literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Hitzaurrea

 

Luis Haranburu Altuna

Donostia, 2003 uztailak 25

 

«Olerkijak»

Sabino Arana Goiri

Hiria, 2003

 

        Duela hogeita bost urte eta bere heriotzaren 75. urteurrenaren aitzakiarekin, Sabino Arana Goiriren antologia politiko bat apailatu eta prologatzeko aukera izan nuen [1]. Mende laurdena geroago eta bere heriotzaren ehun urte konplitzen direlarik, orduango nire iritzia zerbait aldatua eta egokitua dudala jabetzen naiz. Urteak eta egoerak dute aldakuntzaren kulpa.

        Aldaketa halabeharrezkoa da, harrezkero Sabino Aranaren pertsonaiak guztiongan izan duen eragina eta garrantzia kontutan hartzen badugu. Baita ere ugariak dira Arana Goiritaz harrezkero egin diren lanak eta azterketak. Baina batez ere, eta kasurako, ni neu naiz aldatu eta heldu naizena. Hitzaurre hartan, Sabino Aranaren goratzarre txiki batekin amaitzen nuen, bere figurak euskal historian izan duen garrantzia gogoratuaz eta euskal kontzientziaren iratzarmenduan izan zuen esku eragilea goretsiaz. Gaur hogeita bost urte zaharrago naizenean ez da Sabino Aranarengana nire interesa gutxitu, baina esan behar dut orduango nire «miresmen» kritikoa are kritikoagoa bilakatu dela, beti ere orduango miresmenaren kaltetan.

        Onerako edo txarrerako Sabino Arana Goirik euskaldun guztion bizitzan ukan du, eta dauka garrantzia eta eragina. Berak sorturiko alderdi politikoak agintzen du gure herrian Euskadik bere nortasun politikoa eskuratu zuenez gero. Sabino Aranaren ametsak eta asmoak dira, neurri handi batean, gaurko euskaldunon bizimodua egituratu eta tankeratzen dutenak. Bere ikurrina, gure bandera bilakatu da eta bere «ereserkija» gure himno. Urrutizkiña esaten diogu telefonoari eta Euskadi euskaldunon herriari. Guzti horretan eta gauza gehiagotan zerikusia dauka duela ehun urte Sukarrietan hobiratu zuten Abandoko arranoak. Baina goazen astiro eta burutu dezagun hitzaurre hau, ahalik eta hotzen, ahalik eta txukunen. Gogora dezagun lehenik nor izan zen Sabino eta zer pentsatu zuen; jarrai dezagun gero bere ondarearekin eta amaitu dezagun bere olerkien irakurketa ahalik eta literarioena burutuz. Aurrejuzguak orobat itsutu gabe, salba daitekeena preziatuz eta garbiro sentitzen duguna esanaz.

 

        Biziaren nekea eta argia

        Sabino Policarpo Arana Goiri Abandoko errepublikan, Bilboko auzoan, jaio zen 1865eko urtarrilaren 26an. Zortzi senidetatik —sei bizirik— gaztena zen Sabino. Santiago de Arana Ansotegui izena zuen bere aitak eta Pascuala Goiri zen bere amarena. Aita bilbotarra zuen eta ama Atxakoa.

        Familia aberatseko semea zen Sabino Arana Goiri. Bere aita Bilboko enpresari eta untzigile nagusienetakoa zen. 1868 urtean, gure egunetan Euskalduna izenaz ezagutu dugun, enpresa sortu zuen, Bilboko beste zenbait ugazabekin batera. Famili boteretsukoa zen, beraz, Sabino Arana eta bere aita Abandoko alkatea izateaz gain, Gernikako Juntetan Abandoko ordezkari bezala ere hautatua izan zen sarritan.

        Santiago de Aranaren joera politikoa karlista zen. Diruz eta egitez lagundu zuen karlismoaren kausa eta 1872ko karlisten matxinada gertatzen buru-belarri inplikatu zen. Bere lantegietako batean gorde zuen Ullibarri Jenerala altxamendua prestatzen zuen bitartean. Karlistadak eztanda egin zuenean, Ullibarrik Karlisten buru bezala jokatu zuen Oñatiko gatazkan hil arte. Ullibarriren heriotzaren ondoren Sukarrietan eta Mundakan gorde zen Sabinoren aita, handik karlistentzat armak erostera Londresera joanaz. Garai hartako berrogeita hamar mila duro jarri omen zituen bere dirutik eta Bilbon klandestinoki bizi izan gero, Lapurdiko Baionara egin zuen ihes liberalak Bilbon sartzear zeudenean. Berehala bildu zuen, Baionan, bere familia osoa eta Sabin mutil kozkorra beraiekin. Zortzi urte zituen Sabinok Baionara heldu zenean.

        Baionan Betharramitak zuten eskolan ikasi zuten Aranatar anaiek eta 1875eko ikasturtea amaitu ondoren Ziburura aldatu zuten beren egoitza. Ziburun, Luisen prezeptorea Nafarroako apaiz bat zen eta Sabinorena, berriz, deserrian aurkitzen zen karlista ofiziale bat.

        Gerla amaitu ondoren, 1876ko Urrian, Albiako beren etxera etorri ziren. Eguberritarako etxeratu zitzaien aita gaixorik eta animuz lur jota. Izan ere, Aranatarrak asko galdu zuten azkeneko karlistadan. Ez bakarrik dirua eta gatazka ideologiko bat, aitzitik liberalen garaipenak, Santiago Arana maite zituen erakunde eta usadio askoren suntsipena suposatu zuen. Aranatarren familiak ez zuen gehiago kopetik jasoko ez gizarte arloan ez eta enpresa eta ekonomiaren munduan. Karlisten alde jarritako diru kopuruak galtzeaz gain, familiako enpresen krisialdi gogorra ezagutuko zuten.

        Liberalen garaipenak bizimolde berriak eragin zituen eta halaber ekonomiaren pizkunde izugarria. Bizkaiko historiaren aro berri bat sortzera zihoan eta Aranatarrak antzinako gizartearen parte ziren, bai ideologiaz eta bai enpresa moduaz ere. Itsasontziak, jadanik, ez ziren zurezkoak, burdinazkoak baizik eta funtsezko aldaketa horrek Santiago Aranaren astilleruen gainbehera ekarri zuen. Hala ere Aranatarrak aberatsak ziren oraino lur eta kapitalen errentaz aise bizitzeko modua zutenez. Izan ere, Sabinok ez du inoiz lanean jartzeko asmorik ere agertu; beti jakin zuen dirudun zela eta ez zuela lan egin beharrik izanen.

