literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Manex Erdozaintziren olerkia bere mendean

 

Piarres Xarritton

"Manex gogoan"

Maiatz, 1995

 

        Manex adixkide olerkaria joan zaigunetik, Xurtebetetzea jitearekin, haren «Hinki Hanka» berreskuratu dut eta ohartu naiz, aintzin solasean berean poesiaz mintzo delarik, poetak berak erraiten digula zer den harentzat poesia: hots, «gauzen eta izakien bereiztea eta ez arrunt ahazteko haien izendatzea», becte deusik ez dela poesia.

        «Betikotz galdu ditugunak eta urrunduz joaki zaizkigunak ez nahiz ahantzi» sortzen omen da beharbada gugan, Manexen arabera, poesia: «Iragana eta geroa oraino lotu nahi lituzkeen amets bat bezala».

        «Bainan neurriak badira bizian, ongi finkatuak, irakasten eta ikasten direnak, beraz jakin eta segitu behar direnak, gainditu behar ez direnak. Eta neurriak badira ere kutxa baten barruan poesia errexiarazteko...».

        «Errexiarazteko», Manexen etxeko hitz horrek Oztibartarra ez den irakurlea durduza dezake eta orduan, Pierra Lhanden hiztegia hartzen badugu ohartzen gara «erresitzea» dela erdaraz: «consommer avec prévoyance et maintenir les convoitises excessives» («moderarse, domar»).

        Menturaz erran nezake izarian eta jakituz bezala hartzekoa dela zenbaiten ustez, bainan ez Manexen aburuz. Honen hitzetan «ezin errexitua da poesia, neurrietarik kanpo doaetadabila, ametsaren bidez». Zeren bakoitzaren bizitzeak dakarren tirabiraren gunea baita eta horren elhea, olerkia.

        «Tirabira» eta «drama» eta «borroka» horiek —hiru hitzak Manexenak dira— ez ditu beraz poetak ixiltzen ahal, horiek dira haren ele, hitz eta berbaren funtsa. Gehiago oraino, ahal bezala, haztamuka eta «hinki hanka» iragan dituen ateka gaitzen artetik pizturik atxiki du poetak esperantzaren argia.

        Manexekin duela 30-10 urte bizi izan genuen historia horren lekukoetarikbat bezala nahi nuke laburki gogoratu zer izan ziren urte horiek.

        Orai gure filosofo bezala ezagutzen dugun Jose Azurmendi Otaegi, poeta ere izan zen bere gaztaroan zentsuratu zioten «Manifestu Atzeratu» famatu hura ateratu zuelarik: Badakizue menturaz nola idazten zuen:

 

                «Gure herriak ez dauka kondairarik

                Potrea da. Ez dauka

                pirata koxkor pare bat,

                langile sofritu batzuek,

                muga zentzugabe asko, mila zorigaizto

                besterik...

                Ez da bilatu kondaira unibertsalen

                liburu handietan gure inperiorik...

                Bainan libre izan nahi dugu,

                zer kulpa daukat nik?»

 

        Iduritzen zait hitz horiek laburbiltzen dutela gutarik askok bezala Manexek bere Oztibarreko balean bizi izan duen esperientzia historikoa.

        Ezen egia da historia unibertsaleko gertakarien hotsak eta ziliportak heltzen zirela mendeetan barna Ibarla Pekotxeraino, baina zer oihartzunekin?

        Ikus dezagun bada Santiagoko Bide ospetsua orai hainbeste goraipatzen dena eta Izurako juntatik iragaiten zena. Hark omen zion ekarri Frantziako literaturari bere lehen obra nagusia «La Chanson de Roland», ordukotz Frantziaren ospea gezurretan oinarritzen duena, «euskaldun-sarrazindar» gaiztoaren estereotipo beltza asmatuz.

        Geroago auzoko Galtzada Burun gaindi iragan diren gerla gizon guzien aipatzerik ez da, hala nola Akitaniako Ritxard Lehoin Bihozdunaren, Nafarroako errege ta erregina katoliko edo protestanteak, Frantziako terroristak eta Napoleonen soldado salbaiak, gure Munjuluse eta Garruze, Luzaide eta Urdazubi, Irunea, Ziburu eta Donostia, herriak, hiriak eta herrixkak oro aldizka larrutu, erre eta suntsitu dituztenak.

