literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.110 idazlan
7.824 esteka / 6.299 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Esteban Urkiaga «Lauaxeta» Laukizen jaio zen 1905ean eta Gasteizen hil 1937an. Jesuitetako ikasle izan zen eta han zaletu zen euskararekin eta literaturarekin. Lagundia utzita, Bilbon Euzkadi egunkariaren euskarazko atalaren arduradun gisa aritu zen 1928tik aurrera. Abertzale militantea, mitinetan hizlari ere ibili zen Errepublikako urteetan, eta 36ko gerra iritsi zenean gudarien batailoietan. Gernikako bonbardaketaren ostean, kazetari atzerritarrei hango txikizioa erakusten ari zitzaiela, atxilotu egin zuten faxistek eta ekainaren 25ean Gasteizko kanposantuko hormaren kontra fusilatu.

        Lizardi bezala, euskal poesiaren berritzaile handia izan zen Lauaxeta, eta modernitatearen bide horretan hura baino aurrerago joan zela ere esan liteke; izan ere, Lizardik Europako joera berrietatik forma hartu zuen batik bat, eta Lauaxetak, aldiz, haien izpiritua ere bazuen: malenkonia moduko bat, poeta aparteko izakitzat hartzen zuena, gizartean osoki integratu ezina. 1931n kaleratu zuen Bide barrijak lehenengo poesi liburuan azaltzen du ondoenik egonezin hori, eta horren adibide bikaina da «Gaixorik nago» poema, liburua zabaltzen zuena.

        Aurrekoa bezain esanguratsua da bilduma ixten zuen poema ere, «Itsasora!». Bidaiaren metafora guztiz maitea du literatura modernoak eta horren agergarri da olerki hau ere, irakurketa ugari eta azpimarratzeko moduko alderdi asko dituena: esaterako, Greziako klasizismoaren zaletasuna, gorputz gazteen eta edertasunaren mirespena, estetizismoa, eta beti iraganera begira bizi barik etorkizunarekiko itxaropena. Neurri batean esan liteke foruzaletasuna negarti eta historizista den bezala, abertzaletasunak izpiritu berri bat dakarrela, baikorragoa eta herriaren indar eta borondatean konfiantza gehiago jartzen duena.

        Handik lau urtera eman zuen argitara bere bigarren liburua, Arrats beran. Honetan, poesia umoagoa dela esan liteke, helduagoa egilea, beti bilakaeran eta bilaketan. Tradizioa eta abangoardia uztartzeko saioak daude batetik (Espainian garai berean García Lorca egiten ari zenaren bidetik), abesti antzeko olerkiak eginez: honen adierazgarri duzu «Zelaian» izenekoa, erotismo eutsi baina indartsu bat dariona, euskal literaturan aski berria den sentsualitatea. Bestetik, gai sozialak tratatzen ere aitzindaria dugu Lauaxeta: ordurako urte asko ziren Euskal Herriko zenbait alde industrialdurik zeudela, baina euskal letrek bizkarra ematen zioten errealitate horri, meatzeak eta burdinolak arrotzak bailiran; «Langile eraildu bati» poeman gordintasunez ageri dira klase-borroka, greba, polizia ugazaben zerbitzura nola ari den; gordintasunez bai baina baita estetizismo apur batekin ere, ikuskizuna balitz bezala, egileari ere dagokion zerbait baino gehiago.

        Gai soziala bezala, abertzaletasuna ere agertzen da Lauaxetaren lanean, hala nola «Amaiur gaztelu baltza» poema ederrean. Ohar zaitez, bai olerki honetan bai aurrekoan, bi edo hiru atal bereizten dituela egileak, poema barruko kontaketaren egitura eta tentsioa maisuki zainduz. Amaiurko honetan bikainkiro ikus daiteke denbora-igarotze hori, errepikaren erabilerarekin: deskribapen ia berdinak baina pixkana aldatuz doazenak txandakatzen dira, Nafarroako erresumaren galera ekarri zuen gudaldia (1522) eta Errepublikako urteetan Hego Euskal Herriaren batasuna lortzeko zailtasunak uztartuz, analogiaz.

 

Obrak:

— Bide barrijak (1931)

— Arrats beran (1935)

— Olerkiak (1974)

 

Bilaketa