        Baina jarrai, diezaiogun Sabino gaztetxoaren heziketa bideari. Abandoko egoitzara itzuli bezain laster Luis, bere anaiarekin batera, jesuitek Orduñan zuten barnetegira joan zen. Hamaika urterekin joan zen Sabino Orduñara eta berean jarraituko zuen beste sei urez.

        Sabinoren etorkizunean eta bere pentsaera politikoan, arrasto sakona utzi zuen, inolaz ere, aitaren gerla galtzeak eta beraren galera ekonomikoak; ez zen, ordea, txikiagoa izango Orduñan iragan zituen urteak eragingo zioten influentzia. Sabinok bere haurtzaroan jaso zuen norabide ideologikoak, ezin bultzada hobea jasoko zuen Orduñako jesuiten eskutik.

        Sabino Aranak Orduñako barnetegian izan zuen giro ideologikoaz eta bertako lagunez, ikerketa egina du Javier Corcuera historiagileak, eta berak dioenez fuerismoa eta tradizionalismoa ziren nagusi ideologiaren arloan, integrismoa erlijio arloan nagusi zen era berean. Orduñan ezagutu zuen, bere bizitzaren zehar, kontseilari izanen zuen Serapio Mendia jesuita. Giro hartan jasoa eta gordea zen antzinako Euskal Herriaren garbitasuna, handitasuna eta subiranotasuna. Oraindik ez du inork nazionalismoaren formulazioarik egin, baina Orduñan aurkitzen ditu Sabinok protonazionalista direnen erakutsiak. Batez ere, Sabinok Orduñan lortuko duena erlijioa eta foruzaletasunaren arteko lokarriaren ezaguera da, eta batak bestearekiko duen ezinbestekotasuna. Jatorriz karlista zen haurra, nerabe foralista bilakatzen da Orduñan, Sabino gaztea.

        Ikaskideen artean aurkitzen dira besteren artean Alfredo Acebal, Daniel Buerba, Gregorio Ibarretxe eta Francisco Olazabal Ramery; denek izanen dute Bizkaiko politikan zerikusirik bai integrista bezala edo eta azken batean jeltzale bezala. Ibarretxe, adibidez, Bilboko lehen alkate jeltzalea izanen da.

        Gaztedanik —haurtzarotik berak dioenez— izan zuen Sabinok politikarako joera. Lehenik karlistatzat dauka bere burua eta gero foralismoara joko zuen, handik nazionalismoa aurkitu arte. Beti ere aberriaren sentimenduak toki nabarmena izanen du bere heziketan eta sentimenduetan. España izanen da bere lehen aberri maitea eta hartan iraungo du bere benetako aberria Bizkaia dela ohartu arte. Badirudi bere bizia aberriaren burdinaz markatuta bizitu zuela: Mi patriotismo fue creciendo con la edad, pero siempre aplicado a España, hasta los quince años, esango du elkarrizketa batean. Aberriarekiko transferentzia ideologikoa eta sentimentala apurka-apurka eta astiro eginen du bere nerabezaro guztiaren zehar, eta ez du hemezortzi urte egin arte Euzkadiren aurkikuntza burutuko.

        Bere bizi guztiaren zehar izan zen autodidakta eta gogoko zuen bere kabuz bide berriak ibiltzea eta zabaltzea. Garai hartan euskal historiografia urria zen oso eta ugariak baziren ere euskal historiari buruzko testu apologetikoak, apenas aurki zitekeen zuhurki taxututako historiagrafiarik. Hala ere, Sabinok bere herriaren historian murgildu zen jakin-minak bultzaturik eta gaixoaldi luze baten eraginez.

        Orduñan azken kurtsoa egiten ari zela, tisiak jo zuen eta Albiako etxera ekarri zuten. Egun luzeak —urte bi— eman behar izan zituen ohean eta irakurtzeari ekin zion etengabe. Hala ere, ez du liburuetan aurkituko bilatu nahi zuen «egia». Bere anaia, Luis, izanen da begiak irekiko dizkiona. Ordurako Luis Galiziara joana zen Pontevedrako jesuiten eskolan bere ikasketak jarraitzera y dirudienez han, Galizian, jabetu zen euskaldun eta espainolen arteko diferentziaz, nolabait ere euskaldunen naziotasuna susmatuz. Ordurako Euskal Herriaren naziotasuna adierazia zuten bai Larramendik eta baita Zamacolak ere, bainan ez zioten ideia hura sistematizatu eta bere azken muturreraino jaso. Sabino Arana izanen da lauso artean zegoen ideia eguzkiaren argitara ekarriko duena.

        Hemezortzi urte zituen Sabinok eta 1882ko Pazko eguna zen. Luis eta Sabino etxeko baratzean ari dira paseatzen eta hitz egiten. Politikaz ari dira mintzatzen. Sabinok Karlista bezala aurkezten zion anaiari bere burua eta Luisek karlismoaren faltsia ideologikoak nabarmentzen zizkion, euskaldunen arazoa liskar dinastikoa ez baizik herritasun arazoa zela adieraziz. Luze hitz egin zuten, kartsuki eztabaidatu zuten eta ... hara Sabinok garbi ikusi zuen gezurretan murgildurik zegoela eta egia zioela bere anaiak. Noski! Euskal Herria zen, eta ez besterik, euskaldunen aberria

        Loilako Inaziok ohean etzanik eta eritasunean irakurriz aurkitu zuen bere biziko «egia», Sabino Aranak, halaber, eritasun luzearen bizkarretik aurkitu zuen «aberria» bere etxeko baratzean paseatuz. Paulo juduak Damaskoko bidean ikusi zuen bidea eta Sabinok Albiako baratzean aurkitu zuen «egia». Ez ditugu, ez, alferrik aipatzen Loiolako Inazio eta Paulo apostolua, izan ere haiek bezala Sabinok ere mistikaren mailako esperientzia bezala bizitu zuen bere aurkikuntza, ondorengo bizitza osoa markatu ziona eta erlijioaren arloko atxikimendu berarekin bereganatuko zuena. Euskaldunak nazio apartekoa osatu zuten antzina, eta aurrerantzean ere ez zuten onik izango beren nazioa berriro eraiki arte.

