literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

3.— Juan Inazio Iztueta Etxeberria

(1767-1845)

 

«Gipuzkoako dantzak ainbesteko balioa ba'dute, alegin edo oldar bizkorra adiarazten baitute euskera jakin-gaietara ere edatzeko», idatzi zigun Orixe'k Iztueta goratuz.

        Zaldibi'n jaio zan Kapagindegi zeritzan etxean, 1767-11-29'an. Gaur Iztueta-enea dugu etxe ori. Bere gurasoak: Jose Iztueta Arruabarrena ta Maria Iñazia Etxeberria Elizegi. Etzuen eskola aundirik artu umetan; irakurtzen eta idazten ikasi zuen, eta beste zertxobait Lazkao'ko karmeldarren komentuan bear bada. Berezko argi gotor baten jabe zan, orraitio, ta orren erasoak gero ta jantziago biurtu zuen aren izate leiñargia.

        Gaztetan lastaigille izan zan Iztueta, artzaientzat kapak eta abarka-lokarriak eratzen zituna. Gorputzez txikia zan, diotenez; begi-bizi, osasuntsu ta aldarte, umore onekoa. Goxo, eztia mintzatzean; augatik «Txuri» deitzen omen zioten, ao-xuri ta labana zalako.

        Iru bider ezkondu zitzaigun; 23 urte zitularik lendabizikoz, 1790-1-11'an, eta bere jaioterrian ezkondu ere, Urnieta'ko alaba Maria Joakina Linzuain'ekin: Bost seme-alaba izan zituzten; amabi urte alkarrekin bizi izan ondoren, Juan Iñazio Azpeiti'ko espetxean atxillo zegoela, il zan Maria Joakina, 1802-3-26'an, 33 urteko.

        Iztueta, zer zala-ta zegoen espetxean? Gaintza'ko bati zerbait ostu ziolako; ez dakigu zer; lenengo Ordizia'n egon zan giltzape, 1801 azkenetik; gero Tolosa'n eta azkenez Azpeitia'n, 1804'eko maiatzaren 4'rarte. Azpeiti'n ezagutu zuen aurki bigarren emazte izango zuen Bengoetxea'tar Kontxesi. Ezkondu aurretik seme bat izan zuen onegandik, baiña, lotsaz edo, Aldekaitz baserriko laban utzi zuen bere sasi-semea. Orixegatik biak ertsi zituzten giltzapean, Kontxesi Azpeiti'n eta Iztueta Logroño'n, 1808'garren urterarte. Urte onetan legez ezkondu ziran biak, eta 1814'an beintzat Donostia'n aurkitzen ziran bizitzen. 1815-3-28'an il zan Kontxesi. Eta 1828-4-8'an irugarrenez ezkondu zan Iztueta, Zizurkil'go alaba Asentxi Urrozola'rekin: 20 urte zitun neskatxak eta 61 Iztueta'k. 1840'rantza, Zaldibi'ra aldaru ziran.

        Diruz nola al zebillen? Donostia'n bizi zalarik naikoa aberats zan, itxura danez; Triperia kalean bizi zan, eta emen zuen bizitza bat berea, ta aldi bertan Getari'n ei ziarduten beretzat beste bat jasotzen. Lendabizi salerosketan aritu omen zan; gero, 1824'rantza, Donosti'ko udaletxeak eman zion zergaritzako bizibidea.

        Orrez gaiñera bazuen beste ogibide bat ere, txit gogozkoa beretzat: dantzari ta dantza-erakusle genuan Iztueta. Ortan jardun zuen, ez Zaldibi'n bakarrik, baita Donosti'n ere. Aita Donosti'k onena: «Iztueta, mutikotatik euskal-dantzale porrokatua zan. Gaztarorik xamurrenean, Zaldibi'n bertan eratu zitun dantzari taldeak: Ezpata-dantzariak, brokel-dantzariak eta dantzari txikiak. Bera oi zan, bidenabar, irakasle ta dantzari».

