literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

31.— Mixel Elizanburu

(1826-1895)

 

        Bataioan eta senide artean Mixel'ekin ezagutua, Anai Inozenzio zeritzen Salletarren artean. Heleta'ko errian jaio zan 1826-2-17'an. J.B. Elizanburu'ren lengusua; beren gurasoak, anaiak ez-ezik, aduanako zaindarien buru izan ziran: olerkari aundiaren aita Sara'n, eta Anai Inozenzio'rena, Irube'n, Baiona'tik urbilxe. Eta bego emen au: «1789'garren urteko matxinadaren ondorengo bat izan zan, Prantzia ta España'ren mugetan aduana jartzea. Ori euskaldunak zituzten sal-erosketa ta artu-emanentzat kaltegarri izan eta kontrabandoaren arriskuetan ekin bear izan zuten biziko ba'ziran. Orduan asi zan, guk aiñ ondo ezagutzen degun muga-zai ta kontrabandisten arteko jokua».

        Mixel gaztetxoa Baiona'n Salletarrak zuten ikastetxera joan oi zan egunero, eta antxe osotu zitun lenengo ikaskizunak; gurasoak ondoren bigarren maillako ikastetxe batera bialdu nai izan zuten, baña Mixel'ek anai izateko deia bere baitan nabaiturik, Tolosa'ko aztetxean sartu zan 1844-7-15'an. Legez zaneko urte-jarduna egiñik, Hazparne'n eta Akize'n izan zitzaigun mutillen irakasle. 1848'an, Mixel'ek 22 urte zitularik, nagusiak gazte zuur eta langillea ikusiaz, Hazparne'ko Ikastetxeko Anai nagusi jarri zuten.

        Lan gaitza da benetan mutil gazteak ezitzea. Eta Anai Inozenzio'k talde aundiak zitun bere menpean. Anai I. Olabeaga'k onela: «Ikasleak lapurditarrak izaten zitun geienbat; baño gipuzkoarrak, naparrak, eta beste probintzietakoak ugari ere. Batzuk ikastetxean bertan bizi oi ziran, besteak bazkaltzera ere gelditzen ziranak; geienak eskola-orduetarako bakarrik an biltzen ziranak; baña danetatik beti gañezka. Ainbeste motatako mutil, beren izaera ezberdiña, batzuek prantzesak, bestiak ezpañolak, lan neketsu, zailla, bildurgarria omen zan».

        Alere, ementxe, bere 44 urteko nagusitzan, bizi izan zitzaigun Anai Inozenzio: beti otoitz-zale ta egin-bearretan zintzo, bere buruarekin batez ere latz eta zorrotz. Jakin-gosea asetu nairik, asko irakurri zuen. Eta azkenik lanez ta nekez aulduta, 1895-1-3'an, elizakoak artu ondoren, paketsu itzali zan Hazparne'n bertan.

 

BERE IDAZ-LANAK.— Anai erne ta pizkor au dugu Salletaren artean lenengo euskal idazle, eta ez kaxkarra. Bere sendi kristau ta euskaldunean ikasita, ederki zekian euskeraz. Ori agertzen zaizu bere idatzietan. Ona batzuk:

        1) Framazonak (Baiona, 1889).

        2) Lehenagoco eskualdunak zer ziran (Baiona, 1889). 157 orrialde.

        3) Zer izan diren eta zer diren oraino framazonak munduan (Baiona, 1890). 62 orrialde. «Eskualduna» egunerokoan argitaratu zitun lan autatuak.

        4) Framazonak, bigarren edicionea, eta Frantziako hirur Errepubliken istorioa laburzki (Baiona, 1890). 200 orrialde.

        5) Frantziako bigarren eta hirugarren Errepublikaren ichtorio bitchia (Baiona, 1891).

        6) Joanes Batista dohatsuaren bizia (Baiona, 1891). 193 orrialde.

        7) Sakelako liburuchka edo giristino guzientzat on den esku liburu ttipia (Baiona, 1892). 256 orrialde. Hazparne'ko Mixiolarien nagusi zan Arbelbide apezaren baimen-idazki batekin ornidua.

        Euskera utsean daude zazpi liburuok.

 

IRITZIAK.— Orduko framazoi ta errepublika zaleen aurka erruki gabe dantzatu zuen txibita. Orrela osatuak dira lenengo bost liburuak, bigarrena kanpo. Errepublikaren dirdai ta liskarrak euskal lurreraiño elduak ziran, noski; eta, jakiña, emen ere ba-genitun «gorriak» eta «txuriak»; erregezaleak eta errepublika-zaleak: Anai Iñozenzio errege-zale genduan, eta J.B. Elizanburu, bere lengusua, errepublika-zale.

        Nolako euskera darabillen? Arbelbide jaunak, Joanes Batista Dohatsuaren bizitza argitaratzeko asmoz zebillela jakitean, onela idatzi zion: «Azkenik, eskuaraz, gure minzai gozo, aberats eta maiteaz, izkribatu nahi izan duzu Joanes Batista Sala dohatsuaren bizia. Eta huna zer dion neurthitzlariak:

 

                »Munduko mintzoetan ez da hain garbirik,

                »eta dakienarentzat hain gai handikorik.

 

        »Bai hola da; gure eskuarak ez du parerik; elheak labur ditu, erne eta bizi; erran nahi duen hura erran, eta bethi aitzina doha. Iduri du zilhar bizia, ez du hitz bat hutsik, ez alferrik. Horra zer mintzai ederrean eman deraukuzun Dohatsu herritar baten bizia. Eskerrak zuri eta liburu eder hau Eskual-Herriko eme guzietarat hel dadiela, arimen onetan eta Jainkoaren ohoretan».

        Alare, prantses kutsua aurkitzen diote askok. Eta, egia esan, «Framazonak», «Errepublikan kondairak» eta «J.B. Dohatsuaren biziak» prantsez iturritik sortuak dituzu. Augatik dio P. Lafitte'k: «Anai Inozenzio'k daukan eskuara frantsesez kutsutua iduritzen zait». Eta A. Villasante'k: «Ba-du berezkotasun eta jario gozoa, bere trakets-itxura ta guzti. Erdal-itzak ugari ta ajol aundi gabe sartzen ditu. Ori ezin ukatu. Baiña idazle baten goibea eztet uste ortik neurtu bear danik. Idazlea irakurleari zor zaio, onentzat bear du idatzi... Eta mugaz bestaldeko euskaldunak frantsez-kutsua izatea ezta arritzekoa».

        Baiña ba-ditu Mixel Elizanburu'k biografi bezela egin gabeko liburu bi: «Lehenagoko eskualdunak» eta «Sakelako Liburuxka», eta bi auek oso jatorrak iduritzen zaizkit; arin ta gozo doakio emen luma, iztegia joritsu du, joskera betea. Berak ederki zekizkin gaiak bait ziran «Euskal-baserria, euskal sendi zintzoa, euskaldunen janari ta soñekoak, artazuriketa, jolasak, dantzak, Chitachaina-aztia, eta sorginkeriak».

        Olerkari ere ba-genun Anai Inozenzio. «Sakelako Liburuxka»-n ba-ditu, prosaz gaiñ, olerkitxoak ere, gozo ta atsegiñez moldatuak.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, II, 641, 643, 651, 654 orr.; P. Lafitte, Le Basque et la Litt... 66 orr.; A.I. Olabeaga, «Egan» 1959, 5-6, 142 orr.; «Kantikak», Baiona, 1948, 446 orr.; S. Onaindia, MEOE, 458 orr.; L. Villasante, HLV, 177 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 685 orr.).

 

Bilaketa