literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

13.— Julene Azpeitia eta Gomez

(1888-....)

 

        J. San Martin'ek: «Azpeitia'tar Julene'n ipuiak erria zuzenki dute iturburutzat, ta bere eskuz eztiki apainduak dira. Batez ere, aurrentzako, idatziak. Julene'k bere bizi guzia aurren maixtra igaro du, ta, bere ipuin auetatik konturako geran bezela, ongi ezagutzen du umeen mentalidadea» (Amandriaren altzoan, itzaurrean, 10 orr.).

 

        IRAKASLE.— Zumaia'n jaio zan Julene, 1888-1-8'an. Lenengo maillako Irakaskintzako maixtra, Donostia'n eta Bilbao'n ikasirik. Lenengo Bilbao'n erakutsi zuen, eta gero, Abadiño'n eta Astorki Etxabarri jaunen etxean, Bilbao'n eta Zumaia'n. 1911'an Valladolid'en egiñikako, nor-geiagokotan lenengo zenbakia atera zuen, ondoren maistratza Ea'n egiñik.

        1916'n Eskauriatza'tar Endika'rekin ezkondu zan, Mexiko'ra joanik: antxe asi zan euskeraz idazten eta, «Arritokieta» bere izenordea erabilten: ango Euzko Batzokiak Iñaki Deunaren omenez ospatu zuen jaietarako idatzi zuen. 1920'an Euskalerrira dator berriro, eta Bizkai'ko Aldundiak bere Auzo-Ikastoletarako iragarri zuen norgeiagoetan berau geratu zan aurrenen eta Ikastola oietako maistra guztien Buru izendatu zuten. Urrengo urtean, kargu ori utzi ta Zornotza'ko San Migel auzunean erakutsi zigun; gero, berriz, 1936'rarte, Abadiño'ko Mendiola'n eta Matiena'n beste ainbeste.

        Irakasle arloan zintzoa izan zaigu beti, egiazko emakume bati dagokionez. Ona Julene Albizuri, Axpe'ko alaba jator eta irakasle aspergaitz izanak dioskuna: «Urte asko da Azpeitia'tar Julene irakaslea ezagutzen dodala. Abadiño'n zortzi urtetan, Matiena'ko Bizkai-Auzo-Ikastoletan, biok izan giñan Irakasle. Zortzi urte aiek nere gogoan utzi eben oroipena ikastalotzaz, umeetzaz eta irakasleatzaz, ez zait iñoiz gutxitu... Azpeitia andreari maitasun aundi bi aurkitu dizkiot beti biotzean: bere gurasoen Euskal Erria, erri onen izkuntzaz (beti Ama Euzkera esateko oitura du), eta Euskal Erriko umeak, mutikoak batez be. Mutikoentzat aparteko era dau erakusteko, aziera ona biotzetan ereiteko, eta sentimentu onak euren gogoetan esnatzeko. Idazti Deuneko Jose'ren edesti ukigarria eurai azaltzean ikusi dodaz amaika urteko mutikoak negarra begi-ertzean dabiela... Euskal Erriari deutsan maitasuna, berriz, "Egunero Arrate'ko Ama'ren irratian" izendunean eta, Ama euskera biotzean zeiñ sakon sartua daukan ikusi gentzake bere alde egiñ dauzan lanetatik, geien-geienak diru ordaiñ gabe».

        Onela jarraitzen du oraindik: «Euskeraren alde lana egiten nekatzen ez dan emakumea da Julene Azpeitia. Ikastolan lan aundia egiten eban umeai bi gauza buru-biotzetan sartzeko: biargiñak izan bear ebiela eta dirua aurreztuteko oitura umetzatik artu bear zala. Biargiñak eta zintzoak ba'ziran, munduan defendiduko zireala esaten eutsen» (Zuentzat, itzaurrean, 9 orr.)