        Iztueta, egia esan, euskal folklore zale ikaragarri genduan. Dantza-zelaian Euskalerriak zeukan oberena bildu zigun, musika ta aire, bere aurretik iñork ere urratu etzitun gai oetan, idazle bizkor, errez ta geienik oparotsu gertaturik. Are geiago: dantzariak ere antolatzen ditu; ez bakarrik Zaldibi'n, Donostiko egonaldia ere ortan guztiz etekin aundikoa izan zuen. Erri biotan dantzari taldeak utzi zizkigun, gaur ere aren aztarna ikusten dalarik. Eta, ain zuzen, auxe da maixuak egin bear duena duen jakituria ta trebetasuna erakutsi ta ondorengoitaraiño luzaazo. Euskaldunok jarraibide ta eredu eder dugu Iztueta.

        Egun aiek etziran oso egokiak lan oietarako. Zaldibiarrak egun gorriak ikusi zitun, bera izatez pakezale zitzaigularik ere. Gure erriaren bizkar gain burrukaldi latzak gertatu ziran orduan: Convención deritzana (1795), Napoleon'ena (1808-1814), karlatarren lenengoa (1833) ta Bergara'ko besarkada etoia (1839). Etziran, ez, egun ederrak, ark bururatu zitun lanak egiteko. Laztan izan arren bere erria, ezin zuen iñolaz ere osoan beintzat adierazi biotza samintzen zion larritasuna.

        Azken urteak, aitor dugunez, bere jaiotetxeko epelean igaro zizkigun; baiña, 78 urteko zala ere, etzegon geldirik: idatz ta dantzariak eskolatu zan aren egiteko berezia. Arrasate'ko Santa Ageda ur-etxean zeuden Espaiña'ko erregin ama-alabak —Isabel II'garrena ta onen ama Maria Kristina, uste danez— 1845'an. Omenaldi bat egin bear zitzaien, Euskalerriko zerik onenak agertaziaz: Iztueta'k gertatu zitun aundiki aien aurrean dantzatu bear zuten gazteak.

        Baiña berak etzuen izan ara joaterik; bitartean, bada, gaixorik erori zitzaigun. Il-agiñik ere, orraitio, gazte dantzariak zebilzkion gogotan. Jose Maria Lardizabal apaizak, «Testamentu Zarreko ta Berriko Kondaira» idatzi zuenaren anaiak eman zizkion azken sakramentuak, eta Arrasate'ra joan ziran gazteengandiko berri onak artzean, Iztueta'k esan omen zion poz-pozik: «Ondo gera; mutillen berri onak ditugu». Zaldibi'n il zan, 1845-8-18'an.

 

IDAZLANAK.— Iztueta'k egiñiko dantza-lanak lenengo: bi dira, elertizkoa ta musikazkoa; eta bere euskal kondaira ta olerki-puskak, gero.

        1) Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia, beren soñu zar eta itz neurtu edo versoaquin. Baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruccioac ere... (Donostia, 1824). Iñazio Ramon Baroja'ren moldiztegian. 165 orrialde.

        Iztueta'k ondo ezagutzen zitun, liburu ontatik dakusgunez, Euskalerriko dantzak, egun aietan aldatz beera zijoaztenak noski. Bazan orduan ere arrotz-joera larririk. Eta zaldibiarrak etzuen au begi onez ikusten; ezin zuen iñolaz ere jasan. Orixegatik osotu zigun euskal dantzari buruzko bere lan bikaiña; ementxe antz-ematen ditu 36 dantza-era ezberdin, beste euskal jolas batzuekin batera. Eta, jakiña, berau dugu egungo egunean antziñako gure dantza zahar, soiñu ta jolasak jakiteko iturririk gurenena.

        Liburu eder au iru aldiz argitara azaldua dugu: 1824'an (Donostia) lenengo, 1895'an (Tolosa) bigarrenez eta 1968'an (Bilbao) irugarrenez. Azkenengo argitalpen au —A. Onaindia'ren erdal-itzulpenarekin— J.M. Martin Retana'k egiña dugu: 399 orrialdeko liburu apaiña.

