literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Jon Mirande Aiphasoro Parisen sortu zen 1925ean eta hiri berean hil 1972an. Zuberotarrak zituen gurasoak, Parisen emigranteak, baina euskara ez zuen etxean ikasi, bere ahaleginez baizik, gaztaroan. Bulegari soila zen ogibidez, aski bizimodu grisa zuena, baina jakintza-gogo eta bizi-grina handiak zituena, bere sorkuntza-lanetan ageri duen bezala.

        Hizkuntza anitz ikasi zituen bere kasa, baita filosofia asko irakurri ere. Pentsaeraz eta izaeraz, ez zetorren bat inguratzen zuen munduarekin: frantsestasunaren aurrean nazio txikiak maite zituen (Bretainia, Euskal Herria...); erdeinatu egiten zituen kristautasuna eta honen moraletik edan duten pentsamendu guztiak: demokrazia, sozialismoa... Berdintasun-amets hauek endekatze hutsak iruditzen zitzaizkion eta, hori dela eta, ezin zen bat etorri garaiko abertzaleekin: ez EAJko kontserbadoreekin, ez sortzen ari ziren ezkertiarrekin ere. Horren guztiaren eraginez, eta ohikoak ez diren joera sexualak defendatzen zituelako ere bai, lagun baino etsai gehiago izan zituen euskal letretan, eta ez zuen bere lan nagusiak argitaratzerik izan: poemen bilduma liburu moduan, eta Haur besoetakoa eleberria.

        Urteak pasa ahala gero eta etsiago zegoen: ez zitzaion iruditzen Euskal Herriak bere etsaien kateetatik askatzeko behar lukeen adorerik inon zegoenik, euskal literatura ere apaizkeriaz josia ikusten zuen, euskaraz idazteari uzteko asmoa azaldu zuen eta depresioak jota zegoen, ia lagunik gabe. Azkenik, 1972ko abenduaren 28an bere buruaz beste egin zuen barbiturikoak hartuta.

        Bera bizi zela poema-libururik kaleratu ez bazuen ere, handia izan da Miranderen poesiaren eragina. Autore madarikatua da euskal letretan, inor bada: pentsaeraz faxista eta antisemita, ez kristau, ez demokrata, ez sozialista, tabu guztiak, baita sexualak ere, hautsi nahi zituena, garaiko euskal munduan tokirik aurkitu ezinik ibili zen.

        Haren poemek edertasun formal izugarria dute: erritmoa, errima, konposizioa, aliterazioak... eskuko ditu lirikaren baliabideak oro, baina berea ez da formalismo hutsean agortzen; aitzitik, bere barne minbera eta kontentagaitzaren berri ematen digute poema hauek. «Euskaldun zintzoen balada», euskaldun fededunaren kontrako kantu ironikoa da, jeltzale batzuen mundu-ikuskera estua salatzen diguna; «Paris-Beuret», formaz sinple bezain esanguratsua da mamiz, egilearen ezinegona ideologiatik harantzago doala erakusten diguna: egunerokotasun aspergarriaren eta bere inguru hurbilaren arbuio sakona dago hemen, misoginia puska batekin nahastua, Parisko burokrazia giroan kokatua, egilearen lantokian alegia; «Behin batez, Zuberoan» erotismo sujerikor eder baten eredu dugu, eta halaber nostalgia gozo batena, aldi berean herrimin eta oroimina dena; ohargarriak dira, era berean, erritmoa, iradokizun-ahalmena, gauzatu ezinezko maitasunaren agerpena.

        Miranderen heterodoxia erro-errotikoa da, ez axalekoa. Mendebaldeko gizartean, bai eskuineko bai ezkerreko ideologien atzetik, kristautasunaren morala dago ezkutuan Miranderen ustez, eta berak gogor gaitzesten du moral hori, edertasunaren eta naturaren kontrakoa iruditzen zaiolako (Nietzscheren filosofiaren eragina nabari du). Testuinguru horretan irakurri behar da «Ohiko Jainkoari» poema, non poeta Jesukristori zuzentzen zaion, bere gorroto eta errefusa ahal bezain garbi adierazteko.

        Probokazioa maite zuela argi dago honezkero; sexuaren aipamenak oso zeharkako eta estali samarrak izan dira betidanik euskal literaturan; horren aurrean, sexu-agerpen gordina egiten du Mirandek «Oinanone» poeman, maitasuna eta sentimenduak ahaztu eta gorputzen plazerra goraipatuz. Etxepareren aipua jarri du Mirandek poema atarian, haren lanaren (ikus 16-17 orriak) oihartzuna baitakar honek. Ohartzekoa da sexu-organo eta jarduerak izendatzeko erabiltzen den izen, izenondo eta metaforen ugaritasun eta adierazgarritasuna.

        Miranderen prosan, berriz, goian aipatu dugun eleberriaz gain, Igela aldizkari heterodoxoa aipa liteke, Txomin Peillen adiskidearekin batera egin zuena, eta baita hainbat ipuin gogoangarri ere. Horietako bat ekarri dugu hona: «Gauaz parke batean». Ipuin beltza dela esan liteke, nolabait definitzekotan. Beldurra eta misterioa nahasten dira bertan, baina horien gainetik umorea nagusitzen da azkenean, ordura arte euskal literaturan inoiz erabili gabeko umore mota bat hain zuzen: umore beltza edo krudela.

        Lantzen duen generoagatik bezainbat bere trebeziagatik nabarmendu behar da. Goitik behera maisutasunez eramandako kontakizuna da hau, tentsioari eta jakinminari ederki eusten diona, eta ohargarriak dira horretarako erabiltzen dituen baliabideak. Aipatzekoa da, era berean, euskara batua finkatu aurretik idatzita egon arren, geroko batuaren taxukera duela haren hizkuntzak. Gauza bera gertatzen da Gabriel Arestirekin ere, bi sortzaile handi hauen estiloak izan baitzuen zerikusirik batuaren eredua erabakitzerakoan.

 

Obrak:

— Euskaldun zintzoen balada

— Paris-Beuret

— Behin batez. Zuberoan

— Ohiko Kainkoari

— Oinanone

— Gauaz parke batean

— Orhoituz

— Haur besoetakoa

 

Bilaketa