literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Sarrera gisa

 

L. Mitxelena

Salamanca'n

 

«1545 Bernat Dechepare Olerkiak»

Edili, 1968

 

 

        Bizitzea gertatu zaigun egunon ezaugarri nabarmena da, noski, euskal-liburu sail berri eta gaztea garaiez berri eta, eragilleen adiñari eta gogoari bagagozkio, berriz, gazte-euskal-libururik zaharrena argitara emanaz agertzea: Jaun Bernard Etxepareko'k, Eiheralarre'ko erretoreak, 1545-ean Bordele'n inprentarazi zuen Linguae Vasconum primitiae. Ezaugarri nabarmena eta, erabat, itxaropenez bete gaitzakean ezaugarri osasungarria. Geiegitan, izan ere, ibilli izan gera elkarren berri ez genekiela eta jakin ere nai ez genduela, ez oraingoek lehengoen, ez alde batekoek bestekoen. Zaharrak, batipat, ez genituen aldi batean gure artean nai, ortografia moldakaitza erabilli zutelako, mordoilloegi idazten zutelako eta aipatuko ez ditudan beste milla arrazoi eta aitzakia bide zirelako. Ondarraren ondarrean, ordea, beste zerbaitengatik agian: euskal-idazleak, gure kulturaren ispillu garden eta distiratsu bear zuketeanak, ez zitzaizkigulako iduritzen, aien berririk iñoiz eltzen bazen gure aditzera bide zuzenez naiz okerrez, gure usteen neurriko maillakoak. Arloteak, exkaxak, gogaikarri xamarrak ere bai, agertzen zitzaizkigun; ez gure izena, ain maite dugun izen ona, edertzeko eta edatzeko diñakoak. Eta bertan behera utzi genituen maizegi, pake lasaiean bizi gintzan aurrerantzean iduripenezko lur ugarian; ez borroka latzean jaiotzea gertatu zaigun ala-olako-baiña benetako eta egiazko-Euskal-erri onetan.

        Bistan dago ezin etor zitekeala deus onik olako jardunbide batetik. Ez da ispillua izaten errudun olakoetan, gaztelaniaz esan oi dutena zertxobait aldatuaz, geure arpegi zimurra baizik. Ez genduke ahaztu bear era lotsagarrian jokatu dugula maiz euskaldunok aldi joanean, kultura-gaietan batipat eta geure izkuntzarekiko batez ere. Ahaztu bearrean, orretan pentsatu bear genduke aitzitik gau ta egun, aspaldiko eta oraintsuko utsegiñez funtseraiño jabetu arte; orrela, gaiñera, argiago ikusiko ditugu bear bada orain bertan daramagun bidearen alde makurrak. Ez iñoren eta iñoizko erruak eta obenak barreiatzeko, noski, geure buruari bidenabar ederretsiz —oiñarri sendoak baitituzte maizenik, kondairari begiratu ezkero—, gauden egoerara nola etorri geran ikusteko baiño, gerok ere berriz ez dezagun lehengo arrietan beretan, bein eta berriro, oztopo egin. Etxepare bat, Etxeberri Sara'ko bat eta orien gisako beste ainbeste eta ainbeste gure artean agertzen baldin badira, oraingo jantziz eta itxuraz noski, ezagutu eta maita ditzagun eta, besterik baiño areago, gure laguntza, ahal dugun neurriko laguntza, izan dezaten; ez gorrotoa baiño okerragoa izan oi den axolakabekeria.

        Euskal-erria, oraingo Euskal-erria, ez dugu geienok bear bezala ezagutzen; lehengoa, berriz, are gutxiago. Eta ez dut esan nai euskaldunok geienok ez dugula ezagutzen: iñortxok ere ez daki zer den eta, batez ere, zer izan den. Nola izango dugu, bada, gure historiaren berririk? Zerbait ezagutuko baldin badugu, zernai ere den, izatez izan bear du aurrenik eta ez da oraingoz, zenbait lan banakaren gaitasuna edo borondatea beintzat aitortuaz, Euskal-historiaren izena merezi duen gauzarik. Auxe diot: delako historia ori zertu-gabeko zeren linboan edo dagoela, nork andik aterako duen zai: ez batek bakarrik, noski, ezta beingo batean ere, askoren artean eta nekearen nekez baizik. Asmo sendoak artzeko, beraz, atera dezagun lehenik pekatuen kontu garbia. Orrekin ez dugula aski, ba dakit; asmoak ez direla deusetarako ere, bai, eragilleak ez badira eta bear duten ondorerik ez badakarte. Baiña ortik abia gaitezke, nonbaitetik asi bearrean arkitzen geran ezkero.