        Ez ditugu ere zehaztuko Agarramunt eta Biamunt, Sabeltxuri eta Sabelgorri, herritarren artean izan odolixurketak, ez eta ere urrungo leihorretan ala Montevideoko gerla handian ala Solferinoko sarraskian, XIX. mendean hiltzera ereman dituzten gure asaba eta osabak. Bainan azken mende honetan berean badakit nik segurik gerla solas besterik ez digula ekarri historia unibertsalak gure etxeko belaunaldiko bakoitzari.

        Hasteko gure aitatxik ikasi zuen frantses apurra hauxe izan zen: «Nous irons tous à Berlin casser la gueule, casser la gueule à ces sales prussiens!».

        Gero etorri zen 14eko gerla, gure aita zenarena, lau anaiek egin zutena, batek bizia han galdu baitzuen.

        Bere espantu guziengatik, 40an Frantziak berriz haste zuen eta gure begiz ikusi genuen haren armada ederra leher eta zapart egina eta hogoi une lehenago sekulakotz ehortzia zuen Aleman etsaia gure etxeraino jaun eta jabe sartua.

        Gero, Amerikanoen laguntzarekin bere jabetasun doi bat berreskuratu orduko frantses estaduak berriz sua pinten zuen Indoxinan behin, eta Afrikan gero. Gure anaia gazteak frantses inperioaren zaintzera deituak ziren «de Dunkerque à Tamanrrasset».

        Eta ez dezaket ahantz nola gure aintzindari mota guziek, estaduko, armadako eta elizakoek bat egiten zuten politika beraren sustengatzeko. Urte haietan euskaldun gazteria katolikoaren arduradun izanik, beti oroituko naiz euskaldun gazte baten Algeriako letra bat prediku alkitik irakurri nuelakotz, nola berehala protestak entzun nituen eta ondoko igandean apezlagun bat igan zen prediku alkira nik frantses armadari egin omen nion laidoaren barkamena eskatzeko.

        Printzipioz alabaina ikasia zinuen elizak ez zuela politikarik egiten, baina gero ohartzen zinen Urkoiko apezak ez zuela politikarik egiten, apezek ez dutelako politikarik egiten; Hazparneko erretorak ordea politika izpi bat egiten ahal zuen. Hazparneko erretora baitzen; Baionako apezpikuak berriz puska bat gehiago egin zezakeen, prefetarekin nahi ala ez harremanak baitzituen eta aita sainduak azkenean, iragan kontzilioak erranik ere herri bat edo, populu bat dela eliza, estadu buru baten itxura guziak atxikitzen ditu eta haren nuntzioak estaduen enbaxadoreekin kurutzatzen dira edozein herritar, apez edo fraide edo serorarekin baino errazkiago.

        Alta bada XVI. mendeko teologo handi batek, Frantsis Bitoriakoak, errana zuen: «Papa non est dominus mundi», «aita saindua ez da mundu osoaren jabea». Ez eta funtsean enperadorea ere ez da mundu osoaren jabea. Baina ororen buru, dela estaduaren dela elizaren, berdinak edo, bederen berdintsuak dira administrazioen problemak, orduan eliza buruzagi batzuekin nituen gatazkaren lekuko gertatu ziren ene bi adixkide maitagarri «agnostikok» ohartarazi zidaten bezala. Beti botere problemak dira. Boterea duenak beti aurkitzen baititu bere zerbitzuko legelari edo, kanonistak, haren erabaki guzien zuzenesteko argudioak asmatuko dituztenak.

        Bizkitartean Manexen historiari eta haren idazkiei so bat egiten badiegu, badut iduripena 70eko hamarkadaraino bederen bere Herriak, gure Euskal Herriak eta munduko herri zanpatuek munduko inperio indartsuen aurka burua altxatzeko zeramaten guduketan duela parte hartzen: «Hinki Hanka» liburuak biltzen dituen orduko hainbeste olerki lekuko: «Presuner ohiak», «Populu bat xutik», «Herri bat», «Santiagorako bideak», «Askatasunaren amets zohardia» eta beste...

