literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

14.— Aillande Oihenart

(1592-1667)

 

        Garibai ta Oihenart dira oraiñarte aipatu ditugun euskal idazlarietatik eliz-gizon ez diranak. Eta oni atxikirik, mintza dedilla, arrituta bezela, L. Mitxelena. «Ezta eliz-gizona —dio, Oihenart gogoratzean—. Detxepare bezala esatera noan berriz ere; oker, dakizutenez. Baiña besterik esan nai nuen: Detxepare'k ere bertsotan berea eman ziola munduari, bere baiño geixeago ere bai, bear bada. Eta oni nagokio. Ongian ez omen diteke geiegirik izan, eta ezin esan gure literaturan deboziozko liburuak geiegi direnik. Diogun, bada, bestelakoetan eskas gabiltzala. Nolanai ere, au da egia: elizako ezten ale bakanen bat begiz jotzen dugunean, lasterka bizian oldartzen gatzaizkiola, baita Mongongo Dassança chimistaren "Laborarien abisua" ba'da ere».

        Gutxi ta guzti ere, ezin ditzakegu bioi uka benetako gizontasuna ta euskaltasuna. Arrasatetarra aintziña bateko euskal gauza zaharren arduraz iñarrosia ibilli zitzaigun; Oihenart, ordea, «bide okerretik ibillia dugu geinbat —idazten du L. Mitxelena'k—, gure egunetan dirdai berriz agertu zaigun literatur-tradizio andi-zabaletik urruti, alegia. Detxepare'ri bezalaxe, badario beraz, heresi-usaia ez ezik, alako heresi-kiratsa ere» (Arnaut Oihenart, BAP, 1953, 445 orr.).

        Barneko mintza-bearrak eraginda edo, Oihenart'ek naiago zuen, bai, bere bidetik ibilli. Edo-ta, orduan ere, euskerari, euskal gaiai ta euskal olerkiai buruz bereziki, gaurkoz bezelako ezin-egona ote zuen, eta bide berriak urratu gurarik ibillia ote dugu? Daitekena, noski. Aldiak nolako, gizakiak alako. Gizona, egia, garaiko seme dugu: gizarte-giroak egin oi gaitu, eta ondorioz alda-naiak ere sarri larritzen gaitu, betikoa utzi ta berriari putz-eman naiak nunbait. Ez al dugu gaur onakorik txalotzen? Eta zer dala-ta ez Oihenart'en egunetan?

 

BIZITZA.— Aren bizitzari buruz argitasun batzuk. Oihenart Maule'n, Zuberoa'ko uriburuan jaio zan 1592'garren urtean. Semeetan bigarrena izanik, azibide ezin-obea artu zuen etxean; aitaren ogibidearen jarraille, Bordele'n ikasi zuen eskubidezkoa, lege-gizon egiñik. Karrera bukatu ondoan, jaioterrian gelditu zan egotez; Zuberoa'ko irugarren estatuko sindiku aukeratu zuten 1623'an, eta lenbiziko bi estatuak, ots, aitaren semeak eta eliz-gizonak, gogor egin zioten arren, kargu orretan iraun zigun urte mordoan.

        Jator-buruz ez dakigu aundiki zanik, baña ezkontzaz orrelako egiña dugu. 1627'an, bada, Joana Erdoi aberatsarekin ezkondu zitzaizun; alarguna zan aitor-alaba au, ta naiko gaztea; onen ondasunak lilluratu ote zuten Oihenart? Alare, emazte oni, Joana'ri, ondu zizkion olerki sutsuak maite-minduarenak dirudite. Ezkondu ta gero, Naparroa beereako Donapaleu'n bizi izan zan Aillande; an izan zitun bere karguak ere: Naparroa'ko Parlamentuko eta uriko ziñegotzi. Kargu auetan erritarren alde jokatu omen zuen beti. 1653'an alargundu zan, eta 1667'an utzi zuen mundu au.

 

IDAZLANAK.— Idazle bizi ta joera berri-zalea genuan. Esana dugu. Ernai zebillen eguneroko gauzetan ere. Zuberoa'ko sindiku zala, askotan izan zitun naigabeak, orduko aitor-semeen geiegikeriz bizi bait ziran. Ingurukoakin ere zur jokatu bearra zuen, bearnetar eta baxenapartarren aurka batez ere, auek bada sarri jabetu oi ziran, arrapari gisan, zuberotarren abere taldez. Baita izan zituen erri arteko ta nazio arteko istillu ta goraberak ere. Ogeitamairu urtean, sindiku zala idatzi ta argitaratu zuen prantsesez idatzitako au: «Declaration historique de l'injuste usurpâtion de la Navarre par les Espagnoles» (Paris, 1625).