        Lehengo eta oraingo Euskal-errian barrena abiatzen bagera, okerrenean jarriaz beti galduan gabiltzala uste dugularik, bereala konturatzen gera zerbaitetaz, arriturik eta ia zoramenean: bere mear-murritzean ez dela guk uste genduen bezain urria, muga zabalagoak dituela bere ezerezean, eta iñoiz entzun ez genituen aberastasun izkutuak ere bai. Euskal literaturaren soroan bertan, eta ortaz ari gera emen bestetaz baiño areago, ba dira zenbait eliz-liburu eder, prosaz naiz itz neurtuz, eta, tarteka eta bakanka, eliz-liburuak ez diren irakurgai atsegiñak ere bai: larre-lore ikusgarriak nonnai bezain ugari, bestetan esan dudanez, eta usai-oneko landuagoren bat edo beste, bazterturik geneukan Barrutia lekuko, noizean bein eta non edo an.

        Eta literatura orren asieran, jaiotorduan ia, Etxepare edo Etxapare bietara ipiñi baitzuen berak deitura euskeraz daukagu, aurrean duzuten Etxepare au berau. Jakin, ba dakigu ez zela bera izan asiera, baiña antziñagokoen berririk ozta-ozta iritxi da gureganaiño eta guregana direnak negarbide ditugu pozbide baiño geiago. Oroitzapenik asko eta asko galdu du gure erriak azkeneko bost mendeetan; goragokoetarik, «Bereterretxen khantoria» gelditu zaigu, bere bakardade soillean miresgarri, osatzeko gauza ez geran zenbait zatitxoren aldamenean. Paper zaharrek gorde dutena, eta neroni saiatua naiz besteren ondotik ainbat zuzenen argitaratzen, iñoiz berdinduko ez dugun egarria bizteko da aski. Lerro bakan urri-puskatu oriek erakusten baitigute nolakoa izan zitekean, ez nolakoa zen, Erdi-aroko ao-poesia bizi eta sendo ura. Ainbestetan beztu oi dugun Ahaide Nagusien nagusitasunarekin —edo, naiago baduzute, nagusikeriarekin— batean joan zitzaigun, zenbait aztarren utsal eta illaun besterik utzi gabe.

 

* * *

 

        Ez naiz emen luzaro mintzatuko Etxepare'z, alfer-lana egitea bailitzake, sarritan egin den lana berregitea izango litzakean ezkero, eta ez dugu alfer-lanetarako astirik ez gogorik. Neroni jarduna naiz orrezaz bestetan, eta beste anitz jardun dira, ni baiño obeki. Liburuxka auxe dugu, gainera, iturbururik ugariena egillea barrendik ezagutzeko, gizonak ezagutu bear diren bezala, ez azaletik. Eliz-gizona zela esana dago, baiña Trento-aurretikako eliz-gizon euskalduna, munduko bide malkarrak, aragiaren naigabe-atsegiñak ezagutzen zituena eta, ezagutzeaz gain, estalki ariñez —eta batere estalkirik gabe zenbait aldiz— agertzeko debekurik ez kupidarik ez zuena. Munduaren begietan ori baiño larriago den pekatua egin zuela ere esan bearko da: orain «politika-auzietan sartzea» deituko luketena, Gaztelau-zalea zelako edo. Eta, pekatu orrek zigorra orpoz-orpo izaten duen ezkero sarritan, presondegian eduki zutela. Ziñetan, ordea, dirudienez, ez txantxetan: aski luzaz eta aski estu, esan nai dut. Komeni da agian idazle izan diren eta ez direnen artean maiz sortu izan den argitasun-lokarri ori oroitaraztea, frankoren biotza ariñago mugi dedin.

