literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

8.— Jokin Zaitegi eta Plazaola

(1906-1979)

 

        Zaartzaroan, betikoz Euskalerrira biurtu zanean, onela idatzi zigun Zaitegi'k: «Sortzez eta gogoz Arrasate'ko semea nauzue, erri zaarreko "Arteko" kalean jaioa, bizitzez, alabearrez, eta zuzentasunaren alde jokatzearren, bizitzarte osoan erbestean bizi izanda, euskaldun non-naitiar gertatu izan naiz. Zorionez, zaartzaroan bada ere, etxeratu egin naiz».

 

        GIZONA.— Bere errira itzuli zan, Arrasate'ra, ementxe bait zan jaio 1906-7-26'an, goizeko iru t'erdietan. Bere gurasoak: aita Juan Zaitegi Ibarzabal eta ama Franziska Plazaola Martinez Alegria, biak arrasatearrak. Ongi azi zuten beren seme au batez ere, besteei ezer kendu gabe. Amalau urte bete arte Arrasate'ko eskolan ikasi zuen, «kallekume xango xuri» izanik, etxean eta kalean lagunekin euskeraz egiñik.

        Egun baten Aita Basabe lekeitiarra, josulaguna, Durango'tik ara joana zan, Gogo-jardunak ematera, eta oni azaldu zion Jokin'ek josulagun sartzeko asmoa. Izan zituen amaren eragozpenak, baiña azkenez ere 1920'ko uztaillean Durango'ratu zan ikasturtea asteko. Aita Biktor Iriarte izan zuen irakasle, «sekulan izan dudanik bikaiñena» dio Zaitegi'k, eta onekin ikasi zitun latera ta gerkera batez ere.

        Urrengo urtean, 1921'ko uztaillaren 27'an, Loiola'n daukagu; baita auek ere geroago euskal idazle aundi izango diranak: Andima Ibinagabeitia, Esteban Urkiaga, Plazido Muxika, Argarate, Iñaki Goenaga, Korta anaiak, eta besteak. Aita Martin Garmendia, tolosarra, izango dute nobiziadu-urteetan arduradun; 1923'ko uztaillean botoak, eta Giza-elertia, ots, klasiku zaarrak eta munduko literatura, izlaritza, mintzo-antzea ta olakoak ikasten jarraituko dute. Euskera pizkat ere bai, gaiñerakoaren gain, naiz-ta gero aipatuko dugunez-asmo bikaiñez jantzitako taldetxo bat euskal alorrean ixilpeko lan ederra egiten asi.

        1926'an, Loiola'ko egotaldia amaitu ta Bureba'ko Oña'ra doaz josulagun gazteak Filosofia eta Teologia, iru edo zazpi urtez, zelan dan, ikasten. Gaiok ematen ziran bertan: Logika, Metafisika, Fisika, Kimika, Goi-matematikak, Psikologia, Etika eta Natur-Zientziak. Baita Pedagogia ere. Zaitegi'k iru urte igaro zituen bertan eta, gai guztiak kezkatsu aztertu zituelarik ere, Filosofi-ikaskizunak bereziki erro-errotik ikasi ta aizatu zizkigun. Irugarren urterako «Doctor in Philosophia» titulua bereganatu zuen.

        Amaitu du Zaitegi'k Oña'n iru urteko ikastaroa; ariketak egin bear ditu Ikastetxe baten, eta Venezuela'ra bialtzen dute nagusiak. Merida'n burutzen du lan ori. 1932'an Belgika'ko Marneffe'n ikasten du Teologia, an bertan leenengo meza abesturik 1935'an, Iñaki Deunaren egunean. Urrengoan amaitzen ditu bere ikasketak, eta Morialme'n nobiziadua bukatzeko urte bete osatu ondoren, 1937'an Ameriketara berriz ere. San Salvador'eko apaizgaitegira zuen jomuga, baiña ara orduko sei illabete eman zituen Panama'n, sartzeko baimena lortu artean, ez gero geldirik, ingles ikasten baiño. Zazpi urtez irakatsi zuen San Salvador'en, 1938'tik 1944'ra.

