literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

36.— Luis Jauregi Etxenagusia, «Jautarkol»

(1896-1971)

 

        Aita Intza'k onela ñabartzen du Jauregi'ren olerki-sena: «Alditan bere gogoraldiak gertaera ezerezetatik artzen ditu egarako bideak eta irakurlea esnarazko gairik ederrenak. Aldietan zorrotza da bere luma, ta irudipenak atsegiñenetatik ba-daki gogoraldirik ukigarrionak ateratzen. Gaiak eskatzen dionean ba-daki xamur eta gozo izaten ere. Aldietan azkeneraño, izkutatu egiten du irakurleari geienik eragingo dion irudipena, eta bi itzetan josten du bere gogoraldi guzia. Egia da, banaketan ba'da, laburpenen bat edo beste ematen diela itzei, baño izketan ere noiz-nai egiten direnak» (Biozkadak, XII).

        Errenderi'n munduratu zitzaigun «Jautarkol» —Jauregi'tar Koldobika—, 1896-6-19'an. Apaizgorako deia izanik umetan, Komillas'en osotu zituen ortarako ikaskuntzak, Eliz-Legedian Lizenziatua ta Urtziztian Irakasle (Doktor) irtenik. Mezakotu ta laster, arirna-zain daukagu, 1923'tik, Salinillas de Buradón (Araba) erritxoan; 1926'tik, Ataun'go San Gregorio'n, urte berean Altzo-Goiko'ra aldaturik; geroztik Anoeta'n, Matxinbenta'n eta Urrestilla'n egon zitzaigun, eta azkenez, 1958'tik, Zarautz'ko Karmeldar Lekaimeen kapillautza egin zuen. Ementxe il zan, 1971-2-2'an. Gizaseme apal eta mistikua genuen. Atsegin izan zitzaion, beraz, toki bakar ezkututan bizi ta lan egitea, ez berez erabe ta uzkur zalako, bere gogo-giroak orixe eskatzen ziolako baizik. Txori kantariak ere saiorik bikaiñenak izkutuan egiten omen dituzte. Nola ez olerkariak?

 

        EUSKAL IDAZLE.— Olerkari genuen, ain zuzen ere, Jautarkol, olerkari lirikua; 1919'tik 1930'ra bear bada, Arrese'tar Emeteri ta biak, sail ortan bakar xamar ibilliak dira. Euskeraz ederki zekien, eta gizonki zerabillen euskal idazkortza.

        Komillas'en ikasle zala asi zan idazten, eta arrezkero guztian, bai euskeraz eta bai erderaz ez digu gutxi idatzi, beti errez, garbi ta eder. «Euskal-Erria»-n, «Euskal-Esnalea»-n, «Zeruko Argia»-n, «Argia»-n, «Euzkadi»-n, «Ekin»-en, «Argia'ren Egutegia»-n, Errenderi'ko «Bertsolariya»-n, «El Día»-n, «Yakintza»n, «Eusko-O1erkiak»-en, «Aranzazu»-n, «Euzko-Gogoa»-n, «Libro de Oro»-n, «Olerti»-n, «Euskera»-n, eta abar, agertzen dira bere lanak. Ango ta emengo batzaldietan sari ederrak jaso zizkigun.

        Euskaltzaindikoa zan, eta beti zegoen gertu naiz eskatzen zioten idazlan bat osatzeko, naiz itzaldi bat eratu ta mintzatzeko. Eskabidea beretzat agindu zorrotz izan.

        Ona argitaratu zizkigun lanik beiñenak:

        1) Egizko edertasuna (Bermeo, 1923). Gaubeka'ren irarkolan. 56 orrialde. Ipuin luzea, Euskaltzaindiaren babesean argitara emana, ta len-sariz sariztatua.

        2) Ipuiak (Donostia, 1924). Iñaki Deunaren irarkolan. «Argia» asterokoak argitara emana. 80 orrialde.

        3) Biozkadak (Iruña, 1929). Neketako Ama-Birjiñaren irarkolan. XV-106 orrialde. Aita Intza'ren itzaurrea. Poesi-liburua, 50 olerkirekin.

