literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Peru Leartza'ko

 

Ibon Sarasola

 

«Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza»

Kriselu, 1975

 

        «Peru Leartza'ko», Txillardegiren bigarren nobela, 1960.ean argitara zen, lehena baino hiru une geroago. «Domingo Agirre» sarira presentatua izan zen 1958.ean. Saria Erkiagaren «Araibar Zalduna»k irabazi men, «Peru Leartza'ko»ari aipu bat ematen zitzaiola.

        Txillardegiren bigarren nobela hau lehena baino erdi bat luzeagoa bada ere, bi nobelok gauza asko dituzte amankomunean. Biak lehen pertsonan idatziak daude: hauk dira, hain zuzen, gaur arte lehen pertsonan idatzi diren euskal nobela bakarrak. Bestalde, «Leturia-ren egunkari ezkutua»k euskal-nobelagintzara ekarri zituen elementuak «Peru Leartza'ko»n aurki daitezke berriro. Horrela, erreferentzi literario eta artistikoak hartan bezain ugariak eta gehiegizkoak dira honetan: Bergson (24. orrialdea); Unamuno (26. o.); Gide, Hamlet (27. o.); «Thérèse Desqueyroux» (46. o.); Camusen «Atzerritarra», Gideren «Janari Berriak», «Thérèse Desqueyroux»i buruz gomentario bat (47. o.); Nagasaren «Milindapanha», Gide, Camus (48. o.); Graham Greene (57. o.); «Figaro Littéraire» (60. o.); Teilhard de Chardin (70. o.), «Platero y yo» (78. o.); Gide (94. o); Gide berriro (97. o.); Sisleyren kuadroak (112. o.); Sisley berriro (139. o.); Nietzsche (139. o.); «Samyutta-Nikaya», «Milinda Pânha», Visuddi Magga», «Dhammapade», «Upanishads» eta beste holako asko, Gide, Camus, Huxley, Malraux, Moravia «eta abar» (145. o.).

        Giro urbano baten adierazgarri formalak, Leturia-ren egunkari ezkutua»koak baino nabarmenagoak dira: ofizina, «guatekeak»: «fox» eta «samba»rekin, «Cabiriaren gauak» pelikula, kabaretak («Baino-Dancing», «Hollywood», «Soloarte», «Maitetxe» eta abar), Rosa Duclair eta Rita Smith delako kantariak, sasi-manpiresak (sic), whisky eta koktelak.

        «Peru Leartzarko» ere nobela «mamitsu» bat da. Baina «Leturiaren egunkari ezkutua»ri aurkitzen genizkion akatsak hontan zeharo areagotuta aurkitzen dira. Nobelaren hitzaurrean A.-k dioenez:

 

        «... igarokortasunaren oiñazeak erdibitzen du Leartzaren biotza.

        Lanegin bearra sasi-kezka bat da: bereala ikasten du Leartza'k.

        Dana dijoa, dana iraungintzen da, dana ahaztutzen da; dana, ahatik, alperrik da. Danak dakarki gerora tristura eta dolorea. Orra or Leartza'ren irteera eta benetako kezka. Orra or liburuaren kakoa.

        Sustraiezko sentimentu orri, beste batzuk erasten zaizkio gero; eta au batez ere: gure nortasuna, gure «nitasuna», gure «ni» au, egiazkoa al da? Ez ote gera amets bildurgarri baten jopu?»

 

        Ez dakigu nor ezkutatzen den «A.» horren atzean (ez ginake harrituko Txillardegi bera, zuzenki ala zeharka, balitz), baina uste dugunez, nobelan gauzak konplikatuagoak dira. Eta hauzi hau erabakitzeko obra da aztertu behar dena. Zeren literatur-kritika ezin da arduratu egileak egin nahi zuenaz, baizik egiatan egin duenaz, obran lortu duenaz. Autoreak edo bestek eman dezakeen pistek eta argitasunek azterbide-balio bat dute soilik, ez dute besterik obran egiaztatzen ez diren bitartean, Orobat esan daiteke hitzaurre bertan ematen zaizkigun justifikazioez:

 

        «Aieru eta uste auek txit zabaldurik daude (...)

        Leartza-ren tentazioa guztiz egiazkoa da, gaiñerakoan.