        Oihenart'ek asko idatzi zuen. «Liburu asko utzi ditu —dio P. Lafitte'k— bai latinez, bai erdaraz, bai eskuaraz». Baiña aren lanetatik ezagunenak, auetxek ditugu:

        1) Notitia utriusque Vasconiae, tum ibericae, tum aquitaniae (Paris, 1638). Esan nai du: «Bi Euskalerrien berria, bai Iberia'ko ta bai Akitaniko'arena»; txera aundia izan du beti ere latiñezko lan «garbi eta ezagun» onek. Bigarrenez ere, Paris'en, egilleak naikoa ukutua, 1656'an agertu zan. Bigarren argitaraldi au begi aurrean zuela Aita J. Gorosferratzu'k gazteleraz jarri ta Eusko-Ikaskuntza'k argitara ekarri zuen, 1929'an, izenburu onekin: «Noticia de las Vasconias, la Ibérica y la Aquitánica».

        Ego ta ipar, Euskalerri osoaren edestia da liburu onen mamia, iru zatitan emana: amalau atal ditu lenengoak, amazazpi bigarrenak eta amairu irugarrenak. Lenengo zatia, lan guztiaren atari lez dugu; aspaldi bateko euskotar eta kantauritarrak dakazki gogora, aien lurra, oiturak eta izkuntza goraipatuz; Arabakoak, Bizkaikoak eta Giputzak bereziki. Bigarren zatiak, aintziñako napar erresuma edesten du, bertako erregeen etorki ta belaunaldiak zeatz-meatz emanik; geigarri bezela Aragoi'ko ta Bizkai'ko kondeen izen zerrenda dakar. Irugarrenak, azkenez, Akitania'ko eusko-semeak aizatzen ditu, ango eskualdeak eta sendi jaurlarien ixtoriak oroz gaiñetik.

        Zogi ta zentzun aundiko agertzen zaigu Oihenart liburu eder onetan: edestigille bizkor, egizale aundi. Euskalerri barruan idatzia izan zan Aita Moret naparraren ixtoria ere; baiña gai onetan, Oihenart'ek, bere gizaldian egin zan lanik bikaiñena burutu zuela, aitortu bear dugu. Saratar Etxeberri'k eta M. Larramendi'k bestera esanik ere, F. Michel'ek diño «Liburu au nornairen galdekizungarri da, aldi artakotan aratzenetarik eta zentzuzkoenetarik baitugu ezpai gabe Oihenart'en auxe» (Le Pays Basque, 455 orr.). Berau izan ezpalitz, galduak ziran onezkero, betiko galduak bai, zenbait euskal gauza jakingarri.

        2) Les Proverbes Basques, recueillis par le Sr. d'Oihenart; plus les poésies basques du mesme auteur (Paris, 1657). Titulua prantsesez daramanagatik, euskerazko zati bi ditu, ondo berezituak: a) Atsotizak edo Refrauak, eta b) O. ten Gastaroa neurthizetan.

 

ATSOTITZAK.— Auetariko asko dakazki, 706 guztiz, eta bakoitzak dagokion prantses itzulpena du ondoan. «Nere sorterriari zerbitzu egingo niola uste nuen —dio— gazte-gaztetandik erriaren aotik jasotzea aski eztela, ezagunago eta iraukorrago biur ba'nitza, inprimatzea dela bide». Eta lan au gizon ikasiena ere ba-dala adierazteko, lan ortan bere aurretik ari izan ziranen izen-erreskada aundia dakar.

        Berak bilduak al ditugu denak? Izango zitun noski laguntzailleak mugaz andik eta emendik. Zuberotar olerkari Bertrand Zalgizek beiñik bein, iztegi txiki batekin 205 erri-esaera zahar ere igorri zizkion. Dana dala, naiz berenez naiz iñoren laguntzaz bilduak izan, esakun sorta baliotsua dugu ark utzi ziguna, gaurko euskalarientzat ere zer ikasiz aztundua dagoena: lexikoari ta aditz-jokoari gagozkiola batez ere, urre-bitxiz josita daukagu.

        Jatorrak ote? Esakunen mamiari datxikiola, onela mintzo da L. Mitxelena: «Olako zuur-itzen zuurtasuna, ezagun danez, antzekoa izaten erririk geienetan, bai ingurukoetan, bai urrutiagoetan ere. Mamia euskal-mami garbi ez ba'da ere, euskal-azal ederrez jantziak agertzen zaizkigu. Eta geroago berriz aipatu bearko dena, gure aurretikoek etzuten, agi denean, begilauso andirik gaizkiari, estalirik zegoenean ere, antzemateko, ezta eragozpenik mingaiñean bere izena emateko» (BAP, 1953, 448 orr.).

