literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

2.— Arturo Kanpion eta Jaimebon

(1854-1937)

 

        Gizaseme gotor auxe duzu, dudarik gabe, Naparroan langillerik aundiena ta Euskalerrian aundienetakoa. Beraz, emeretzigarren gizaldia amaitzerakoan, euskal kulturak nolako egoera zeukan eta nolako jokabidea artu zuen jakiteko, bear-bearrekoa duzu idazle gaillen onen eragin arrigarriaz jabetzea. Aitor dezagun ezer baiño len: idazlari trebe, izkuntzalari bikain, lege-gizon argi, iritzi-emaille zorrotz eta edestilari zurra ez-ezik, izlari politiku garbal, erlijio aldezle goragarri ta aberri iritzi zabaltzaille porrokatu ere izan zala. Idazle bezela, euskeraz zer aundirik idatzi ezpa-zigun ere, gaztelaniaz gorengo maillakoa izan zan.

 

        GIZONA.— Iruña'n ikusi zuen lenengo bizitz-argia 1854-5-7'an. Buru argia ta naimen sendoa zitun, eta biok batean, lotura giarrez alkarturik, langille bipilla bilakatu zan. Iruña'n bertan, Oñati'ko Ikastetxean eta Madrid'en biribildu zizkigun ikasketak, 1876'an Lege-jakintzan Lizentzi-mailla lorturik. Maitasunak, esan oi danez, aditzera eramaten, eta aditzeak jakintzara. 1833-1839'garrengo karlista gerra ondoren, Naparroak ere bere eskubide geienetan aski moztuta ikusi zuen bere burua: diruaren askatasuna geratzen zitzaion bakar-bakarrik. 1872-1876'an, berriz, bigarren karlista gudatean, giro benetan txarra zegoen Madrid'en euskaldun Foru inguruan. Kanpion ikasle zan orduan, baiña konturatu zitzaigun gaitz ikaragarri artaz, eta orduantxe asi zan idazten, ots, ainbat lan eder onduko zizkigun luma azkarrari eragiten: batxiller ikasten zegoela idatzi zituen lenengo artikuluak.

        Izate barnean ondo sarturik zeraman bere lurra, bere Naparroa, Euskalerria, bereak zitun gauza ta agerpen guztiakin. Orduko giro latzak bultzatuta, ainbat aldizkari sortu ziran «Revista Euskara» (1878-83), «El Arga» (1879), «El Navarro» (1881), «Lau-Buru» (1882), «El Aralar» (1894)... Guztiotan sartu zuen sortzerakoan eskua, baita ondoren anitz lan idatziaz lagundu ere. Garai artako jakintsuak, euskal zelaikoak bereziki iruñ-seme ernearen gaitasunaz oarturik, laster egin zitzaizkion adiskide: d'Abbadie, L.L. Bonaparte printzea, Jaurgain, Duvoisin kapitaina, R.M. Azkue, Arana-Goiri, Unamuno ta besteak. Bere erriaren izkuntza euskera zala-ta, orduantxe asi zan euskeraz ikasten.

        Lenago baten bere erria zer zan jakin nairik zebillela, bein, Iruña'ko Cámara de Comptos, napartar kondaira agiririk geienak dauden artxibuko ateak iriki zizkioten, eta ango paper zaarretan aurkitu zuen altxorra, izugarria izan zala diosku berak. Antxe zegoen, oraindik ikutu gabe, Naparroako edestia, bere erritar zangarrak antziña baten egin zuten guztia. «Larrutx (pergamino) oiek —dio— gertaturiko gauzak zekarzkidaten, joan garaiakin ar-emanean jartzen ninduten. Lilluragarria, egiaz! Aldundiko idaztitegiak zoramenik zoragarriena ekarri zidan». Or gizon trebe bat zanean. Amaikatxo gauza eder aterako zan gero artxibu ortatik!