        Aita Taysmann jesuitak, etsistentzialismoaren eta budismoaren arteko gora-beherak xehetasunez aztertu ondoren, au dio: Joera bizia dago Europa'n budismoaren alde. Eta «ziorik sakonena auxe da: antz arrigarria dutela Buda'ren pentsakeraren joerak eta gaur gure erresumak astintzen dituzten pentsakera batzuk. Etsistentzialismo batzuk eta budismoak dituzten antzak ain dira aundiak, ezen batarekiko sentitzen dan atseginak bestera eramaten baitu».

 

        Guzti hau egia dateke, baina era honetako arrazoiek eta argudioek ez dute zer-ikusirik nobelarekin, eta, noski, ezin dute nobela bat justifikatu. Nobela baten justifikazioa, nobela bezala, obran bertan egon daiteke soilik.

 

        «Peru Leartza'ko»k, estrukturaren aldetik, ez du taxuketa ongi finkatu bat. Egilearen hirugarren nobelan gertatzen denaren antzeko zerbait gertatzen da ere honetan [1]. Nobela Gandhiren aipu sintomatiko batez hasten da:

 

        «Ezin diteke esan makiñak egiten ez genekienik; baina gure asabak bazekiten arreta orrelako eginkizunetan jarri ezkero, jopu biurtuko giñala, eta Moralaren sena arras galduko genuela. Orrengatik, eta luzaroan gogoeta eginda gero, geure eskuen eta geure oiñen bidez egin ditezkean gauzak egitea erabaki zuten. Eta ez besterik» (V o.).

 

        Hau irakurri ondoren, badirudi makinismoaren aurkako obra baten aurrean gaudela. Hitzaurrearen zati batek ere horrelako zerbait adierazi nahi digu:

 

        «Makinismoaren atsekabea eta iguiña, berriz, oso edatua dago gure artean. Gandhi, orregatik, beste bidearen aintzindari agertzen da; eta aintzindari aparta eta paregabea dan ezkero, askok senti dute sorkalderako deia» (X o.).

 

        Baina nobelaren lehen kapituloan beste problematika bat (azalean antzekoa baina sakonean oso desberdina) aurkitzen dugu: bere lana gustatzen ez zaion ofizinista batena. Ordea, arrazoiek maila honetakoak dira: Olejuaz (nagusi-ordezko topiko batez) sentitzen duen iguina, dirurik-eza... Horrela, ofizinatik ateratzean, hau da bururatzen zaiona:

 

        «... Kontua eska (nolako atsegiña, Jainkoa) eta ara sekulan ez itzul; Zuntzarri'tik Ameriketa'ra joan; lan berri bat Zuntzarri'n bertan arki, eta Olejuari utz...» (4-5. o.).

 

        Dirudienez, ez du lanaren kontra ezer. Ondoan datorren «guateke»an, «nolabait jolastutze arren, gauza arrigarriak» (6. o.) kontatzen hasten da, itxurei buruz batez ere. Ondorengo afarian Jainkoari eta fedeari buruz. Berriro, Monique dela eta, Olejuari buruz mana pertsonalean ari da. Gero, bizi zen tokiaz «Naiago nuen edozein gauza, zulo illun antan sartu baño» (17. o.). Lanari buruz ondoren:

 

        «... Badator berriz ere eguneroko zurrunbilloa: jaiki, lanera, bazkaldu, lanera, gaua eta berriz ere dana. Beti bat. Goizean esnatu, eta arratsaldeko zazpietan gogoa; egun guzian bizi ezbaña iraun eta itxoegin. Eta zazpietan, berriz, bereala aspertu, zen egin jakin gabe askotan. Eta bereala gaua; eta afaldu bearra, eta abar. Eta berdin ere biaramunean. Bein eta berriz eta milla bider berdin. Astean bein atsedenalditxo bat: igandekoa. Segundu motz bat; eta mende bat gero Olejua eramaten, paperak kopiatzen, txatxukeriak entzuten...» (21. o.).

