literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

11.— Gregorio Arrue

(1811-1890)

 

        Arrue itzultzaille da batez ere, itzultzaille porrokatu. Eta sekular dala —eskola maixu— erlijozko gaiak darabilzki ia beti bere itzulpen orietan. Erderatik euskerara biurtu zitun ainbat liburu; baita euskeratik euskerara, ots, gipuz-izkelgira beste batzuk ere.

        Gregorio Arruabarrena Errezola ziran bere izen-abizenak, eta Ernani'n munduratu zan, 1811-5-22'an. Ia bizitza osoa, ala ere, Zarautz'en eman zuen; ementxe il ere egin zan 1890'an, 80 urte zitularik. Gaztaroan, praile izan naiean, Arantzazu'n artu zuen Asis'tar Prantzisko deunaren jantzia, 1829'an; 1831'an, orraitio, eri zegolako, eliz-gizon izateari utzi zion.

        Zarautz'en daukagu arrezkero. Eskola-maixu karrera osoturik, ementxe bizi izan zitzaigun bere egitekoa alik eta ondoen betetzen. Bazuen, baiña, beste zimiko bat ere barnean, beti ozka bezela: euskal zimikoa, berezko zitun gauzetara bultzaka. Eta, ain zuzen ere, Arrue'ri aomenik biziena ekarri diona auxe izan da: euskal baratzean zertu zuen eten gabeko lana. Eskola-maixutza ez dugu nai euskaldunok ogibide bezela, gaizki saritua dalako bear bada; baiña nolako lana burutu dezakegun eskola-maixu izanik, euskal kulturatze auzian beiñik-bein!

        Ez dakigu noiz asi zan euskera lantzen. Maixu-ikaskizunak amaituz batera, nunbait. Mazo'ren dotriña izan zan berak lenengo euskeraldu zuena, edo-ta beintzat aurrenik argitara eman ziguna. 1858'garren urtea zan. Baiña amar urte lenago —1848'an— jaso zuen Iruña'ko gotzaiagandik —Zaldibia orduan Iruña'ko goterkikoa zan eta— dotrina ori ateratzeko bear zuen baimena. Dirurik ezak eraginda edo, baztertuta euki zuen ainbat urtetan. Idazteak ez du antza irabazi aundirik, ezta euskal liburuak argitara ekarteak ere; ezin, beraz, lera larregi izan liburuak argitaratzeko. Alare, «al izateak baiño nai izateak geiago egiten du» dio Arrue'k. Eta ortarako aurrean zitun eragozpen-metak ezereztu zitunean, liburu mordoa argitaratu zigun.

        Egun aietako euskalari ospetsuai lagundu zien, Bonaparte printzipeari ta Van Eys'i batez ere. Aizkibel'en Iztegia ateratzen beronek lagundu zion Tolosa'n Eusebio Lopez'i; Larramendi'ren iztegiari onek jarri zizkion oarrez baliatu zan Azkue ere. Donostia'n apailatu oi ziran Lore-Jokuetan bi aldiz beintzat, 1882'an eta 1884'an, sarituak izan ziran Arrue'k bialdu zitun lanak. Il zanean ainbat esku-idatzi utzi zituen argitaratzeke. Idatzi oiek gaur, batzuk Donapaleu'ko frantziskotarren komentuan daude eta beste batzuk bere senidartekoak dauzkate.

 

IDAZLANAK.— Esan dugu: itzultzaille trebea izan zan Arrue. Itzulpen batzuk bere gogoz moldatu zitun; beste batzuk, aginduta. Ernai ta zur agertzen zaigu bitzuotan.

