literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

14.— Errobustiana Muxika Egaña, «Tene Mujika»

(1888-....)

 

        «Tene» izenordez ezagunago dugun euskal idazle ta olerkaria trebea. Emakume idazle guztiak legez, ezpiritu goxo leun baten jabe da, ta aren lumatik irtendako oro ere, idatziak lekuko, orrelaxe dituzu.

        Deba'n munduratua 1888-5-24'an, eta bertan, bere jaioterri muñuñu politean eta beretarren artean, jatekoz ornidutako denda baten arduradun, bizi izan da bere bizitzaldi luzean. Argi ta ezkonge, astia izan du orrez gaiñ, artu ta utziaz, euskal lan txairoak osatzeko ere. Biregarro iduri, tarteka marteka sarri egin dizkigu kantaldi ederrak. Bertsoz ta itz askatuz egin ere. Aren lanetatik, sarituak ez dira gutxi izan.

 

        EUSKAL IDAZLE.— «Euzkadi»-n, «Argia»-n, «Gure Herria»-n, «Jaungoiko-Zale»-n eta olakoetan agertzen dira Tene'ren idazlanak. Aldikada baten naiko ugari, izatez ere.

        Ona banazean argitara dizkigun lanak:

        1) Miren Itziar'i Idazkiak eta Olerkiak (Zornotza, 1923). Jaungoiko-Zale irarkolan. 126 bat orrialde. «Euzkaltzale Bazkuna»-k saritutako lana. Opalitza: «Zuri, Itziar'ko Ama Neskutza maite orri opaltzen dizut, nere lenbiziko idazki au. Ar zazu maitez, eta onetsi, euzkeldun emakume artean, Jel-aldez emaitz ederrak bildu ditzan».

        XIX idazki ta ogei ta bi olerki dira guztiz. Euskaldun emakumeai batez ere au diotse itzaurrean: «Ara emen idazti baten bilduta, "Miren Itziar"-i zuzendu nizkan Jel-aldezko idazkiak, baita nere olerki txiroak ere, "Aberri" eta "Zargaste" euzkel idazle argi eta abertzale sutsuen asmoari erantzunaz, zuen, ainbeste abertzale zindoen laguntasunari eskerrak. Lenago, ere ezagutzen dituzue; eta ez berton billatzen ibilli elertiaren bikaintasunik, ezta jakintza sakon baten irakatsirik, ezta ere gogoepantsuen gorargirik; ezer orrelakorik ez dezute arkituko-ta. Bakar-bakarrik billakatu Aberria maite-maite duan biotz baten naimen ona; bertan arkituko dezuten guzia onexek arazia da-ta».

        Idazki labur sakonak dituzu, euskaldun ama diranai zuzenduak bareziki. Auek Aberria ta bere izkuntza maite izaten erakutsi bear die beren seme-alabai. Ederki dio: «Euskaldun eta ama: zer geyago bear du emakume euzkotarrak bere ele aldez lanik ederrena egin al izateko? Bere umetxuak euskaldun eta euzkeltzale azi, ara emen emakume abertzalearen egiteko garrantzi aundidun bat, eta euzkera aldez eragioen aundidun bat. Amaren magalian ikasitako izkuntza oi du geyen-geyenean gizonak izkuntz berea, eta amaren magalian maitatzen ikasitakoa, beti maiteko duen izkuntza; eta auxe da euzkerak, biziko ba'da, bear-bearreko duana: bere eletzat artu eta maitatuko duten semeak. Abek, berriz, dasakizudan bezela, emakumeak eman lezaizkio inork baño obeto, osoago, beretzakoago» (52 orrialdean).

        Olerkiak berdin, xalu ta gozo egiñak daude, neurkera ugariz, naiz arrantzaleai, naiz amonari, naiz ikazgiñai, naiz biotz maitaleai zuzenduak. Bere garaian izan zuten olerkiok arrakasta ta atzerik. Watsen Kirkconnell jaunak, esaterako, bere olerki liburu European Elegies (Otawa, 1928) osotu ta argitaratu zuenean, Tene'ren Udazken-ala artu zuen bilduma artarako, ingeleraz jarrita. Zazpi ahapaldi dauzka poema esa yaukalean egiñiko onek. Ona bostgarrena:

 

                «Amaitu dira, bai, neska-mutillen

                   itur-ondoko egonak,

                gogorki ditu ba ortik bidaldu

                   euriyak edo bisutzak.