 

        Aurrera jarraituz, Xabierrekin hizketaldia, beste zenbait gauzaren artean, bizitzaren zentzuaz. Marinelaren pasartea, klaustrofobiaz eta haren ondorioaz. Hemen ere lanaren gaia azaltzen da, baina alde patolojiko batetatik ikusita, erotasunaren problema jeneralarekin bukatzeko. Berriro Olejuarekin istiluak, maila pertsonalean orain ere, sakonago jo gabe. Lanetik botatzen dutenean «libre negok» (42. o.) esaten dio Xabierri. Beste lan batetan hasten da «Beste erremediorik ez zegoen» (52. o.), lan hau ere ofizina batetan.

        Tenore honetan, sortaldeko erlijioek ezagutzen ditu. Lanaren problematika bizitze-mailan planteatzen jarraitzen da:

 

        «... Lanetik oera, eta oetik lanera; besterik deus ez.

        Bizirik iraun arren, ni enintzan bizi. Illik nintzan eta neronek enekien» (56. o.).

 

        Ondoren datorren hizketaldia Xabierrekin, heriotzari eta heriotz-ondoari buruz da. Bat-batean eta besterik gabe loteria tokatzen zaio. Lana uzten du. Negozio batetan sartzen da, ia lanik egin gabe bizitzera uzten diona. Indiako erlijioez irakurtzen du eta «oreopitheko»az arduratzen da. Xabier hiltzen da: «Bapatean utsa iruditu zitzaidan nere sasi-bake erosoa; Allande Luzarraga ero bat, eta ni neu ere, zer? Utsa» (81. o.). Lanean diru asko irabazten du, baina «zertarako dirua?» (88. o.). Allande bere sozioaren kritika:

 

        «... Zertarako bizi zan? Erantzun errexa: dirua irabazteko. Eta dirua zertarako? Ori bai txatxukeria: dirua dagoen gauzarik ajolatsuena dalako. Dirua da absolutoa, ots dirua da guzien kakoa, asiera eta amaia» (91. o.).

 

        Allanderekin haustea erabakitzen du: «Gure ondasunen jopu egiazkoak giñan» (92. o.). Hauste hau nobelaren bi herenak pasa ondoren gertatzen da, Allanderekin duen elkarrizketa luze baten ondoren (pasarte honetan galaxien fotoez ere hitzegiten da).

        Gehiago lanik ez egitea erabakitzen du. Orduan (eta ez «bereala» A.-k dioen bezala) ematen zaigu aditzera hitzaurregilearen iritziz nobelaren giltza:

 

        «... Orduan ikusi nuen garbi lehenengoz: etorkizunaz ez dakigu tutik, eta unea ustiatu bear da goitik behera: "aldi joana ezta itzultzen", eta galdutako era ere ez. Lanegin-bearra, berriz, ez da sasi-eginkizun bat besterik: Allande topatu arte enekien au.

        Eta dirua? Dirua bear da ta... Lanegin bearra zigor bat da; baña ez lanagatik beragatik, geure burua eta geure egiazko prolema izkutatzen digulako baizik. Eta,, zein da au ba? Onatx emen: denboraren igesa.

        Eta enuen gehiago pentsatu: denbora arin dijoa, eta etorkizuna gaitza da berez. Erabakitzeko etzan besterik bear.

        Eta horrela bukatu zen nire lan-aldia» (98. o.).

 

        Orduan, «kasualiutatez», Monique aurkitzen du, denboraren igarokortasunaren lekuko. Ondoren, burusoilaren pasartea, gizonaren animaliatasunaz. Amets bat, gazteriako oroitzapenak, marinelaren heriotzea, gaxotasun bat... 125. orrian sonanbuloa dela konturatzen da eta, ondorioz, bere nortasunaren bitasunaz. Erotzen hasten da, amets bitxiak ugaritzen zaizkio, bere «oreopithekoaz» baizik ez du pentsatzen. Zituen liburuak erre ondoren, suizidio-ahalegin alfer batez bukatzen da nobela: «Burutik egiña dago. Eraman zazute emendik» (152. o.).

        Nobelaren gai-azterketan hainbat hedatu bagara, bidenabar obrak agertzen duen gai-ugaritasuna nolabait ikus-arazteko izan da. Alde honetatik, «Peru Leartza'ko» «guztiaren summa» baten antzeko zerbait gertatzen da: ez da ia gairik nobela labur honetan ikuitzen edo aipatzen ez denik. Eta kondizio hauetan zaila de, oso zaila, nobela bat taxuz burutzea. Eta zailtasun hau areagotu egiten da autorea Txillardegi denean. Zeren «Peru Leartza'ko»n jabetzen baikara, hain zuzen, Txillardegik nobelista bezala nabaritzen dituen mugez eta limitazioez.