        2) Euscaldun anciña anciñaco ta are lendabicico etorquien dantza on iritci pozcarri gaitcic gabecoen soñu gogoangarriac beren itz neurtu edo versoaquin (Donosti, 1826). I.R. Baroja'renean. 35 orrialde ta musikea.

        Jatorrak dira doiñuak, baita aire ta bertsoak ere. Bere akatsak ditunarren, asko zor dio Euskal-erriak. Euskal-aire batek iñoizka letra gutxitxo ba'zuen, Iztueta'k berak asmatzen dizkigu, onen aitorrik egin gabe; errikoiak ere ba-dituzte zaldibitarrak egiñiko ikutuak, olan sartzen zitun itzak eta joskerak salatzen dutenez.

        Edestigilleak geienez —Iztueta'k dio— eginkizun ausartak eta errien izakera bereizgarriak darabilzkite gaitzat, «beren etxeko oitura, jolas eta jendearen sentipen agerpenak aztertzen» saiatu gabe. Goiagoko gaiak ezker utzirik, erriari atsegin izango zaion lan bat osotu gogo du, ta orrelaxe egin duela uste du, eunkitan bizirik iraun duten dantza, soñu ta jolasok biz-azirik.

        3) Carta eguiten diona don Juan Ignacio Iztuetac apez don Juan Jose Moguel'i, Aita beakurtsu fraile Santa Teresacoac Plauto euskaldunaren icenarequin izquidatu duen obrachoaren gañean. Cena arguitaratu duen Moguel berac (Donosti, 1829). 43 orrialdeko lantxoa, euskeraz ta erderaz; ezkerrean dator espaiñeraz eta eskubian euskeraz.

        J.J. Mogel, 1828'an Plauto Bascongado argitaratu zuenaren kontra jaiki zitzaigun Iztueta. Etzan Mogel, baiña, liburuxka onen egillea, Prai Bartolome karmeldarra baizik. Tolosa'ko irakasle Lécluse'k idatzitako Manuel de la langue basque'ren aurka zegoen Prai Bartolome, eta ortaz Iztueta'ren aurka ere bai, aren gramatikea goretsi zuelako. Iztueta'ri aurpegira botatzen dio eztuela bere dantza liburuak orrenbeste txalo merezi; zaldibiarrak, berriz, bizi-bizi erantzuten dio karmeldarrari. Ozpin-zuku ederra. Erdel-itzulpena P. Iturriaga'rena dala esan oi dute.

        4) Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia ceñetan jarritzen diraden arguiro veraren asieratik orainarte dagozquion barri gogoangarriac eguin eta zucendu cebana D..., guipuzcoaco dantza anciñacoen condairaren eguillea eta bertaco soñu zarrac bildu ta arguitaratu cituenac (Donosti, 1847). 520 orrialde ditu.

        Iztueta'k, bere il-aurreko iru urteetan idatzi zuen liburu au, ta bi urte geroago argitaratu zuten. Zer balio du? Larramendi andoaindarrak bere Corografia'n bezela egin zigun pixkat, ots, errege-izen, gerrate ta jazorikoak zeatz-meatz erasten jardun gabe, barrurago jo zigun, oitura zuenez, eta Gipuzkoa'ko lur, ibai, mendi, landare, izen, jolas eta olakoak damazkigu arreta aundiz. Kondaira saillean, Gipuzkoarrak erromatarrakin eduki zituzten istillu ta burrukak dakazki, baita Zumalakarregi'ren egitsariak eta abar edestu ere. Gipuzkoarrai dagokien guztia goratzen du, neurri gabe askotan. Orixegatik edo, istori aldetik baiño elerti aldetik geiago balio omen du kondaira liburu onek.

