literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

16.— Indalezio Bizkarrondo Ureña, «Bilintx»

(1831-1876)

 

        Orixe'k: «Bizkarrondo gizagajoa ainbeste ezbearren artean azia, biotzondo utsa zirudien. Aren neurtitzak muina ba dute geienaz. Samurra ta negarti-antza da, bere bizierari darraikola. Izkuntza txukuna ta biguina du. "Euskal-poetetan samurrena ta bioztunena" zerizkion Manterola'ri. Erdaldun poeta batzuk maiz irakurri arren, landugabetxoa zen au ere. Bere gisa ari izan zen poesian txoria txintaka bezala». (Euskal Esnalea, 1927, 234 orr.).

        Donostia'n jaio zan Bilintx 1831-4-30'an, eguerdiko amabietan. San Bizente elizan bataiatu zuten urrengo egunean. Bere gurasoak: Jose, tolosarra; ta Joakina, aitaren aldetik andaluza ta amaren aldetik donostiarra. Gillermo Joakin Indalezio jarri zioten izena; baiña nundik eta nola etorri zitzaion ez dakigun arren, «Bilintx» izengoitiz dugu gurean oso ezagun. Ume zala, jausi ta itxura barik gelditu zitzaion arpegia; origatik «Moko» edo «Indalezio Moko» deitzen zioten; geroago ere zezen batek iztarretik sartu zion adarra, naikoa gaixo utzirik.

        Ogibidez arotza izan zan Bilintx, Arzuaga baten aroztegian lan egiñaz. Laneko lagun bi: Domingo Kanpaña ta Erramun «Moko». Arotz-lanari laga barik, Teatru zarreko konserje izan zitzaigun, gauzak saltzeko dendatxo bat ere an bertan zuela. 38 urteko edo zalarik, Azkoiti'ko alaba Nikolasa Erkizia Makazaga'rekin ezkondu zan, bi seme ta alaba bat izanik. Garai ontakoak ditu bere lenengo maite-bertsoak. Tutean jokatzea guztiz eder zuen, ez diru-zale zalako, aurkakoa azpiratzea nai zuelako baizik. Karlisten bigarrengo gerratean Donostia'ko liberalakin ibilli zitzaigun laugarren konpañian. Karlistak, 1875'tik batez ere, Donostia bonbardeatzen asi ziran, bost illabetean orrela jarraituaz; 1876'ko ilbeltzaren 20'an Donostiko jaiak; arratsalde asieran Bilintx etxean zegon, bere gelan, eta ortan granada bat bertan jausi ta anka biak osorik puskatu zizkion. Sei illabete egon zan gaixorik. Bitartean, karlistak gerra galdu zuten, On Karlos'ek Arnegi'tik barrena, Frantzia'ra iges egin zuen. Pakea etorri zan; baita euskal fueroak kentzeko agindua Madrid'en izenpetu ere. Bilintx, ordea, egun artan bertan, goizeko lauretan, ots, 1876-7-22'an, itzali zan, fuero gabeko Euskalerria ikusi gabe.

        Urrengo egunean egin zan Bilintx'en gorpuari lur ematea. Santa Maria'ko elizan illeta meza, aide, adiskide, gobernadore ta alkateraiñoko guztiak bertan zirala. «Meza bukatu ta gorputza Teatro zarraren parera irixtean, soñu-banda bat azaldu zan. Bere batalloyaren soñu-banda zan ta il-soñu bat joaz lagun egin zion gorputzari» (Diario de San Sebastián, 1876-723). San Bartolome iltegian eortzi zuten, baiña gaur Polloe'n dauzkagu bere gorputz-kondarrak; il-obi gaiñean, goian Bilintx'en irudia du ta beerago au irakurtzen da:

 

                        Bilintx!

                Donosti maite ontan zure

                bertsoak entzun genituenok

                esan genezake Jaunaren

                miserikordiak kantatzera

                joan ziñan ezkeroztik

                zerua bera gozoagoa

                        izango dala.

 

        Il ostean baitik bat, biziro aintzaldu zuten Bilintxen izena. Manterola'k, Antonio Peña y Goñi'k, Benito Jamar'ek eta Maourlane Mitxelena'k izarretaraiño jaso zutela esatea ezta geiegizkoa. Orduko intelektualak bait ziran auek, eta Donostiko Esterlines kalean zegon «Café Oriental» deituan biltzen ziran jakintsuok, Bilintx ere tarteko zutelarik. Benito Jamar'ek «Poesía Euskara»-ri egin zion itzaurrean dioskunez, ementxe irakurri zizkion berak Becker'en Rimak eta Aguilera'ren Elegías. Oso atsegin omen zitzaizkion. Ementxe ezagutu zitun Campoamor'en Doloras itz-neurtuak eta Heine doixtarraren maite leloak.

        Ez zuen askorik idatzi Bilintx'ek: 36 neurtitz guztiz, zatiren batzuk galdu ez ba'dira beintzat. Zortziko txikitan geienak; nagusia baiño atsegiñago zuen nunbait. Itzulpenak ere egin zizkigun. Argitaratze kontuan, berriz, Bilintx eta Xenpelar ditugu gure bertsolarietan geien zabal dabiltzanak: bertso-paper, kanta-liburu, esku-idatzi ta olakoetan beti agiri dira Bilintx'en bertso ain beroak.

 

        (Ikus J. Manterola, Cancionero Basco, 1878, II, 1 orr.; B. Jamar, Biblioteca Aut. Vasc, 1896, itzaurrean; K. Etxegarai, «Euskal-Erria», 1906, I, 52 orr. ta abar; P. Mourlane M., Congreso de Est. Vas., 1918, 624 orr.; S. Onaindia, MEOE, 336 ta Gure Bertsolariak, 229 orr.; L. Mitxelena, HLV, 132 orr.; L. Villasante, HLV, 267 orr.; A. Zabala, «Auspoa», 12 zenbakia; Auñamendi, Literatura, I, 644 orr.).

 

Bilaketa