 

        «Peru Leartza'ko»ko pertsonaiak topikoak dira, ia batere matizaziorik gabekoak. Olejuari, haserretzen denean, «sua dario begietatik» (2. o.); halaber, Barrota «su eta gar» (67. o.) jartzen da. Allandek, nagusi diru-zale batek esan behar dituen topikoak esaten ditu: ez bat gehiago eta ezta bat gutiago ere. Berdin esan daiteke beste pertsonaiez. Txillardegiren pertsonaiak, bigarren nobela honetan ikusten dugu klarki, ez dira egiazko gizakiak, baizik autoreak, nahi duen erara, nobelari sor zaion begirunea errespetatu gabe erabiltzen dituen gauzatasunik gabeko marionetak. Tesis aurreburutu bat desarroilatzeko bide artistiko bezala ikusten du Txillardegik nobela. Ikusmolde oker honen ondorioz, Xabier, Monique, Olejua, Barrota, Allande eta Peru bera ez dira tesis hori gauzatzeko behar den argumentuaren eta egoeren sostenguak besterik. Hau da, aurrena, ez egilearen buruan bakarrik, baizik nobelan bertan ere, tesisa da: Pertsonaiak autonomiarik gabeko, «gorputz»ik gabeko iratxoak dira, autorearen borondatearen menpean nabarmenki daudenak. Pertsonaian pertsonatasuna ez da nobelagintzaren ondorioa, baizik aurretik erabakita dagoen zerbait. Ez gaituzte pertsonaiek tematikara zuzentzen, alderantziz baizik. Honekin, irakurle ohartu tesis batzuek «inposatzen» ari zaizkiola ohartzen da. Autoreak ez du hogeigarren mendeko nobela on batek eskatzen duen «objetibotasuna» lortzen [2]. Hitz batez, esan dezakegu hemeretzigarren mendean erabiltzen zen nobelatze-era baten aurrean gaudela, gaur egun guztiz desegoki eta desbidetuki gertatzen den era baten aurrean.

        Objetibotasun faltak dakarren astuntasuna nolabait gainditzeko, hots, irakurlearengan interesa sortzeko, espresionista deituko dugun desitxuratze batez baliatzen da autorea. Horrela esplika daiteke, adibidez, admirazio-zeinu hirukoitzen ugaritasun ikaragarria (narrazioaren mailako huts bat ortografiaren mailan konpondu nahi balitz bezala). Teknika hau, askotan, mamiaren aldetik oso ahulak eta azalezkoak diren hizketaldiak «salbatzeko» erabiltzen da:

 

        « Zergatik ez dute illak piztutzean ezer esaten beste mundukoaz?

        Baña au ez duk il. Ortaz, etzegok zer miretsirik.

        Noiz asten da, abatik, eriotza? Noiz il da gizona?

        Etzekiat. Baña miriku ori, segur egon adi, ez duk il. Etzekiagu nola egon dan, baña bere arimak ez dik gorputza utzi.

        Baliteke nik, eztenka gaiztoan.

        Eskierki berak. Biotza gelditzea ez duk aski, nik uste.

        Ilda gero utsera ba ginjoaz, ez genikek itzegingo. Ez al duk uste? galdetu nion kezkatu naiean.

        Ala duk berak.

        Eta biotza gelditu zaienak ez ditek itzegiten...

        Kezkatu egin zan. Bistan zan.

        Eta nik, biotza arintzen zitzaidala, eta amorruz beterik bezela orduan:

        Eta Lazaro'k ere ez!!!

        Izutu egin zan Xabier» (60-61. o.).

 

        Helburu bera dukete nobelan agertzen diren era guztietako gehiegikeriek eta nabarmenkeriek, adibidez:

 

        «Nola zer? ekiten zion Olejua'k nik baño ere goragotik Nola zer? lepoko zañak lehertzeko zorian aundituta. Norentzat naukak, txoro orrek? Gaur bereon jakingo duk dana, alajainkoa! Baña bitarte ontan, nik agintzen diat emen. Etxe ontatik atera artean neu nauk burua, neu!!!...