        Gerra zala-ta alderrai ibilli ondorean, 1947'an Bizkai'ko Diputazioak Gorliz'ko Aur-Osategian dauzkan eskoletan sartzen da; zigortzen dute, ta 1955'tik aurrera Markiña'ko Urberuaga'n irakasten du. 1958 ezkero, ordea, maistra-oi, Durango'n bizi da.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Esan dugunez, 1916'an, Mexiko'n asi zitzaigun idazten. Errimiñak jota zebillen erbeste artan. Berak dio: «Ezkon berritan, Mexiko'n nengoelarik, beti nengoan lenagoko oroipenez errimiñak ikuturik. Izan ere, Iparragirre'ren bertsoa: "...egia, alde guztietan toki onak bai dira baña biotzak dio: zoaz Euskalerrira". Onelako gogoeta batean, nere senarrak galdetu zidan: "Aizu; gauzak ondo irteten ba'digute, eta uste dugun bezela, urte gutxi barru aberriratzen ba'gera, zer egingo zenduke geure erriaren alde?". Eta nik beriala: "Zumaia'n Nautika'ko Ikastetxe bat egingo neuke; Lekeitio'n bezela, Portugalete'n bezela"».

        Matiena'ko auzo-ikastolan aurkitzen zala, 1925'an, Bizkai'ko Aurrezki-Kutxak jarritako sariketan, bere «Instituciones pre y postescolares que pudieran crearse alrededor de las Escuelas de Barriada de Vizcaya» lanak irabazi zuen lenengo saria. Baita, urrengo urtean, Kazeres'eko, «Caja de Previsión y excelencias del Ahorro» lanak jaso zuen. 1933'an «Kirikiño» saria eraman zigun «Euli baten edestia» lanarekin; urte berekoa du «Cómo puede el maestro contribuir al estudio del Folklore vasco» itzaldia, Eusko-Ikaskuntzaren udako Batzarrean.

        Naiko idatzi du euskeraz, beti goxo ta argi. «Euzkadi»-n, «Argia»-n, «Euskera»-n, «Ekin»-en, «Yakintza»-n, «Egan»-en, «Zeruko Argia»-n, «Karmel»-en eta abar agertzen dira bere lanak. «Euzkadi»-n, esaterako, «Euzkotar umien aldez» saillean astero idazten zuen. Euskaltzaindiko urgazle.

        Ona Julene'n idaztietan zenbait:

        1) Osasuna, merketza ta yanaritzaz (Bilbao, 1922). Euskaltzaindiak saritutakoa. Editorial Vasca irarkolan. 54 orrialde. Sukalde liburua. Atsegiña ziñez, geroago ere zatika argitaratua.

        2) Irakurri maite (Bilbao,, 1932). Verdes-Atxirika'ren irarkolan. Lenengo ingurraztia, Eukeraz ta erderaz, Euzko Ikastola Batzak aterata. Iru liburu ziran azaltzekoak, baña guda zala-ta batez ere, etziran azaldu.

        3) Azeri jauna (Bilbao, 1960) «Karmel» aldizkariaren babespean.

        4) Amandriaren altzoan (Zarautz, 1961). Kuliska Sorta bilduman, 45-46. 178 orrialde. Egilleak eskeintza ta eskabidea: «Neure semea: Euskeraz idatzi detan liburutxu au, zure aitari ta zuri eskeintzen dizutet. Eta, ene seme, nere gurasoak neri egin ziraten, eta nik zuri egin dizutan bezela, zuk ere, zeure umeeri, euskeraz itz egitea eskatzen dizut biotz-biotzez».

