literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

2.— Bonifazio Etxegarai Korta

(1878-1956)

 

        J. Artetxe'k gisa ontan: «Langille zeatz eta aspergaitza; eta gogai-txarteltegi zabal baten jabe, Bonifazio idaztitegiko morroi eragiñena ere azpiratzeko bestekoa bait zan. Larrantz ezin-nastua zeukan. Matxar, artega, sudur goi-luze, leun, zorrotz, orratz gaiñean bultz-indarrez ipiñitako izakia zirudian. Surpekoa lengo erara, adar meeakin, berdintsu adi-erazkortasun berezia zuten esku batzuen berezko elbide ematen zuen. Eskuak oso lirain zijoazkion surpekoaren adarretara. Mintzatzaille goxo, oi ez bezela bizia, asko ere asko itz zegin keiñuz» (Camino y horizonte, 85 orr.).

 

        BIZITZA.— Zumaia'n jaio zan 1878-6-5'an. K. Etxegarai'ren anai txikia. Biok guztiz langille, xalo ta argiak, norbere burua maiterazten dutenak. Donostia'ko Institutoan egin zituen gure Boni'k len-ikaskizunak, geroago Madrid'en, Eskorial'go Augustindarren Maria Kristina Ikastetxe nagusian, Eskugoa ikasirik. Gernika'n daukagu andik laister bere anaiarekin, Udaletxeko epaikari dala. Alere, gorago jo nai zuen eta, 1904'an, nor-geiagoka, Sevilla'ko Auzi-etxe nagusiko Idazkari kargua irabazi zuen. Caceres eta Oviedo'n egon zan gero zati batean; baiña, 1910'an, Madrid'eko Goi-Auzi-etxeko idazkari-orde izendatu zuten, andik gero, gutxik baiño lortzen ez duten Laterri-salakora aldatua izanik. Bere eriotzararte iraun zigun Idazkaritza kargu onetan.

        Durango'n il zan 1956-12-24'an. Bere gorpuari, ostera, Gernika'n eman zioten lurra, antxe eorztea gura izan zuen eta. Il ondoren ere, Aritzari indarra eman nai zion. Onela abestu bait zuen antziña:

 

                Gernikan dago aritza euskaldun denena,

                eta gure biotzen gauzarik maitena;

                aritz txit santu onen aundia da omena,

                au gordetzeagatik egiñ zagun lana.

 

                Gernikan aritz ori beti da altxako,

                zergatik ez diogun erortzen lagako;

                naiz arbola santua balitz eroriko,

                gure odolarekin genduke altxatuko.

 

        «Beti-beti euskaldun» deritzan olerki au, 1894'garren urtean Donostia'n egiñiko euskal jaietan saritua izan zan (Euskalzale, 1898, 229 orr.).

 

        IDAZLE.— Ezkondua zan, beraz lanari ekin bear bizitzan aurrera egiteko; porrot egin nai ez baldin ba'dugu, orixe baita guztion zoria. B. Etxegarai'k, orraitio, bere ogibidetik landa ere, ba-zuen eperik lumari ugerra kenduz idaztiak osatzeko. Orduko aldizkari askotan dauzkagu bere lanak. Eta zernaitako lanak gogoko izan arren, euskaldunon eskugoa (eskubideak) zan batez ere benetako poza ematen ziona. Baita eusko edesti ta enda (etnoloji) gaiak ere atsegin zituen. Labur: euskeraz ta erderaz idatzi zigun.

        Ona lendabizi erderazko idatzi batzuen zerrenda:

        1) Cuadros (Bilbao, 1900). Fermin Herran'en Biblioteca Vascongada'ko XLV'garren alean datar.

        2) Aquí fue la Arcadia (Donosti, 1914). Euskalerriaren Alde'n dator, IV, 687 ta 722 orrialdeetan, zati bi.

        3) El Proceso y Aspectos jurídicos de la Zamacolada (Bilbao, 1921).

        4) La vida civil y mercantil de los vascos a través de sus instituciones jurídicas (RIEV, 1922). 271 orrialdean.

        5) Significación jurídica de algunos ritos funerarios del País Vasco (Donostia, 1925).

        6) Estudio jurídico de los contratos entre los copropietarios, patronos, tripulantes y fogoneros (Donostia, 1925). «Asamblea de Pesca marítima Vasca»-n dator.

        7) Algunos aspectos relacionados con la patria y apellido de San Martín de la Ascensión (Bergara, 1928).

        8) La vecindad. Relaciones que engendra en el País Vasco (Donostia, 1933).

        9) Vehículo lingüístico utilizado para la Enseñanza en el País Vasco. «Yakintza»-n dator, 1934, 33, 104 ta 194 orrialdeetan batez ere.

        10) El Derecho foral privado (Donostia, 1950). Biblioteca Vascongada de los Amigos del País bilduman daukazu, 3'garren zenbakian.

        11) Los ritos funerarios en el Derecho Consuetudinario de Navarra (Iruña, 1951).

        Or eta emen, onako beste askotxo.

        Euskeraz idazten ere gaztetxo, amabost-amasei urteko zalarik, asi zitzaigun; euskal olerki laiñoak aragitzen, ain zuzen ere. «Euskalzale» asterokoan auek azaldu zizkigun: «Lore maitia!» (1897, 356 orr.), eta «Beti-beti euskaldun» (1898, 229 orr.); «Euskal-Erria»-n, ordea, auek: «Bi txoriyak», «Irakurgai txiki bat», «Gaitz-aldea», «Baserriyan», «Malko bat», «Txori gaisoa», «Euskal Erria», «Euskalduna», «Intza», «Gabon», «Birjiña Maria», «Madalen Larraldekoaren azken itzak»... Baditu beste batzuk oraindik: «Usantza eta Libertade zarrak», 1894'an Donibane Lohitzun'en aipamena izan zuena, «Su ondoan» Ezpeleta'ko jaietan saritua (Ikus «Euskal-Erria», 1895, II, 298 orr.), «Esku-egundiya»-n (52 orr.) datorren «Gora biotzak!» eta abar.

        Bere anai Karmelo ezezik, bera ere ainbat olerki-batzalditan sariak irabazia dugu. Itz-lautan ere ba-ditu lan batzuk: 1) Euskaldunak, euskeraz (Donostia, 1920). 1919-3-19'an itzaldia, «Euskal Esnalea»-k argitaratutako Itzaldiak liburuxkan daukazu; 2) Euskal Erriko etxeen izenak (Bilbao, 1927). Zumaia'ko Udaletxean irakurri zuen itzaldia, eta besteak.

        Zoriak trabestu oi dizkigu sarri bizi-bideak; Etxegarai anaiak, bestelan, berez zekarren leiari jarraiki euskal zelaian lan egin ba'1ute, makiña bat gauza eder idatzi utziko ziguten euskeraren onerako. Iker-lan edo kondaira barrutian batez ere: Eusko Ikaskuntzak aginduta, Euskal Edestia idazteko genduan B. Exegarai.

        Euskaltzaiña zan 1926'tik. Sarrera itzaldia Zumaia'n egin zuen Erramon Intzagarai'k erantzunik. «Euskera»-n dator berau, 1926, 79 orr.

 

        (Ikus Elias Arrospe, Euskera, 1926, 79 orr.; S. Onaindia, MEOE, 386 orr.; Euskera, 1956, 331 orr.; Fausto Arozena, BAP, 1957, 74 orr.; Altzarte, El Bidasoa, 1957-10-25'an; Yakintza, 1933, 49 ta 118 orr., ta 1934, 33, 104 ta 194 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 349 orr.).

 

Bilaketa