literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Gabriel Aresti poetaren heriotza

 

Juan San Martin

 

«Gogoz, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978

 

                Lur honetan

                ehortziko naute

                Ohore hau ez dautate ukatuko.

                Gizonek.

 

        Behin holako bertso librean mintzatu zen euskal poeta hil zaigu, berrogeta bi urte bete baino lehen.

        Aresti, denen gainez edo ezer baino lehen, poeta handi bat zen, mundu hobeago baten alde sufritzen zuena. Eta trantze honetan, adiskidearen doluminez, poetaren hitzez esan nezake: «Neure dolorea bularraren lezean».

        Bilbon jaioa, 1933ko urriaren 14an. Hamasei urtekin hasi zen euskaraz ikasten eta hogetabat zituanerako hasi zen euskaraz idazten Guatemalako «Euzko-gogoa» aldizkarian. Ogibidez Profesor Mercantil zen, eta 1957an Euskaltzaindiko laguntzaile izendatua izan zen. Egan, Euskera, Olerti, Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan idatzi izan zuen euskaraz.

        Maldan behera (1960), Harri eta Herri (1964), Euskal Harria (1967) eta Harrizko herri hau (1970) poesia liburuen egilea, eta Lau Teatro Arestiar izeneko liburuan, Lur editorialak R. Saizarbitoriaren hitzaurrez 1973an argitaratutakoan, biltzen dira 1961etik 1964ra idatzi zituen antzerkiak, eta hauez gainera 1969an Beste mundukoak eta zoro bat. Beste lan berezi batzuk ere baditu: Malgizon-en abendurismoa (1972) izeneko kontaerak; Mundu-munduan (1965) erdi antzerki erdi nobela; Hiztegi tipia (1973), A-tik D-ra arteko hiztegia; eta bere azterketa lanak berezienak, «Flexiones verbales empleadas por Leizarraga de Briscous» eta «Léxico empleado por Leizarraga de Briscous» lanak «Fontes Linguae Vasconum»en 11 eta 13 zenbakietan (1972-1973).

Beste honako lan hauek itzuli zituen euskarara: B. Brecht-en Xixtima zoriontsu bat; T. Meabe-ren Hamalau alegia; F. Marcos da portela-ren Nekazariaren dotrina; eta Nazin Hikmet-en Lau gartzelak.

        Gainera, Kriselu argitaldariaren sortzailea eta egun argitaldari berritu honen zuzendarietako bat.

        Euskal poesia berriaren eragilerik handiena, batez ere Harri eta Herri liburuko bertso libre eta sozial gaietatik hasita. Antzerkian ere, era berritzearen alde ahaleginak egin zituenetako bat. Jaso zituen saririk aipagarrienak poesian «Loramendi» izenekoa 1959, «Orixe» 1963, «Lizardi» 1966 eta «J. M. Iparragirre» 1968; antzerkian «T. Alzaga» 1961.

        Lanok ikusi besterik ez dugu langile borrokatua zela igartzeko. Baina denen gainez, esan dugunez, poeta handi bat. Konformagaitza. Nekatuta euskararekin jabetu zenez, gure herkideok ardura gehiagoz bide bere har zezaten ahalegintzen zena. Hizkuntza, herria, eta batez ere langileria zituen maite eta beregatik edo beren alde sufritzen zuena kantatzen zuen erarik errazenean adiaraziz:

 

                Gauza zelariak,

                errezak

                edonork konprenitzekoak.

 

        Eta era honen bidez sentiaraziko zituen bazterrak, eta poeta berriak sortuko ziren hor-hemen gure hizkuntza zaharrari gogoa berritzeko.

 

                Kantabriako itsasoaren kostaldera joan nintzen,

                eta lzaroren aurrean negarrez,

                nire poemaren urrezko orriak

                entregatu nizkien

                uhineri,

                hobe baita itorik hil,

                goseak baino.

 

        Mundu hontako gehienak bezala lasai bizi zezakean, ezerekin arduratu gabe; baina ezin, justiziazko mundu hobe baten egarriak zeraman eta «-mundu honetan isuri den odolaren espilu» nahi zuen izan. Inoiz, poetak, holako galdeak egiten zizkion bere buruari:

 

                Zergatik metitu ote naiz

                halako enplego txar batean?

                Zergatik sartu ote nituen

                sudurrak

                hain kirats txarreko

                zer-egin honetan?

                Baina zergatik?

                Ez nintzen ni ederki bizi

                Bilboko hirian,

                gaztelaniaz,

                hispanidadean?

                Baina ez.

                Nire leinuaren ezagugarria da.

 

        Poetak, emaztea eta hiru alaba uzten ditu, bere sufrimenduzko poesian maiz presente aurkituko ditugunak. Bere azken poema liburuaren bertso batean hara nola azaltzen zituen herrianganako maitasun etsipendua eta familiaganako lotura:

 

                Inor ez da profeta

                bere mendean.

                Berriz etorri naiz

                pentsamendura,

                eta andre alabarik ez banu,

                pozik

                hilen

                nintzake,

                ene esanak kontsidera litzan

                euskal herriak.

 

        Poetaren bertso asko eta asko kanta bihurtu dira gaurko gazteen ahoetan. Eta, une hoietan, hemendik aurrera, errusinola bezala ari diren kantariok ez dezatela atertu bere hitzik, zeren gogoko izanen zuen hotsa:

 

                Errusinolaren kantuak

                nire arima

                bakez

                betetzen du.

 

        Azkenean, urte bete baino geiagoan sufritu behar izan duen eritasunaren ondotik, betiko bakea aurkitu du.

 

                Hiltzeko edo ez hiltzeko

                beti geratzen baitzaio

                gizonari

                esperantzaren

                bat.

 

        Esanaz bukatzen zuen bere azken poeta liburua, Harrizko herri hau. Bere penak, gogoz nahi zuen bakea aurkituko dute heriotzaren barruan. Bego atsedenean.

Juan San Martin

1975-VI-9

 

Bilaketa