literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.110 idazlan
7.824 esteka / 6.299 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Oroitzak

 

Martin Itziar Agirre

Azkoitia'n, I974'ko ilbeltza

 

«Lauaxeta Olerkiak»

Etor, 1974

 

        Milla bederatzireun eta ogeita amalauko udaberrian, itzaldi bikaiña eskeiñi zigun Lauaxeta gazteak gure erriko azoka-enparantzan, azkoitiar gaztediaren deiari erantzunaz. Notintza aundia bildu zan olerkariaren inguruan, bere mintzaldi sakon argia entzutera. Oso txalotua izan zan eguerdi aretan.

        Gazte talde batek —neska ta mutil—, Lauaxeta maikide genduala, bazkari ederra egin genduan erriko jatetxe ezagun betean; onen ostean, maiondo atsegin ikaskorra. Gure milla galdera zirikor guztieri erantzun egokiak emanaz, gure belaunaldiari zetorkion urte gogorrak kementsu artzeko esanik, bukatu zuan bere ikertaldia.

 

* * *

 

        Gero, ustekabean, ogeta-amaseiko istilluak... Udazkenez, ala-bearrak bultzatuta, Bilbo'runtz jo genduan; batzue lenago besteak gerotxuago, gudaritzan sartu giñan.

        Urrutizkiñeko artu-emanen ikasketa batzuk egin ondoren, bizkaitar euskal mutillak osatzen zuten talde batera izendatu ninduten.

        Negua, gertakizun mingarri batzuk kendu ezkero, ainbestean igaro genduan; guztiok zutik giñan beintzat. Baiña etorri zitzaigun udaberria, ta berarekin baita etortzekoa zana ere. Epaillaren azkenean asi ta zortzi egunean, etzan giro izan. Ango egazkin beltzen erasoak; su-danbadaren otsak belarriak gortu bear, eta izkillazkarren dipi-dapea etzan makala. Gure euskal mutil bulartsuak kemenez jokatu zuten, agintariak arritzeraiño. Lagun asko galdu zitzaizkigun. Eraso ura, andik aurrera igaro bearra izan genduan gurutzbidearen asiera besterik etzan.

        Ainbeste odol ikusi; ainbeste neke, beldur eta estuasun igarota ere, gaztetan ala edo ola eraman egiten dira. Nola? Alaitasunak, andik edo ortik, beti aurkitzen du zirrikituren bat gazte artera sartzeko. Zauriak arakaizten dijoazten bezela, zenbat ezbear eta oiñaze garratz, gudaritzan igarotakoak, aztu-erazitzen dituan zorioneko denborak. Baiña ba-dira biotz barrenean betiko itsatsita geratzen diran gertakizun batzuek ere.

 

* * *

 

        Ilunabarra... Ustuta zegon basetxe bateko atadian, an ta emen jarrita, gudari talde aundia geunden apaltzeko zai. Masaillean joten gindun egoaize epelak egonezin bat sortzen zigun biotz barrenean. Arratsalde aretan, gu geunden lekutik sorkaldera nunbait, eten gabeko joan-etorria zebillen egazkin beltzak: an ustutzen zuten euren eriozko zama.

        Gurdi-pertika baten exerita makur, ukondoak belaunetan eta eskuak arpegian nengoala, gure Aita Prantzisko pasiotarra agurtza donea otoizten asi zan, aste batzuek lenago asitako oiturari jarraituaz.

        Bat-batean, il-berri samar nuan izeko zar baten oroia etorri zitzaidan burura, ta irribarre antzeko muzin bat ezpaiñetara. Ene izeko maite arek, amalau urte omen zituan bigarren karlistetako guda bukatu zanean. Askotan esan oi zidan geure alkarrekiko eztabaida txikietan, biotz gartsu esan ere, nola Lizarraga jeneralaren mutillak Errosario santua egunero errezatzen zuten.

        Gabak bere maindira beltzakin gure lurralde gaixoa estali zuanean, sortaldetik zerua gorri-gorri zan...

        Bi edo iru egunera jakin genduanez, guda berri-emaille batekin batera, Lauaxeta ta Plazet jaunak baituak izan ziran.

 

* * *

 

        Gudaren irudirik beltzenetakoa da erri ta baserrietako etxeak utsik laga ta, bai gabaz ta bai egunez, ume ta zar, denak batera igesi, al duten lekuetara, joaten ikustea. Irudi tristea... Biotza erdibitzen du.

        Onelako eguna zan gu Usansolo'ko mendietan gora ginjoazen arratsalde euritsu ura.