        Hemezortzi urte besterik ez ditu, baina dagoneko, Sabinoren indar eta kemen guztiak euskaldunen aberriaren kausan ezarriko ditu. Euskal Herriaren historia eta euskara ikasteari ekiten dio. Luis hiru urtez zaharragoa da, baina badirudi bere anai gazteagoaren gidaritzapean jartzen dela. Luisek asmatzen du aurkitu berria duten aberriaren ikurrina, baina Sabino izanen da bere hedatzailerik sutsuena. Sabinok dohain bereziak ditu propaganda eta polemikarako. Baina gauzak aldatzera doaz berriro Aranatarren etxean.

        1883ko ekainean Santiago Arana Ansotegui, aita, hiltzen da. Amak hartzen du orduan Bartzelonara joateko erabakia. Sabino lege-gizona izatea nahi du bere amak eta familia guztia berarekin harturik Bartzelonako bidea hartzen dute.

        Sabinok, ordea, ez du abokatu izateko asmo berezirik, honela dio hasi berria duen karreraz: Estudie la carrera que mi madre quiso y a mi menos me gustaba: las leyes. La empecé con bien poco provecho. En los cinco años que transcurrieron hasta que definitivamente la dejé, estudie pocas asignaturas y me examiné de la mitad de ellas. Deretxoko ikasketak, beraz, ez zituen burutu, baina ez du horrek esan nahi alferkeriari edo nagitasunari emana zebilenik, aitzitik inoiz baino kementsuago ekiten dio bere autodidakta heziketari. Bartzelonan idatzi eta argitaratzen ditu bere lehen entseguak eta euskarari buruzko bere aurreneko lanak.

        Lehen esan dugunaren arabera Sabino, familia aberatseko semea da eta badaki lanik egin gabe ere baduela nahikoa diru eta baliabide ondrosoki bizitzeko eta bere bokazio zuen politikagintzan murgiltzeko.

        Unibertsitatean ez jarduteak ordea bere lan guztiari oso agerian gelditzen de «amateurtasun» nabaria eransten dio. Bere irakurketak nahiko nahasiak dirudite eta antropologia, lingüistika eta historiari buruzko liburuak nahas-mahas irakurtzen ditu. Ez da gauza erosoa bere irakurketen zerrenda bat egitea zeren Aranak ez du oso gogoko bere lanak zitaz eta aipuez janztea. Badirudi bere adimena sinkretikoa dela, ezen harrigarrizko dohaina erakusten du hardik eta hemendik hartua, bere errota partikularrean landu ondoren berak elaboratua bailitzan emateko.

        Sabino Aranaren nortasunean bada beste bereizgarri bat oso gogoan hartu beharrezkoa eta bere lan politikoan erabakiorra gertatuko dena: autoestimu handiko gizona da Sabino Arana. Konfiantza izugarria du bere buruarengan eta jakin ere badaki bere aberriaren salbamena lortzera deitua dagoela. Aintzindaritzarako balio ote duen ere galdegiten dio bere buruari, eta baiezkoan dago Euskal Herriaren berpizkundea berak lideratu behar duela onesten duenean, sientome con fuerzas para el mando, aitortuko dio bere buruari.

        1888 urtea da eta Sabino hainbeste maite duen ama hiltzen da. Dudarik gabe kolpe handia izan zen Sabinorentzat bere amaren heriotza eta hala agertu du har taz egin zuen poema eder eta esanguratsuan —agian Sabinoren olerkirik sentituena—. Ama hil ondoren eta hogeita hiru urterekin Sabino Bizkaira dator Bartzelonatik, bere egitasmoak bidean jartzeko asmoz indartuta.

        Bartzelonan bost urtez egon ondoren, pentsa genezake bertako katalanismoak izan behar zuela eraginik Aranarengan, gauzak, ordea, bestelakoak dira eta harrigarria badirudi ere Sabinok ez du oso aintzakotzat hartzen katalan nazionalismoaren joera. Geroko lan baten esango duenez katalanen nazionalismoak ez du zer ikusirik euskal abertzaletasunarekin. Katalanak espainoltzat dauzka Sabinok, eta aldiz euskaldunak ez dute espainolekin zer ikusirik. Izan ere, oso zentzu desberdina eta iturburu diferenteak dituzte Katalunia eta Euskal Herriko nazionalismoek. Katalan nazionalismoan bertako burgesiak izanen du buruzagitza eta aldiz Euskal Herrian bertako burgesia industrialak mesfidaz eta arrotzki ikusiko du Aranaren mugimendua. Gainera, Kataluniako nazionalismoak zer ikusi handia du berpizkunde kulturalarekin eta apenas duen arrazaren zantzurik. Aranismoak, aldiz, bere iturburutzat dauka euskal arrazaren nozioa eta berpizkunde kulturala aranismoaren ondorioa izanen da baina ez Katalunian antzera bere sorburu.

        Jadanik Bartzelonan zegoela Sabino Aranak idatzia zuen Pliegos histórico-politicos izeneko lana, eta dagoneko bertan atzeman daitezke bereak izanen diren ideia ardatzak. Gero Bilbora etorri orduko Cuatro glorias patrias izeneko lana idatzi eta argitaratu zuen inongo arrakastarik lortu gabe (l890); bi urte geroago argitaratuko duen ildo beretik idazten du Bizkaya por su independencia bere obra kapitala, non eta bere mezu politikoa argiro agertzen duen. Eta oraingoan bai, 1982 urtean lortu zuen bi urte lehenago ukan ez zuen oihartzuna.

        Esan genezake, Bizkaya por su independencia deritzan entseguarekin hasten dela benetan euskal nazionalismoaren historia. Funtsean lau pasarte historikoaz dihardu liburuak. Oso ikuspuntu pertsonal eta jatorretik berrirakurtzen du Sabinok Bizkaiko kondaira eta jadanik berak zituen ondorioetara heltzen da aise eta garbi. Nolabait ere liburu horretan burutzen duena, euskal historiaren eta foralismoaren azken ondorioetara heltzen da bere abertzale ikuspuntutik eta horren arabera Bizkaiko historia osoa bere askatasunaren aldeko borroka luze eta loriosa baizik ez da. Asmakizun gorrian oinarritzen historiaren irakurketa, baina horrek ez du inolaz ere aztoratzen. Jadanik Sabinok argi dauka zein den «egia» eta guztia makurtzen du bere baitan sumatzen duen ebidentzia frogatzerakoan. Bizkaia independientea izan da beti eta bere une historikoan Espainiaren mende ikusi bazen, bizkaitarren ardura gabeziaren kulpa da; Bizkaia iratzarri behar da bere lozorrotik berriro bere buruaren jabe izan dadin.

