literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Salbatore Mitxelena, aberri minak eragindako poeta

 

Juan San Martin

 

«Bidez, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1981

 

 

 

                Zein ederra dan

                olerkaritza

                bihotzak min duanean!

 

        Aitortu zuen Salbatore Mitxelena zenak bere poema batean. Zerk mintzen zuen? Sukarrezko kristau fedeak eta aberriak mintzen zuela esango genuke.

        Bere poemak epikoak dira gehienbat, baina lirikaz ongi jantegintzara eramateko. Gudu izigarri baten ondorea eta bere herriaren galzoriak eskaini zizkion gaiak, baina baita ere fedez larri-mindurik aurkitzeak.

        Bere poemak ekipoak dira gehienbat, baina lirikaz ongi jantzirik. Bertso egituretan berriz euskal kanta zaharren eta bertsolaritzaren estiloak erabili zituen, baina baita ere bertso librea, ritmoz hornitua.

        Gerrak haustutako zaborretatik nekeza zitzaion lirika herri bat sortzea. Inguruan aurkitu zuen egoera latzak minberaturik eta gogoa jaso nahirik eta jaso ezinezko poesietan abiatu zen. Errealismu latz batek bihotz mindurik eta ideal bati begira. Ideal hau, fedea eta Euskal-Herria. Eta, hemendik, garai hartan ezin zen atera oinazezkoa ez zenak.

        Baina, oinazezko egunok, bere gogorako, bazuten gorde-leku bat: Arantzazuko Amaren itzalpea.

        Hortatik sortu ziren «Arantzazu, euskal poema» (1949) liburutik hasi eta «Ama-Semeak Arantzazuko kondairan» eta «20 Kanta Arantzatzuko».

        Arantzazu abarotzat hartze hau, L. Villasantek dionez, Montserrateko Virolairen bertso hura ezagutu gabe izan behar zuen:

 

                Amb vostre nom comença nostra historia,

                i es Montserrat el nostre Sinaí.

 

        Zure izenarekin hasten da gure historia, eta Montserrat da gure Sinaí. Arantzazuko kondairen poemok izan bai ziren Salbatore zenaren lehen lanak, lehen aberriminak. Sufrikario baten aterpe Arantzazu zelarik. «Euskal-Fedea, beratan, bidazti, aldapa-gora, nora datorren jakiteke». Bere ikuspegitik eta bere gaztaro hartan hala ikusten zuen:

 

                Zuk zer dezu, Arantzazu!,

                ames-kabi, erti-leku?...

                Euskalerria oso-osorik

                kantari dijoakizu.

 

        Aztertzekoa litzake orduko giroa, Salbatore zenak hala ikusi zuena; herri baten hil nahieza. Zapaldurik ere bizitzaz iraun nahirik, baina izu eta ezin aurrerapiderik aurkitu, eta ezin honek bultzatu zuen (hala deritzat) herria bera Arantzazura babes bila. Ahalmenik ez zutenek ere zerbait nahi; nahi baina ezin. Aldi ilun hura ezagutu zuen gure poetak, bere obrak hala jasoa duenez. Honegatik aitortu zuen: «honako poema hau ez dala iñorena, ez nerea. Baizik Herriarena!».

        Bere garaiko gizonarentzat kantatzen duen poetak, betiko gizonarentzat kantatzen du. Giza esistentzia ez baina belaunaldi soil batena, baizik trazendentziarena, ororena, betikoa eta toki guzietakoa.

        Honegatik, lan ederra egin digute bere obra guzia bi liburutan jaso dutenek. Lehen tomoa datorren ostiralean aurkeztekotan dira, Donostian bertan. Aste oroz, frantziskotarrek eratuko dituzten kultur ekintzaren artean, gaur arratsaldeko 7retan izango da lehen mahai-ingurua eta etzi bigarrena, Salbatore Mitxelena pertsona eta idazle bezala adiaraziz. Behar beharrezkoa genuen hau, zeren aspaldi ezkutuegi gelditua zen euskal literaturarentzat hain garrantzitsua den autore hau, batez ere gerraondoko lehen ekintzaren eragile eta egilerik aipagarriena zenez gero.

