literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Piarres Lafitte nor zen

 

Gexan Lantziri

 

«Nafar lapurtar idazle aipatuenak»

Piarres Lafitte

Elkarlanean, 2001

 

        Piarres Lafitte, 1901 eko Maiatzaren 21 ean sortu zen, Luhusoko Salaberrian. Aita, Baigorri Buztinagan sortua, guarda zen ofizioz eta etorkiz gaskoina. Ama aldiz, Uztaritze Buztingorrian sortua. Artetik derragun Urruña Buztingorrian ere bizi izan zela. Aita eta ama, 1909an, hilabete bat barne galdu zituen.

        Aitaren anaia baten etxera joan zen Itorrotz Olaibira. Izeba biarnesak, ez zekien ez frantsesik, ez eskuararik. Beraz, Piarresek harekin ikasi zuen biarnesa eta eskuara ahantzi. Hamaika urtetan, 1912an, sartu zen Belokeko semenarioan eta 1919an Uztaritzekoan. Kazeten irakurtzea gustuko lana zuen. Le courrier de Bayonne-n izkiriatzen hasi zen —politikan ere gustu hartu zuen—. Gero, kazeta hau 1925ean, apezpikuak apezei irakurtzea debekatu zielarik, La liberté du Sud-Ouest Bordeleko kazetan idazten hasi zen.

        Eskuara semenarioan ikasi zuen, Saint Pierrek bultzaturik. Bere apez ikasketak 22 urtetakotz bururatuak zituen. Eta une batez libro utzi zuten. Eskuara errotik ikasteko baliatu zuen epe hori.

        1924ean, 23 urtetan apeztu zen, baimen berezi bati esker.

        Apeztu eta Okzitaniako Tolosara igorri zuen apezpikuak lizentzia baten egitera; filosofia sailean hasi eta hizkuntzak lantzen segitu zuen, Saint Pierre-n kontseiluari jarraikiz.

        Bi urte iragan zituen Tolosan eta ikasketa lanaz bestalde, apez lana ere arras molde berrian hasi zuen, elizatik eta Herriko Etxetik arras bazter bizi zen auzo haundi batean; hala nola ezkontzak etxeetan eginez, berarekin elizaz eta udal ordezkariarekin herritarki, biak aldizka lekuko izanik. Halabaina, jende guti joaiten zitzaion igandetako mezara. Orduan, bera zihoan jendeetara. Girixtino sindikatu bat ere antolatu zuen...

 

* * *

 

        Pierre Lhande jesuita Tolosako unibertsitatean erakasle gisa ezagutu zuen. Honek, Parisera joaitean, hasi eskuara-frantsesa hiztegiaren jarraipena Piarres Lafitte-ren esku utzi zuen. Honek jada, bere aldetik, 100.000 hitz bazituen fitxaturik. Xinaurri lan hori zazpi urtez bururatu zuen, Aranart apezaren laguntzarekin. Hiztegia 1938an osorik argitaratua izan zen G. Beauchesne argitaletxean Parisen.

        Pierre Lhanderen hiztegia bururatu eta, gramatika lanari suharki lotu zitzaion eta 1944ean argitaratu zuen 500 bat orrialdeko liburu baliosa, luzaz euskarazaleentzat ikasliburu izan dena.

 

* * *

 

        1644ko urrian abiarazi zuen Herria astekaria, aitzinagoko Eskualduna-ren segida hartzen zuena. Artikulu idazle lana eta berri-emaileek zerabilten eskuararen zuzentzailearena, bide berez eraman zituen, jarraitasun eta zintzotasun handienarekin, nekealdiak omore onez gaindituz. Apez lantzat ere zeukan kazetaritza osoki gustukoa zuen. Hirurogei bat urtez, aldian aldiko berriak aipatu zituen, gai nagusietan bere gogoeten uzta agertuz: erlisionean, ekonomian, politikan, kulturan, edertian eta beste.

        Herria-ren saila hasi aitzin artikulu idazle lana eraman zuen: Gure Herria aldizkarian eta Eskualduna astekarian. Gizarteko gaiak, astekari honetan ager ez zitzazkeenak, frantsesez argitaratzen zituen Le courrier Baionakoan eta Bordeleko La Liberté egunkarian; eta geroago, Paueko Eclair Pyrénées eta Basque Eclair egunkarietan edo Le Carillon des jeunes gazte aldizkarian «Pierrette Labbé» sinadurarekin.

 

* * *

 

        Gazteekin zeraman lanari mintzabide bat segurtatzeko sortu zuen Aintzina hilabetekaria, eskuaraz eta frantsesez argitaratzen zuena. «Euskal Herriaren alde»/«Pour le Pays Basque» liburuttoa ere argitaratua zuen «Kantuz», «Errepikan» kantu bildumen ondotik. «Xaramela» eta «Kantu, kanta, kantore» argitaratu zituen. Gure Almanaka urtekaria 33 urtez. 1928kotz Euskaltzaindian urgazle gisa hartua, 1949an euskaltzain oso izendatu zuten. 1968an CNRS-en ikerlari gisa hartua izan zen. Eta 1982an Euskal Unibertsitateak «Doctor Honoris Causa» egin zuen Leioan (Gipuzkoa).

        Uzta bat harrigarria utzia digu Piarres Lafittek, dela artikulu (euskaraz ala frantsesez), bertsu, antzerki, ixtorio eta liburu. Xehetasun gehiago nahi duenak «Piarres Lafitte: bere bizia» izeneko liburua irakur dezake, Xipri Arbelbidek idatzi eta 1986an Elkar argitaletxean argitaratu zuena, eta guhaurek laburpen honen egiteko baliatu duguna.

        Bestalde, erran dezagun, Herria-ren bitartez bereziki, behe-nafarreraren eta lapurteraren arteko batasuna bideratu duela, euskalkien arteko «euskara batua»-ren aitzinbidea markatuz. Eta bere lanari esker, dudarik ez da, iparraldean euskal hizkuntzaren iraupena ere segurtatu duela bere inguruko laguntzaile guziekin batera.

        Euskaltzale guzien esker ona eta goresmenak hartze ditu.

 

Bilaketa