        5) Olerki-lanak (Bilbao, 1968). Iztueta inédito, J. Garmendia zaldibiar argiak prestatu ta J.M. Martin Retana'k argitara emana. Ementxe daukagu Iztueta'ren olerki mordoa. Oraintsu arte aren poesi bat-bakarra, esan genezake, genduan ezaguna: Kontxesiri. Au bai, donostiarrak batez ere, antziña-antziñatik zuten guztiz arrunta; amar ahapaldi ditu onek, bertso ebakietan moldatuta. Logroño'ko baitegian zegoelarik egiña, nunbait.

        Azken egunotan, ordea, aren jaiotzetiko bigarren eun-urtebetea dala-ta, edo izan dala-ta, naikoa aztertu dituzte jakintsuak zaldibitar edestigillearen familiko ta bazterretako paper zarrak, eta puntu askotaz argi-pitin bat egin dala aitortu bear dugu. Jose Garmendia apaizak, esate baterako, lan izugarria burutu ostean, Iztueta'ren bizitz-zeaztasunak, itz-neurtuak, idazkiak eta abar, oso jakingarriak, ematen dizkigu gorago aipatua dugun liburu berrian. Poesi-arlora ezkero, 26 olerki datoz bertan, zaldibiarraren paper zar artean aurkituak: bereak, dirudienez. Gai askotaz egiñak daude: 4 jainkotiak, 10 oiturazkoak, 6 maitasunezkoak eta 6 adiskideai zuzenduak. Ba-dute gatza, dantzariaren lan guztiak bezela.

 

IRITZIAK.— Lar izka-mizka izan da Iztueta'ren lanari ta idaztankerari buruz. Ona zer dioten batzuk.

        Gipuzkoako dantzai begira, au dio Orixe'k: «Etxeberri'ren urrena ez du gutxi egin Iztueta'k. Dantza orien antz-egillea edo descriptioa ez da gauza erreza, ta argatik euskera gogor-antza du batzu-batzutan, berak asmatu-itzak ere bai usu-samar; bai aspaldi-itzak ere, Axular eta beste euskaldunengandik artuak». Eta Gipuzkoako kondairari begira, onela: «Gipuzkoako Kondaira, bere zartzaroan egina, idaztankeraz ixurberagoa da ta apain askia. Au ere jakin-gaietaz den ezkeroz, gogoangarria da euskal literaturan, eta gai ontan aurren-lana, nik dakidanaz. Itz eta esaera ugari bildu ditezke an emen. Euskalerria barre-barnetik maite zuela ikusi dezazuke. Biotzaldi beroekiko gizona, irakurlea ere beroazten duena da. Irurogeita emezortzi urte zituen azken-lan ontan ari zelarik; baino biotza gazte zedukan ala ere. Euskalerria'k bere mendi, ibai, zuaitz, iturri, eize, arrain eta abar-ekin; Euskaldunak beren erlijio, oikuntza, lan, josteta, gizon gogoangarrien egite ospetsuekin, gai zabala eman zioten» (Euskal Esnalea, 1927, 232 orr.).

        A. Onaindia'k: «Dantzari, ta erri-musikan oso aitua. Euskal soloan, ostera, langille gartsu agertu zan beti; gure gauzen onerako zeitekean edozetan jarduteko beti zintzo ta gertu. Zenbat oitura, zar ta ernegarri, berari milla esker, gaurkuok dazauguzan! Naita iñoiz baldan ta zabartxu, nasai ta jori darabil geienez euskera. Gizonki landuak doguz bere neurtitzak».

        A. Donosti'k, Gipuzkoako dantzai begira: «Bere aipakizunak, bere jardunkizunak bizia dariote. Aitatzen dizkigun dantzak berak dantzatutakoak dira. Guzti onek egi-usaia eraxten dio elerti ariari, ezpaita berdin liburutan irakurritakoa edo norberak bizitakoa kontatzea. Bein da berriz txistulari edo, ttun-ttun jotzalleai egiten dizkien errita aspergabeak ere, aitor dagite giro artan bizitua dela».