        Bere bizitzako urterik berezienak lumari eratxikiak eman zituen Kanpion'ek. Aztertu, ikusi ta idatzi, or bere biziko lana. Xede bakanak zuzen-azita noski: euskal izatea jagon, zaindu nai zuen, bai Naparroa'n zein euskal erri osoan. Euskal izatea —euskalduntasuna— da Karpion'entzat guztia, izan edo ez izan, bizitza edo eriotza. Naparroa ezta euskaldun bere arnasa, bere gogoa galtzen baldin ba'du: ez dezala, arren, galdu. Olakorik gerta ez dedin, napar kontzientzia esnatu nai digu. Kezka onek adoretzen ditu, txiki naiz aundi, aren idatziak, aren itzaldi, elezar, nobela, itzaurre ta dana, ortara zuzendua duzu: odolean borbor daukana jartzen du idazten ditun lerroetan. Bizkaia'n, Araba'n eta Gipuzkoa'n beste batzuk osotu zutena, Kanpion'ek Naparroa'n dagi: joanaren oroiak bizkor-azi gaitzan, Aitor'en seme leiñargien arnasa, goraberak eta kondaira begi aurrean ipiñi. Lena, izan ere, lanerako berogarri zaigu beti, akuillu ta aurrerabide.

        Edu ortan lan egitean —nola ez?— jaiki zitzaizkion ortik eta emendik aurkalariak ere; danentzat zeukan erantzuna Kanpion'en luma zorroztuak. Eta eguzki antzo dizdizka zegoen aren euskaldun zuzia. Ondorioz, 1893'an diputadu edo ordezko atera zuten Naparru'tik ango integrista alderdikoak; iñoiz integrista izan ez arren, argi ta garbi mintzatu zan katolikotasunaren eta euskal foruen alde Madrid'eko kortietako batzarrean. Ortaz ere, eztabaidakari egin zitzaigun, zorrotz-zorrotza ta zirtolaria; bere idatziak arrezkero sarkorrak dira, ao biko ezpata bezela, suar eta oldarkoiak. Idazten duen guztiari —kondaira, eskugo, izkuntza, sozioloji naiz musika— ezartzen dio berak dardarti barru daraman lege-zarrarekiko griña berezia. Emen bai erakusten digula Kanpion'ek buru argiz ta biotz beroz aberasturiko gizaseme batek noraiñoko lana egin dezakean.

        Ondorioz baita toki askotan egin oi zioten leku: 1904'an, berak zuzendu zuen Irun'en «Eskualzaleen Biltzarra» ; J. Urkixo bizkaitarrak RIEV sortu zuenean, bere ondora deitu zion; berau izan zan «Euskal Esnalea»-ren buru, ta «Euskalerriaren Alde» deritzan aldizkariari, berak bere idatzietan maiz izengoi bezela erabili oi zuen «Euskal-Erriaren alde» jarri zioten; 1918'an, «Eusko-Ikaskuntza»-k deduzko buru izendatu zuen, eta urte berean Euskaltzaindia sortu zanean, euskaltzain oso egin zuten; Espaiña'ko «Real Academia de la Historia»-n, «Academia de Ciencias Morales y Políticas»-en eta «Real Academia de la Lengua Española»-n, euskal saillean, urgazle izan zitzaigun.

        Etzan egundo ere politika zale agertu, euskaltzale amorratu baizik. Gaztetan etzitun antza gaizki ikusi izan errepublika saioak, baña gerora eusko foru zaletasuna tinkatu zitzaion izate muiñean, eta ortik, eusko lege zarretik bizi ziran erriketa joerak bakarrik ikusten zitun begi onez: abertzaletasunaren alderako jokabidetik zebillela, maiz bota zioten arpegira etsaiak; eta, izan ere, orrela idatzita daude «Blancos y Negros», «Itzaltzu'ko koblakaria», «Erraondo'ko azken danbolinteroa», «La Bella Easo», ta beste batzuk; ainbat itzaldi ere elburu ortara zioazten.

