literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Joseba Sarrionandia Uribelarrea Iurretan jaio zen 1958an. Filologia ikasi zuen Bilbon eta gaztetatik hasi zen literaturaz eta zinemaz zenbait aldizkaritan idazten: Ibaizabal, Zeruko Argia eta batik bat Pott-en. 1980an atxilotu egin zuten ETAko kide izateagatik, eta kartzela-zigor luzea ezarri; hala ere, 1985eko San Fermin egunez ihes egin zuen Martuteneko espetxetik eta geroztik klandestinitatean bizi da. Kartzela baino lehen, bitartean eta ondoren, ordea, idazle izaten segitu du Sarrionandiak, eta kalitatearen marka nabarmena dute haren liburu guztiek.

        Sarrionaindia 80ko poesiaren berritzaile eta inspiratzaile nagusietakoa izan da. Bere lehenengo liburua, Izuen gordelekuetan barrena (1981) guztiz aipatua eta jarraitua izan da, bere ezaugarrietako batzuk direla eta, hala nola kosmopolitismoa, estetizismoa, erreferentzia kultural anitzak... Liburua ez da poemen bilduma hutsa, denen artean osotasun bat eratzen baitute, bidaiaren metafora, Europako hainbat hiritan zehar egindako ibilaldi moduko bat, bakoitzeko idazle eta erreferentzia literarioen aipamenak eginez. Literaturaren baitako erreferentziak norberaren idazlanetan sartzeko joera honi intertestualitatea deitzen zaio, eta arrakasta handia izan du gure artean urte luzez.

        Lehenbiziko liburu hartatik hurrengoetara aldaketa handia izan zuen Sarrionandiaren poesiak. Aldaketa nagusia, literaturaren iturria ez zela hainbeste liburuetan bilatzen, bizitzan bertan baizik, bitalago bihurtuz horrela bere poemak, beroagoak bestela esanda. Gainerakoan, lehengo bera da ederraren bilaketa nekagaitza, lehengo bera egilearen joera bere bidea libreki pentsatzeko, egindako arrastoetatik aparte.

        Estreinako liburu hartatik hartu ditugu hemengo lehenengo poema biak. «Esku ahurreko marrak» deritzanak ederki aski erakusten digu egilearen filosofiako ildo iraunkor bat: patuaren indarra, halabeharrari ihes egin ezina. Iruditeria aberatsa da, Atxagaren kasuan bezala, baina klasikoagoa nolabait, ez gizarte industrialari lotua. «Haigu» izenekoan nabarmenak dira lehen aipatu ditugun xehetasunak: kosmopolitismoa, estetizismoa, erreferentzia kulturalak...

        Kartzelaren esperientzia ez da nolanahikoa, noski, eta izan du bere eragina Sarrionandiaren obran ere. Hala ere, espetxea bera ez da gehiegi agertzen bere lanetan, batez ere bera barruan egon zen garaian (geroago argitaratu zuen Gartzelako poemak). Salbuespenetako bat da «Galtzetan gordetzeko koblak»; hala ere, erraza lukeen arren, ihes egiten die aipamen pertsonalei, panfleto kutsua har lezakeen edozeri; aitzitik, edertasun formal eta perfekzio tekniko izugarriko poema burutu du, naturaren deskribapen eta metaforaz betea, Etxepareren neurria berreskuratuz.

        Espetxearen esperientzia gogorra distantzia batetik ikusita, handik alde egin ondoren hasi da agertzen, bizi izandakoaren indar guztiarekin, poesia biluzi baina bere soilean bikainkiro landutakoan. Horren adibide da «Preso egon denaren gogoa» poema.

        Azken aldiko poesian era guztietako gaiak landu ditu Sarrionandiak (ikus Hnuy illa nyha majah yahoo. Poemak 1985-1995 bilduma); besteak beste, poesiari berari buruzko gogoetak. Horien erakusgarri txiki bat da poesiaren antologia ixteko balio digun «Proposamen poetikoa» deritzan testua.

        Prosan, berriz, ipuingintza landu izan du gehienbat eta esan liteke bera dela, Atxagarekin batera, idazlan-mota honek gure artean izan duen garapenaren eta arrakastaren arduradunetakoa. 1983an kaleratu zuen Narrazioak ipuin-bilduma, garai eta leku diferenteetan kokaturiko istorioen multzoa, bidaia, exotismoa eta magia bezalako elementuekin egundoko harrera lortu zuena eta lilura berezia eragin irakurleen artean. Haren ondoren etorri ziren, besteak beste, Atabala eta euria (1986) eta Ifar aldeko orduak (1990).

        Antologiarako bereizi dugun ipuina ezin aurki daiteke egilearen liburuetan. 1980an, atxiloketaren aurretik, zenbait testu idatzi zituen, beste hainbat sariketa irabazi zituztenak, poesian nahiz ipuingintzan. Ipuin horietako bat da «Enperadore eroa», hemen aurki dezakezuna. Egilea artean oso gaztea izan arren, bertan aurki litezke haren obraren funtsezko ezaugarriak eta bereizgarri nagusi duen goi mailako idazketaren artea. Ipuin klasiko bat da egituraz, ipuinaren barruan beste ipuin bat sartzearen teknikaz baliatzen dena (panpina errusiarrak edo kaxa txinarrak deitu ohi zaio baliabide honi, eta Mila eta bat gau bilduma arabiarrean ohikoa da); alde horretatik, nabarmentzekoa da nolako trebeziaz tartekatzen diren barruko istorio nagusia eta kontalariak entzuleari egiten dizkion galde, dei eta oharrak, aipatzekoa den bezala ipuin osoari darion estetizismoa. Bestalde, Txinan gertatzeak eta ipuin-kontalari txinar baten ipuin gisa azaltzeak Sarrionandiaren hasierako idazlanetako beste ezaugarri bat oroitarazten digute: exotismoa eta kosmopolitismoa, hain zuzen ere. Azkenik, aipa dezagun gaia bera, egilearen geroko obran ere behin eta berriz azalduko diren zenbait motibo hemen baitira jadanik, hala nola isiltasunerako tentazioa, iheserako joera, edertasunaren bilaketa, eta boterearen aurrean inoiz ez makurtzea.

 

Obrak:

— Izuen gordelekuetan barrena (1981)

— Narrazioak (1983)

— Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985)

— Atabala eta euria (1986)

— Ni ez naiz hemengoa (1986)

— Marinel zaharrak (1987)

— Marginalia (1988)

— Ez gara geure baitakoak (1989)

— Izeba Mariasunen ipuinak (1989)

— Ainhoari gutunak (1990)

— Ifar aldeko orduak (1990)

— Gartzelako Poemak (1992)

— Han izanik hona naiz (1992)

— Ez gara geure baitakoak (1993)

— Hnuy illa nyha majah yahoo (Poemak 1985-1995) (1995)

 

Bilaketa