literaturaren zubitegia

955 idazle / 4.529 idazlan
7.072 esteka / 5.322 kritika / 1.828 aipamen / 5.194 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Pablo Fermin Irigarai, Larreko

«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

6.— Pablo Fermin Irigarai Goizueta, «Larreko»

(1869-1949)

 

        Idazle izena «Larreko» zuen. E. Erkiaga'k au, sarrera bezela: «Literatura zelaietan bazkazale ez zirudian arren, halaere Larrekok lan polita utzi zigun, eleder-joera aztarnaz ornitua... Euskerarenganako zaletasun hortan, atxikia ta zintzoa izan zen. Umezaroan eta gaztezaroan ez zuen izan mende, agiri danez, arbasoen mintzaira. Horregatik, haren nekea etengabea izan zen, beti ikasten, beti kezketan izkera jatorra, garbia, egokiena, bere esanetara makurtu beharrez. Horra hor argi jarri, «Larreko»-ren izkera zergatik ez zen, ez bere sorterrikoa ta ez Baztanekoa. Beste izkelgietariko emaitzak bildu baizituen, bere estilu bakan hori borobiltzeko» (Egan, 1970, 1-3, 7 orr.).

 

        BIZI-ZIRRINTAK.— Auritz —erderaz Burguete—, mendi-gaillurrez esituriko zelai zabalean datzan erritxo liraiña duzu. «Baso galantak bertan —diosku Latxaga'k—, eta iturri goxoak nunai. Aizea bai bikaiña, toki alaia, laiño zuria ateratzen danean Auñamendiko usaia bertaraiño ekartzen du». Orreaga daukazu bertatik urbilxe.

        Ementxe, lenago «Maistronea» ta orain «Martin Zurgin» deritzaion etxean jaio zan Larreko 1869-1-25'an. Bere gurasoak: aita, Ramon, Iruña'ko «Asociación Euskera»-koen lankide ta Iturralde ta Kanpion'en sasoikoa, auriztarra zan jaiotzez; ama, berriz, Josefa Goizueta, Doneztebe'koa. Auritz'eko guztiak bezela, etxe ederra da Irigarai sendikoena, gerra aurretxoan —1933— berriztatua. 1969'an Larreko'ren eun urte-burua zala-ta jarria, oroigarri txairo bat dauko aurrean; 1973-6-21'an, Korpusti egunean, andik ibiltzean, pozik ikuskatu zuten nere begiak.

        Aita eskola maixua bait zan, era egokia izan zuen ikasteko. Lenengo ikaskizun eta asi-masiak Auritz-en bertan artu zituen; goragokoak, Iruña'n eta Zaragoza'n egiñik; osa-jakintza ondoren Madrid'en osatu zuen, mediku ta ebaketari titulua 1892'an arturik. Bere ogibide ortan Bidasoa'ko Bera'n ekin zion lendabizi, gero Irurita'n jarraituaz; geroago, Iruña'n bizi izan zan eriotzararte, Barañain dalako Naparroa'ko Gaixotegi nagusian, lan eta lan.

        Bego emen Latxaga'k dioskuna: «Gizon bezela, oso ona ta ziñezkoa zala esaten dute, kristaua egizkoa gaiñera. Sendagille bezela egindako lanegatik Naparroak zorra aundiak ditu berari ordaindu bearrak. Gaxotegi berria gizon onen bidez egin zan eta ango zuzendaria izana da. Ebakunzlari edo zirujano bezela lana egiten zuan eta esan dezakegu Naparro osoa bere eskuetan igaro dala. Bere gaxoak ez dute aztu; oraindik gutxiago beartsuak. Bere seme-alabak ba'lira bezela artzen zituan. Bere lanbidean oso argia omen zan. Gainera, nola ez?, euskalzale sutsua genuen ta idazle benetakoa» (Nafarroa euskal arrobia, Donosti, 1973, 179 orr.).