        Atzenez, ezta arrigarri, konta ezin beste liburu ta paper zar ikuskatu zituzten begiak, igali-zugaitz bati adarrak lez, akitu egin zitzaizkion Kanpion'i, ta azken urte mordoa itsurik eman zuen: begi-izar edo ilundura zeukan, baita goxoeri ere, ta osagilleak ezin zioten ezertxo egin. Ez bere lurrik, ez beretar maiterik ikusi gabe, gau illunean bizi izan zan, urtez ta matxuraz aztun. Neguan Iruña'n egon oi zan, eta udaran Donosti'ko Ategorrieta'n, bere Emilia-enea etxean. Azken egunetan, gerra zala-ta, gorriak ikusi bear izan zituen. 1937-9-5'an itzali zan Iruña'n, 83 urtetan. Ederki Latxaga'k: «Euskalzale onekin dauzkagun zorrak ez ditugu ondo ordaindu».

 

        ZER IDATZI ZUEN.— Kanpion, esan dugunez, idazle oparotsu ta ugaria izan genuen; aro artako izparringi, eguneroko ta libururik geienetan agertzan da bere izena. Oso zail dugu, beraz, bere lanen zerrenda zeatz bat osotzea. Lan oietatik bi ta irutan argia ikusi dutenak ere naikoa izan dira. Dana dala bioa emen, merezi du-ta, aren lan garrantzitsuenetatik lerro zeatzena; erderazkoak lendabizi ta euskerazkoak gero.

 

        a) Erderazkoak.

        1) Consideraciones acerca de la cuestión foral y los carlistas en Navarra (Madrid, 1876), 36 orrialde.

        2) Contrastes, cuadro de costumbres (Iruña, 1882), 82 orrialde, K. Otaegi'k euskeraz jarria, ta Donostia'n sarituriko elezarra.

        3) Ensayo acerca de las leyes fonéticas de la lengua euskara (Donosti, 1883), 68 orrialde.

        4) Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara (Tolosa, 1884), 795 orrialde, gaurko linguistikari erantzunik, edozeiñen aurrean lotsakizun gabe erakutsi genezaken euskal gramatika.

        5) Victor Hugo. Semblanza (Tolosa, 1885), liburuxka.

        6) Don García Almorabid. Crónica del siglo XIII (Tolosa, 1889, eta Zarautz, 1936), 360 orrialde.

        7) La batalla chica del Sr. Nocedal (Iruña, 1893), 89 orrialde.

        8) La Abuela, poema txikia (1893), Elsa Otten'ek biurtu ta doitxeraz ere argitaratua (Berlin, 1893).

        9) Euskarianas, amabi sail 1896'tik 1934'ra argitaratuak, elezar eta edesti-saioak.

        10) Los orígenes del Pueblo Euskaldun. Celtas, Iberos y Euskaros (Donosti, 1897).

        11) Blancos y Negros. Guerra en la paz (Iruña, 1898), 382 orrialde.

        12) Discursos políticos y literarios (Iruña, 1907), 315 orrialde.

        13) Defensa del nombre antiguo castizo y legítimo de la lengua de los baskos (Paris, 1907), 27 orrialde.

        14) La Bella Easo (Iruña, 1909), bi ale, 266-274 orrialde.

        15) Popachu, ipuia (Bilbao, 1910), 10 orrialde.

        16) De las lenguas y singularmente de la lengua baska como instrumento de investigación histórica (Bilbao, 1919), 41 orrialde.

        17) Informe... a la Academia de la Lengua Vasca sobre unificación del Euskera (Bilbao, 1920), 20 orrialde.

        18) Narraciones baskas (Madrid, 1923), 201 orrialde.

        19) Itzaldiak: Bilbao'ko «Centro Vasco»-n emana (Bilbao, 1901), Donosti'ko «Centro Vasco»-n emana (Tolosa, 1906), Gernika'n emana (Gernika, 1908), Iruña'ko «Centro Vasco»-n emana (Iruña, 1914), Errenderi'ko Batzokian emana (Donosti, 1914), Gernika'n emana (Bilbao, 1920), Iruña'ko Gaiarre Antzokian emana (Iruña, 1922).