        Aldi haretan, gude poeta hau, ohartua zen transizioko poemagintzaz ari zela, bilaketa aldia zela. Honegatik beronegatik hartu zuen herritar estiloa, bertsolari nahiz koblakari eskola zaharretatikoa, lokarturik zegoen herriaren iratzartzeko hain beharrekoa. Hala ikusi bai zuen «Herri bat guruzbidean», nahi eta ezinarekin borrokan. Urte ilunak haiek, aterpe edo babes leku bat nahirik eta herria izuaren isilean. Dena zen eremu, eta eremuaren erditik Salbatoreren oihartzuna jaiki zen: «Aberriak min dit».

        Beretzat, «Euskalerria lehenago, barruko edozein alderdi baino». Gaur ere oraindik zer lezio ederra gure ikasbiderako. Sentipen hoiegatik hartu zuen Unamunoren esaldi hura «Gurutz biderako»: «Un miserere cantado en común por una muchedumbre azotada del destino vale tanto como una filosofía». Bizitzaren sentipen trajikotik hartua dela ohartuko gara.

        1954. urtean Eibarren Mixio bat eman zuen E. Agirretxekin batean. Ohiturarik ez zuen asko han izan zen San Andresko parrokian. Asis-koak berak ere ez dakit eibartar gehiago bildu ahal izango zuen, baina bai badakit han zen pizti bat ez zuela baretu, eta han joan zen Donostiako agintariengana salatari. Geroztik apenaz uzten zuten baketan eta asperturik joan zen Ameriketara mixiolari.

        Bihotza hemen zuen batentzat ez zen aukerarik hoberena:

 

                Lur ezaguna utzirik

                banoazu iraduz.

                Zurekin bat eginda

                nik atseden, Jesus!

 

        Herbesteratzean argitaratu zituen «Euzko-gogoa»n «Gurutz bidean» eta «Bizi nahi» (1955) poemak, lehenago idatziak nonbait, Bizkaiko guduaren poema epikoak, biziak, eta biziak haina minak. Poema bizkorra eta eraginkorra. Gure artean egin den epikarik gailenenetako bat. Orduan ez zen zabalkundea eratzeko biderik. Ez zen ahal. Eta bere poemaren mensajeak etzuen izan hedakunderik, beste olerkari guti batzuen baitan baizik. Baina, Arantzazun han utzi zuen eskola: bere lagun Alustiza «Aztiri», bere ikasle ziren B. Gandiaga eta A. Bilbao. Horrela, Joxe Azurmendira arte kate bat luzatuaz, eta beren frutuak poeta berri askoren emaitzetan. Salbatore gabe oso nekez edo hain aberats izango ez zena, noski.

        «Unamuno ta abendats» (1958), saiaera liburua, bere azken lana, aurretikoekin lotura gabekoa itxuraz, baina funtsean honek ere zer ikusi handia du, bere barne prolematikaren eboluzioa aurkitzen delarik. Lan hau, lehen aldiz, bertsoz idatzia zuen, bertso librez gehiena, eta argitaratze orduan, zenbaiten eskariz, hitz-lauz jarri zuen, irakurgai errazagotzat. Zaitegin eskutik ezagutu nuen bertsozko hura, «Unamuno ta gu» zeritzana, eta unkigarriagoa iduritu zitzaidan. Bere taxura «Unamuno ta abendats»en azken orrietan aurkitu genezake.

        1970ean Jakin sortak elkar-lanean egindako liburu bat eskaini zigun, Salbatore Mitxelenaren bizitza eta lanak estudiatzen zituena, baina bere lan batzuk oraindik argitaratu gabeak zeuden eta beste batzuk aldizkarietan sakabanaturik. Poeta ezagutzeko, honegatik genduen hain premiagarria lan guzien bilduma hau. Are gehiago, poeta bera aldi berezi baten seme eta adiarazle zen aldetik.

        Zarautzen sortua zen, 1919an. Arantzazu, Forua eta Oliten egin zituen ikasketak. 1954. urtearen azkenaldera joan zen Ameriketara eta handik Suiza-ra 1962an eta hiru une barru hil zen La Chaux-de-Fonds hirian 46 urte zituela.

        Herriari herritar eskolatik hain bikain kantatzen jakin zuen poeta bihotz mindua, egoera latzean, etsi ezinez, atsekabeturik joan zitzaidun. «Aberriak min dit». Eta, maitasunez sufritu eragin zion herritik urruti, arrotzen lur hotzetan aurkitu zuen heriotzak. Gure literaturan ongi merezia du ohorezko lekua.

 

                Urretxindor kantaria

                baso-basoan gordia

                gau eta egun ospatzen da ari

                maiteño ta habia.

 

Bilaketa