        A. Villasante'k: «Iztueta erriko seme jator bezela agertzen zaigu beti, jaio zan lurrari milla sustraiz erantsia, bere erriakin bat-egin eta barneraiño sartua».

        L. Mitxelena'k: «Erlijio gaiez kanpora euskeraz liburuak idazten ditun lenengo gipuzkoar erri-gizona dugu».

        J. Etxaide'k: «Gipuzkoako Probintziaren Kondaira giputzerriaren goraipamen edo apoloji bat da aurreneko letratik asi ta azkeneraño. Egilleak giputz-zaletasunari ezin neurririk artu dio eta Gipuzkoa'ri edo bere semeai dagokien oro goraipatzen ta bere etsaiak arbuiatzea dauka elburu».

        A. Zabala'k, alere, euskera aldetik bederen, ez du begi onakin ikusten aren dantza liburua. Ezta A. Uriarte'k ere. Bonaparte printzeak oni, ots A. Uriarte'ri, Biblia gipuzkeraz jarri zezala eskatu zionean, zalantzan ibilli ziran zein euskal idazle eredu arturik egingo ote zuen; Iztueta ere agiri zan izen batzuen artean. Baiña azkenez Lardizabal eta Agirre'rantza makurtu ziran; Iztueta'gandik, ordea, lupuagandik bezela gorde bear zituzten beren buruak. A. Uriarte'k, beintzat, orrela zion Bonaparte'ri 1857-8-17'an ari zuzendu zion idazkian. Baiña au, irudi danez, Larramendi'ren iztegitik jaso zituen itzengatik batez ere.

        Bestaldetik Iztueta'k sarri darabilzki mugaz andikoen itzak, baita Bizkaikoak ere, au da, «zahar usaikoak, gaur galduak edo galdu-antxean dagozanak, eta itz berriak», berak bere asmamenari eragiñik sortuak antza. Joskera urria ta olakoak ere eurrez ditu. Eta gauza txanbeliñak. Irakur: «Zapata zarra, mando zarra eta atso zarra urruñagarriak (edo despreziableak) izan arren; ollo zarra, ardo zarra ta urre zarra, edozeñek daki maitagarriagoak diradena, berriak baño. Gure soñu zarrak ere antziña antziñakoak eta are lendabizikoak, asmatuak izan arren, ez daude usanduak eta galkituak, eta are gutxiago kemen gabetuak; baizikan jaio ziraden egun ber-berean bezain guriak, mardulak, pizkorrak eta gozatsuak».

        Esanak esan, euskal seme jatorra gendun Iztueta. Beronen idatzi ta lanak gero ta maiteago ditugu, bere liburuak txukun argitaratzen dira; bere erriak itzal aundiarekin begiratzen dio. Bere goratzarrez egiñiko omenaldiak: 1935'an egin zitzaion bat, baiña «Eusko-Ikaskuntzak» eurretik, 1929'an, idatz-arri bat jarri zuen aren jaiot-etxeko orman, eta geure egunotan, 1967-11-29'an, Iztueta'r Juan Iñazio'ri oroimen-jai eder bat eskeiñi zion Donosti'ko Euskal eresiaren Erri-erti talde «Goizaldi»-k.

 

        (Ikus N. Ormaetxea, «Euskal Esnalea», 1930, 61 orr. ta 1931, 9 orr.; Aita J.A. Donostia, «Lecaroz», 1952, II alea, 31 orr. ta Historia de las danzas de Guipúzcoa, Zarautz, 1952; J. Manuel Imaz, BAP, 1945, I. 407 orr.; S. Onaindia, MEOE, 322 orr.; J. Etxaide, Amasei seme..., 101 orr.; I. Omaetxebarria, Euskera, 234 orr.; L. Mitxelena, HLV, 112 orr.; L. Villasante, HLV, 247 orr.; Jose Garmendia, Obras inéditas de Iztueta, Bilbao, 1968; K. Etxenagusia, Euskal idazleen Lorategia, 107 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 581 orr.).

 

Bilaketa