        Esan bezala, ez zen oharkabean pasa Bizkaya por su independencia zeritzan entsegua. 2000 aleko tirada egin zen eta arretaz irakurri zuten Bizkaiko karlistek, foruzaleek, integristek eta batez ere Euskalerria elkarteko kideek. Elkarte honen buruzagia Ramon de la Sota, Bilboko ugazaba zen. Sortzen ari zen burgesia berriaren aurpegi ezagunenetakoa. Sota eta bere lagunek, garai berriei dagokien pentsamolde politiko berri baten bila dabiltza eta Aranarengan ikusiko dute beren interesen arabera korronte politiko berria sortzeko aukera. S. Arana, ordea, oraindik trebatu gabe dago politikaren eremuan eta bere gordintasuna ez zaie atsegin izango, lehen aldian behintzat, Sota bere lagunei. Hori da gertatu zena Larrazabalko bilkuran. Eskua luzaturik zetozen euskalerrikoei beren abertzaletasun eza aurpegiratu zien Aranak.

        Euskalerriakoak, 1893ko ekainean konbidatu zuten S. Arana, Larrazabalko txakolindegira, bost hilabete lehenago argitaratua zuen liburuaz mintzatzeko. Arretaz prestatu zuen Sabinok bere hitzaldia eta bertan aurkitzen dira garbiro jarriak ondorengo urteetan hedatuko duen mezu politikoa. Larrazabalko mahaikideak ez ziren asko eta guztiak bateratzen zituen Euskal Herria iragaiten ari zen krisialdirekiko kezkak eta ardurak. Sabino Aranak, ordea, oso berea zuen estiloarekin egin zien eraso beren «abertzaletasun» eza aurpegiratuaz. Haserretu ziren gonbidatzaileak eta gehiegi edan omen zuen norbaitek zaplazteko bat eman nahirik jarri omen zen. Guztira, ez zen afaria oso modu erosoan amaitu, baina jadanik lehen pausoa emana zuen Sabino Aranak, ordu arte bere baitan gordea zuen «egia» jalgitzen eta kaleratzen Larrazabalen hasi zenez. Sotaren izena Euzko Alderdi Jeltzalea eta Sabino beraren izenari atxikirik egonen da urte hauetan, eta ez da txikia izango bere eragina nazionalismoaren lehen pausoetan. Sota izanen da Aranaren utopiari hesia jarriko diona eta aranismoaren gordinkeriaren adierazpen larrienak leunduko dituena.

        Larrazabalko hitzaldia, gertakizun iniziatikoa izan zen Aranarentzat, handik bost egunera Bizkaitarra aldizkariaren lehen alea kaleratu zuten Aranatar anaiek. Gero etorriko ziren bata bestearen ondoren Baserritarra, El Correo Vasco, La patria, Euzkadi eta beste aldizkariak Sabinoren «mezua» aldarrikatuko zutenak. Guztiak dira Aranatar anaiek sortuak eta beraien itxiera eta sorrerarekin pairatuko dituzte multak eta kartzelak.

        Baina Sabino Aranaren lana ez da mugatuko berak sorturiko aldizkarietan idaztera, aitzitik politikagintza aktiboan murgiltzen da era berean. Larrazabalko hitzalditik urtebetera Euskeldun Batzokija sortu zuen Eusko Alderdi jeltzalea izango zenari hasera emanaz.

        Bere lan eta ardurak ez zitezkeen oharkabean pasa Bizkaiko agintariei eta berehala hasi ziren arazoak Sabino Arana, abandotar zintzoarentzat. 1894 urtean ezagutu zuen kartzela lehen aldikoz, eta beste bi alditan ere Larrinagako espetxean egon zen.

        Hamar urte iraungo du S. Aranaren «militantzia» politikoak eta etengabeko ekintzan jardungo du bere ideiak hedatzen eta arerio guztiekin polemizatzen. Esan daiteke, Sabinok ez duela ez ardura pertsonalik ez eta bizitza pertsonalerako astirik ere; bere izaera osoa hartzen du politikagintzak. Apostolu baten modura jokatuko du ber «egia» zabaltzen eta ereite. Aitzolek argiro ikusi zuen Sabino Arana eta Loiolako Inazioren arteko paretasuna: Sabino de Arana y Goiri aplicó los principios básicos de Iñaki de Loyola al campo concreto de la misión que Dios le confió. Sabino de Arana y Goiri creyó con sincera fé que el recibió una misión, naturalmente en sentido lato, de velar por la salvación suprema de los vascos. Ez da, beraz, kasuala S. Aranak Loiolarenganako duen atxikimena eta miresmena; hargatik eskainiko dio bere poematarik bat, non eta esango duen:

 

                «Zoriontsuba

                Bizkaia beti izango da

                Zeuk, Iñaki, zaituta!».

 

        Sabinok eredutzat dauka Loiolako Inazio eta harengandik jasoko du bere kausa defenditzeko modua eta jarrera. Sabino Arana, guztiz konbentziturik aurkitzen da, bere erantzukizuna dela Bizkaia eta Euzkadi osoa bere zorigaitzetik ateratzea eta salbatzea. Eta «salbatze» hitzari bere eduki eskatologikoa eman behar zaio hemen, zeren Sabinok ez du bereizten arazo zibil eta zerutarren artean. Gizona osotasun bat, Sabinorentzat, eta ezin aldenduak dira gizonaren joera erlijiosoa eta politikoa. Integrista da osoro, Sabinok duen gizonarekiko pentsaera.

        Baina, S. Aranak gizonari eta euskaldun zintzoari buruz pentsatzen duena ez da soilik programa politiko batean, erreferentzi modura gelditzen, aitzitik Sabinoren bizitza eta biografian hartzen dute haragi bere ideia eta proposamen politiko guztiak. Horrek emango digu arrastoa bere zenbait jokabide biografiko ulertu ahal izateko. Adibidez, oso modu berezian jokatu zuen Sabinok emakumeekiko bere harremanean. Balizko bere misoginia kontutan hartu gabe ere, ez da uler erreza emakumeenganako bere jokabidea. Dirudienez, euskararik ez zekien neska batetaz maitemindu zen Sabino eta bertan behera egin zion aurre sentipenari, berea zuen kredo politikoarekin kontraesanean jartzen zelako.