        Guztiok dakigu Euskal-erria, euskaldunen izkuntzan landatua eta sustraitua, suarki maite zuela, orduan zabaltzen ari zen inprenta miresten zuen adiña, eta onen bitartez jaso nai eta uste zuela ura. Euskaldunok gaurko gisatsuan ohoretan eduki arren edonon, ez baitzeukaten arrotzek orrenbesteko estimutan gure izkuntza gu, zabarkeria zela medio, plazara ateratzen ausartzen ez giñalako.

        Etxepare'ren bizitzaren berri urri bezain zeatzak eman dizkigute, beste zenbaiten artean, Jaurgain'ek, Huarte'k, Urkixo'k, Gil Reicher andreak: azkeneko onek eta Lafon irakasleak batera prestatu zuten liburua, zoritxarrez, ez da sekula osorik argitara. Bere izkera eta bertso-lana euskalaririk geienek ukitu beintzat egin dute, ala nola Stempf'ek, Schuchardt'ek, il berria dugun Ernst Lewy'k eta, iñork baiño barrenkiago, René Lafon'ek. Argitaraldi onen eta guztien oiñarria, Paris'ko Bibliothèque Nationale-an gorde den ale bakarra, Urkixo'k atera zuen argitara, sarrera-lan eder batekin, 1933-ko RIEV-en, fac-simile-eran eta bakarka, liburu-gisan, López Mendizabal'enean. Emen datorren frantses-itzulpena, Lafon'ena da, lehen Boletin de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del Pais-en agertua, oar ikasi ugari lagun zituena. Gaztelaniara, berriz, Aita Akesolo'k itzuli du, testua oraingo ortografiara aldatzeaz gainera, eta aski dugu, noski, bere izena aipatzearekin.

        Ez da erraz, laureun urteren buruan, liburu onen pasarte bakoitzaren zentzuari buruz bat etortzea. Idatzi izan dut, esate baterako, eta lehengoan nago oraindik, Lafon'en iritziaren kontra, «Amorosen partitzia» deritzan poemaren bertso batean (Haren irudi ederrori begietan ehoki), eho-ren forma dugula aurrean, ez egon-ena. Baiña orrelako zenbait uskeriatan ari giñezke eztabaika atertu gabe, eta deus gutxi axola du liburu osoa, oro ar, ederki adi genezakean ezkero, euskalariek egin duten lanari eskerrak. Nolanai ere, Etxepare'ren eta obra onen berri zeatzagoen billa dabillenak ba du nora jo, Berriotxoa anaiak aspaldi ez duela argitara duen irakurgai-zerrendara, alegia: «Escritores vascos. Bernat d'Etchepare (siglo XVI)», aipatu berria dugun BRSVAP-en, 18 (1962), 311 eta ondorengo orrialdietan. Esan dute gero Norbert Tauer euskaltzaleak arkitu duela bigarren ale bat, Paris'koaz gaiñerakoa, baina ba dirudi ez zutela ongi artu berria barreiatu dutenek.

        Beste argitasun batek, ordea, oiñarri sendoagoak ditu. Oihenarten eskutitz luze bat agertu da, Piarres Lafitte jaun kalonjeak argitara duena: «L'art poétique basque (Un inédit d'Arnau d'Oyhénart)», Gure Herria 39 (1967), 195-234. 1665-eko eskutitz orretan, Primitiae oen iñork aditzerik ez zuen beste edizio bat izendatzen da: Erroan'en, Garibay'k zion bezala esateko, ots, Frantzia'ko Rouen'en «chez Adrian Morront» egiña. Onek ere aditzera emango luke aspaldian susmatzen ari gerana: euskaldunok, alegia, ez ditugula soillik aoz-belarrirako poemak eta galdu; oriez gainera, liburu inprimaturik aski deuseztatu direla bitarte onetan. Guregana direnak berak ere, sarri aski, ale bakarretan eldu zaizkigu, eta osorik ez dauden ale bakarretan ere bai, 1596-ko Refranes y sentencias delakoa bezala.