        Beraz, gizon bezela ona ta maitekorra genuen; askotan, ala ere, geuk jakin gaberik edo, etsai ixillak izan oi ditugu. Baita Larreko'k ere. Onela didaz E. Erkiaga'k: «Orain ogetamairu urte, anai arteko burruka luzea asi zanean, nork ez ditu-ta, Irigarai zaharrak ere, ba zituen etsaiak, noski. Haren kaltetan, behin eta berriro izan ziren salakuntzak. Hoien berri, gobernadoreak eman omen zion obispuari: hain zuzen, hunen etxeko mirikua "Larreko" izaki. Obispuak eman zion jardespena gobernu-gizonari: —Untsa ezagutzen dut Irigarai mirikua. Baiña, erran ezadazu, otoi, Nafarroa osoan, haren pareko gizon onak, zenbat ote ditugun...» (Egan, 1970, 1-3, 4 orr.).

        Udara garaian Aragoi'ko Pantikosa'ra bezain sarri joten zuen Auritz'era, toki eder oietako aize gozotsuz bere gibel-erraiak asetzera. Auritz'en, bere kale, frontoi, eliza ta bazter ederrakin, ba-zuen nun egurastu; baita ba-zeukan euria zanerako etxebarne atsegiña. Barrunbe au eztia iruditu zitzaion N. Alzola euskal idazle zeatzari, ara egin zuen ikustaldi batean. «Kanpora urten barik —dio, suburuko gela zeazturik— keia bertan gordetan dauban kanpai-antzeko zulo biribil aundi bat dauko sua egoten dan lekuaren ganean, pare-parean. Jesarleku txiki pillo bat umeentzako, illaran iminita orma kontretan, eta aspaldikoak ei dira. "Larreko" beorretan, jesarleku orretan jesarriko zan, mutil txikia zala. Eskaratzeko tresna-ontzi asko ormetan eskeita, garbi-garbi eta dirdiratsu. Buztiñezko eta lurzurizko platerak eta toskak, onek be antxiñetako denboretan zul gorrixkeagaz egiñiko arasa eder batean. Udaetan "Larreko" idazten egoten zan maia ("osaba Fermin beti izkiriatzen bizi izaten zen", udaetan Auritzen egoten zanean, jakiña). Museu txiki bat da gela aundi au» (Egan, 1967, 19 orr.).

        Iruña'n il zan, 1949-9-3'an, 80 urte zitularik.

 

        IDAZLE.— Ia bizitza guztian osagintza lanez lertua ibilli arren, andik edo emendik ateratzen zigun asti pixkat kulturazko gaiak aztertu ta buru-biotz jarioka idazlan politak bururatzeko. Euskeraz ta erderaz idatzi zuen; euskeraz, Baiona'ko Gure Herria'n eta Donosti'ko Euskal Esnalea'n, Bilbao'ko Euzkadi'n, Iruña'ko Napartarra'n baitik bat, eta erderaz, Iruña'ko La Avalancha'n, El Eco de Navarra'n, La Voz de Navarra'n eta beste.

        a) Euskerazkoak. Ezaguna dugu A. Irigarai'k osoturiko Prosistas navarros edo XX-garren mendeko Nafarroako euskal idazlariak liburua; Manezaundi ta Larreko'ren lanak datoz. Bederatzi dira Larreko'renak, lendik or-emengo agerkarietan sakabanatuta zeuzkanetatik artuak.

        Ona tituluak: «Euskaldun bioztuna Mexicon», «Azkena», «Nafarroako euskal esakerak», «Orreagan», «Eskuara eta toki izenak», «Apendizitis», «Edarikoa», «Erronkariko uskaraz», «Sendalari baten argiak». «Euskaldun bioztuna Mexicon», irakurgai luze bat da, ederki egiña; «Nafarroako euskal esakerak», 1926'an emandako itzaldia Euskal-egunetako Itzaldiak deritzan idaztian daukagu; «sendalari baten argiak», ordea, erderaz idatzi zuen liburxka baten laburpena duzu euskeraz. Aipagarri dugu Euskaltzaindiak, 1923-9-7, 8 ta 9'an, Doneztebe'n eratu zuen Euskal-Eguna ta lenengo egunez arratsaldean Irigarai'k Lakoizketa'z mintzatutako itzaldia.

