literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Koldo Mitxelena Elissalt (Errenteria, 1914 - Donostia, 1987). 36ko gerran gudari ibilia, gerra ostean kartzelan zegoela hasi zen hizkuntzalaritza ikasten eta bere arloko jakintsurik handiena izatera iritsi zen.

        Euskara batuaren sortzaileetakoa ez ezik, euskal prosa modernoa finkatu dutenetako bat izan da Mitxelena. Bere artikulu ugarietan prosa distiratsu, zehatz, aberats, ñabarduraz betea erabili zuen, klasikoetan edaten zuena eta kultista. Euskal gaiez, zinemaz eta beste hainbat kontuz idatzi zuen; literaturaz ere bai, asko; hala ere, bazuen Mitxelenak arantza bat: berak literatura hain maite izanik, literaturazko libururik sekula idatzi ez izana.

        Egin zuen fikzioan ahalegintxo bat Mitxelenak halere, haren Euskal idazlan guztiak bilduman hil ostean argitaratu ziotena «Capricho español» izenaz. Zirriborro bat da lan amaitua baino gehiago, egileak ohi zuen prosa landua darabilena, XX. mendeko nobela modernoaren teknikaz: introspekzioa egiten du pertsonaiak, bere kontzientzian barrena dabil hara-hona, xehetasunekiko arduraz... Gaia ere berria da, euskal literaturan ordura arte agertu gabea: espainiar poliziak atxiloturik dauka protagonista Madrilen, «DGSko kalabozoetan», eta jasan behar dituen torturen aipamena egiten zaigu, modu sotil batean, «azkeneko bainuen saioa». Estilo trinkoa darabil egileak, errazkeriarik batere gabea, esaldiak biribilduz eta etengabean ñabardura ugariz hornituz.

 

Bilaketa