        Pro domo ari naizelarik, leku agerian ipiñi nai nuke emen, bear bada alferrik izango ez delakoan, euskalariak izan direla, ez euskaltzaleak —«ofizioz» euskaltzale direnak, beintzat—, Etxepare'ren obra bezala, ainbeste euskal-autoreren obrak argitara atera, azaldu eta adierazi dituztenak: lehengoez gaiñera, Bonaparte, Dodgson (Lewis Carroll izengotiaren azpian Alice in Wonderland bitxia idatzi zuen logiko-matematikoaren anaia, ain zuzen), Linschmann eta abar. Onexek garbitu bear lituzke, itxura duenez, euskalariak zenbaitek egozten dien pekatu astunetik. Gure artean, izan ere, XIX-garren mendeko Errusian gertatzen zen arabera, maiz galdatu oi die gazteek beren buruari ea zillegi ote den, mende luzeen lasaikeriak onenbeste eginkizun bizkarreratu dugun garaiean, premiazko ez diren uskerietan denbora ematea. Erabateko erantzun garbirik ez dago; zenbait xehetasun alaz ere, argi daudelakoan nago. Aurren-aurrenik, abiatu egin bear dugula andik edo emendik, iñorako baldin bagera, lehenbizi edo lehenbizikoaren urrengo zer datorren erabaki arte egonean egon gabe. Onena, beraz, lanean astea genduke zirt edo zart, nork bere deiari erantzunaz, geiegizko buru-austeetan ibilli gabe nola izan bear lukean ezarria balioen zerrenda zeatzak. Uskeriez kezkatzea, gero —utsaren urrengo den geure izkuntzarekikorik izan baditeke—, ez da giza-kulturaren gaiña eta lorea besterik. Bizinaiak eta ezinbiziak, Txomin Agirre'ren antzera mintzatzeko, zerabillen gizonak ez zuen deusetarako astirik, eizirako eta bilketarako izan ezik. Beranduago erdietsi zuen, nekazaritza eta abelzaintza sortu ondoren batez ere lanbide bereziak autatzeko astia eta era, baita janaririk ez edaririk berealakoan eskuratuko ez zioten bizibideak ere. Eta bide orretarik ez du aurrerantzean alde-egin giza-jendeak.

        Mailla orretara, eta askozaz ere goragokora, aspaldi igo giñan euskaldunok, aberastasunez beintzat. Ez dut esango aberastasun oriek ongi banatuak daudenik; bai, ordea, aski eta geiegi direla, dauden daudenean, uskerietarako —izpirituari dagozkien uskerietarako— diru pillotxoren bat edo beste bazter ahal izateko. Berealako probetxuari loturik bizi izan bagera, ageri-agerian ditugu ondorenak, bizkar-gaiñean daramagun zamaren zatirik pisuenetarik bat ortik jaso dugun ezkero. Zentzatzeko ordua etorri zaigula dirudi, iñoiz zentzatuko baldin bagera.

        Ez da itxura-aldatzerik izan gure artean, ez iñorako eraberritzerik, antziñadanik geneuzkan ondasunen galera gogorrik berekin ekarri ez duenik: aipatu berria dut Aide Nagusiekin batean alde-egin zuen Erdi-aroko epika, lirikaz ahaztu gabe. Eta gure egunotakoa da izan, dudarik gabe, iñoiz ezagutu dugun aldakuntzarik izugarriena. Orrexegatik jokatu bear genduke, nik uste, iñoiz baiño bortitzago, tradizio-aria ez dedin gure artean eten; ur-aizeen joera lagun ez dugun ezkero, ez dezagun orain sekula baiño galera galgarriagorik izan. Nik ere, Xabier Lete'k Zeruko Argia-n idatzi duenari nagokiola, ez diot iñori autatzeko —artzeko naiz arbuiatzeko— eskubiderik kentzen, baiña ez dut aukera neure eskuko, iñoiz izan baldin badut, eta loturik naukan ari orri eutsi bearrean suertatzen naiz, bearrik ala damurik, nai badut eta nai ez badut.

 

* * *

 

        Gatozen Etxepare'gana, Etxepare'gandik geiegi saiestu geran ezkero. Bere obra gutxi zabaldu zela Euskal-errian, eta atzerrian are gutxiago noski, ba dakigu: ez bide zuten ezagutu, iztegi-gilleen artean, ez Pouvreau'k ez Larramendi'k; bai, ordea, Isasti lezoarrak eta Oihenartek ere bai; naiz ez zuen bertso-pare bat baizik aipatu, izendatzea ere merezi ez duten koplarien eredu antzera.