        Burutazio eta duda nahikoa izan zuen, halaber, Nicolasa Achica Allende izeneko neskaz maitemindu zenean. Bere abizenak ez zituen oso gogoko eta ikerketa ge nealogiko sakona burutu zuen —126 abizen arakatuaz— bere emaztegaiarekin ezkondu aurretik. Bere ezkontza, gainera, partidu arazo bilakatu zuen Engrazio Aranzadi eta Gotzon Zabala lagun zituelarik. Beraiekin eztabaidatu zuen baserriko alaba batekin ezkontzeko aukeraz eta azkenik 1900 urtean ezkondu zenean, kode abertzalean burutu zuen bere aukera.

        Kode abertzale hori, izan beharko dugu gogoan, baldin eta Sabino Aranaren mundua ulertu nahi badugu. Kode horren baitan uler daitezke, soilik, bere fobiak eta filiak, gorrotoak eta gogoak, haserreak eta pozak. Sabinoren bizitza santu laiko baten modura ulertu beharko dugu, baina hartarako ezin izango dugu bere pentsaeragandik distantziarik har.

        Baldin eta bere «egia» kritikatu edo eta auzitan jartzen badugu, goitik behera etorriko zaigu Sabino Aranaren koherentzia eta orduan norbaitek esan duenaren arabera psikopatologiaren arloan kokatu beharko genuke euzko abertzaletasunaren aita eta sorburua.

 

        Sabino Aranaren pentsaera

        Jaungoikua eta Lagizarra, lemarekin hedatu zuen S. Aranak bere proposamen ideologikoa eta politikoa. Lema osatzen duten hiru hitzek elkarri uzkaldurik daude eta ezin ulertuak dira bata bestearen gabe. Hiru hitzak dira Aranaren eraikuntza ideologikoa sostengatzen duten giltzarriak eta batek hutseginez gero eraikuntza osoak joko luke lurra. Ezin da Jainkoa Lagizarrik gabe ulertu eta are gutxiago Lagizarrak Jainkorik gabe eta azken batean «eta» kopulatiboan aurkitzen da guztiaren kodea, zeren S. Atanaren orijinaltasuna horretan datza hain zuzen, ezin da ekintza politiko jatorrik burutu eta ezin da Euskal Herria eraiki, Jainkoa eta Lagizarrak elkar lotzen dituen federik gabe.

        Lemaren lehen hitza Jaungoikua da eta bere lehentasuna ez da bakarrik sintaktikoa, aitzitik guztiaren jatorrian aurkitzen da Aranarentzat Jaungoikuarekiko fedea eta atxikimendua. Politikaren arloan Jaungoikoaren lehentasunak liberalismo ororen bazterketa suposatzen du. Sabino Aranak proposatzen duen gizartea ezin daiteke pentsatu ere egin Jaungoikoaren nagusitasunik gabe. Teokratikoa da gizarteaz eta politikaz Sabinok duen ikuspuntua.

        Sabino Arana Karlista izan zen bere gaztaroan, eta karlismotik jaso zuen Jainkoa eta Foruen arteko lotura. Baina, Karlisten eta nazionalisten Jaungoikua berdina bada ere, ez dira gauza bera Foruak eta Lagizarrak. Lagizarren gauzatzeak, berarekin dakar bizi-molde kristaua eta euskaldunak tradizioaz berea izan duten biziera jainkotiarra. Sabinoren ustez Foruen errebindizazioak ez du bermatzen Lagizarren eduki morala eta erlijiosoa eta hargatik lotzen ditu barne barnetik bere lemaren bi kontzeptuak.

        Europako sistema politiko gehienen lorpen historikoa izan da beren formulazio laikoa. Nolabait ere, Ilustrazioaren ondorio nagusienetarik bat, erlijioaren pribatutasuna aldarrikatzean datza. Gizonak elkar hartzen dute, arau jakin batzuen arabera, elkarrekin askatasunean, elkartasunean eta berdintasunean bizitzeko bakoitzaren aukera erlijiosoari begiratu gabe. Horretan datza politika demokratikoen modernotasuna eta berrikuntza. Horretan datza liberalismoaren muina. Sabino Aranaren ikuspuntua, ordea, osoro diferentea izanen da zeren ez du norbanakoaren autonomia politikorik eta etikorik onartuko, aitzitik, gizona kristau bezala ikusiko lehenik eta euskaldun bezala gero, izaera biak pertsonaren aurpegi desberdinak baina ezin askatuak baliran.

        Sabino Aranak biziki gorrotatzen zuen liberal kutsua zuen edozer gauza, pertsona edo eta ideia. Aranismoa eta liberalismoa, beraz, ezin uzkalduak dira. Sabino Aranak, hain zuzen, gizonaren autonomia eta libertatea ukatzen ditu Jaungoikoaren lehentasuna ezartzen duenean.

        Asko hitz egin zen 1936ko gerla ostean Espainiako nacional-catolicismo delakoaz, baina esan beharrean aurkitzen gara Sabino Arana izan zela neurri batean, nazional-katoliko-tasunaren dotrina sortu eta bermatu zuena. Liberalismoa izanen da Aranarentzat etsairik okerrena eta beraz, bere etsaitzat hartzen ditu liberalismoarekin zer ikusia duten gauza guztiak. Euskeldun Batzokijaren araudia idatzi zuenean garbi utzi zuen Jelkide izateko baldintza, nahi eta nahi ezkoa, zela liberalismoaren aldeko prentsa, pentsaera edo erakundeen kutsadurarik gabekoa izatea.

        Sabino Goiri, beraz, erabateko erreakzionarioa zen politikari buruzko teoriak arbuiatzen zituenean eta Erdi Aroan bezala Jaungoikuaren lehentasun politikoa aldarrikatzen zuenean. Nolabait ere, gaur eguneko ikuspegitik bere jarrera ulertzeko, esan genezake munduan zehar agertzen zaizkigun «fundamentalismo» ugarietan aurkitzen duela bere kokagunerik egokiena Sabino Aranaren teoria politikoak. Sabino Arana erreakzionarioa zen ideologikoki eta fundamentalista politikoki.

        Lagizarrak ez ziren, soilik karlisten foruak, aitzitik antzinako bizimolde utopiko baten aldarrikapena ere dira. Euskaldunak beren arraza garbi eta kutsadurarik gabe mantentzen zuteneko garaiak berreskuratzea proposatzen du Aranak; antzina bezala, euskaraz bakarrik dihardun Euskal Herria amestuko du; ohitura eta usadio «garbien» denborak eskuratu nahi ditu Lagizarren bitartez. Lagizarrak, Jaungoikuak betidanik euskaldunei emandako azturak eta bizimoduak dira; beraz, berriro Euskal Herria Jaungoikuaganatzeko Lagizarrak bermatu behar dira: arraza, euskara, moral garbia eta antzinako usadioak. Baina lagizarrak eskuratzeko beharrezkoa du Euskal herriak bere etsaiak gorrotatzea eta bere arraza, hizkuntza eta morala zikindu dituztenengandik askatzea.

