literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

1.— Aita Manuel Larramendi

(1690-1766)

 

        Euskal literaturan ere, gizon erraldoia benetan. Euskeraz etzun berak askorik idatzi, baiña euskal arloari eman zion eragin biziagatik, guztiz aintzagarri dugu andoaindar argia. Orixe'k euskal literaturan iru biribilki jarririk: Axular'ena, Larramendi'rena ta Arana-Goiri'rena, Larramendi'ri buruz au diño: «Bera euskal idazle bikaiña izan ezik ere, ezpaitzion lanbide orri erautsi, bere eragitez eta bultzakaz euskeran ildorik edo atzerik barrena utzi zuena: Larramendi beinki». Larramendi ezta euskal idazle, baiña bai idarazle. Zergatik? Orduko euskeraren etsaiak azpiratzeko egin zuen lan ederragatik. Orixe'k berriz ere: «Ederrago ba derizkiozu, Mariana ta Mayans eta Ebro'z aindiko erdaldunak eragin zioten euskera erdi-galduari. Izkera "totela ta lazkarra" ginuela; erderatik artu ginuela geren izkuntza, gure jabetasunaren ardiesteko; erri asto bat ginela, "asna nación", eta olako astakeri oriek esnarazi zuten euskera. Mingarria da Larramendi'k euskeraz geiago ez idatzi izaitea. Argitaratzeko neke aundia zela dio garai artan, eta ala izan bear zuen ere. Erderaz iarduki zuena euskeraz iardukitzen alegin balu J. Etxeberri'k bezala, euskerak indar aundiagoa artuko zuen bear bada. Bear bada diot, alegia, idatzi ta ere ezpaitzuten irakurriko erdaldunak gure izkeraren alde esaten zuena, ta ez euskaldunak ere; orain bertan ere neke baita irakurtzea» (Euskal-Literaturaren atze edo edesti laburra, «Euskal Esnalea», 1927, 228'orr.).

 

GIZONA.— Andoain'en, «Garagorri» basetxean jaio zan Aita Manuel, 1690-12-24'an. Aren gurasoak: Txomin Garagorri ta Manuela Larramendi. Zergatik etzuen erabilli bere aitaren deitura? Ederrago zitzaion bear bada amagandikoa. Orrela, «Larramendi» darabil beintzat jesuita sartu zanetik.

        Amazazpi urtekin, 1707-11-6'an, Jesus'en Lagundian sartu zitzaigun Bilbao'n: 1709-10-13'an egin zuen bi urterako eskeintza. Gero, Villagarcía de Campos'en eliz-botuak egiñik, Palenzia'n, Valladolid'en eta Salamanka'n azaldu zitun Filosofi ta Teoloji-gaiak. Salamanka'n jesuiten Ikastetxean erakusten zuen lenengo ta Unibersidadean gero; ta ondo erakusten zuelako nunbait, Irakasle aundi deitzen zioten; gaur ere an erakusten dute andoindarraren irakastegia. Izlari bezela ere omen aundikoa genduan.

        Izaeraz bizia ta alaia zan; aiurriz urduria. Berberak bere idatzietan aitortzen digunez, nun-ze-berri ta konta-katillu, gaiñera. Ikasteari oso emana beti; literatura gaiak zaizkion atsigiñenik, eta olako jairen bat iñun ba'zan, an zegoen Aita Manuel ere. Ta ez entzule soil bezela: Aita Losada bere maixua-gandik ikasi zuen nunbait eztabaidakari izaten, eta zoli-zorrotza zan ezkero, atsegin zitzaion lipiztaren bat sortzen zanean, zirt eta zart gauzak astindu ta erabakitzea. Orduantxe, Salamanka'n maixu zala idatzi ta argitaratu zitun ango mingain gaiztoen kontrako bi liburu auek: De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España (Salamanka, 1728) ta El Imposible Vencido (Salamanka, 1729). Baita beste lan batzuk ere jansenistar, kesneliar eta febroniarren aurka.