        Ez dakigu ziur here liburu guztien zerrenda. Baiña osoa bezelatsu, ar zazu au: 1) Santiago Mezo'ren Cristauaren Dotrinaren jaquinbide azaldua (Donostia, 1858; gero, Tolosa, 1863, 1869); 2) San Ignacioren vicitza (Tolosa, 1866); 3) Brabanteco Genovevaren bicitza arrigarri miragarria (Tolosa, 1882, 1885); 4) A. Villacastin'en Orazio mental edo pensamentuzcoa iduquitzeco gai egoquiac dacazquian escu liburua (Tolosa, 1880); 5) Mariaren Gloriac San Alfonso Ligorioc egun eta Jesusen Compañiaco Aita Ramon Garciac gaztelaniara itzuli zuanetik (Azpeitia, 1881); 6) Aita Jose Mach-ek gaztalaniaz egiñiko Salvacioco Aingura (Tolosa, 1883); 7) Aita Mendiburu'ren Jesusen Bihotzaren Devocioa, gipuzkeraz (Tolosa, 1883); gipuzkerara biurtu zizkigun era berean, J.J. Mogel'en Baserritar jaquintsuaren echeco escola (Tolosa, 1878) ta J.A. Mogel'en Peru Abarka; 8) Cristau eguiazcoaren Jaquintasun aundi eta errazoibide zuzena (Tolosa, 1884); 9) Cerura igotzeco escallera (Tolosa, 1886); 10) Sacramentu chit santuari eta Maria guciz santari illaren egun gucietaraco icusaldi edo bisitac (Tolosa, 1887); 11) Cristoren Imitacio eta munduaren desprecioa lau liburutan (Tolosa, 1887); 12) Segur'en Comunio Santuaren gañean (Tolosa, 1883); 13) Mayetzeco illa (Tolosa, 1889); 14) Aita San Jose gloriotsuaren bederatziurrena (Tolosa, 1889); 15) San Roque santu guciz artuari bederatziurrena (Tolosa, 1889); 16) Maria doncella guciz garbiari bederatziurrena (Tolosa, 1889); 17) Carmengo Ama Birgiñaren bederatziurrena (Tolosa, 1889); 18) Liberalen doctrina pecatu da (Barcelona, 1887), eta abar.

        Gizaseme ona zan Arrue. Santuen bizitzak eta eliz-liburuak itzultzeak berarizko atsegiña zekarkion antza; inguru goxo orretan zegon bere egurats aukerakoan. Itzulpen oetatik, Euskalerrian geien barraiatua, Brabante'ko Genobeba'ren Bizitza izan da. Azken urteotan ere, Zarautz'eko «Kulixka Sorta»-k eta «Auñamendi»-k (1960) argitara zuten; Peru Abarka, ordea, Arrue'k gipuzkeraz ipiñitakoa, BAP'ek, V, 1948, argitarau zuen.

 

NOLAKO IDAZKERA DU?— J. Zaitegi'k lerroz lerro ta itzez itz irauli zitun Arrue'k bere lelengo liburuan, au da, Kristauaren Dotriñaren Jakinbide azaldua'n darabilzkin esanera ta aditz berenkoien adizkiak; esanera jator eta bakanak, adizki jator eta bakanagoak noski. Idazkeratzaz onela mintzatzen zaigu Zaitegi: «Bera, ez da garbi-zalea, ezta urrik eman ere: zertan ari dan igarri gabe idazten dizu. Geienetantsu zabarra da, mordoillokadak metaka ditu. Alare, Arrue'ren iturrian txurrutatu dudan lore-eztia milikatzean, oraingo mordoilozaleen euskera ozpin minkaitz iduri zait!».

        Bere idatzietatik zati bat eredu bezela. Jesus'en eriotzari buruzkoa duzu, biotzez laztan zuen Seme on gaitz-gabea oiñaze izugarrien erdian iltzen ikusten zuen Andra Mariari begira egiña. «Baña zure biotz sendoak —dio Arrue'k— etzuan begiratzen bere buruaren pena ta naigabea; begiratzen zuan Seme ain maitearen pasio ta eriotza, eta berari nork lagundu, edolarik, ordu triste artan bere neke-pena eta dolore portitzaz errukiko zanen bat ote zan. Ama amorezkoa! Ama egiazkoa!, eriotz ain gogorraren izuak ere hiltzen zegoan zere Semearen ondotik ezin kendu izan zenduan Ama! Zer ikusteko mingarria, bera gurutz-iltzatua eta azken-arnasetan, eta Ama gurutzearen oñean era berean azkeneko arnasetan, eta pena ta tormentu guzi oiek Semearekin batera eramaten ikustea!

        »Jauna zegoan gurutzean tiraka luzatu, zabaldu eta agonia izugarrian, bere begiak irauliak, sartuak eta alde-aldean hillak, masallak aituak, narrua ortzai itsatsia, ezpañak eroriak, aoa zabala, sudur zorroztua, arpegi guzia goibeldua, burua makurtua, sabela bizkar-ezurreraño sartua, illeak odolez busti ta gogortuak, beso eta ankak billoztuak eta gorputz guzia zauriz ta odolez estalia eduzkala» (Mariaren Gloriak, 2'garren zatia, 139 orr.).

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 189 eta abar, eta II, 640 orr. ta abar; F. Arozena, BAP, 1948, 165 orr.; N. Ormaetxea, «Euskal Esnalea», 1927, 231 orr.; J. Zaitegi, «Euzko-Gogoa», 1958, 387 orr.; L. Villasante, HLV, 272 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, 136 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 666 orr.).

 

Bilaketa