        Euzkadiren independentzia, halabeharrez, Jaungoikuaren borondateari jarraituz euskaldunak eskuratu behar dituzten Lagizarren aurrebaldinzta da. Independientea izan behar du Euzkadik euskaldunen arraza garbitzeko, euskara berreskuratzeko, eta antzinako ohitura jatorretara itzultzeko.

        Hala ere Sabinoren ideologiarengan gehien aztoratzen gaituena ez da bere arrazakeria eta fundamentalismo sakona, aitzitik gehien harritzen eta beldurtzen gaituena, gorrotoaz egiten duen gorespena da. Gorrotoa —gorroto bizia— da, Sabino Aranak bere jarraitzaileei proposatzen dien lanabes politiko eta tresna ideologikoa. Benetan harrigarria egiten zaigu ikustea, zenbaterainoko tolerantzia ukan duen aranismoak Euskal Herriko elizgizonengadik, gorrotoaz egiten duen goraipamena eta erabilera ikusirik. Gure aburuz ez dago gorrotoa bezain sentipen ezhumano eta ezebangelikoagorik.

        Zenbaiten ustetan gorrotoak Sabinoren eraikuntza ideologikoan daukan tokiak ez du hainbesteko garrantzirik, kontutan hartzen badugu aranismoaren erakarpena. Hauen ustetan aberriaren iratzarmenduak zilegi egiten ditu hainbat bidegabekeria eta trakeskeri ideologiko. Gure ustetan, ordea, eta ikusirik gaur egun ere, abertzaletasunaren izenean burutzen diren krimenak eta mota guztietako gehiegikeriak, gorrotoa ez daiteke inoiz izan inolako giza eraikuntzaren zutoin eta habe. Ez eta ere inolako eraikuntza nazionaleko bidea ibiltzeko erregaia. Gorrotoa sentipen negatiboa da eta S. Aranaren kasuan auzitan jartzen du bere eraikuntza ideologiko eta politikoaren zilegitasun demokratikoa.

        Idazleak eta politikoak gutxienetan adierazten dituzte, argi eta garbi, ezkorrak diren ideiak eta sentipenak; S. Aranak, ordea, ez du batere ahalkerik gorrotoari buruzko adierazpenak egiteko eta are gehiago, oraindik, gorrotoaren beharraz teorizatzeko. Amo a mi patria y tengo que odiar cuanto atente contra ella idatzi zuen. Baina dudarik balego ere, bere gorrotoaren halabeharraz jarduten du, bere pedagogia burutuaz: Preocupémonos de amar a la patria, que este amor nos enseñara a odiar a sus enemigosy a aborrecerles.

        S. Aranaren poesian ere, garbiro azalduko du zein barnetik ernaltzen zaion gorrotoaren gogoa eta zenbateraino duen hedatua.

        Maketoak gorrotatzen ditu batez ere, baina ez haiek bakarrik, bere ideologiarekin bat ez datozen euskaldunak ere gorrotatzen ditu:

 

                Ken, kendu

                Maketuok eta

                Euzkeldun maketuzaliok!

                Bota, bota

                Azurbaltzok eta

                Euren lagun guztijok

 

        Baltz, maketo edo espainolen heteronimo ugariak, bestearenganako gorrotoa ager arazten dute Sabinorengan. Berak asmatu duen aberrian eta berak bezalako euzkotar «garbiekin» eraiki nahi duen Euskadin ez dago tokirik euskaldun «maketuzaleentzako» eta are gutxiago kanpotik lanera etorri diren etorkinentzako.

        Gorrotoa datza eragile eta hotz, Sabinok asmatu zuen dotrinan. Ez du balio kontestualizazioaren aitzakiak gorrotoaren ideia zuritu nahi denean. Euskal abertzaletasunak bere «maisuarengan» aurkitzen den defizit moral eta demokratikoa zuhurki osatu behako luke, dagokion kritika eta berrikuste historikoa burutuaz. Ulergaitza egiten da, benetan, bere ondorengoak haren gehiegikeriak ez egokitzea, zeren abertzaletasunaren izenean kalte handiegiak eragin eta eragiten dira euskaldunen artean.

        Gorrotoak S. Aranaren eraikuntza ideologikoan hartzen duen toki zentralak guztia kutsatzen du abertzaletasunaren kaltetan. Abertzaletasunaren sortzailea eta aita denak gorrotoa bere mugimenduaren eta eraikuntzaren erregai eta zimentarri bezala erabiltzen duenean, bere ondorengoak interesik handiena izan beharko lukete beren «maisuaren» kritika burutzeko eta haren astakeria atzerakoiak arbuiatzeko.

        Azken batean, Sabino Aranaren teoria nazionala erro-errotik dago oker eraikia, bere batean arrazak duen toki printzipalaren kulpaz. Lagizarren kontzeptuan arrazak lehen mailako garrantzia du eta gero dator euskara. Arrazari ematen dion garrantziarekin, orobat jartzen du hankaz gora demokraziaren zentzua eta halaber Euskal Herriaren benetako ezaugarriak.

 

        S. Arana eta euskara

        Sabino Arana Goirik 1882ko Bazko egunean jaso zuen, Luis bere anaiagandik, abertzaletasunaren «egia». Hamazazpi urte zituen eta buru belarri jarri zen Euskal Herriaren historia eta euskara ikasten. Euskaldun berria dugu, beraz, Sabino eta bere izaera honek markatuko euskarari buruz duen pentsaera. Bere garaian euskarak atzerakada nabarmena egin zuen batez ere Bilbo eta bere inguruko herri industriatuetan. Etorkinen uholdeak ez zuen euskararen egoera larria areagotu baizik egingo.