        Iru urtean lez, 1730-1733, Karlos II'garrenaren alarguna zan Maria Ana Neuburg erregiñaren aitorle izan zan. Baiona ondoko landetxe batean bizi zan erregiña, ta bere zartzaroko egunetan poztasun apur bat izan zezan, aitorle bat eskatu zion Jesus'en Lagundiko nagusiari, ta onek Aita Larramendi aukeratu zuen, egiteko ori iñork baizen ongi onexek beteko zuena-ta. Orduantxe idatzi zuen, antza, Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria deritzaion lana, naiz-ta geroago argitaratua izan. 1734'tik ara, Loiola'n daukagu egotez; ementxe bizi izan zan lan eta lan urte mordoz; eta ementxe il zan, 1766-1-29'an, Aita Kardaberatz alboan zuelarik. Eta urrengo urtean, ain zuzen, Espaiña'tik bota zituzten jesuitak, Karlos III'garrenaren erabakiz.

        Gogoko zaigu baita olako gizasemeak soin-orrazi ta islaz ere nolakoak izan ziran jakitea. Aita Fidel Fita (1835-1917) jesulagunak onan dagi Larramendi'ren giza-antza: «Tantaia zan gorpuzkeraz, itxura ederreko, barne-zozkodun, zein begietan zein bekokian bere jeinu argiak dizdiz zegion gaillenki. Mende erdi dalarik, Azpeiti ta Azkoiti'ko baserrietan bizi ziran Aita Manuel'en gorputz-azbegiak ondo baiño obeto gogoratzen zituzten zahar agurgarriak; auek bait zizkioten bein eta berriz, ari eskuratu doi-doi galdurik zebiltzan zeinbat itz, Diccionario Trilingüe zeritzan iztegi ederra aberastu zezan» (Galerías de Yesuitas Ilustres, Madrid, 1880, 266 orr.).

 

        BERE LANAK

 

a) ERDERAZKOAK.— Egia dio Orixe'k, Larramendi'k euskeraz geiago ez idatzi izatea mingarri dala esatean. Euskeraz ederki zekiala ere, erderaz ari izan zitzaigun, dotore ta duinkiro ari ere. Ona bere erdel-lan batzuk:

        1) De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España: de sus perfecciones y ventajas sobre otras muchas lenguas: Demostración previa al Arte, que se dará a luz de esta lengua (Salamanka, 1728). 170 orrialde. Urrengo urtean argitaratu zuen euskal gramatikaren aurrelari bezela zan; maixuki idazten du, barruko ta kanpoko etsaiak ixil-erazteko moduan. Lan au irakurtzean batzuk, bear bada, parra egingo diote, baiña berak karkara ta irri-zafla... Ezta ez euskera, jakin beza A. Mariana'k, izkuntza zakar traketsa, leun, eder eta zoragarri baizik; zernaitarako gai dana noski. Ezjakiñak eta xoxoak, naiz-ta gangor gorri agertu, ez dute azpi-susterrik. Nola erasten ditun andoaindarrak, etsaiak jartzen dizkioten «baiña», jardespen eta korapillo guztiak! Euskeraren una txit bikaiña da, izen-jokoa, aditza ta beste; edozein gaitarako guztiz aukerakoak. Idatzi gutxi duela? Eta aozko literatura? Munduan ba al da izkuntzarik onek aiña duenik?

        2) El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Bascongada (Salamanka, 1729). «Eziña Egiña» itzuli zigun Orixe'k. Erriak itz zekian, baiña euskeraz ari zan erri orrek ba ote zekian euskera ori, gogo emanez, ausnartzen? Au adierazi gogo zuen Larramendi'k bere euskal gramatikarekin. Euskera ezta arau ta lege gabekoa; ba-ditu bereak griegoak, latiñak, frantsesak, gaztelerak dituzten bestekoak. Or, bada, Eziña egina, bere maxiolari ta gaizki-esaleak mututu zitezen. Aren lan jakintsuak, ezta dudarik, dardara sartu zuen, eta etsaiak ixiltzeraiño sartu ere. Lan ederra bait zan. «Aita Larramendi'ren gramatika —dio A. Villasante'k— ona da zuzenki, baita guztiz ona ere. Arrigarri da lenbiziko euskal gramatika, aalaz, orren zeatz osoa irtetzea. Berton ageri du egilleak zein sakonki ezagutzen duen euskera. Aren ikasi ta ezagutzea, orraitio, ez datza bere zan gipuzkeran bakarrik, baita laburkiro beintzat aztertzen zitun Bizkai'ko ta Lapurdi'ko izkelgietan ere» (HLV, 128 orr.).

