literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.110 idazlan
7.824 esteka / 6.299 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Urkiaga'tar Estepan'en bizi-urratsak

 

Aita Onaindia

 

«Lauaxeta Olerkiak»

Etor, 1974

 

        Bego emen, gaurkoz, Lauaxeta'ren bizitzari dagokion izki murria. Oraintsu, «Euzkadi» egunerokoa arakatuz konturatu nazanez, bizkaitar idazle leun onek itz-lauz be ugari be ugari idatzi euskun, eta itz-lauzko osto sakabanatu orreik be jaso ta esku maitekorrez liburu mardul bat eratzea egoki litzakigula otu yat.

        Beraz, osasunak laguntzen ba'daust, lar luzatu barik burutu nai neuke lan ori. Ta orduan aukerako eretia izango dogu, olerkari yaukal oni buruz gaur jarten ez doguzan bizitz-zeaztasunak be jartea.

 

        1905: Laukinitz'en jaio zan Urkiaga. ta Basaratz'tar Estepan —Lauaxeta—, dagonillaren 3'an, Erriko Taberna deritxon etxean.

        Beronen gurasoak: Jose Mari Urkiaga ta Urizar-andia, Murelaga'ko semea, ta Bizenta Basaraz eta Zorrotza, Laukinitz'ko alabea.

        Aitaren aldeko aitita-amamak: Erramon Urkiaga ta Uribarren, aitita, Mendexa'koa semez; eta Frantziska Urizar-andia ta Espilla, amama, Murelaga'koa. Amaren aldekoak: Aitita, Erroman Basaraz eta Zorrotza, Zamudio'koa, ta Kristina Eguzkitza ta Eguzkitza, Laukinitz'koa.

        Juan Barrenetxea bertako txaunburuak bateatu eban, dagonillaren 6'an, Frantzisko ta Errose Urkiaga, biak Murelaga'koak, aita-amabitxi ziralarik.

 

        1909: Esteban umetxo zala, Laukinitz itxi ta Mungia'ra aldatu zan Urkiaga sendia. Uri azi onetan osotzen ditu len-ikasketak. Argia dator mutikoa. «Mutikoa zala —diño M. Zarate'k—, fraile joan gura izan eban, karmeldarren komentu batera. Baiña Lekeitioko osabeak abade egin bear ebala esan eutson». Orrela, Durango'ko jesuiten Ikastetxean latin eta onen inguruko gaiak ikasten ditu, Pio Montoia'rekin batera.

 

        1920: Erretorika ikasten diardu. Zaitegi be emen da, bere lenengo latin-ikastaroan. Aita Atutxa, orduko maixu argia, laztan samurrez dabe gogoratzen garai aretako ikasleak.

 

        1921: Loiola'ra doa, uztaillaren erdirantza. Josu'ren Lagundiko izan gura dau; baita asi-barritzako urtea egin be. Lagunak ditu emen: Ibiñagabeitia'tar Andima, elantxobetarra; Zaitegi, arrasatetara; Argarate, urretxuarra; Sarobe, lesakarra; Luis Larrañaga, azkoitiarra; Martikorena, betelutarra; Goenaga'tar Iñaki, azpeitiarra; Muxika'tar Palgida, urnietarra; Zubiaga, Gaztelumendi, Azpeiti'ko Korta anaiak, eta abar; danok euskaltzale ta idazle ospe aundikoak. Emen ditu baita, eredu bikain, Aita Apalategi, Zugatzaga ta Olabide.

 

        1928: Noiz asi zan idazten? Zomotza'ko «Jaungoiko-Zale»-n eta Bilbao'ko «Jesus'en Biotzaren Deya»-n argitaratu zitun bere lenengo lanak. Bigarren abizenez izenpetu ebazan «J. B. Deya»-n (1928-29) argitaratu euskuzan lanak. Otsailleko zenbakian dator bere poesi bat, Maragall'ena, «Basaraz'ek euskeratuta».

        Jesus'en Lagundia itxi ta Bilbao'ra dator, «Euzkadi»-n lan egitera. Itxia eban Kirikiño'k 1913'tik zuzendu eban euskal orria. Orixe egoan aren lekuan; onegaz batera jardun eban Lauaxeta'k urte bi ta erdian.

 

        1930: Lenengo Olerti eguna Errenderi'n, «Euskaltzaleak» eratuta. Lauaxeta'ren Maitale kutuna deritxon olerkiak ja so eban len-saria: «zillarrezko aritz abartxoa». J. Aitzol'ek onela: «Urkiaga jauna, izenordez Lauaxeta, geienak Errenderi'ko olerki-egunaren bidez ezagutu dute. Ez guk ordea. An eta emen argitaratutako bere neurtitz bigun eta leunak, irakurtzen bai giñuzen, orain dala bi edo iru urte ezkeroztik». Batzaldi artan agertu ziran olerkariak: Lizardi, Orixe, Tapia-Perurena, Jautarkol, Jaka-Kortajarena, Loidi, Zugasti, Enbeita ta besteak.