        Eta "neu" esaten zuala, sekulako ukaldia eman nere maiaren gaiñean, eta autsi egin zuen. Zulo bat agertu zan...» (3. o.).


        «Adi zak nik berari, emendik aurrera egin zak ire ama eure oakide, baña nitzaz ez duk parrerik egingo!!!

        Eta, esate berean, sekulako ukaldia eman nion sudurrean, atzeraka lurrera botiaz.

        Eldu egin ninduten. Odoletan zan Olejua. Odola ikusita gehiago sutu nintzan, eta kolpe batez elduta ninduten bi lagunak jaurtiki nituen atzera, eta alki bat artu nuen bi besoez. Jotzera ninjoalarik berriz lotu ninduten lau edo bosten artzen» (36. o.).

 

        Autorearen beste mugatasun bat, pasarte askok nobelan hartzen duten funtzio adierazlean datza. Txillardegik, pertsonaiez gainera, pasarte asko zuzenki tesisaren haria frogatzeko ezartzen ditu, hots, tesisaren boterea gertaeretara ere hedatzen da. Horrela, nobelaren hariari atxikiz, ez dakigu ongi nola ikusten duen Leartzak egiazko problema denboraren ihesa (98. o.) dela. Honen ondoren datorren zatian, «kasualitatez» (Frantzian bizi da eta gutienez duela bost urte ez dute elkar ikusi) Monique aurkitzen du Peruk Aduaga-Parkean. Halabeharrez, topaketa honetatik Peruk ateratzen duen ondorioa denboraren ihesaren froga bat da:

 

        «... baña... etzan ura, etzan "nere" Monique. Au beste bat zan, denborak bilakatu zuena ain zuzen. Barne-zirrara sentittu nuen. Zenbat urte pasa zan alkarrekin ibilli giñanetik? Bost? Zortzi? Enekien. Enuen jakin nai. Etzidan berak ezer aipatu gure bolada artaz; baña atsegiña biok artzen genuela uste dut. Atsekabe atsegiña zan, gozo mingotsa; denbora pasea zalako tristura unkigarria. Ni enintzan "bere" Peru, ezta bera ere "nere" Monique; aiek biak illik ziran. Eta gure miña uraxe zan: betirako il giñalako segurantziari zegokiona» (99. o.).

 

        Zenbaitetan, nobelaren azken-aldean batez ere, pasarte osoa zatiaren amaieran ateratzen den ondorio ideolojikoak (hitzaren zentzurik zabalenean) justifikatzen du soilik. Bestela ez luke sentidurik izango. Hau nabarmenenik eta argienik buru-soilaren pasartean (103-104. o.) ikus daiteke. Aurreko zatian denboratasunaz mintzatu ondoren, honela hasten da: «Burusoil batekin itz egin nuen» eta buru-soilaren deskribizioa egin ondoren horrela bukatzen da lehen parrafoa: «... kiñu bat atera zitzaidan ziplo: alimalia soil baten burua nekusen». Zenbait gogoeta (bere bizitzeko oroitzapenez: buru-soila ez da ezertarako azaltzen) aditzera eman ondoren, horrela amaitzen du:

 

        «—Eta alako zerbait zen ura ere: etzan illea, ille asko baizik, eta kontagarri; etzegoen alegia, adatsik edo mototsik: ille edo billo aleak ziran.

        Alimalia soilla zan gizona, ortaz, ille asko ez baña gutxi duena. Eta bere ataletan arpegia eta kaskoa ditu iguingarrienak.

        Zergatik ez dugu beraz bizarra aunditzera uzten? Obe genuke, gure alimali-larrutasuna pittin bat bederen estal zedin» (103-104. o.).

 

        Beste kasutan bezala, ondorioaren pobrezia intelektualak areagotu egiten du pasartearen efekto okerra.

