literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Joanes Etxeberri Saran (Lapurdi) jaio zen 1668an eta Azkoitian (Gipuzkoa) hil 1749an. Ez bere garaian, ez gaur ere aitortzen ez zaion garrantzia du alderdi askotatik. Medikua zen, garai hartan erlijiosoa ez zen idazle bakanetakoa, eta erlijio gaiez kanpora ibili zen ia bakarra. Eta bere lanen balioa aparta izanda ere, XX. mendea arte ilunpean geratu zen: ez egileak atera nahi izan ez zuelako, ezin izan zuelako baizik (aipatu dugu lehen, garai hartan zailtasun handiak izaten zirela liburuak kaleratzeko). Hori berez tristea izanik, are tristeagoa da kontuan hartuta lan haien helburua zein zen, eta haien probetxua zein zatekeen: izan ere, euskara irakaskuntzan sartzeko asmoa zuen, beste gai batzuk irakasteko tresna gisa, gure hizkuntza kulturabide bilakatu ahal izateko.

        Lan bakarra argitaratu zuen bizi zela: Lau-urdiri gomendiozko karta edo gutuna (1718), Uztaritzeko Biltzarrari zuzendua, laguntza eskatuz idatziak zituen euskal gramatika eta hiztegia kaleratu ahal izateko (gogoan izan garai hartan ez zela halakorik). Laudagarria da Etxeberriren kontzientzia argia eta tamalgarria agintarien axolagabekeria, Lapurdiko biltzarkideek berehala bota baitzuten atzera proiektua.

        Euskararen apologia bat ere idatzi zuen, Eskuararen hatsapenak izenekoa. Hizkuntza bat goratzeak alfer-lana dirudi gaur, baina orduan garrantzi handia zuen, latina utzita nazio-hizkuntzak ari baitziren indartzen (gaztelania, frantsesa, italiera...). Ugari izan ziren orduan euskararen goratzaileak (baita kontrako amorratuak ere), baina Etxeberrik ezberdintasun handi bat du: gainerako apologistek erdaraz egin zituzten beren laudorioak, kontraesan garbian, eta Sarakoak ordea euskaraz, koherentzia erakutsiz horretan ere.

        Etxeberriren hizkera argia, dotorea eta gihartsua da. Axular zeukan gidaritzat eta hari jarraitzen dio, maisuaren maila gorena iristen ez badu ere. Hemen ematen diren hizkuntzari buruzko ideiak begien bistakoak irudi dakizkiguke orain, baina ez da ahaztu behar garai hartan oso eztabaidatuak zirela, eta fantasia asko zebilela bazterretan: adibidez, munduko hizkuntza zaharrenari buruzko usteak (baziren euskara zela defenditzen zutenak, baina baziren xelebreagoak ere, munduko hasierako hizkuntza gaztelania izan zela ziotenak esaterako, beren hizkuntza inperioarekin batera hedatzeko aitzakia gisa edo). Horien aldean txalotzekoa da Etxeberrik erakusten duen zentzua eta izpiritu irekia; era berean, aipagarriak dira bere zenbait pasarte, gaur egun ere baliagarri litezkeenak: adibidez, jakintzaren borrokarako deia (gazteriari egiten diona), edo hizkuntzarekin euskaldunok dugun zabarkeria salatzen duenekoa (azken zatian).

 

Obrak:

— Lau-urdiri gomendiozco carta, edo guthuna

— Escuararen Hatsapenak

— Escual-herriari eta escualdun guztiei escuarazko hatsapenak latin icasteco

— Diccionario cuatrilingüe

 

Bilaketa