                Ai, bai luze itunak maitalientzat

                   neguko gau illun baltz-baltzak,

                ames egitera deitzen ez ba'leu

                   sukalde zarreko suak».

 

        2) Gogo-oñazeak (Tolosa, 1934). Lopez-Mendizabal'enean. «Antzerti», 34-35-36 zenbakiak. 72 orrialde. Iru ekitaldidun antzerkia. «Antzerti» aldizkariak antolatutako II'garen antzerki sariketan lenengo saria —250 laurleko— eraman zuena. «Lan txukun eta ederra —zioten epai-maikoak—. Gertaera egokiak eta esakera-egikerak areago. Ongi, mamiz eta joskeraz. Lenen-atalean ez lituke gaizki, baño, zenbait laburtu-aldi ta orrazte. Euskel antzerti barrutian "aurrera" dionetakoa da antzerki txalogarri auxe». Talde askok eta toki askotan antzeztu izan dute.

        3) Gabon (Tolosa, 1935). «Antzerti», 46 zenbakian. Umentzako antzerkia. Au ere, 1934'an Tolosa'n ospatu zan II'garen antzerti-sariketan, bakarrizketa, aur-jolas edo, antzeko lantxoak saillean, saria —75 laurleko— jaso zuen ekitaldi bateko antzerkia. Epai-maikoak: «"Umientzat antzerkitxoa" dio, egilleak. Ta egiz, alaxen dala esan bearko. Tajuzkoa, bai gaiez, bai iraute-neurriz eta bai ikasbidez. Euskera polit-erreza». 13 orrialde. Au ere maiz emana da. 1957'an A.M. Labaien'ek onela idazten zuen «Egan»-en: «Tolosa'ko gazte-talde batek Bixente Pepe Artola'rena ta Gabon Tene andereñoaren aur-antzerkitxoa "bota" digute ta oso ederki asi berriak izateko».

        4) Juan Jose (1936). Iru ataldun antzerkia. Lan ontaz onela idazten dit Tene'k: «Ni, 1936'ko jorraillean, Oñati'n egin zan "Asamblea Mariana Diocesana"-ra aurkeztu nintzan, "Certamen Literario" saillera. Amabi gai ziran, batzuk erderaz, besteak euskeraz. Nik bidali nuan iru ataldun antzerki bat, JUAN JOSE, saritua izan zan. Gai bakoitzerako sari bat bakarra eta nereak berea irabazi zuan. Diruaz gaiñera "Diploma" eman zidaten On Mateo Mujika Gotzai jaunak izenpetuta, berak eman ere. An laister, illabetera, gure guda. Gu bezela gure Gotzai jaunak emendik alde egin bearra izan zuan Prantzi'ra. Gazteiz'en beste Gotzai berri bat eta beste kontu batzuk... Ez beintzat euskerarentzat onak. An galdu zan nere antzerkia, ta beste askoren lanak» (Deba'tik, 1973-ren Abenduak 5).

        5) Cuadernos de vascuence hablado (Zarautz, 1968).

        Labur: ainbat ipui ta lan arin ditu or-emen sakabanatuak, Deba'ko erri-jaietarako, atera oi izan dan egitamuan batez ere.

        1964'an Ondarru'n ospatu zan literatur batzaldian, «Nekazari bizitza» sailleko saria Tene'k jaso zigun. Sari au dala-ta, Tene'k berriro: «Gerona, Don Domingo Agirre jaunaren eunurte-urrenean, Ondarru'n Lore-jaiak egin zituzten 1964'an, idazle berezi onen omenez. Jaialdi onetan, euskeraz ta erderazko elerti sariketa izan zan. Nik bidali nuan nere lan bat gai ontara: "Premio a la mejor narración en euskera sobre la vida rural vascongada", eta sari au irabazi nuan».

        Lan guztiokatik itzal aundia izan diogu beti debatar euskal idazle xamur liraiñari.

 

        (Ikus Oxobi, Gure Herria, 1923, 576 ta 624 orr.; S. Onaindia, MEOE, 848 orr.; Gabin Garriga, Bol. Amer. E.V., 1966, 66 zenb., 144 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 133 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 174 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 530 orr.).

 

Bilaketa