 

        Limitazio hauekin eta «Elsa Seheelen» aztertzean (han nabarmenago agertzen baitira) ikusiko ditugun beste zenbaitekin, oso zaila zen Txillardegirentzat «Peru Leartza'ko»ren tankerako nobela bat taxuz burutzea. Horrela, ezin esan daiteke donostiar nobelariaren bigarren obra hau nobela lortu bat denik. «Leturiaren egunkari ezkutua»rekin konparatzen badugu, diferentzia nabaria da. Lehen nobela hobeki egokitzen zen autoreak nobelari bezala erakusten zituen dohain eta limitazioei. Haiek hobeki probetxatzen zituen eta hauek (problematika homojeneoago batez baliaturik eta egunkari forma erabiliaz) ez ziren hain nabariki mostratzen. Bigarren nobelan alderantziz gertatzen da. Txillardegik ez du asmatu bere bertute nobelistikoak zentzuz ager-arazten eta probetxatzen, eta bestalde mainiaren ugaritasun itxuragabeak eta egoeren eta gai erabilien bateratasun faltak gainezka egin dio egileari, gainditu egin du momento askotan, gehiegitan gauza onerako. Honen ondorioz, irakurle ohartuak ez du, batez ere azken partean, nobelaren haria atxikitzen, ez du Peruren problematika seriotan hartzen, ia farregarri iruditzen zaio. Desitxuratuegia, arrotzegia, hitz batez, faltsoa gertatzen zaiolako.

        Zentzu hau dute gure ustez J. S. Martinek «Nobelarientzako oiñarri batzuek» lanean dioena: «bera bizi ezten prolemak artu izan ditu, ta ori oso gaitza da ongi erabiltzeko» [3]. Hots, S. Martinen hitzok horrela hartu nahi ditugu (eta uste dugu interpretazio hau zilegizkoa dela): «Peru Leartza'ko» obra nobela-mailan ikusten badugu, badirudi egileak ez duela lortu nobela batek eskatzen duen egiantzekotasuna, eta bizi ez dituen problemez ari dela ematen du.

        Guzti honek ez du esan nahi Txillardegiren bigarren nobela honek ez duela ezer onik. Baina alde positiboak, han-hemen aurki daitezkeen zenbait xehetasun eta diztira laburretara mugatzen dira batez ere. Bestalde, «Leturia-ren egunkari ezkutua» legetzen zuten elementuetatik bat (beharbada garrantzitsuena) falta da hemen: berritasuna. «Peru Leartza'ko» argitaratu zenean, asimililatuak zituen eta bereganatuak euskal-nobelagintzak «Leturia-ren egunkari ezkutua»k ekarri zizkion molde eta giro berriak. Beste pauso bat eman behar zen aurrera (kalitate-maila igoko ez bazen). Baina ez zen, ikusten dugunez, horrelakorik gertatu.

 

        [1] Aurrerago ikusiko dugunez, «Elsa Scheelen»en barrenean (Jose Azurmendik, publikatu ez den lan batetan, lehenik ikusi duen bezala) gutienez bi «nobela» gauzatzen dira.

        [2] «Objetibotasun» hitza komatxo artean jartzen dugu konturatzen garelako nobela bat, nobela izateagatik beragatik, ezin daitekeela objetiboa izan. Adierazi nahi duguna itxura-problema bat da; egia-itxura bat, objetibotasun-itxura bat lortu behar da irakurlearen aurrean, nobela, nobela bezala, efikaza izango bada. Hori, nobelaren mundua narrazioaren estrukturatik bertatik sortzen denean gertatzen da soilik.

        [3] «Jakin», 17, (32. o.) J. S. Martinek berak dioenez, hitz hauek «Peru Leartza'ko» ri buruz pentsatu ziren. Ohar hori, «Egunero hasten delako» nobelaren hitzaurrearen seigarren orrialdean 1. Sarasolak zioenari («Uste dut bizi dituela Txillardegik bere nobelatako prolema eta egoera gehienak, eta egin dituen extrapolazioak legezkoak direla») erantzun bat da. Eta hemen aztertu dena ikusirik badirudi arrazoia San Martinekin dagoela «Peru Leartza'ko»ri dagoikonez. Dena dela, ikusi dugunez, problema ez dago hor, baizik gure artean P. Urkizuk «Literatura eta Kritika» liburuaren 148. orrialdean dioen bezala, «idazleak proposatu dituen egiturak ongi iritxi dituen ala ez aztertzean».

 

Bilaketa