        Euskal gauzetan ongille aundi izan genuan F. Michel'ek egin zuen bigarren argitaraldi bat (Bordele, 1847); atsotitzak eta olerkiak irarrazi zitun. Frantsesez eta euskeraz du titulua; euskerazkoa: «Uskarazko zuhur-hitzak Aillande Oihenartek bildiak, zoinen ondoti jiten baitira uskaraz egin zituen neurt-hitzak». Olerkiak, Artxu'k prantsesera egindako itzulpena dakarte, baiño ezta itzulpen egokia, Artxu'k ez bait zuen ondo ezagutzen euskal esaera zaharren guna; F. Michel'ek gutxiago oraindik. Eta L. Mitxelena'k: «Ba-zekiten, gutxi gora-bera beiñik-bein, zertaz ari zen Oihenart; ahapaldi osoak ere adituko zizkizuten batzuetan. Baiña kritikaren oiñarri nagusia, itz eta esaldien mami izkutua atzematea, geienetan falta zitzaien» (Loc. cit., 449 orr.). Lan au zala-ta, geroago argitaldu zituzten beste bi beintzat: 1) Atsotizen Urreenquina, ta 2) Notice sur les Proverbes basques (Paris, 1859). Eta azken orduko René Lafon'en itzulpena, 1936'an RIEV dalakoak Tolosa'n egiñiko facsimile bat eta Larresoro'ren Oihenart (1970) liburua.

 

NEURTITZAK.— Aitaturiko liburu onen azkenerantza «O. ten gaztaroa neurt-hitzetan» dator. Izan ere, liburuak ongi dio, Oihenart'ek gaztetan borobilduak dira emen datozten olerkiak, naiz-ta batzuk —Ezkontidearen hil-kexua, adibidez— geroxeagokoa izan. Gaztetakoak izanik, ibillera zoroen frutua, nai ta ez? Neurtitzen azala zein barrua maitasuna da; eta, «Jainkoaren eta Elizaren manuak», «Eguberri koplak», «Nunc dimittis», «Vexilla Regis» jainkozkoak, eta «Lur karbarien eresia» ta bi «Ilhartitz» kendu ezkero, gaiñerako guztiak maitasuna dute gai. Gaztetan maite-suak joa genduan bear bada, ta ortik ustutzen zuen bere biotz aztoratua bertso xotilletan. Neskatxen izenak ere ba-damazkigu: «Margarita», «Argia», «Xuria», «Graziana», «Beltxarana»; guztiok bere irudimenak sortuak noski; oso zeatz bereizten ditu aien soin-atalak:

 

                Ahoño, mihi ozena,

                hortzik den aratzena,

                begi bizi, so hutsaz

                maitarazi diroena.

 

        «Joana» zan bere egiazko emaztearen izena; au il zitzaionean, olerki eder bat, bere garaiena bear bada, idatzi zuen: «Ezkontidearen hil-kexua». Gogaiz, irudikizunez ta biotz-zartadaz txit ederra. Musak dute ura galduaren errua; baiño «musai eskertsu bear luke egon —dio J. Etxaide'k— aien goi-arnasa jasorik olerki bikain bati sortzea eman ziolako». Ona asiera:

 

                Andreak, luzez zerbitzatu

                zaituztet, eta nik hospatu

                dut herri hautan zuen izena,

                lehen guti ezagutu zena:

                Nik zuen azturak et'atunak

                gu baitan orano ez entzunak,

                argiratu'tut ilhunbeti,

                et'aterarik herratzeti

                guretu, et'eman hek euskara

                kobla hontzalen eskuetara.

 

        Jainkozkoak ez dute, izkuntza giarra darabillenarren, ainbesteko oler-indarrik. Eguberri koplak, gaiñera, itzuliak ditu.

 

NOLAKO OLERKARIA?— Irakur iritzi-izpiño auek. F. Michel'ek: «Oihenart poetak eztu merezi, ene ustez, Oihenart historialariari zor zaion laudorioa; bi doai oiek, ordea, elkar ezin ikusi dutenak izaki, apika» (Le Pays Basque, 456 orr.). Orixe'k, berriz, ez ditu bazter uzten aren neurtitz-lanak; zorretan gaudela dio mauletar olerkari trebearekin, «poeta landuxe izanik, neurtitz politak utzi zizkigulako. Etxepare baiño landuagoa, zailuagoa, ariñagoa... Ba-ditu burutapen ugari, erderatik artu arren, euskerara ederki egokitzen dituenak... Gaur den egunean ere lanik aski Oihenart'en neurtitzak baiño legunagorik, landuagorik, jasoagorik egiten» (Euskal Esnalea, 1927, 210 orr.).