 

        1931: Azillaren lenengoetan, Orixe bere errira doa «Euskaldunak» poema idazteko asmuz. Lauaxeta'k artzen dau «Euzkadi»-ko euskal atalaren ardura osoa. Uribitarte'tar Ibon —Imanol Enbeita, Kepa'ren anaia— dauko laguntzaille. Maiatzetik aurrera batez be, egunero idazten dausku zertxobait, «Azalpenak» eritxon saillean bereziki. Olerki batzuk be, Izkiñuak, aurtxoentzat alegiak, azaltzen ditu.

        Urte ontakoa dogu «Bide Barrijak» olerki liburua be. 143 orrialdekoa. Maitasuna dau kantagai. «Maitasunak —diño— sortu-azoten dauz neurtitzik ederrenak, eta maitasun-bidetan, azkena barik, lenengua naz». Eta «J. B. Deya»-k: «Olerkari askok maitetasun gaiak maitekeri loietara eraman oi dituzte... Urkiaga'tar E.'k txit garbi ta gora begira erabilli du» (1g3i, 175 orr.).

        Orixe'k goratu eban liburu au, lotazillaren 5'an eta 8'an, lenengo orrialdean; baita Lizardi'k be, 1931-XII-3o'an, 1-3 orrialdeetan.

 

        1933: Egunkalari ez-ezik, izlari trebe be ba-da Lauaxeta: erriz erri dabil Jel-azia ereiten, aspertu barik. Ondorenez erriak, txera bizitan, omenaldi biozkorra dagitso Gatika'n, otsaillaren 12'an, igandez.

        Eragille bezela, ainbat laguntzaille ditu inguruan. Egunero yatorkoz lanak errietatik; idazleak bizi ta gozo bizkortzen dauz, gero ta zintzoago zeregin ortan jardun dagien.

 

        1934: Urrillaren bostetik aurrera ez eban «Euzkadi»-k euskerazko ezertxo be agertu, egun areitako Erkalaren naste zalapartak zirala-ta. Urrengo urteko epaillaren 19'rarte luzatu zan ixillaldi au, 164 egunekoa nunbait Bizkaia'n bakarrik ezarri zan arako zigorra, itxura danez.

 

        1935: Barzelona aldetik dabil; baiña, bidenabar, «Arrats beran», bere bigarren olerki idaztia ager-azten dau. Bagillean amaitua da, Bilbao'ko Verdes etxean. «Sagi»-ren ederkaiak ditu. 102 orrialde. Azal barruan, ingi meetan, erderazko itzulpena banaz. 4o olerki dira, leun apaiñak. Liburu au zala-ta, Garzia Lorka olerkari ospetsuak ikustaldi bat egin ei eutson Bilbao'n.

 

        1936: Anai arteko gerratean guda-ordezkari izan zan. Kanpanzar'en, Intxorta'n eta Basalgo'n sarri bostekoa emon geuntson alkarri. Alan eta guzti be, ez eutson idazteari itxi.

 

        1937: Jorraillaren 26'garrena. Gernika sutan. Prantses egunkalari batzukaz batera, berton jausi zan atxilo. Gazteiz'era eroan eben; eta, azkenez, karmeldarren komentuan bi illabete egin ondoren, bagillaren 25'an, goizeko 5,30'etan, su-izkillotua izan zan. An egoala idatziak ditu sei-zazpi poesi sentikor. Eta azken-naia.

 

        1973: Igaz, Olerti-egunez, omenaldi eder bat egin yakon emen, Larrea'n, Laukinitz'ko olerkari bikaiñari. Orduan, arrastiko batzar-aldian, irakurritako lana dozu, ain zuzen be, jarraian daukazun Aita Arostegi'ren Lauaxeta'ri buruzkoa: sakon eta zentzunez egiña. Orduantxe artu zan, baita, aren olerki lanak liburu batean argitaratzeko erabagia. Itz emona, zor ei da.

        Ortik, ba, emen daukazuz, oler-zale orrek, Lauaxeta'ren poesi-lan osoak lez. «Lez» diñot, saiatu nazan arren, geiago be oindiño izango diralako. Aldizkari askotan esku artu eban, eta ba leiteke nire azter-miñetik batzuen batzuk iges egin izatea, sardoi labankor antzera, bear bada.

 

Bilaketa