        Giza-barrua bai ezkututsu! Zaitegi, ziur zergaitik ez dakigula, Lagundia utzi ta Guatemala'n dago, 1944'an. San Carlos Ikasgu nagusian irakasten du leenengo, eta Instituto America'n gero. Andik zazpi urtera, 1951'an, berak bere Lizeoa, «Landibar» deritzana, sortzen du. Aurretik, 1950'n, «Euzko-Gogoa» sortu ta zuzendu zigun. An ditu laguntzaille Andima eta Orixe. 1955'an aberriratzen da; «Euzko-Gogoa» ez dijoa berak nai bezin ondo eta emen atera gura du. Ala ere, egiñalak eginda ere, ez zuen lortu baimenik ez eliz ez erri-agintariengandik: Biarritz'en atera zigun bost urtetan. Eta azkenik, 1960 erdirantza itzali zan, Velez Mendizabal'ek dioskunez, «honela bere sortzailearen bihotza erdi urraturik genuelarik, gerra ondorengo lehen euskal aldizkaria» (Iokin Zaitegi, 1981, 124 orr.).

        1956'ko iraillean, 23'tik 29'ra, Euskal Kongresu Orokor bat ospatzen da Paris'en.

        Paris'en eta ortik sortu zan «Euskal Kulturaren Alde»-ko Batzorde bat; auek osatzen zuten. J. Zaitegi, buru; J.M. Barandiaran, J.M. Leizaola, Josu Solaun, T. Monzon, J. Rezola, eta Manu Sota, bokalak; Gonzalo Nardiz, diru-zai eta Andoni Urrestarazu, idazkari. «Agirre Saria» irasi zuen Batzorde onek, 1.000 dolarrekoa, iru urtetik iru urtera emango zana, euskeraz ondoen idatzitako liburuari eman ere. Leenengo urtean (1963) B. Gandiaga'k jaso zuen «Elorri» poemagatik; 1966'an, S. Onaindia'k bere «Bertsolariak» liburuagatik; 1969'an, M. Lekuona buru zala euskeraturiko «Liturjia Berria» osatu zuten taldekoak; 1972'an, Orixe'ren «Jainkoaren Billa» saritua; 1975'an, J. Kerexeta'ren «Eliz Guraso Apostolikuak» izan zan irabazle. Etzan geiago eman.

        Berriz Guatemala'ra. 1961'ko urrillaren 13'an onela idazten du Zaitegi'k: «E.K.A.-koen azkenengo batzarrean auxe esan bearrean aurkitu nuen nere burua: ikusiak ikusi, esanak esan, iasanak iasan, ni neu Guatemala'ra ioateko erabakia artua dudala, euskal gaiak utzita apaiz lanetan ari naizen ango gotzainburuaren esanetara. Erabaki gogorra, benetan, besterik ordea enukean». 1962'ko urtarrillean irten zan arako eta an arima lanari ekin zion gartsu, amar urtetan noski. Euskal lana utzi gabe, ziurki, antxe bait zizkigun euskeratu Platon'en ainbat liburu, gero argitara emanak. 1972'ko uztaillaren 20'an agur egiten dio betiko.

        Arrasate'n bizi da, naiz-ta osasunez naiko larri. Ama iltzen zaio 1972'ko urrillaren 28'an, 92 urteko zala. Omenaldiak-eta artzen ditu, 1976'ko abenduaren 19'an Arrasate'ko udal-etxeak egiña, adibidez, eta 1976'ko azillaren 25'an, Larrea'n Olerti Egunez egin geniona. Obeki zaindu ta erosoago aurkitu zedin, Oñati'ko San Martin Egoitzara eraman zuten. Demetrio Aierbe'k eta nik emen egin genizkion bisita batzuk eta beti idoro genduen idazten eta umore onez; azken bisita egunean, bere gelako mai gaiñean kuaderno bat zeukan eta berton idazten zuen, eskuz, Platon'en liburuetako azken itzulpena. Eriotz-unerarte euskera lanean...

        1979-8-17'an il zan, Donostia'n.