        Aitortu dugunez, Irigarai'ri, aur zala ere euskeraz jakin arren, Zaragoza'n eta Madrid'en Lizenziadura atera bitartean igarotako urteetan erdi-aztu egin zitzaion zekien puska. Ezta arritzekoa. Baiña Baztan aldean osagille zalarik, laster konturatu zan euskerak zuen garrantziaz. Eta berriro ekin zion gogotik bere mintzaira ikasteari. Ta nola ikasi gero! Bide bi artu zituen ortarako: erria ta liburu zaarrak. Onela dio berak:

        «Euskerak, izkuntza guztiek bezala, bere dituen bideak eta orkoiak ditu; bide oriek, euskaldun garbien artean dagozi: idazti zaharretan ere bai. Orain, lehen bezala, euskera garbi ikasteko, erdara ez dakiten euskaldunekin behar da ikasi, edo erderaz zerbait jakinik ere, gogoa, pentsamoldea euskaldun dutenekin. Huntaz landara, euskaldun garbi, ikasiak dira nagusienak guri irakasteko. Ez bakarrik itzeginez, baizik eta beren idazti eta irakurgaiaz. Euskararen erro garbienak, euskaldun xaharretan daude. Gramatikaz eta irakurtuz xoilik, beinere ezta euskaldun garbienen joera erdiesten. Entzunez, aurrek ikasten duten bezala asi nintzen ni ere.

        »Baiño orduan, norbaitek ohartuarazi zidan nere deiturak eta nere jatorriko leku-izenak, erri hartakoak bezala, euskarazkoak zirela. Orduan, argitasun handi bat egin zen nere gogoan, argi ta garbi ikusi bainuen nere izatea euskaldun dela, eta nere arbasoen izkuntza euskara izan dela. Orai, gure gogoak arroztu ondoan, egin nai dugu euskara bat gure orkoi eta moldetara, eta hori ez da bide zuzena. Gure gogoak biurtu behar ditugu euskeraren moldetara. Aldi untako euskal idazle geienen gaitz makurrena, erdalera dugu».

        Askotariko gaiak erabilli zituen: kronikak, berri emate jakingarriak, nobela laburra, euskera, sendakintza, feminismua ta abar. Sinismen andikoa zan, elizkoia ere bai. «Feminismoaz» dalakoan au dio Andre Maria'ri buruz: «Aldiz, Amaberjina (Jainkoak) bere amatzat berexi zuelarik, ez da izan sortu direnetan, hura baino handiagorik, ederragorik eta sainduagorik». Alderdi au ere interesgarri duzu: maite-maite zuen bere erria, itzez eta egitez; gure jendeak eta lurraldeak zoratzen zuten.

        Bere idaztankera beti duzu jasoa. Edo obeto, A. Arrue'k dioskunez, «jasoa bakarrik ez: giarra ta, aldi berean, ugaria ta argia. Baña, batez ere, jatorra, erriak antziñatik erabiltzen dituan esaeretan ta joskeran errotua» (Egan, 1958, 239, orr.). Altube'tar Seber'ek laket zituen Irigarai'ren esaera bitxiak: bi aldiz beintzat aitatzen du bere «Erderismos» liburuan.

        b) Erderazkoak. Or-emen argitara zizkigun lantxo laburrez gaiñ, iru liburuxka auek ere atera zituen: 1) Topografia médica del valle de Baztan (Iruña, 1905). N. Aranburu'ren irarkolan. 5-78 orrialde. Beiñola Baztan ibarrean osagille izan zan Simonena Irakasleak egin zion itzaurrea, ta onek dioanez, egilleak ondo ezagutzen du ibar artako euskal errazaren egoera, ta batzueri geiegi iruditu arren, etsimen-tanta sotillez goibeldua datza; 2) Guía médica del asistente a moribundos (Iruña, 1945). Euskeraz ere eman zituen erdel-idaztiño ontako ezagutzak. Onela dio: «Apez ordenatu berriak, eri-handietara eta azkenetan daudenetara deituek, sendakintzako erakaspen zenbeit on lukete jakitea». Origatik osotzen du liburu au; 3) Guía médica del intérprete de milagros y favores (Madrid, 1949). Marañon medikuaren itzaurrea dakar. Era askotara gera eri, ta Irigarai'k, eritasun auek, naiz gure erriarena naiz pertsona batena izan, denak jarri nai ditu sendabidean. Edu onetan berak: «Eri-handi batek, ezagutza edo burua nola daukan jakitea, garmendu andiko gauza da. Ilundua ezagutzeko bideak bilatu nai ditut eta ahal dutan argiena».