 

        b) Euskerazkoak. Gaur edonori azpiak jan oi dizkiogu, baita izen ona beztu ere. Euskal arloan, adibidez, onek euskeraz idazten duela ta ezin diogu jipoia berotu gabe utzi; ark erderaz ba'dagizki bere jardunaldiak, laster izango du nork maxiatu. Il edo biziko auziari, naiz euskerazko naiz euskal sailleko beste edozeiñi ekitean, ez genuke ainbeste liskar ta buruauste arrotu bear. Kanpion beintzat orrela uste zuena duzu: alegiñak egin zituen euskeraz ikasteko, ta polito ikasi zuen, baita zenbait lan euskeraz ondu ere, baiña bere erria, Naparroa euskera gabe ikusirik, zerabillen izkerara jo zuen bere iritzi ta biotz-zauskadak beretarrai adierazo ta zeuden lo-zorrotik, al ba'zuen beintzat, astindu ta ateratzeko. Jardunbide ori guk ere ez genuke gaizki artu bear.

        Euskera ikasiaz idatzi egin zuen Kanpion'ek; or bere Gramatika ederra, ta beste lan batzuk: Ona bere euskal lanak:

        1) Euskarianak (Bilbao, 1896) deritzan lenengo alean, lan auek dauzkazu euskeraz: a) Agintza; b) Orreaga; d) Denbora anchiñakoen ondo-esanak eta e) Okendoren eriotza. Azkenengo biotatik lenengoa «Euskal-Erria»-n (1883, IX, 517 orr.) eta «Euskalzale»-n (1897, 225 orr.) eta Beñat Idaztiak «Narraciones Baskas»-en (1935) ere argitaratu zan, eta bigarrena Azkue'k eman zuen bere Euskalzale (1897, 295 orr.) albistarian, eta aurretik Euskariana (1896) dalakoan.

        2) Gure sinismen oso-osoa (Euskal-Erria, 1888, XVIII, 40 orr.).

        3) Sartu-aurrean (Euskariana, II, 1897, 252 orr., ta Narraciones baskas, Donosti, 1935, 19 orr.). Ivan Lourgueneff errusitar poetak ondutako «Atari» poemaren itzulpena.

        4) Malaxka ta Akuliña (Irun, 1910). Tolstoy errusitar idazle bikaiñaren ipuia euskeraz jarrita. «Esku-Egundiya» deritzan liburuxkan dator, 42'garren orrialdean.

        5) 1904'an Eskualzaleen Biltzarra'k Irun'en izandako billeran alkarte orren buruzagi bezela zuzendu zuen euskerazko itzaldia (Baiona, 1904).

        6) Idazki bat bederen, Azkue jaunari zuzendutakoa (Euskera, 1957, 319 orr.).

        7) Itzulpenak. Kanpion'en lanak ez dute izan, foru-zale amorratu agertzen zalako edo, bear luketen aiñako edadurarik. Ala ere, argitalpen asko bai izan dituzte, ta itzulpenak ere ez gutxi. Esaterako, Denbora antxiñakoen ondo-esanak prantsesera biurtu zuen Fuché-Delbasc'ek, La Abuela ta Pedro Mari doitxeraz jarri zitun Elsa Otten'ek, Blancos y Negros ere doitxeraz Karl Voigt'ek; Baztandar batek euskeraz ipiñi zuen «Azquen nafartarrac» (Revista Euskara, 1878, 1, 251 orr.); Y. Zinkunegi'k «Erraondo'ko azkenengo atabalaria» (Euskal Esnalea, 1926, XVI, 82 orr.); J.M. Mokoroa'k «Erraondo-ko azken danbolinteroa» (Euzko-Gogoa, 1952, III, 13 orr., ta 1955, VI, 40 orr. ta Bilbao, 1958). Txomin Agirre'k Larraldeko Lorea (Euskariana, seigaren sailla, 1918, ta «Narraciones baskas», III, Donostia, 1935, 78 orr.); Itzaltzu'ko koblaria, («Euzko-Gogoa», 1954, V, 81 orr.); Larrañaga'k Izkuntza ta Abenda («Euzko-Gogoa», 1959, X, 23 orr.); Y. Zinkunegi'k Yan-Pier («Euskal Esnalea», 19-27, 78 ta 103 orr.), eta beste batzuk. «Pedro Mari» ta «Itzaltzu'ko koblaria» antzokirako ere egokituak izan dira.