 

        IDAZLE.— Justo Garate'k eztigu gaizki margozten Zaitegi'ren idaz-zaletasuna. «Borondate andiko idazlea eta biotz-zabalekoa dugu Zaitegi —dio—, duen ezaugarririk nabarmenena ia bakardadean lanean aritzea delarik». Gazte-gaztetatik, eta bakar samar, euskal soloa urratu duena. 1920'an Durango'n ikasle zala asi zitzaigun euskerazko bertsoak esaten. Loiola'ko bigarren ikastaroan S. Mendiburu irakurten du, baita «Ami vasco» ere, eta garai artako euskal ikasleekin talde eder bat osatu ere, euskera geiago sakondu, idatzi ta idazle gerkar-latindar klasikuak euskeraz jarteko erabakia artu. Orrela egiñak dira auek beintzat: Ibinagabeitia, Lauaxeta, P. Muxika, Argarate, Zaitegi bera, ta besteak. Emen zegoela asi zan Bilbo'ko J.B. Deyan idazten.

        Olerkiz kanpo ere, ezta urria Zaitegi'k utzi zigun liburu sailla, itzuliak eta jatorrak. Ona:

        1) Kizkiña (RIEV, 1933). Aita Laburu'k erderaz idatzitako «Citología» euskeraz.

        2) Sopokel. Antigone (Tolosa, 1933). «Antzerti», 20-21 zenbakiak.

        3) Ebangeline (Guatemala, 1945). «Hispania» irarkolan. 76 orrialde. Henry Wadsworth Longefellow'en eleberria, euskeraz. Panama'n ingles-ikaskeran egindako lana.

        4) Sopokel'en Antzerkiak I (Mexiko, 1946). Au eta «Goldaketan» Mexiko'n irarri zituen, «Pizkunde» zeritzan euskal Argitaratzaille etxean, Guatemala'n baiño merkeago egiten ziotelako. Izkuntza ezin egokiagoan itzuliak.

        5) Euzko-Gogoa, aldizkaria (Guatemala, 1950-1955; Biarritz, 1955-1960). Euzkadi'ri eskeintzen dio bere lana, esanik: «Aldizkari au zuri, Euzkadi laztana, eskeintzen dizugu, gure gogoko ametsen barnemuiña baitzaitugu: bai, gure aleginak oro eskeintzen dizkitzugu asmorik zintzo ta garbienaz: zure gizabide ta betiko askatasun opaz». Olaxe jokatu zuen, an eta emen, gure erria ta bere izkuntza goi-maillatu nairik.

        6) Bidalien Egiñak (Zarautz, 1955). 336 orrialde. San Salvador'en irakasle zala egiñiko lana. Orixe'ren itzaurreaz.

        7) Sopokel'en Antzerkiak II. «Aiatz», «Tarakin'go Emaztekiak», «Piloktete». (Baiona, 1958). 159 orrialde.

        8) Abere-indarra (Euzko-Gogoa, 1950). J. Benavente'ren bi ekitalditako antzerkia, La fuerza bruta esana, Zaitegi-Ibiñaga'k euskeratuta.

        9) Platon'en eko Atarian (Donostia, 1962). «Platon —dio Zaitegi'k—, gizadiaren barnean izan diren lauzpabost filosofilarien arteko dugu», eta jakintsu onen esanak eta oldozkunak jantzi nai izan zizkigun euskeraz.

        10) Medea (Donostia, 1963). Euripides'en antzerkia. «Egan»-en dator.

        11) Platon I: «Oturuntza», «Protagora» eta «Menon» (Donostia, 1975).

        12) Platon II: «Gorgia» (Donostia, 1977).

        13) Platon III: «Eutifron» eta «Sokrateren apologia» (Donostia, 1978).

        14) Platon IV: «Kriton» eta «Faidon» (Donostia, 1978).

        15) Platon V: «Ipia Txikia» eta «Alkibiada» (Donostia, 1979). Bostok «Izarra» irarkolan.