        3) Discurso histórico sobre la antigua y famosa Cantabria. Cuestión decidida si las provincias de Bizcaya, Guipúzcoa y Alava estuvieron comprendidas en la antigua Cantabria (Madrid, 1736). Pedro Peralta'k, bere Historia de España'n, aintziñako Kantabria, Santander eta Asturias alderdi bat bakarrik zala zioan; onen aurka jaiki zan Larramendi liburu au idaztean, beiñola erromarren kontra burrukatu ziran kantauritarrak euskaldunak zirala erakutsi nairik. Larramendi'ren garaikoentzat, izan ere, euskaldun eta kantauritar berdintsu ziran: Prantzisko Xabier donea (1506-1552) eta Bertrand Etxauz, Baiona'ko gotzaia, ta beste euskaldun izen aundiko asko ta asko, kantauritarrak ziran, bere ustez. Oihenart eta Moret, ordea, bere aurretik ere, Peralta'ren iritzikoak genitun. Eta egiazki, Larramendi'ren denboran bi izen berdintsuak ziralarik ere, aspaldi bateko kantauritarrak euskal erritik sarkalderantza bizi izan ziran.

        4) Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín (Donostia, 1745). Bi aletan, 436 ta 392 orrialde bakoitzak ditula. Auxe Larramendi'ren sekulako lana. Iztegi bat dugu, iru izkuntzatan: Gaztelar Akademiaren iztegia, erdal-itzari dagozkion euskerazko ta latiñezkoekin. Aurretik du, sarrera bezela, 220 orrialdeko aitzin-solas luzea. Era bitako itzak dauzka 1) Eskuan zitun liburuetatik eta erriaren agotik jasorikoak, eta 2) egilleak berak asmatutakoak. Auxe da andoaindarrari arpegira botaten diogun gaitza: ez digula iñoiz ere esaten zeintzuk diran berak asmaturiko itzak. Eta beste au: itz bakoitza zein izkelgitan erabiltzen danik ere ez digula egundo aitortzen. Zergatik egin zuen orrela? Berak diosku itzaurrean: «batzuk eta bestetzuk euskal erri osoan edatu ditezen». Euskalki guztien batasuna nai zuen. Uts auek gorabera, eragin ikaragarria izan zuen, bere ondorean, iztegi irukoitzak.

        Aren izerdien frutua izan zan, ain zuenn, iztegi-arloan lenengoz lurra aitzurtu zuena; aurretik etzun iñork olako lanik burutu, lan txikiren batzuk, Landuccio'rena ta esaera zaharren batzuk kendu ezkero. Gerozkoan eratutako iztegi guztiak, ots, Pedro Novia Salzedo'k, Aizkibel'ek, Harriet'ek, Hiribarren'ek, J. Van Eys'ek, Azkue'k, Bera ta Lopez Mendizabal'ek, P. Lhande'k, Arbelaitz'ek, Tournier-Lafitte'k, Araneder'ek, Muxika'k, Auñamendi'k, Ekin'ek eta «Ikas»-ek egindako lanak, Larramendi'ri begira osotuak dirala esan genezake.

        5) Corografía o descripción general de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa (Barcelona, 1882). Aita Fita'k agerrazi zuen lendabiziz La verdadera ciencia española zalakoan, XIX' garren alean; 298 orrialde. Eta «Ekin» argitaldariak (Buenos Aires, 1950) atera zuen bigarrenez. Amazortzigarren gizaldiko Gipuzkoa jartzen digu begipean, orduan ark zuen indar osotan; soin eta arima noski; bizi ta pipermiñez edesten digu orduko olagizon, nekazari, artzain eta eliz-gizonen bizitza; orduko lege ta oiturak, izkera... Labur: giputz erria zer zan eta zer nai zuen. Emetik dagerkigu nola maite zituen ark euskera ta bere sort-lurra.

        Ona adigarritzat zatitxo bat, gipuzkoar andiki ta jauntxoen kontrakoa, euskeraz ain zuzen ere: «...Zer diozute, ero-putzak, buru ariñak, zer darauskizozute? Artzen badet aitzurra, ta hori geiegi da, artzen badet jorrai txiki bat, bigarren zotalean agertuko dizutet, ez tratalari ezen, ez nekazari ezen, baita argin, arotz, olagizon, dendari, okin, sagardo-saltzalle, ikazkin, zuen etxeetan jaioak, aziak eta biziak. Gipuzkoan izkunde oriek? Eta alegia, Gaztelan aditzen zaiotela ta emen ez dakigula odol onaren berri. Ler eztagizutela, merezi badezute ere. Utzi, utzi Gaztelako hitzera txoralda orri: Mairu kutsu, judu kiruts, beltz eta billau usai geiegi dabil erri horietan. Oar zaitezte, etxean, Gipuzkoan dezutela, iñotara joan bage, erbestean arkituko ez dezuten garbitasuna. Eta hau onela dala obe dezute alaba txukun hori ezkondu emengo tratalari aberats batekin, ezen ez Gaztelako eta besteetako aize, zagi galbardun askorekin. Ez ni salatu, ta orain agur» (Corografía, 1882, 137-138 orr.).