        Basetxe batera urbildu giñanean, atadian bi gurdi aundi etxeko tresnaz beterik, eta lau ume koskor negarrez zeuden. Gure zantzuak nabaiturik, umien ama etorri zitzaigun etxe barrutik, eta zotinka adierazi zigun, nola bere senarraren aita, gexorik erioak jota, il zorian zegoen.

        Berarekin batera lau gudarik igo genduan iltzen zegoenaren gelara. Azkeneko arnasetan arkitzen zan gizajoa... Aurrean, bere semea negarrez, eta auzotar batzuek. Denok belaunikatuta bere aurrean otoitzean giñala il zan aiton jator ura... Benetako zirradak bildu ginduan bertan arkitzen giñanok.

        Gorputza oztu baiño len burusi batean bildu, atadira jetxi, ta bi auzotarrek egurrezko oetilla baten bizkarrera jaso ta, aitonaren gorpua aurretik eta gurdi biak ondoren, alan ustu zuan bere etxea sendi gaixo arek arratsalde triste aretan...

 

* * *

 

        Garagarrillaren amairua zan. Aurreko egunean eraso ikaragarria jasanda gero, paketsu zijoazten gaua ta goiza gu geunden Gerriko guda lekuan. Bero zetorren eguzkia; igaro ziran zortzirak, bederatziak... Amarrak aldean, eraso beldurgarria berriz ere. Gutxiena ustetako unean baituak izan giñan...

        Egun ura Fika'n egin ta urrengo egunean Gernika'ra. Illaren ogeian, geunden lekutik atera ta, oiñez, Batzar Etxearen goiko aldetik beera zuzenean, enparantzan zear, geltokira. Eskubi aldera begira-ta, lenengo zoruraiño zutik zeuden ormak... Gaur jatetxe ospetsu bat dagon aurrean, etxe aundi bat sartzeko laingo zuloa bai... Ezker aldetik, eleiz nagusia, apurtuta, danez gaiñ ikusten zan, eta azpiko aldeko kale denak sakar tontor bat egiñik. Zearo billutsik arkitzen zan geltokian sartu giñan bultzi-gurdietan, eta Gazteiz'era eraman giñuzten Durango'n zear. Uri onek, ots, Durango'k aragi bizitan zeuzkan bere zauri gogorrak.

        Gazteiz'en, baituak artzeko gertatu zuten «Sierras Alavesas»-en sartuak izan giñan. Askatasun pixka bat ba-genduan atadian. Orrela ezagun eta gazteiztar batzuk etorten zitzaizkigun. Ba-zan beltzez jantzitako emakume xar bat, beldurti xamar gure aurretik igarotzean, ogi-erditxo bat egunero an ondoko pendizean lagatzen ziguna. Emakume onek esan zigun egun batean, nola goiz aretan Lauaxeta ta Plazet donostiarra illak izan ziran.

        Egun batzuk ainbestean toki onetan egin ondoren, Orduña'ra. Ta dagonillaren asieratan berriro Gazteiz'era, Karmelo'ko Lekaidetxean, espetxe biurtuta zeuden goiko geletara. Sartu ninduten gelan amalau-amabost gizon adiñeko zeuden denak arabarrak, eta tartean laudiotar batzuek. Auek esan zidaten nola gela ontan Lauaxeta ta Plazet egon ziran. Baita erakutsi ere ormatik zintzilik zegon Ama Birjiña Karmengoa'ren lauki atzean, Lauaxeta'k, il aurreko orduetan idatzita utzi zuan, erderaz Ama Birjiñari zuzendutako amalaukoa. Ta bereala, euskerazkorik ez ote zuan utzi galdetzean, «Bai —erantzun zidaten—, or aurrean, orman exegita dagon zurezko gurutz illun orren antzeko beste baten utzi zizkian euskerazko olerkiak. Baiña, dakikanez, egunean gela ontatik at izaten geran orduerditxo orretan, bateon batek gurutzea trukatu ziguan... Uste degunez, ori egin zuena fede onez ibilliko uan.

        Lekaretxe aretatik ertenda, luzaro bazterrik bazter ibilli bearra izan nuanean, sarri samar erri-miñak jo oi ninduan. Lauaxeta zanak il aurrean Ama Birjiña'ri erderaz zuzendutako amalauko maitagarriak menperatu eziñik nenbillen beltzuratik ateratzen laguntzen zidan.

        Agur, Lauaxeta, olerkari aundia..., ta gazte jatorra. Biotzez, ikusi arte.

 

Bilaketa