        Naiz-ta luzetxo izan, ona A. Intza'k kopla-idazti oni egin zion sarreran dioskuna: «Bi bide daude gure olerkariak beste edozein izkuntzetakoak bezin bikañak izateko. Gure erritarren berezko bertsoak begiztatu, ta euskeraz itzegin eta euskaldun onai entzun. Gure erritarren berezko bertsoak esan nai dut begiztatzeko, ba-diralako bertso berri asko argitara emanak; baño askotan ez ain erritarrek eta ezta ere bildu gabe dauden beste asko bezin onak. Erritarren berezko bertsoak deitzen ditut ba, erritarren agoz-ago beren abestietan dauzkatenak. Eztira asko, baño bai egokiak... Oiek, berezko etorrian, erriaren biotzeraño sartzeko artzen dituzten irudipen berak, orra gure olerkari onen olerki gai egoki, adikor ta zabalkorrena. Oien irudipenak eta gogoraldiak nonbait errazak dira agertzeko, egokiak euskaldunaren biotza bereganatzeko; orra ba, olerkariarentzat bide ebakitzaille gaitzak, asmaketa berriak bururatu ta aien era berean azaltzeko»...

        Eta liburua aurkeztuz, dio: «Baño euskal olerkari ona izateko, esan dugun guzia eztu naikoa gizon ikasiak. Bear du euskeraren joskera ondo ezagutu. Ta artarako esan degun bigarren guzza, au da, erritarrekin asko itzegin. Gogoan artu beren esakera ain bizi, erraz eta egokiak. Gaur zuen eskuetan jartzen dizutedan liburuan auxe ikusten dut. Euskal esaera, garbi baño garbiagoa; bere irudipenak argi ta erraz emanak; irudipen bat artzen du ta zearo ta osotara azaltzen du, eragozpen guzien ganetik triskatuz».

        4) Maite-Opari (1936). 1935'an, Bedoña'n «Loramendi»-ren omenez ospatu zan Euskal Olerti Egunean, saritua izan zan olerki au, zillarrezko adarrez ain zuzen ere.

        5) Ipuiak (Zarautz, 1953). Itxaropena'k Kuliska Sortan, 4'garen zenbakia. Bigarren argitalpena? Ez osorik; an ba-dira emen ez daudenak, eta emen ba-dira an ez daudenak. 74 orrialde.

        6) Loramendi olerkaria (Euskera, 1960, V, 235 orr.). Bere poesi-lanaren azterketa, bera bizi izan zan garaiari buruz-buru.

        7) Xenpelar Bertsolaria (Zarautz, 1958). Itxaropena Argitaldaria, Kuliska Sortan, 25-26. 142 orrialde. Bizitza ta Bertsoak. Muiña: Itz-aurretxoa. Bertsolaritasuna Euskal-Errian. Xenpelar bertsolaria. Xenpelar'en bertso-berriak. Erligio-gaiezko bertso-berriak. Azken-itza.

        Idazti-egilleak itz-aurretxoan: «Ez da nere asmoa Xenpelar'en bertso guziak argitaratzea, aren berri eman, ta zerbait ezagun-aztea baizik. Xenpelar'ek il zanean, 34 urte besterik ez zituen, eta utzi zizkigun Bertso-Berriak asko ta era guzitakoak dira. Oietatik batzuek, mota guzietakoak, ipiñiko dizkitzut. Ezagunak izango zaizkitzu noski, baña, bizirik iraun dezaten, jaso ditut emen. Nere gogorik biziena, gure euskeraren alde zerbait egitea izan da, ta liburutxo onek egingo duelakoan nago. Gaur, orrelako liburu errazak eta ariñak bear ditugu ugari, euskal-liburuak irakurtzeko gogoa, euskaldunen artean piztu ta bizitu dediñ».