        J. San Martin'ek sarreran dion au ere jakingarri dugunik ezin uka genezake. «Arrigarria da, benetan —dio—, gure erriak agozko literatura orren aberatsa izanik, idazkiz txiroa izan bearra. Era guztietako ipuñen jabe gera, ta bertan ditugu lenagoko sinismen, kondaira ta oituren etorkizunak. Orregaitik, beti gustatu izan dira errian orrelako ipuñak; batez ere ongi eratuak arkitzen diranean. Ta oraingo auek bikain tajutuak eskeintzen dizkigu Azpeitia'tar Julene'k... Erri-miñez, 1949'tik 1952'ra bitartean idatzak dira Burgos'en maixtra zegoala. Ta, 1954'an, Euskaltzaindiak antolatu zuan ipuin sariketan bigarrengo gelditu zan. Lenengokoa Aita Felix Bilbao'ren "Ipuin-Barreka" izan zan. Bata bezin bestea on-onak dira, gure artean idatzi ez diran bezelakoak, batez ere euskeraren aldetik... Julene'n gatza umeak zaletzekoa da. Bere moldeak orain baño lenagotik zuen euskal literaturan leku berezia. Maiz irakurri ditugu bere idazkiak "Arritokieta" izen-ordezkoakin, ta 1956'an Biarritz'ko Eusko Kulturaren Alde alkarteak antolatutako aurrentzako ipuin sariketan bigarren gelditu zan, "Goizeko izarra" ipuin politarekin».

        5) Ume euskaldunai, euskeraz idazten eta irakurtzen nola irakatsi (Donostia, 1961). Donostiar Udaletxeko aretoan eman zuen itzaldia.

        6) Umien Adizkidia (Bilbao, 1962).

        7) Odolak odolari dei eta Martxela (Egan, 1969).

        8) Krabelin gorriak (Egan, 1970). «Karmel»-en, Auntza Baratzan eta olako ipuin politak eurrez ditu.

        9) Zuentzat (Donostia, 1974). Donosti-Aurrezki Kutxak. Argitaratzaillea: «Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones S.A.». 217 orrialde. Aurrentzako ipui ta irakur gaiak. Eskeintza: «Zueri, Eskauriatza eta Bilbao'tar Jabier eta Alfonso; neure semearen seme, ta neure biotzaren zati ederrak zeraten illoba maiteak. Zueri eskeintzen dizutet liburu au, beti euskeraz itz egiñ dezazutela, bide batez, eskatuaz». Edorta Kortadi Olano'ren marrazkiak dakazki apaingarri.

        Len aipatu dugun Julene Albizuri ta Armendariz'en Goxenze'k onela: «Gaiak, erak eta luze-zabal-sakontasunak umeentzat neurtuta dagoz. Lan danak dira astunkeri gabeak, eta gai bat edo beste, naiz gaia azaltzeko era umeentzat aiñ ariñak ez dirala iruditu ezkero, irakasleak ipiñiko dauz umeen adimenen neurrian. Nere ustez euskeldun umeei euskeraz irakurtzeko zaletasuna sortzeko liburu berarizkoa da» (10 orr.).

 

        IRITZIAK.— J. San Martin'ek: «Euskera erreza du, batez ere umeentzako bezelakoa (baita nagusi askok ejenplutzat artzeko bezelakoa ere), apaltasunez egiñak baña bizi-biziak... Urri dira euskeraz "Amandriaren altzoan" bezin liburu onak aurrentzat. Geiago esango nuke: oraindik zentzunera sartzeke dauden umeentzat ere euskera trakets ta baldarrean egindako liburuak ikusten ditugu, pedagojiaren funtsik gabe» (Sarrera, 10-11 orr.).

        Eta L. Mitxelena'k liburu berberari buruz: «Azpeitia'tar Julene andrearen izena ongi ezaguna da euskaltzaleen artean. Mesede asko egin dizkio leen gure izkuntzari, baiña bear bada guztiak baiño mesedegarriago izango delakoan nago azkeneko liburu au... Aurrei dagokienez, eztut zalantzarik, neronek ikusi baitut zein gogoz eta erraz, artzen dituzten. Eta orixe zen bearrezkoena» (Egan, 1961, 1-3, 150 orr.).

 

        (Ikus Yakintza, 1935, 14, 93 orr.; J. San Martin, Amandriaren itzaurreta ta Escritores euskéricos, 47 orr. ; L. Mitxelena, Egan, 1961, 150 orr.; Auñamendi, Literatura, 111, 52-7 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliografia, I, 418 orr.).

 

Bilaketa