literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

21.— Antonio Arotzena Gomendio

(1907-1989)

 

        Arotzena'tar Andoni, Fausto Arotzena'ren lengusua, Lasarte'n jaio zan 1907-5-30'an. Jaiotz-errian osatu zitun bere len-ikasketak. Eta, geroago, marrazki ta margogintzarako deia barnean izanik, Donosti'ko Gordon Ikasguan eta Paris'ko A.B.C.'kuan ari izan zan erti-gintza ortan trebetzen.

        Baiña ba-zuen gaztetan, eta gero, beste dei bat ere: eder du euskeraz idaztea. 1923'an asi zan ortan, «Argia» sortu-berri zalarik. Lan politak biribildu zituen, bai itz lauz eta bai olerkiz, eta argitaratu «Euskal Esnalea»-n, «Euzkadi»-n, «El Día»-n, «Antzerti»-n, «Egan»-en «Euzko-Gogoa» eta abar. «Andoni» ta «A-Bi.» sarri erabilli izan ditu lanak firmotzerakoan.

        «Euskaltzaleak» bazkunak eratuta, 1930'an, lenengo Olerti eguna Errenderi'n ospatu zanean, Arotzena'k ere ara bialdu zuen bera «Egun bat» olerkitxoa, leen-saioa bezela nunbait. Batzaldi artara igorritako lanak argitaratzean, J. Aitzol'ek onela zesan: «Minkun eta xamur Arozena euskaltzale zintzoa, esaridun neurtitz laburretan» (Eusko Olerkiak, 1930, 1, 128 orr.). Beste batzuk ere orobat ondu zituen, «Euskal Esnalea»-n, 1931, 51'an, datorrena adibidez.

        Antzerkia ere atsegin du. Ta aizu bekit gisa ortako bere lantxo batzuk aipatzea. Ona:

        1) Andregaia nai ta... (Tolosa, 1933). Lopez-Mendizabal'enean. «Antzerti», 19'an zenbakian. Bakar-izketa duzu.

        2) Urteurrena (Tolosa, 1933). «Antzerti»-n dator, 23 ta 24'en zenbakian. 1933'an ospatu zan Lenengo Antzerki batzaldi ta sariketa. Bakarrizketak eta antzerkiak eskatzen ziran. Bakarrizketa saillean Andoni'ren lan au izan saritua, 75 laurlekoz. «Arozena'tar Andoni, lasartear ertilari bikaña etorkizun aundiko antzerkigille degu», dio Antzerti'k.

        3) Txilibitu (Donosti, 1930). Bakarrizketa. «Euskal Esnalea»-n dator, XX, 239 orrialdean.

        4) Mox, Miss, Xapi! (Tolosa, 1935). 1934-7-18'an, irratiz emandako antzerkitxo arin polita, lasartearrak antzeztua. «Antzerti»-n dator.

        5) Balujan (Tolosa, 1935). 1934'an, 11'garren antzerki sariketa. Lau bakarrizketa artu ziran: Muxika'tar Tene'ren «Gabon»-ek eraman zuen lensaria; Arotzena'ren «Balujan»-ek bigarrena.

        6) Xanko ta Parko (Tolosa, 1936), 1935'ko lotazillean ospatu zan teatru sariketan bigarren saria irabazi zuena.

        7) Zorigaitz malkoak. Bakarrizketa.

        Urteetan atzerri-zale ibilli ondoren, berriz ere erriratu ta sutsu asi zaigu idazten. «Goiz-Argi»-n (1977-1-22'an, 23 orr.) onela dio: «Berrogei urte luze jaioterritik at ibilli ondoren Lasarte'n izan berri nauzute; izan berri edo... or nonbait! Gauza asko egiteko asmotan nintzan, baiña erdiak eta bost ortan gelditu ziran; asmo utsetan». Berriro Karakas'era itzuli ta antxe il zan 1989'an.

 

        (Ikus A.M. Labaien, Teatro éuskaro, 11, 159 orr.; Auñamendi, Literatura, IV 135 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliografia, 1, 285 orr.).

 

Bilaketa