        Euskera goraturik, onan darrai: «Euskera euskaldun guziena ta euskaldun guzientzako da. Gure pitxirik aberatsena degu. Oraindik askoz geiago: Euskal-Erria'ren anima degu Euskera. Euskera il ezkero, Euskal-Erria ez litzake izango Euskal-Erria, beste Erri bat baizik. Euskaldun danok, beraz, gure izkuntza zarrari eustera ta indar-ematera gaude beartuak. Euskaldun gurasoak dira batez ere, gai oni buruz, geien-geien lezatekenak. Lotsagarria benetan, guraso askok ontan agertzen diguten zabarkeri ta ajolagabekeria».

        Eta Xenpelar'en doiñuai buruz: «Xenpelar'ek bertsoak ez ezik, bertsoak kantatzeko doñuak ere asmatu zizkigun eta geroztik bere ondorengo bertsolariak erabilli oi dizkigute. Ementxe arkituko dituzu doñu oiek».

        8) Paskual Duarte'ren Sendia (Zarautz, 1967). Kamil Jose Cela-ren «La familia de Pascual Duarte» nobela euskeraz. Itxaropena, Kuliska Sorta'n, 62 zenbakia. 168 orrialde. Karlos Santamaria'ren itzaurrea. Itzulpen atsegiña.

        Zerrenda onezaz gaiñ, il aurretxoan, bere olerki-bilduma bat burutzen ari izan zan; neri esan zidanez, laster irarkolara eramateko zeukan. Nun ote dugu gaur bilduma ori? Aita Intza'k beretik, idatzi didanez, bukatua du aren olerki guztien sorta, ta askorik luzatu gabe irarkolara eramateko asmotan dago.

 

        OLERKARI.— Idazle bakoitza bere arnasak darabil, berdin olerkaria ere. Jautarkol'ek bere arima berezia zuen, eta orixe utzi zigun, osto, ertzetan tanta iduri, bere bertsoetan dardarka. Barnean zituen atsekabe ta pozak adierazten erabilli zizkigun irudipenak, egoki, nare ta adikorrak ziran oso. Aren adimen argiak sorturiko gogai ta burutapenak, erri asko ez jakiñak berak ere naiko errez ulertzeko modukoak. Etzan bertsolari maillako, ez poeta illun-zale bai bien arteko euskaldun olerkari jator, gauza ederrak ederki adierazten zekiana.

        Argarri dugu geienik J. Ariztimuño'ren iritzia olerkari buruz; bigarren Eusko Olerkiak liburuan au diño: «Irudipenez ugari, olde-asmoz apain jantziak Tapia-Perurena ta Jauregi bai dagerzkigu. Minkuntz zintzoaz aberatsagoak dira ordea: liriko bikañenetakoak bai zaizkigu biak. Irudipena eta minkuntza naasi, biotz-muñ iturri barnetik ahapaldietara oparotsu, arro, nabarmen datorzkiote. Erromantiko ospatsuen izpiak ikututakoak ditugu bi olerkari oiek. Lizardi, labur, legor, adigaiez izorra: Jakakortajarena, asmoz eta eraz errikoi: Jauregi eta Tapia-Perurena irudiz ugari, minkuntzez bigun» (XVIII orr.).

        Eta IV'garren alean (133): «Ez genduan liburutxo au biribilduko Yauregi'ren olerki gozoak orrialde oietan irar-azi ez ba-genituan. Olerkari leun eta gogo meedun onek "Yakintza"ri laguntza bikaiña eskeiñi dio igazko zenbakietan. Eta zorra nolabait ordaindu naiaz, ona emen gure esker-ona argitara azaldu. Esukeltzaleei beti zaie atsegin, eta atsegin ezik, olerkari onen bertso gauden, aratz eta ederrak irakurtzea. Beste edozeinenak baiño ariñago eta bizkorrago ulertzen bai dituzte» (137 orr.).

 

        (Ikus, Euzkerea, 1929, 191 orr.; S. Onaindia, MEOE, 979 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1958, XI, 240 orr.; Zeleta, Euzko Gogoa, 1958, IX, 696 orr. ta 1959, X, 281 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 108 orr. ta Euskera, 1972, 291 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 500 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliografia, IV, 474 orr.).

 

Bilaketa