 

        NOLA IDAZTEN ZUEN.— Itzak ez, baiña egiñak ditugu lekuko eder. Gozo ta olerkitsu ari oi zan Kanpion euskeraz ere. Ona zatitxo au, Okendoren eriotza deritzanetik artua.

        «Dama Maria de Lazkano, leioaren ondoan zegoen. Maiatzak, zelaiak loraz eta arbolak ostoz estali izan zituen, baiño oraindik oztxo egiten zuen; orregatik sukaldea egur igarrez eta lodiz ondo ornitua.

        Egun artan asi zan goizean goiz euria, istan bat atertu gabe. Ulia-mendiko tontorretatik errekak amiltzen dira saltoka; zeru-goiean, argia iltzen ari da; lurrean laiño ubelak eta itzal beltzak ibarretatik eta ibai ertzetatik geldi geldi igotzen dira, lurreko osoaren zuritasun eta urdintasun guziak borratu naiez. Gau eta egun, batak bestearen kontra gogorkiro jazartu dute noski, eta eguna, bere etsaiak garaitu diolako, mundu onetatik ote badijoa, bere lots aundia ezkutatzeko. Argi-gutxitu ura, argitasunaren azken agurrak dirudi; etxea, aizeak erabillia dardaratzen da, eta leio zabaletatik sartzen dira gelara itxaso aserretuaren orroi izugarriak.

        Bat batetan, neskame gazte batek atea idikita, itz egin zuen onela:

        —Andrea, andrea, berri onak dakarzkit, berri onak...

        —Zer den, Praska, burutik jauzia aizan?

        —Ez, andrea, ez; berri onak dakarzkit...

        —Noiz arte, emakumea, egongo aiz esanaz «berri onak dakarzkit»? Esan itzan, bein betiko, berri oriek, nik jakin ditzadan.

        —Nagusia eldu da; La Capitana eldu da; portua, jendez betea da ango deadarrak!, ango txaloak eta pozgarrizko ojuak! denak atsegiñez zoratuak dirudite...

        —Bai ote? Ene Andre Pirkiña Maria! nere senar maitea eldu da? eta biotzak ez zidan ezer esaten! Zorionekoa milla eta milla aldiz gaurko eguna. Uste nuen, ez nuela iñoiz ikusiko! Urtetan aiñ aurreratua! eta beti itxasoan! beti etsai amorratuen artean! Baiño, egia da, Praska, aditu dedana? Nola, noiz artu den berri maitagarri ori?» (Euskalzale, 1897, 227 orr.).

        Egia, egia, euskeraz idazteari eman ba'lioken, nolako lanak osotuko zizkigun Kanpion aundiak! Baiña geiena erderaz egiña izanda ere, ikasi nai baldin ba'dugu, utzi zizkigunarekin aski dugula deritzait.

 

        (Ikus G. Muxika, Euskalerriaren Alde, 1922, XI, 273 orr. eta Los titanes de la cultura vasca, I, Auñamendi bilduma, 155 orr.; J. Zugazagoitia, Algunos escritores vascongados, Bilbao, 1920, 10 orr.; Larreko, Euskal Esnalea, 1930, 213 orr.; K. Etxegarai, Blancos y Negros-en itzaurrean, Donosti, 1934; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1954, 85 orr., ta 1957, 124 orr.; J. Artetxe, Caminando, 81 orr.; A. Irigarai, Euskera, 1953, I, 32 orr.; A.M. Labaien, Eusko-Gogoa, 1954, V, 163 orr.; J. Altadill, Euskalerriaren Alde, 1930, XX, 247 orr.; F. Arozena, BAP, 1958, XIV, 455 orr.; A. Pérez Goiena, Ensayo de Bibliografía navarra, 1964, IX, 709 orr.; L. Villasante, HLV, 347 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 187 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia II, 208 orr.).

 

Bilaketa