        6) Argitara gabeak.— Ba-ditu oraindik beste idatzi batzuk, teoloji gaiak, kartak, amaitu gabeko euskera-erderazko iztegia, euskal dantza ta jolasen aldeko lan bat, Gipuzkoako edesti laburra, ta abar. Aita Fita'k dioanez, Larramendi'rena da gaiñera: Nueva demostración del derecho de Vergara sobre la patria y apellido secular de San Martín de la Ascensión y Aguirre, Madrid, 1745 (Ikus Corografía, 293 orr., oarrean).

 

b) EUSKERAZKOAK.— 1) Mendiburu Aitari eskutitza (Ikus «Jesusen Biotzaren debozioa», itzaurrea; «Euskalerria», XIII, 1885; P. Lafitte, Loretegia, 64 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 236 orr.).

        2) Sebastian Gandara'ri egin ziona (BAP, 1966, 2'an, 161 orr.).

        3) San Agustin'en goraipamena («Euskal-Erria» XIII, 1885).

        4) Astete'ren Dotrina, izenburu onekin: «Ikasbidea. Kristauen doktrina, azalketa laburrakin galdeaz ta erantzuteaz. Len aita Gaspar Astete Jesusen Konpañiakoak gaztelaniaz ta orain beste jesuita batek euskeraz ezarria» (Burgos, 1757); Konpañiako hizkiroian; 48 orrialde. Ez dakigu ziur berea dan ala ez (Ikus «Euskal-Erria», XI, 1884-8-20, 158 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 63).

        5) Iztegian eta Corografian sartzen ditun euskerazko zati batzuk (Corografía, 1882, 268 orr.).

        6) Olerki batzuk «Eziña Egiña»-ren azken orrietan datoztenak.

 

LARRAMENDI OLERKARI.— Ba ote? jesuita jakintsuaren gramatika zar-tankeraz egiña daukagu, au da: izena, izen-ordea, onen jokua, aditza (18-142 orr.); joskera, mintzaera (prosodia) ta abar: guztiz 201 orrialde.

        Amaitzerakoan, ordea, geiagarri bezela, euskal olerkiaz diardu. Larramendi lekuko, garai artan, gaur lez edo, nai zutena egiñaz zebiltzan poetak: silaba ta kontsonanteai etzieten gorarik eman nai. Banaka batzuk, alan ere, zorrotz zaitzen zituzten izkera olerkitsuak eskatzen ditun legeak. Auen artean bat Joanes Etxeberri zan, eta onen bi neurtitz dakazki eredutzat: «Inozenten ama onak» eta «Zure legeak» (Ikus Noelak, Donosti, 1970, 75 orr.); bata ta bestea 8/7'koak dira, baiña puntu batean idatzita. Irugarren bat ere ba-dakar: Joanes Haranburu praidearen Te Deum euskeraz; aren ahapaldiak ere 8/7 silabatan, ongi neurtuak.

        Ondoren, berriz, asarre xamar, berak ba-zekila euskal poesiak nola opildu erakustearren, bere sei olerki jartzen dizkigu: Euskara (endetxa bat), Amalaudun bat eta lau Amardun. Euskarak, ots, Luis I'goaren eriotzan Salamanka'n egiñak, 12 ahapaldi ditu, 7/7'kotan, erromantze neurriz diosku berak, eta gero latiñera ta gaztelerara itzuliak. Euskeraz, alere, gozo ta leunago dira ahapaldiok.

        Ona amardun bat, usakume gizen bat bialdu ziotenean, aren gorespenez biribildu zuena:

 

                Baldin badá zeruán

                Jaten usakumerik,

                Ezin lizake oberik

                Auxé báño an ére jan.

                Ha zer usaiá zeúan!

 

                Hil bat lézake piztú

                Ezén ez ni sendatú:

                Zer? uste dét Aingerúak

                Ziradela gosetúak

                Usakuméz zaletú.