        Ikusi behar da urte haietan, Manexek haurrean etxen ikusiak, gaztaroan eskoletan jasanetik ikasiak, geroPariseko «boulevard» eta «avenue» largo luzeetan kurutzatu puxant, jakintsun, buruzagi, kargudunak eta haien mutil armadako, unibertsitateko, elizako eta poliziakoak.

        Euskadiko karrika beltz, ilun, arriskutsu, madarikatuetan loretzen hasi askatasun liliak, bere anai frantziskotarrek Bordelen eta Arantzazun argitaratu «Frères du Monde» eta «Jakin» aldizkarietan irakurriak, hots euskaldunek «besteak bezalako populu bat» eta ez «paria eli bat» izan nahi genuela mundu osoari ozenki Burgoseko auziaren egunetan adiarazten genion oihu hura bera dutela aldarrikatzen olerki horrek.

        Ezin dugu ahantz halere, duela ez aspaldi, aita de Lubac-ek ziren bezala, «beste imperialismo guziak baino gaitzago dela Izpirituaren inperialismoa» eta gaurdaino gaitz horrek kalte izigarriak egin dizkiola gure ama elizari.

        Hain zuzen badut uste historia horren kapitulu mingarri bat bizi izan duela gure anaia Manex zenak bere biziko azken hamarkadan. Pentsu dut bere ordenaren barnean Manex kargutan izan den eta, beraz, elizako beste kargudun batzuen aurrean gertatu den urteetako prosaz edo pertsutan utzi lekukotasun gordeak izanen direla, noizpait argitaratuko direnak. Nihaur hastapen hartan «Fededunak» deitu batasunaren lekuko izanik, gero Parise ta Montréal-eko itzuliek urrundu baninduten ere, ez nagoke bururatzean dakitanetik hitz bat erran gabe. 70eko hamarkadaren lehen urteak ziren, Pariseko 68ko inarrosaldia iragana zen, bai eta Burgoseko auzia ere. Euskal Herriko elizaren barneko irakinaldia hasia zen eta ordukotz Baionako «Euskaldun Gazteria»-ren leherketa gertatua (ikus Philippe Maytek Bordele IR.eko historia sailean 1992ko azaroan aurkeztu duen ikerlana: l'Eskualdun Gazteria des années 1930 à la fin des années 1970).

        Hona non Seminario Handiko gelen barnera sartzea den iraultza berriaren ekaitza. Hain zuzen Erromako apezpikuen Zinodoak, lehen aldikotz guk dakigula, elizaren dokumentu ofizial batean aitortu du abertzaletasunak ez diola baitezpada poxelurik egiten mundu osoko populuen elkartasunari, izaitekotz ere nazionalismo argitu batek —frantsesez «un nationalisme responsable» erraiten da: SYNODE DES EVEQUES 1971, «LA JUSTICE DANS LE MONDE, PARIS, CENTURION», 1971, p. 53-54— eman diezaioke edozein herriri bere nortasunaz jabetzeko behar duen hatsaren indarra.

        Ez da zorigaitzez Baionako apezpikutegiraino heldua Erromako katixima berria eta aintzineko bidetik erabakitzen dute seminariotik kanpo ezarri behar direla lehen bai lehen euskal nazionalismoak —ez frantses nazionalismoak, jakina, ez baita alabainan munduan nehun nazionalismo frantsesaren arrastorik ageri— hots abertzaletasunak beraz kutsatu dituen euskaldun apezgai guziak. Eta garbiketa horretan parte hartu nahi ez duten seminarioko bi apez irakasleak ere, Housset garaztarra eta André Hiriart-Urruty hazpandarra, beren bospasei ikasleekin batean seminariotik kanpo emanak dira.

        Gehiago oraino kanporatu diren ikasleetarik bati apezpikutegiak debekatzen die diosesaren eskola «libroetan» (?) errient bezala sartzea. Kasu honetan ordea 30 bat euskaldun jaun andere asaldatzen dira beren fededun kontzientzian, elkarretaratzen eta 7 laguneko ordezkaritza bat bidaliko diotela jaun apezpikuari berari deliberatzen. 7 lagun horietarik zenbait joanak ditugu juje handiaren ondorat hala nola René Ospital Aiherrako kontseilari jeneral eta auzapeza edo Mixel Larroulet Kanboar mediku zena, baina beste zenbait bizi dira gure erranaren lekuko, hala nola Andere Leremboure Seguin Saratarra eta Jean Haritschelhar euskaltzainburua.