 

        IRITZIAK.— Lizardi'k maite zuen Larreko. Eta bego lendabizi aren iritzia. «Urli» (Orixe) adiskide erre-minduari erantzunik, au idatzi zuen beiñola: «Larreko'ren iritziak maiz txorrotxegiak iduritzen zaizkidan arren, gizonez maite det; idazlez ederresten; abertzalez, gorasarre dagiot. Bikaintasun oiez nere eskuek ez ukitzeko diñan goitia ez balego ere, ille urdiñarenganako itzal samurra bear nuke aski. Aren aurrean bai, atera dezakegu txapela biok, eta beste zenbaitek ere. Itz oietxek zor nizkizun, aiton burutxuri; ta artaratu nauen abagunea atsegiña ez izanda ere, ongi etorri bedi, biotza lasatuaren ordaiñez» (Itz lauz, 114 orr.).

        Eusebio Erldaga'k: «Idazleak, gai sakonagoak eta goragokoak izango ditu; baiña ez du eskubiderik izkera bera, erriak baiño traketsago ta illunago ta aldrebesago bilakatzeko. Lanak daramazkian gaiak eta laguntzailleak eta gorabeherak nola alkartu, idazleak jakingo du, noski; halarik ere, idazleak, ari dan izkuntza, darabilen izkera zaitu, gorde, osatu ta txukun agertu behar duela uste dugu, beste errietako idazle gailenak eta azkarrenak egin duten bezala. Beste alderdi bat, eta "Larreko"rengan goragarriena ta axola nagusikoa, bere saileko gaiez, euskaraz idatzi izana: osasun gaiak, miriku arloko jakingarri zenbait, garbitasuna, edariak, gizonen eta emakumeen lanak, eta abar».

        Latxaga'k: «Euskera ondo zekin eta nafar euskeraz idazten zuan. Euskal elertia aberastu zigun. Beste askoren artean ortxen ditugu bere bi lan bikaiñak, «Euskaldun Bioztuna Mexicon» eta «Feminismoaz».

        K. Etxenagusiak: «Auxe zan Larrekok euskerearentzat nai eban jatortasuna: ez itzetan, esaeretan baiño, erri-erriak ain ugari ta gozo erabilten dituan esaera aberatsetan».

        Eta, guenik, Jose Anjel Irigarai, Larreko'ren illobak, Manezaundi ta biok gogoratzen ditula, au dio: «Manezaundi, ipuin eta holakorik idatzi zituen luzaidar idazle aberats eta joria, eta "Larreko", auriztar sendakina, hura bezala ameka artikulo eta kolaborazio idatzia. Lehenbizikoak baxe-nafarreraz zuen izkiriatu, Luzaide, mintzairaz, zeharo Baxe-Nafarroa bai da; bigarrena, aldiz, ifar-nafarra-garaikoaz aritu zen».

        Guen-gaiñez oindio E. Erkiaga'k: «Ez zuen iñoiz burua ez izlaritzat ez idazletzat jo. Aldi hartako «euskal idazlea» zen, xoilik. Izenordez geienbat lanean ari ziren errikoseme apal haien artekoa, albistak igorri, iruzkiñak egin, asmoak agertu, erriaren alde eta izkeraren alde jardun».

 

        (Ikus A. Irigarai, Prosistas navarros, itzaurrean; L. Mitxe1ena, HLV, 154 orr.; L. Villasante, HLV, 368 orr.; N. Alzola, Egan, 1967, 18 orr.; K. Etxenagusia, Euskal idazleen Lorategia, 226 orr.; A. Pérez Goiena, Ensayo de Bibliografía navarra, IX, 561 orr.; E. Erkiaga, Egan, 1970, 1-3, 3 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 297 orr.; Latxaga (Jose Maria San Sebastian), Naparroa euskal arrobia, 1973, 179 orr.; I. Sarasola, Euskal literaturaren historia, 124 orr.; J.A. Irigarai, Euskera eta Nafarroa, 1973, 82 orr.).

 

Bilaketa