        Oihenarterena ez da iñor arritzeko gauza, bere garaiko erregela zorrotzen morroi umil ark uste baitzuen, garbiro azaldu zuenez, bertso ikasi zeazki neurtuetan zegoela poesiaren muiña eta, orrezaz gain, antziñakoen ornatus delako apaindura aietan: figuretan, geienentzat (klasista izaki orduko poesia edo, obeki baderitzazue, orduko bertsogintza landua) izkutuan gelditzen diren aipamen jakintsuetan. Arrigarriago da, orratik, gero, joan den mendean eta gurean ere bai, gertatu dena, izkuntzari eskerrak-eta izkuntzaren antziñatasunari, batez ere-ikuskatu baitute Etxepare, Lafon arte esateko moduan, klasikoen uztarripetik aspaldi askatuak zeuden euskalariek, mamian zekarkean poesiaz arduratu gabe, pasaeran eta bidenabar itz bitan ukatzeko eta esesteko izan ezik.

        Orain, azkenean, oraingoa baldin bada azkena, ez dugu uste orrelakorik. Etxepare'ren liburua urria da, laburra, egia, baiña penagarria iduritzen zaigu emen urri-laburra, beste askoren luze-ugaria bezanbat, edan-gura ase baiño lehen aitzen baita iturriaren emana. Berea ez da, gaiñera, poesia uts-soilla, edertasun billuziaren ispillu izan nai lukeana, baizik eta arrea, loia, giza-gorputz-arimen ondar zikiñak, urre izpiz nahasiak, igeri daramazkien erreka. Orrek ere ez du, ordea, berez ezer esan nai. Batek naiago ditu Shakespeare'n amalaukoak, gogoz eta aragiz gatzatuak eta mamituak; beste batek, berriz, Huxley'ren pertsona ezagun ark ain iguin zituen Shelley'ren laiño-arteko egaldiak. Batetik naiz bestetik jo, nolanai ere, igo egin bear da, nork eta non ez dakigula ezarria dagoen mailla batera igo, eta aldapa ori garaitzen ez duenak ez du poetaren izena merezi.

        Nik uste dut, eta zenbat ere geiago irakurtzen dudan are sendoago uste dut, gure Etxepare igo zela, zegokion neurrian eta begiz jo zuen bidez, diodan mailla orretara eta iritzi ori berori dute, oraingo geienek. Darion erri-bertso eta erri-izkera usaia bera ez zaigu, ezta gutxiagorik ere, Oihenarteri bezain nardagarri: Etxepare'ren neurtitz batzuen oiartzuna (ala ez ote da alderantziz?) Azkue'k Zaraitzu'n bildurikako kanta zahar batean auteman zuen Lafon'ek, eta gure literaturaren lehengurasoak darabillen mintzaira erraza da beti, bizia, sarkorra bere laburrean (Haren aurrak eta eniak aurride oso lirate), neurriaren molde gogorrak bein ere trabatzen ez duena.

        Zeruetaraiño goretsi bear ez badugu ere, ez da, bada, Etxepare, dagokion lekuan daukagula, euskaldun geran aldetik diogun zorra naiz gogotik aldendu, gutxietsi genezakean olerkaria. Poeta gazte baten, maiz zaharragoak gogor artzen dituen baten, itzak aldatuko ditut onera, Ibon Sarasola'renak, Jakin-en (24-gna., 1967, 13 or.): «Detxepare poeta on bat izan zen (eta da) dudarik gabe. Haren arkaismoak, realismo bortitzak eta erabiltzen dituen gaiak (baita ere gaien erabilmoldeak) Erdi-aroko poetatzaren fruitu berant (beti berandu euskaldunak!) baten aurrean gagozela ematen dute aditzera. Detxepare'n poesiak ba du sortu-motibo bat, poesiaren muinoz kanpo: «Heuskara, ialgi adi plazara». Ahapaldi hau, bere ondorio guziekin, asko klar mintzo da egillearen asmo ta nahiaz. Agian, Detxepare'ren garaian euskerak literatura ugari eta aberatsa izan balu, ez zukean harek luma hartuko eta poesiarik egingo...». Azkenengo onetan ez nator bat, soil-soillik. Euskaltzaletasunak eragin ziola, bai, argi dago; baiña ez bertsotan jardutera, ori barrenak agintzen bide baitzion, euskal-neurtitzak izkributan ipintzera baizik, eta inprentaren bidez munduan barrena zabaltzera, «zeren ladin publika mundu guzietara berze lengoajiak bezala hain skribatzeko hon dela». Erri poesia ugariaren jabe giñala ba dakigu garai artan, idazten ez zen poesiaren jabe, ordea, eta euskaldunon gogoak bertsoetara emanak zirela ere bai, orain adiña eta are emanago. Zer beste arrazoik argitara zitzakean XVII-garren mendean, eta Etxeberri Ziburukoak aoa batean aitortzen du, orrenbeste eliz-liburu itz neurtuz, ikasi ta ez ikasien naiak eta oiturak berak baizik ?