        Eta «Izarra» argitaratzailleak, beste kontu asko aitortu ondoren, au diñosku: «Berak esandako dakidanez, Platon'en lanak bukatzeko beste bost ale prestaturik omen zeuzkan, eta hau diot: Ez ote litzateke lotsagarria izango hainbeste lan egin ondoren, lan horiek argitaratu gabe gelditzea? Ez dakit noren egitekoa izango den» (Iokin Zaitegi, 162 orr.).

 

        OLERKARI.— Esana danez, danok gara zerbait olerkari ta musikari. Zer da, baiña olerkari izatea? Zaitegi'k onan: «Ederra ederbegiz ikusi ta adieraztea». Eder-begia bear, ba, edertasuna ikusteko eta irakurriz ta ekiñez lortzen dan teknika, eder ori adierazteko. Zaitegi'k, umetatik zuen eder-sena, eder-miña aziagotu ta indarazi zuen gerkar eta latindar klasikuak irakurri ta euskerara itzuliaz.

        Eta lan jatorrak osatzen asi zan. Noiz asi ote? Loiola'n zegoela, Argarate'k, Lauaxeta'k eta beste batzuk lagunduta, «Jesus'en Biotzaren Deya»-n prosaz eta bertsoz idazten asi zan. Lauaxeta lenengo (1925), Zaitegi gero. Olerki-liburu bi utzi zizkigun mondragoitarrak. Ona:

        1) Goldaketan (Mexiko; 1946). Bolibar irarkolan. «Pizkunde» Euskal-Argitaratzallean T. Monzon'ek ere ementxe argitaratu zitun bere «Urrundik» eta «Guda-oroi». 215 orrialde. Guztik 98 olerki, jator eta itzuli, Loiola'n, Oña'n, Merida'n, Karakas'en, Marneffe'n, Panama'n, San Salvador eta Guatemala'n egiñak. Auen artean jarri zitun, aurrena ain zuzen, V'garren Olerti eguneko guduan zillarrezko aritz-abarrez sariztutako «Tori nire edontzia». Marneffe'n mamitu zitun garai artako bere oberenak.

        2) Berriz ere goldaketan (Guatemala, 1962). «Hispania» irarkolan. 106 orrialde. 62 olerki guztira. Geienak jatorrak eta 1960-61'an Biarritz-en zegoela egiñak. Auetatik asko «Euzko-Gogoa»-n argitara emanak.

        Nolako olerkaria ote? Ona. Horatio'ren antzekoa, sarri. Leenengotik irakurri bait zizkigun aren poema labur giarrak, eta aietatik batzuk euskeratu, ezta arritzekoa. Rima onez egiñak dituzu aren lanak, ots, rima onez eta neurri obez. Irakur amalauko au, 6/5'kokoa, «Ertzetik ertzera» deritzana:

 

                «Neregan baturik ditut inoiz bat

                ezin diratenak: nire osina,

                bai dala sakona eta zikina!

                zer zeranik noizpait asma ba'zintzat!

 

                Neregan otz-bero dira orobat,

                lan gorri nintzana, orain urdina:

                atzo gozo zana gaur gezamina;

                utsa, Iainkoa dut gogo erabat.

 

                Begiak ortziruntz iaso ere nai

                enitukean au "ene Iainkoa

                erruki" esaka banabil ernai.

 

                Barrenean orruz dut itsasoa

                ozkarbiko bake onaren erpai,

                laborrian obe baitut gogoa».

 

        (Ikus Yakintza, 1934. 356 orr.; S. Onaindia, MEOE, 996 orr.; Euzko-Gogoa, Orixe, 1950-5-6-8 orr.; G. Garriaga, Bol. A.E.V., 1950, 36 orr.; ta 1966, 66, 143 orr.; A. Ibinagabeitia, Euzko-Gogoa, 1954, 5-8, 116 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1962, 1-3, 85 orr.; J.S. Martin, Escritores euskéricos, 169 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 114 orr., J. Bilbao, Bibliografia, 227 orr.; Iokin Zaitegi, Josemari Velez de Mendizabal, Arrasate, 1981, 225 orrialde; S. Onaindia, Euskal Elertia, 193 orr.; Otsalar, Euskera, 1979, 1-6, 311 orr.).

 

Bilaketa