literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

2.— Pedro Inazio Barrutia eta Basagoitia

(1682-1759)

 

        Aramaiokoa semez. Mondragoe (Arrasate)'n eskribau luzaro, 1711'tik 1752'ra beintzat. Emen ezkondu zan, 1713'an, Maria Luisa Umendia Arraga'rekin, ume mordoa izanik. Berton il zan, baita, 1759'garren urtean.

 

EUSKAL IDAZLE.— Antzerki zale zalarik, bere txolarte ta asti orduetan ortan jarduna dugu, irudiz. Gabon-gaberako Ikuskizuna eratu zuen, Eguberriz edo, orduan olako gaiak modatan bait zeuden, idazkari zegoen urian antzeztu al izateko, iñolaz ere. J.K. Gerra'k aurkitu zuen aren esku-idatzia Migel Bigun'ren liburutegian, eta Azkue'ri bialdu zion ikusi zezan, eta onek ele-bitxi bezela «Euskalzale»-n argitara eman zuen, 1897an. Azkue'k, lan jori au argitaratzean ez omen zion gora aundirik ezarri, gaur norbaitzuk diotenez; baiña, egia esan, Azkue'k ba-zekian, naiz euskera aldetik naiz teatru aldetik, zer zeukan esku artean. «Erderazko gauza asko ta erderakada geiago eukiarren, guztia agertu nai izango dogu azaldariak (Barrutia-tarrak) orain ia berreun urte egin eban erara», dio azpian. Lan au, gaiñera, sei bider aipatzen du bere Morfologian.

        Gaia, ezin dezakegu uka, ez da berria. Amabostgarren mendean batez ere oitura zaharra genduan gisa ortako eliz-liturji antzerkia. Zuberoaldean ikusi dugu nolako sua zeukan; andik kanpora ere noelak, marijesak, gabon-sariak ugari zebiltzan or-emen. Gaiari begira, beraz, ezta lenengoa Barrutia'ren Gabon-ikuskizun au. Teatru antzera, bai, emengo alderdian beiñik bein, berau dugu aurrena. Auxe ta gorago aitatu dugun Konde Florida'ren El Borracho Burlado dituzu euskal antzerkiaren asikiñak. Eta ontatik begiratuta oso jakingarria da Mondragoi'ko eskribauaren Gabon-lana.

 

ANTZERKIA.— Badu piper-miña ikuskizun aintzagarri onek. Gaztelaniaz era prantsesez ere orduan antola ai zituzten teatru-egikerari itsatsi ta lotua dabilkigu egillea, irudi danez, bertan esku artzen dutenen egin-papera edo dramatis personae gogora ezkeroz. Naspil atseginkorra eioten da, ezarian eda igarri gabe: gauza benak eta parregarriak, jostariak eta izugarriak poliki baiño polikiago naastekatzen ditu egilleak. Eta antzerkiari onek ematen dio, jakiña, ikusleak poz-esnetan jartzen ditun barnetiko zer berezia. Ezta lan luzea; barrutik koruak abesten ditun saillak kendu ezketiño, 485 bertsok burutzen du.

        Antzerki-lan au naikoa zeatz aztertu duen G. Aresti'k emeretzi ataltxo lez aurkitzen dizkio. Ona: 1) Jose ta Mari'ren ezkontza; 2) Aingeru iragarria; 3) Josepe kezkaz; 4) Zesar'en agindua; 5) Jose ta Maria Belen'era; 6) Jesus dute gidari; 7) ostatua ukatu; 8) Kristoren jaiotza; 9) Luzifer kexati; 10) Asmodeu ta Beltzebu; Luzifer'ri laguntzen; 11) Barregarria; 12) barregarri ta deabruen arteko burruka; 13) Mari Gabon leioan, eta artzaiñak; 14) Aingerua kantari; Gloria in excelsis Deo, eta artzaiñak ikarati; 15) Gabriel aingerua da mintza; 16) Kristo jaioberria Mariak eta Josepek agurtzen dute; 17) artzaiñak emaitzakin; 18) Txarles par-eragillea ere, damuturik; eta, 19) azken abestia Kristori, mundura etorri dalako, eskerrak egiñaz.

        Irakur azken abestia:

 

                Gaur dala gabon gaua, gaur dala gabon

                Gaur egiten jaku Jangoikoa gizon

                Os begi danbolinak, lutua ken bidi

                Fiesta degiogun infante oni

                Zerureanik dator gure artera

                Erratuai bidia erakustera

                Emaitera dator milla barri on

                Gaur egiten jaku Jangoikoa gizon

                Ezta besteren eske biotzak bakarrik

                Beretzat gura ditu beste bagarik

                Kunplitu egiozu Jaun oni naia

                Beroni sal-erozuz bioz guztia

                Ordeaz bera zeuri dakizun emon

                Gaur egiten jaku Jangoikoa gizon.

 

        Neurri ta era askotariko ahapaldietan daude 485 puntuak. Amabi silabako neurria darabil geienik, 7/5 banatuta; baiña ba-ditu laburragoak eta nastekoak ere. Azken-amaitze berdiña, ia beti, arreta aundiz zaitzen du. Deabruak, par-eragilleak eta artzaiak esku artzen duten tokietan guztiz arin bizia du lumapuntatik darion bertso-apar gazia; baita euskal arnas eta esaera bitxizkoa ere.

        Emen dira Maria, Jose, aingeru ta artzaiak. Auek Kristoren jaiotza ospatu nai dute; baiña besteok, ots, deabruak, par-eragillea, Mari Gabon eta artzaiñak ere, Mondragoiko eskribauak asmatuak dira, ta nola asmatuak! Angoak, Leintz-ibar aldekoak dira: Txarles, ez-izenez Tripazabal, Bergarako koplaria dugu; Tomas, Txato ta Lorentzo, or inguruko ostatariak nunbait; Beltran, eliz-azterkaria; Mari Gabon, erdaldun baten emaztea; Aritxazal, edalari amorratua; Aseginzoro, mutil santua. Guztiak sasoi artan Arrasate'n edo aldamenetako erritxoetan bizi ziranak. Baita tartera dakaz Beistegi'ko Gabriel tabernerua ta Oñati'ko sakristau Peru buru-motza ere. Labur: Belen eta Arrasate gurutzatuta daudela esan dezakegu, egillearen antze-albaiñu trebe, lau ta jostariz gurutzatuta noski.

 

        (Ikus R. M. Azkue, «Euskalzale», Bilbao, 1897, I, 402 ta 412 orr.; J.K. Gerra, Los Cantares antiguos del Euskera, Donosti, 1924, 225 orr.; G. Aresti, «Euskera», 1959, 139 orr., ta 1960, 273 orr.; L. Mitxelena, HLV, 105 orr.; L. Villasante, HLV, 121 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 222 orr.); A. Zabala, «Auspoa» 48, Teatro Zaarra, 15 orr.).

 

Bilaketa