitekoak denak edo geienak. Artara zun bere joera. Emengo denak ere alakoak dira».

        Ementxe jarri genitzake, baita, aren izkirimiri sail aderra ere, ateraldi zorrotz eta beste milla gauza alaiekin. Ona Katea deritzaion igarkizuna, polito biribilduta:

 

                Igarkizun guzia

                ezta ez, aria,

                ezta kordela, soka,

                ezta listaria,

                baña katea dala

                somatzen banazu,

                orduantxean ederki

                amolatu (?) nazu.

 

        b) Olerkiak.— Iraola'ren olerki asko dauzkagu garai artako agerkarietan. Batzuk baiño ez aipatzeko, ona «Euskalzale»-n eta «Ibaizabal»-en datozenak. Euskalzale (1898-1899): Nekazaria, ogei aapaldiko lana, 1898'garren urtean Zestua'n ospatu ziren euskal festetan 80 pezeta ta bitezarra (diploma) irabazi zituna; Ama baten negarra —geroago Buenos Aires'ko «La Baskonia»-n ere azaldua— 80 makur ta bitezarra Zumarraga'n (1899) irabazitako moldaera. Ibaizabal (1902-03): «Arrantzalea», «Kejak», «Dendan», «Konsejari on bat», «Nexka ta perlak», «Lore lotsati bati», «Nere kabien oñean», «Itsasoan», «Bide onez», «Ala ote da?», «Nere txakurra», «Bapo ziok!», «Sardiñ saltzallia», «Utsa», «Anjelatxo», «Aritzaldeko alaba», «Elurtea», «Ama aurrari siaskan luak artzen», «Amaren naitasuna», «Gipuzkoatarren eta Erromakoen antziñako kondaira», «Uso gaxoa!», «Aita semiak», «Erretxinola», «Gaisuak!», «Ama titi», «Ama baten penak», «Juana eta Martiñ», «G».

        Olerki liburu bat atera zuen: Kontuchoak (Donosti, 1886). 187 orrialde.

        d) Teatru-zatiak.— Landa ontan ere saiatu zitzaizun, komeriak, zarzuelak eta bakar-izketa xaluak osoturik: «guziak alaiak, far-eragitekoak, joxemaitarren izaera agertuaz».

        1) Komeriak: a) Ardita beti ardit (Donosti, 1884), Pelayo Castillo'ren «El que nace para ochavo...» euskeraz jarrita, 1884'an San Martin jaiak zirala-ta Iruña'n egiñiko batzaldian sariztatua ta 1889-12-26'an lenbizikoz aurkeztua; b) Petra xardiñ saltzallia (Euskal-Erria, 1888), 1886'an Sarriegi'ren musikarekin Donostiko Teatro Printzipalean len-aldiz emana; d) Txomin Donostiyan (1892), D.N. Luzuriaga'k eresitua; e) Onenzaro gaba (Donosti, 1894), 1882'ko donostiar euskal lore-jokuetan sariztutako ekitaldi bateko antzerkia; f) Ergobiyan, ekitaldi batekoa, 1902-12-21'an, Donostiko Teatru Printzipalean lenengoz jokatua; g) Karmen, gaztain saltzallea ta Zeladore baten estuasunak ekitaldi bateko jostailluak ere bereak ditu.

        2) Zarzuelak.— a) Bi itxubak (Donosti, 1884), bertsotan, A. Barbieri'ren musikarekin; erderatik itzulia; b) Pasayan, 1888'ko euskal jaietan saritua ta Raimundo Sarriegi'ren musikaz, Donostia'n, lotazillaren 26'an, lendabiziko aldiz emana; d) Leokadia (Donosti, 1891), erderatik euskeratua, D.N. Luzuriaga'ren musikarekin; e) Gabonetan, «Euskalzale»-k sariztatua.

        3) Bakar-izketak.— a) Joxemaritarrak; b) Xordo (Euskal-Erria, 1890), 1889-12-26'an Donostiko Teatru Printzipalean lenengoz antzeztua; d) Pulpuba, Donostiko Lore-Jokuetan, 1892'an saria eraman zuena; e) Ixkiña Mutrikun (Donosti, 1909); f) Txokolo; g) Xardinak...

 

        IRITZIAK.— Ezin dezakegu iñolaz ere ukatu idazlari jatorra dugunik. Ba-dute piperra Iraola'ren ipui, bakar-izketa, antzerki ta olerkiak. Nabarmena dugu olerkien artean Euskalerriko choriyak izenburuarekin «Euskal Esnalea»-n, 1912-1914, txori bakoitzari eskeiñitako bertsuak. Auek kantatzen dizkizu: «Erretchinola», «Txiua», «Pintxana», «Txantxangorria», «Martin arrantzalia», «Mika», «Irrairra», «Txepetxa», «Enada», «Txirita», «Sosua», «Txoka», «Txiniskla», «Gurita», «Bordoia», «Iskiñosua», «Tariña», «Pirripiyua», «Lar txoria», «Pareta txoria», «Ontza», «Kukuba», «Belia», «Karnaba». Poliki osotuak dauzkazu.

        Gregorio Mujika'k (Euzkadi, egunerokoan, 1920-11-10) au diosku: «Nolabait Bilintx'en gogoaren jarraitzaille izan genduan». Eta nik beiñola idatzi nizun: «Goi-goikoak izan ez arren be, atsegiñez irakurri oi ditugu, olako zirrada gozo-eztia nabaituaz biotz barrenean». Eta gaur orrezaz gaiñera esango nuke B. Iraola'k, neurtitz askotan beiñik-bein, gure Arrese-Beitia etxandiotarraren antza duela.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai d'une Bibl. Basque, II, 634, 637 ta 651 orr.; G. Sorarrain, Catálogo... 1.371 ta 1.244 zenbakietan; Euskal Esnalea, 1919, 192 orr.; Euzkadi egunerokoa, 1920-11-20; S. Onaindia, MEOE, 798 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1960, 96 ta 140 orr.; Auspoa, 9 alea; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, Donosti, 1965, I, 44 orr. ta II, 169 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 236 orr.).

 

Bilaketa