        Euskararen amilbeherak kezkatzen du S. Arana, baina are gehiago oraindik larritzen du euskal arrazaren nahasmenak. Bere axiologia partikularrean Sabino Aranarentzat garrantzitsuagoa da arraza, euskara baino, bestalde Aranak bazekien —bere buruan frogatu zuelako— euskara berreskuratzea posiblea zela, arrazaren kasuan ez bezala. Sabinorentzat arraza da euskaldunen etnotiporik garrantzitsuena eta horren inguru ardazten du euskal nazioaren teoria eta euskaldunen identitate sakona. Maketoen etorrerak beldurtzen badu, batez ere arrazaren nahasmena gorrotatzen duelako da; maketoak noski gazteleraz egiten dute, baina horrek ez du Arana kezkatuko, okerragoa litzateke bere aburuz, etorkinak euskara ikasten hasiko balira. Bizkaitarra aldizkariaren 16. alean honela dio: Tanto estan obligados los bizkainos a hablar su lengua nacional, como a no enseñarsela a los maketos o españoles... la diferencia del lenguaje es el gran medio para preservarnos al contacto de los españoles, y evitar el cruzamiento de las dos razas.

        Aranaren testu horretan ikusten denez, euskarak bigarren mailako garrantzia du arrazarekin konparatzen badugu, eta euskara arrazaren zerbitzura jartzen du etorkinengandik bereizgarri den aldetik. Gaurko edozein euskaltzaleari harrigarriak egingo zaizkio ondorengo hitzak, baina ezin esanguratsuagoak dira Aranak euskarari buruz zuen ideologiaz jabetzeko: Si nos dieran a elegir entre una Bizkaya poblada de maketos que solo hablase Euzkera y una Bizkaya poblada de bizkainos que solo hablasen el castellano, escogeríamos sin dubitar esta segunda, porque es preferible la sustancia bizkaina con accidentes exóticos que pueden eliminarse y sustituirse por los naturales, a una sustancia exótica con propiedades bizkainas que nunca podrán cambiar. Ez dago garbiago eta laburrago «garbitasun etnikoaren» aldeko politika deskribatzerik. S. Aranaren meritu latzgarria da. Eta euskaren subordinazioaz dudarik balego, aipatzen ari garen artikuluaren beste pasarte batean honela gehitzen du: Si nuestros invasores aprendieran el Euzkera, tendríamos que abandonar éste archivando cuidadosamente su gramática y su diccionario, y dedicarnos a hablar el ruso, el noruego o cualquier otro idioma desconocido para ellos.

        Sabino Arana ez da pentsaera konplexua duen gizona eta bere «egiak» behin eta berriro errepikatzen dituenez esloganak baliran formulatzen ditu gordin-gordinik eta ahalkerik gabe. Euskara garrantzitsua da, noski, Sabinorentzat baina ez du maketoen ahotik entzun, berarentzat eta berak bezala pentsatzen dutenentzat gorde nahi du: Para nosotros sería la ruina el que los maketos residentes en nuestro territorio hablasen euskera. ¿Por qué? Porque la pureza de la raza es como la lengua, uno de los fundamentos del lema bizkaino, y mientras la lengua, siempre que haya una buena gramática y un buen diccionario, puede restaurarse aunque nadie la hable, la raza en cambio, no puede resucitarse una vez perdida.

        Eta arraza garbia nahi duenez, euskara ere garbia nahi luke. Hargatik saiatu zen euskararen «garbiketa» lanetan. Bere aburuz euskarak hartuak zituen hainbat hitz erdaratik, eta premiazkoa zen euskara kutsatzen zuten hitzak baztertzea eta haien ordez neologismoak ezartzea. Ortografiaren arloan ere, zentzu berean ahaleginduko da gaztelerazko orbana guztiak kendu asmoz. Berdin jokatuko du pertsonen izenarekin, eta zeruko santuen deiturak ere aldatzen ditu.

        Sabino hil baino bi urte lehenago, Hendaian ospatu zen euskararen ortografia bateratzeko egokitu zen kongresua. Bertan izan zen Sabino Arana jadanik bere alderdikide zituen beste zenbait euskaltzaleekin, baina zorionez Iparraldeko euskaltzaleak lortu zuten Aranaren erreformak zerbait baretzea. Hendaian bildu ziren S. Aranaz gain, bere egunean, euskarazko katedra irabazi zion R.M. Azkue, Arrese Beitia, S. Mugika, A. Campion, Arbelbide kalonjera.

        J. Hiriart Urruty eta Broussain medikua, besteren artean, Hendaian izan ziren eta han Aranak izan zituen eztabaidak eta jarrerak ezin hobeto aipatzen ditu Campionek: El señor Arana se mueve con un objeto preconcebido, el de imponer su sistema ortográfico, no con los votos de la razón, sino con la razón de sus votos. Es hombre de intratable amor propio, que ha llegado a imaginarse que es el único bascongado que ama a su patria. Y como la Euskal-Erria es de todos, ha inventado para uso particular a Euzkadi, nuevo país vasco habitado por fuegos fátuos. A. Campionek harreman konplexuak izan zituen Euzko Alderdi jeltzalearen sortzailearekin, baina garbi zekien euskararen arazoa politikoen politika partiduzaletik hareago zegoela.

        Aranak, gero bere alderdiak egingo duen bezala, euskara patrimonializatu egin zuen eta bere garbizalekeriarekin arrisku handietara eraman zuen euskararen norabidea; esan genezake S. Aranak euskararen alde egin zuen lanak «malgre lui» ukan zuela arrakasta, ez bere egitez eta teoriaz, aitzitik berak sortu zuen euskal kontzientiari esker loratu zen, beste luma eta beste buruetan, berak ideologia bati subordinaturik ikusi zuen euskara.

        Euskararen arloko garbizalekeria, arrazaren garbizalekeri grinaren ondorioa da; hargatik dauka, agian, Sabino Aranaren euskarak laboratorioko hotza eta ingeniaritzaren artifizioa. Bere olerkietan ikusten dira egokien Sabino Aranaren euskarak dituen ajeak eta merezimenduak.

 

        Sabino Arana, olerkaria

        Ez zitekeen besterik, eta Sabino Aranaren poemagintza ere bere biziko ardura nagusia den Aberriaren zerbitzura jarri zuen. Esan berria dugu Aranaren ideiak gutxi eta garbiak zirela, eta bere ideologiaren giltzarri nagusi guztiak aurkituko ditugu bere poemagintzan.

        Jainkoaren ideia behin eta berriz dator bere poemagintzaren zehar. Sabinoren ideologia teokratikoak loturik ikusten ditu Jaungoikoaren zortea eta Bizkaiaren etorkizuna:

 

                Bixi bei Jaun Goikua

                Bixi Lagizarra

                Biz eurokin betiko

                Erri bizkaitarra!