 

        Oar zaitez nola banatzen ditun azentuak bi ahapaldiotan (Ikus El Imposible Vencido, Donosti, 1853, 194 orr.).

 

IRITZIAK.— Len eta orain mundu guztiak goretsi izan du Larramendi. Merezi du, bere lan osoari leikeri gabe so egin ezkeroz. Ba-ditula akatsak, eta nork ez? esan bear berriz ere. Baiña onak eta okerrak aztan jarriaz laister dakusagu norantza doan, eta askorekin, pisuaren orratza.

        «Eskualzale kartsuenetarik izan da —diosku P. Lafitte'k—. Karra handia zuen gizon harek, jakitatea ere ba, nahiz haren ondokoak zuhurkiago ari izan diren lanean. Damurik ez baitu eskuaraz guti baizik idatzi» (Loretegia, 64 orr.). Eta Orixe'k: «Arengandik etorri da Gipuzkoara literatuta, ez urria ere. Larramendi'k eman zion biotz eta kemen oiartzuar Mendiburu ospetsuari, baita heste bere anai Kardaberaz'i ere. Lardizabal, Arrue, ta abar ta abar, zer edo zeren zordun zaizkio A. Manuel'i. Ta nor ez Gipuzkoa'n naiz Bizkaia'n oraintsu arte?» (Euskal Esnalea, 1927, 150 orr.).

        Aren neurritasuna ta bizitasuna goresten ditu L. Mitxelena'k: «Bere liburuetan agertzen duen era guztitako datu-aberastasuna guztiz bikaiña da aztertzaillearentzat, baiña irakur atsegiña besterik billatzen ez duen irakurle arruntak ere, gogoz jalkiko ditu labur ta bizi Gipuzkoa zerbait zarra baiño egiazko ta iraunkor bat pintatzen duten orrialde oriek». Eta A. Mendiburu'ri zuzenduriko kartaz: «Euskal itz lauzko edozein bilduma edo antolojitan sartu bear litzake; merezi baitu».

        A. Villasante'k, Iztegian sartu zitun itz berrien buruzki saminkor ari danarren, itz egiazko, egoki ta arruntak darabiltzala dio, berezko euskeran idazten duenean noski. «Esandako oker aundi oiengatik —aitortzen du—, A. Larramendi'k burutu zuen lana erraldoi batena izan zan, egiazki. Gizaseme argi-argia, asko ikasia ta kultura zabalekoa; urte luzeetan itzal larria izan du euskal errian».

 

LARRAMENDI'K SORTU GIROA.— Etzan makala izan. Onek arrotutako euskal-zaletasun laiñoak urteetan iraun zuen urtu gabe. Ezinda ere egin zuen gramatikak, eta Iztegiak, ba-zuten ezin-ukatuzko garrantzia. Zoritxarrez, au ere aitortu bear: Arek eta ondorengo Astarloa'k ere bai, «alperrikako eztabaidetan txautu» zituzten kemenik ederrenak, Ibar'ek dioskunez. «Alabaiña —J. Etxaide'k idazten du— jaio zen garaiari zor zizkion

utsegite guzien gaiñetik Larramendi'ri Bidaso'z onuzko euskal pizkundea zor diogu». Eta Arana-Goiri'ganaiño luzatu zan aren eragiña, ark sorturiko giro berezia.

        Giro orren barruko upatze ta aldezte, egia esan, norberari egoki zaiona upatu ta aldeztu oi dalako geienetan, gaur-eguneko pentsakeraz beiñik-bein, aizea alperrik astinduz aldi ederrari guna ez ataratea duzu. Egun aietan bezela, ordea, arerioak ugari samar diranean, zirt eta zart egin bearra da; galduak gera bestela. Apoloji-giroak, egiaz, euskal zaletasuna erneazi zuen, eta Bidaso'z emendik heintzat zaletasun orrek pizkunde berri bati asiera eman zionik ezin dezakegu uka.

 

        (Ikus J.I. Arana, Vidas de algunos claros varones guipuzcoanos de la Compañía de Jesús, Tolosa, 1870, 255 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 50, 51, 59, 63, 75, 560; N. Ormaetxea, «Euskera», 1930, 252 orr.; R.M. Azkue, «Yakintza», 1934, 3-17 orr.; J. Etxaide, Amasei seme Euskalerriko, 119 orr.; L. Mitxelena, HLV, 93 orr.; L. Villasante, HLV, 124 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, 43 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 227 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko Euskal idazleak, 40 orr.).

 

Bilaketa