        Nori siñetsi? galdetzen du L. Mitxelena'k, eta erantzuten: «Orixe'ri noski, etxekoen begi-belarriak erneagoak izaten baitira olakoetan kanpotarrenak baiño. Zalantza andirik gabe, gaiñera» (Op. cit., 449 orr.). Eta A. Irigarai'k: «Bertso laburrez idazten du geienak: euskera garbia darabil, erderakada ez sartzeko arreta bizia: gaur erriak ez darabiltzan aditz-forma batuak dakazki» (RIEV, 1928, 71 orr.). L. Mitxelena'k berriz ere aren biotz-ondo ugaria dala-ta: «Negarrak, zinkuriak, zauriak eta eriotza aipatu arren, eztigu alako biotz-ondokorik ematen. Axalekoak dirudite Detxepare'ren itzen ondoan. Onenak, soillagoak eta zakarragoak izanagatik, kementsuago iñarrausten gaituzte (maitasunezkoak alegia), obeto ezagutzen baitzuen amorioaren indar purrukatzaillea eta maitemiñak jo duen biotzaren ezinetsia» (L. c., 456 orr.).

        Oihenart, nire ustez, bere idazlanak, ixtori-gaiezkoak eta abar, osorik begitu ezketiño, jakitun eta iritzi-emaille zorrotz agertzen zaigu. Olerkiak mamiz, maite-poema geienak lekuka, sakontasun aundirik ez ba'dute ere, euskeraz ondu diranetatik ederrenetakoak ditugula aitor bearrean aurkitzen naiz. Azalez, ordea, ots, egituraz, bere itzurren eta joskera ez-oituagatik, bitxikeri iruditu arren, gaur ere atsegin zaigun zer batez jantzita daude. Aitzol zanak bere aldizkingi «Yakintza»-n argitara zitun Oihenart'en bost olerki: «Erranen duta?», «Margarita», «Argia deritzanari», «Zuzaz bertzerik» eta «Nik ez dut ehor maite», giputz-izkelgira ere itzulita. Sarrera belaza au jartzen die: «Euzkadin izan diran olerkaririk yaioenetakoa XVII'garren mendean bizitako Oihenart auxe degu. Gure olertiaren edertasunak irakastearren antziñako olerki oiek "Yakintzan" argitaratzen ditugu» (Yakintza, 1936, Loreil-Garagarrilla, 170 orr.).

        Oihenart'en olerkerak, egia esan, etzuen eragin bizirik izan. Etzigun ark aurretikoen lorratzez ibilli gura izan: orduko koplarien lanetatik urruti zegoen zerbait zebilkion barruan dantzari. Olerki ikasia, landua, itz garbalak eta irudikizun sakon aberatsak nai zituen; Lizardi'k eta Lauaxeta'k 1930'rantza egin zuten antzeko zerbait, noski. Baiña auek biok jarraitzaille beroak izan ba'zituzten ere, Oihenart, bere berpizte nai kementsuan, bakarrik utzi zuten orduko euskal olerkari zabarrak. Girorik ez nunbait.

 

L'ART POÉTIQUE.— Zer dugu au? 1665'gko. maiatzean Oihenart'ek Lapurdiko apaiz bati bidali zion idazki baten datorren lana. P. Lafitte apaiz euskaltzaiñak argitaldu zuen, 1967'an, «Gure Herria» aldizkarian. Olerki-arazorako badu interesa ta garrantzia, ta ez gutxi. Olerkerak ditun arau ta legeak aipatzen dizkigu, latiñez, frantsesez, gazteleraz naiz italeraz. Auek, nola sartu euskal poesian? Garai artan euskal olerkigintzak zeukan egoera garbi azaltzen digu. Ementxe bereizten ditu silaba emeak eta arrak; berdin amaitze edo riman nola jokatu bear dar, gazteleraz bezela —querido, divertido— ala euskeraz, silaba ta erdi gutxienez —etzezan, nezan—, ta orrela. Oihenart bera rima oso zalea dagerkigu bere olerki-lan guztietan.

        Mauletar argi onek badu oraindik beste lan aipagarri bat, Silvain Pouvreau'ri bialdu zion iztegi txikia, ta RIEV'ek (220-232 orr.) argitara emana.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 20, 26 eta 362; J. Jaurgain, Arnaud d'Oihenart et sa familie, Paris, 1885; P. Lafitte, Loretegia, 37 orr.; S. Onaindia, MEOE, 201 orr.; L. Mitxelena, HLV, 74 orr.; L. Villasante, HLV, 86 orr.; J. Etxaide, Amasei seme Euskalerriko, 145 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 183 orr.; J.M. Leizaola, Estudios sobre la Poesía Vasca, 31 orr.).

 

Bilaketa