 

* * *

 

        Beste zerbait ere arkitzen dut Sarasola'ren esanetan, onera aldatu ez ditudanetan, euskal-poesiaz ari dela, aski zuzen ez deritzadana. Zaharragoen poesi-lanak, atzokoenak edo bart arratsekoenak batipat, ia zearo arbuiatzeko eskubide osoa du eta arrazoirik gabe ari denik ere ezin esan diteke erabat. Orrelako garbiketak, atsegiñak ez ba dira ere, egin bear ditu nork bere etxean noizik bein bederen, zoko zikiñak astinduaz, eta ezin uka diteke osasungarriak direnik. Alaz guztiz ere, ordea, izkuntza lehenago landu dutenek, baita moldakaitzenek ere, zerbait utzi digute: berriz ibilli bear ez ditugun bideen irudia, besterik ezean, kontuak arretaz ateratzen baditugu beintzat. Azorin batek, de mortius delako sonatu artaz ahaztu gabe, ez du neure gogorako irakurgarri den gai mamitsurik aski eman, baiña itsukeria litzake —lekuak, jendeak eta autsez orakatuak zeuden liburu zaharrak begi berriz ikusten erakusle eta gidari izateaz gainera— gaztelaniaren ibillera eta otsa bera aldatu zituela ez aitortzea, naiz gero aldaketa ura cliché zurrun aspergarri biurturik akabatu. Eta alde orretarik —bestetarik ere bai, tokirik eta astirik balitz emen bertan ager zitekean bezala— zordun dira aurrekoen gaurko idazleak, baita berrienak ere, konturatzen direlarik naiz oartzaka, beren balean eta beren ezean.

        Bestela badirudi ere, iñoiz baiño begirago egon bear genduke orain aldi igaroari, etorkizunaz atzendu gabe noski eta etorkizunaren zai gaudelako, ain justu. Besteak beste, lehen egin izan dena egiña dago, naiz gaizki egiña iduritu guri; lehen esana esana dago, oker esana dagoela baderitzagu ere. Ez gaitezen beti, ainbeste aldiz egin dugunez —eta lehengora nator berriz, predikari gogaikarriaren antzera—, uts-utsetik abia: lur landuan, naiz eta erdizka eta exkax landuan, aisago ereingo dugu erein bear dugun azi berria. Etxepare'k bere liburuaren azken-lerroan ipiñi zuen besteren ura, debile principium melior fortuna sequatur, entzun izan bagendu, beste oillar batek joko liguke orain kukurruku.

 

* * *

 

        Itz bi, azken-azkenik, argitaraldi onezaz. Izkuntzalari eta gaiñerakoek nora jo ba duten ezkero, obe zirudien olerki oek oraingo itxuraz azaltzea, oraingo jantziz jantzirik eta oraingo ortografiari dagoztela, ez agertu ziren moduan. Lehen testuari loturik, ordea, ahal denean letraz letra aldaturik. Ez da aise beti, eziñezkoa da sarritan, baiña ori da bere gaitzean eta eziñean argitaratzailleek gogoan eduki duten xedea.

        Ez ahal da Etxepare zaharren au liburu-sail onen asiera izan den bezala bukaera ere izango! Ez dira oriek, noski, eragille ditugunen asmoak. Oei eskerrak, espero dut, izango dugu euskaldunok iñork gutxik ezagutzen dituen euskal-obrak, zatika bederen, irakurtzeko aukera. Or dugu, esaterako, edizio zahar bakanetan baizik ezin arki ditekean Etxeberri Ziburu'koa. Bere alde mintzatu nintzan bein ozenki eta atsegin nuke iritzi ori baiezteko edo ezeztatzeko era erraza bestek ere baldin balu.

 

Bilaketa