 

        Ezin bereziak dira aberriaren kausa eta jaungoikuaren gloria. Arana gizon erlijiosoa zen oso eta bere poemetan aurkituko ditugu etengabeko aipamenak Jainkoa eta Ama Birjinarekiko, baina beti ere aberriaren begitik ikusiko ditu. Loiolari eskainitako poeman argi agertzen da, Aranarentzat gauza bat eta bera direla Jainkoaren gloria eta Aberriaren osasuna.

        Nahas-mahas, zerukoak eta lurrekoak elkarrekin ageri dira Aranaren poemetan, grina guztiak batera adieraziz; ez du aski, nonbait, euskararen osasuna desiratzea, maketoen hondamendia ere aldarrikatu gabe:

 

                Bizkai guzti-guztijon

                Euskera gozua

                Egingo dogu danok

                Biar dalakua;

                Ta motzen erderea

                Aldendukogula

                Gure erriko edonun

                Arrotz-etsiko da.

 

        Aranaren poema gehienak «programatikoak» dira, bere xede ideologiko eta politikoaren zerbitzura jartzen dituenez. Badaki Sabinok kantuaren garrantzia handia dela, eta bere eginkizunen artean datza ereserkiak eta kantuak egiteko ardura.

        Gaur egungo Euskadi honetako ereserki ofiziala Sabino Aranak egin zuen Larrinagako kartzelan lehen aldiz egon zenean eta bertan aurkitzen dira Jaungoikua eta Lagizarraren aldarrikapenak, arbola santuarenarekin batera.

        Arbolaren imajina sarri erabili izan ohi da XIX mendeko euskal poemagintzan eta bereziki Arrese Beitiaren poemarioetan. Izan ere, norbaiten eraginik atzeman badaiteke Arana Goiriren poemetan Otxandiko poetarena da. Berarengandik jasotzen ditu Aranak bere poemetako hainbat osagai eta metafora: Ama/Aberria; Arbola/Euskal Herria; Aritza/Lagizarra; Arrotza/ Euskalduna... behin eta berriz ageri dira Aranarengan.

        Bestalde, Arrese Beitiaren kutsua nabari daiteke Aranak bere poemetan duen joera elejiakoan. Aberria/Ama binomioaren heriotza; arrazaren gain-behera eta euskararen desagertzea tonu elejiakoan burutzen ditu Aranak bere poema gehienak.

        Jainkoa eta Lagizarraz kanpo, badirudi ezer gutxi axola zaiola Arana poetari. Bada, ordea, poema bat, bera bizi zelarik argitaratu ez zena eta agian guztien artean nabarmentzen dena. Bartzelonan iragan zuen azken urtean hil zen S. Aranaren ama eta gertakizun hartaz konposatu zuen Sinismena izeneko poema. Badakigu ama hil ostean gaixorik jarri zela Sabino bere penaren eraginez eta aipatu dugun poema horretan dakusagu bilutsien Arana poeta.

 

                Ama maitea!

                Zetako,

                Zeu il da gero,

                Neu bizi?

 

        Horrela mintzatzen da poetaren malura eta bere amari atxikirik erabiltzen du, Aberriari loturik erabili ohi duen tresneria poetiko guztia. Poema honetako euskara, hala ere, bere ohizko euskara hotzetik aldentzen da eta ez du laboratorioko kutsu artifizial hura. Poema honetan Sabino, inoiz baino poetago ageri zaigu.

        Azkar, eta oharkabean bezala, transferitzen ditu Aranak bere mundua osatzen duten errealitatearen plano desberdinak, eta horrela pasatzen da zeruko Amatik, bere ama propioarengana eta berarengandik «ama» Aberriarengana. Azken batean, Sabino Aranaren mundua, dimentsio bakarreko kaos baten modukoa da. Bera eta bere aberriaren kaosa.

        Bestalde, S. Aranaren poemetan ez da ageri Euskal Herriko ez paisaiarik ez eta naturaren aipamen lirikorik; bere poemagintza osoak «intelektual» eraikuntzaren usaina du eta nabarmenki ikusten zaio ardura «didaktikoa». Didaktikotasun honetaz esan behar dugu, Aranak biziki maite zuela antzerkigintza eta fede handia zuela dramaren ahalbideetan; antzerkia herria lantzeko lanabes bezala ikusten zuen Aranak eta beste hainbat gertatzen zaio bere poemekin. Azken batean Sabino Aranaren poemagintzaren azken ardura ez da ederraren dastamena, bere «egiaren» agerpena baizik. Emozio lirikoa falta zaio Arana poetari, eta sobera dauka didaktikaren zama.

        Dudarik gabe, Sabino Arana ez da euskal poetarik bizkorrena ez eta hoberena. Bere poemak duten interesa pertsonai politikoarengan jaio eta itzaltzen da. Euskal Lirikaren historian Aranak toki ongi merezia badu, ez da, behar bada, bere poemagintzaren merituaz, baizik eta bere eraginez sortuko den poema andanagatik. Lauaxeta, Lizardi eta Orixe ezin ulertuak dira Sabino Aranaren abiapunturik gabe. Oso berandu arte, kasik 1936ko gerla ondoren arte, euskal poesiak ez du urratuko Aranak bere gain ezarri zuen hipoteka eta zama.

 

* * *

 

        Ez nuke hertsi nahi luzeegia atera zaidan hitzaurre hau, behin berriro Sabino Aranaren berrirakurtzearen premia aipatu gabe. Pertsonai garrantzitsuegia da oharkabean eta isilean gordetzeko. Nolabait ere, gu denon bizitzak, eta azken batean, gaur egungo euskal gizartea ere, Sabino Aranaren eragin pean daude. Nabariegia da bere eragina Sabino Aranaren azterketa kritikoa ez burutzeko. Aberriaren mistika, aberriaren erlijio bilakatu zen Sabino Aranarengan eta oraindik ere transferentzia haren ondorioak pairatzen ari gara. Garaia da jadanik, eta sasoia da oraindik, Aranak zeruetara jaso zuen aberria, laiko eta zibil bihurtzeko. Sabino Arana gu denon iragana dugu, baina etorkizuna geure kabuz eraiki nahi badugu, beharrezkoa dugu Sabino Aranaren «garbiketa» egitea. Badakigu, jakin, garbituaz gero ez dela «Maisu» bera izanen, baina gutxienez Sabino «gizona» ikusi ahal izango dugu; bere itzal eta argiekin; bere gezur eta egiarekin.

 

        [1] Sabino Arana Goiri, Obras escogidas. Antologia política. Haranburu Editor, Donostia, 1978

 

Bilaketa