        Dena dela hortik landa atera zen euskal katiximaren afera: oroit gaitezen mende honen hasieran 1903an prefetaren manuz euskarazko katixima debekatu izan zelarik Frantziaren izenean eta Baiona apezpikurik gabe zelarik Euskal Herriko herri gizonek berek hartu balin bazuten euskararen alderdia, aldi honetan euskarazko katixima liburuen argitaratzeko dirurik ez zelako aitzakiarekin eta omen ez zela elizaren lana euskal gramatika erakastea Parisetik ekarri teoria berriarekin (sic dixit Dr I.), Baionako apezpikuak berak eta haren inguruko apez euskaldunek frantsesezko katixima denetan sartzea erabaki zuten.

        Aldi honetan ere euskaldun jaun eta andere multzo bat bildu zen, fedeak eta kulturak dituzten harremanak apezpikutegiko teologoek ez bezala ikusten zituena. Multzo hori bilakatu zen orduan «Fededunak» deitu taldea. Eta talde horren inguruan bildu ginen apez eta fraide zenbaiten artean gertatu zen ere adixkide Manex.

        Nihaur urte haietan Tolosan 1973ko abendu hastapenean aurkeztu nintzen gai beretsuen inguruan zebilen ene teologia tesiaren René Costes moralista ezagunaren laguntzarekin, gaur kardinale den aita Eyt, Biblian jakintsu den aita Simon Légasse eta beste jaun batzuen aintzinean. Gero Québec-erako bidea hartu nuen eta han ene liburua argitaratu: «Le droit des peuples à leur identité», Montréal, Fides, 1979.

        Hemengo berriak heltzen zitzaizkigun, larrienak bederen, haradino. Horra nola jakin nuen alde batetik lan ederra egiten zela euskarazko katixima liburuen prestatzeko eta argitaratzeko, eta bestaldetik eztabaida bat sortu dela «Fededunak», taldearen barnean. Gauzak diren bezala erraiteko, badirudi eztabaidaren funtsa teologikoa zela, ez baitzuten ikuspegi berdina batetik jean Hiriart-Urruty zenak, luzaz bazter utzirik Vincent Apezpikuak Emilio Laxaguen orde bikario nagusi hartua zuenak, eta bestetik Manex Erdozaintzi Frantzizkotarren arduradunak.

        Alde bakoitzak bazituen bere sustenguak, bainan badakigu ez direla asko euskarazko agerkariak eta elizgizonek ez dutela behinere biziki maite izan fededunen arteko eztabaida ezinbestekoenak ere sobera xabalera ager daitezen agerkari apur horietan. Beraz ez dugu zeren bila orduko agerkarietan batzuen edo besteen argudioen herrestorik.

        Alta bada, izan da aita saindu bat bederen, Pio XII.a xuxen baldin banabila, erakasten zuena gizarte bat ontsa gaizki dela eta makur dabilela, iritzi publikoari, eta beraz eztabaidari, ez baldin badio lekurik uzten. Zorigaitzez horretan ginen orduan Baionan —gaur ez dakit—. Bizkitartean badut uste Manexek idatzi zituen azken olerkietan bere etsaiak aipatzen dituenean ez dituela bakarrik gogoan haste hastetik haren ideia eta haren urratsen aurka garbiki agertu zirenak: ene iduriko «Fededun»-en arteko liskarren ondorioz jasan saminaren aitormena ere hor da baina beti ahanzten ditu etsipen kantuak eta san Frantsesen anaia leial bezala errepikatzen dantzarako deiak:

 

                «Izar bati begira lagunak eginik

                Esperantza kantatzen ez naiz asperturik».

 

        Horra zergatik gure mende gatazkatsu honen lekuko garrantzitsuen lerroan sartuko dugun Ibarla Pekotxeko Manex, Zarauzko Salbatore Mitxelena, Pariseko Jon Mirande, Urepeleko Xalbador, Bilboko Aresti, Donibane Lohizuneko Iratzeder olerkari handien aldean.

 

Bilaketa