literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Arrutiren poesiaz ohar batzuk

 

Joxe Azurmendi

 

«Olerki galduak»

Antonio Arruti

Elkarlanean, 1998

 

        Bigarren Karlistada ostean, karlistak armaz derrotaturik eta euskal diputatu liberalen iritziaren aurka erabaki izanik gehiengo parlamentariak, 1876ko uztailaren 21ean Foruak ezabatzeko legea onartu zen Espainiako Gorteetan Madrilen. Euskal Herria ehun milatik gora soldadu espainolek okupatua dago dena; Foruen aldeko edozein adierazpen jendaurreko gogor zigortzen duen gerrako zentsura ezarri du Gobernuak Euskal Herrian [1]. Batetik Espainiako armen gatibuak bilakaturik, bada, eta bestetik Parlamentuaren probintziak, h.d., galdurik erabat «nortasun forala», Euskal Herriek parada izanen dute beren buruari galdera garbi jartzeko finean, egiaz berak zer diren, beren buruentzat bederen. Aski ezaguna denez, erantzun politikoa laster Sabin Arana Goirik eman du, harrez geroko euskal historia determinatu duen erantzun hori: Euskal Herria nazio bat da, beste nazioetatik berezitua, subjektu politiko burujabe bilakatu behar duena, Espainiatik eta Frantziatik aparte. Beste erantzun antropologiko-kulturalago baten arabera (Arana Goirik ere asumitzen duena ordea) Euskal Herria euskararen herria da eta bere identitatea hor indartu behar du: Foruen galerari euskara eta euskal literatura sendotzeko ahalegin berritu batek jarraitu dio.

        Baina derrotatik esnatze zail —luze— bat izan da hura ere, poliki-poliki, mendeen zama zaharretik XX. mende berrira jaiki arte. Arana Goiri berdenboran karlistekin, liberalekin, sozialistekin borrokan joango da kontzientzia politiko abertzalea pizten eta formulatzen. Euskararen indarberritzeak, haren mesprezu olinpiko eta pertsegizioen artean abiatu beharko du bere bidea. Euskara ofizialki hizkuntza madarikatua da. (Eta sozialistek, etab., madarikazio ofizial hori berena egin dute). Foruen aboliziotik hamargarren urtean hala ohartzen zuen J.M. de Angulok: «Teniendo muy en cuenta la importancia y trascendencia de los idiomas populares para el triunfo de estas causas, renació el cultivo del vascuence con la abolición de los Fueros, y son dignos del mayor encomio los desvelos de las personas que se dedican al estudio y propagación del vascuence y para fomentar su afición a él, preparan certámenes y fiestas con este objeto, contrarrestando así, en lo posible, la cruel y sañuda guerra de que es objeto por parte de los Gobiernos absorbentes y centralizadores que hasta en el púlpito llegaron a prohibirlo y absurdamente se empeñan en que desaparezca o cuando menos vaya perdiéndose todo lo que es especial y peculiar en las provincias [2]». Hor aipatzen diren lehiaketak eta festak, Iparraldearen antzera jokatuz Hegoaldean garai horretan zabaldu diren Lore-Jokoak eta Euskal Jaiak dira, euskal kulturaren manifestazio ia bakarrak eta, ezbai gabe, garrantzitsuenak berak izango baitira momentuan. Eta komeni da apika gogoratzea, gaur piska bat lotsa ematen digu eta, horiek zer ziren eta zer gehiago ez ziren. Historian euskal literaturarentzat beren inportantzia guztiarekin ere, Lore Joko eta Euskal Jaietako «euskal kultura» horretan, meza santuak, pilota partidak, plazako idi pare ederrenak eta zeinek irrintzi zoliena botatzeak, inportantzia handiagoa baitzizuten agian poesia edo prosa orri ongi landu batzuek baino, hauek gutxi-gutxi batzuentzako bakarrik zuten interesik eta.

        Sozialki beharbada lorpen oso inportante bat euskaltzaletasun berrian, Iparraldean nahiz Hegoaldean, luebaki politikoen —gutxienez hein bateko— gaindipena izan da. Gorriak nahiz xuriak, liberalak eta karlistak elkarrekin batera ikusten ditugu hor. Juan Karlos Gerra eta Julio Urkixo karlistak dira. M. Soroa donostiarra ere karlista da, baina aski deskoloratua, bere burua liberalen artean eroso ikusteko. Ramos Azkarate tolosarra, alderantziz, liberala da, aski foruzale amorratua ordea karlistekin armetan joateko; eta aski euskaltzalea gero Euskal Erria aldizkarian inolako erreparo gabe kolaboratzeko. Aldizkari horretan Ramon Artola beste tolosarrarekin egin du topo, liberalekin boluntario ibilitakoa berau. Liberala zen Jose Manterola, gero Foruen abolizioaren kontra protestatzeagatik epaitua eta zigortua, Institutuan zuen katedra kenduta, Euskal Erria aldizkariaren sortzailea (1880) eta Lore-Jokoen antolatzailea Hegoaldean (Donostiako 1882koetan bereziki: urte horretan jaio baita Zarautzen gure Antonio Arruti). Lore-Joko horietan nik uste sarituena, berriz, Arrese Beitia, karlista zen, Alderdi hori aski foruzalea ez omen zelako handik baja emandakoa, etc. Esan nahi du, joanak joan, Foruen abolizioak denak berdintsu utzi dituela konpromiso berri baten aurrez-aurre [3].

        Ordenu berria (batzuek Euskal Herri «modernoa» esaten dutena) laster jarri da martxan: mutilen soldaduzka beharrezkoa (horietako pila bat Kubako gerrara eramango da), administrazio lokalen desmuntaia eta birmoldaketa Gobernari Zibilen kontrolpean. Erregimen Zaharreko euskal demokrazia tradizionala perfektua ez bazen («progre» batzuek errepikatzea gusto dutenez), Madrildik haren ordez Euskal Herriari inposatu zaion «demokrazia modernoa», oligarka notable gutxi-gutxi batzuen «pucherazo» eta korrupzioaren eta kazikismo lotsagabeenaren sistema ustela baino ez da izan. Momentuz horixe zen, izan ere —hauteskunde simulakro batzuk— Espainiako demokrazia guztia (4) 78an Kontzertu Ekonomikoa sinatu da, Foruen ordez aurrerantzean aginduko duen sistema, etab., bide berrian berrabiatu da politika.

        Erreakzio kulturalak laster sortu ditu bere organoak, Revista Eúskara Iruñean (1877), Revista de las provincias Eúskaras Gasteizen (1879), Euskal-Erria Donostian (1880). 1879an Hegoaldean aurreneko Lore-Jokoak ospatu dira Elizondon. Poesia lehiaketan Arrese Beitia izan da garaile, «Ama Euskeriari azken agurrak» poesiarekin. Baina epaimahaiak isilpean utzi behar izan ditu irabazlea eta haren poesiaren gaia, zentsuraren beldurrez [5]. Lore Jokoez gain, Euskal Herriaren eta euskararen ohorerako argitalpen inportanteak egin dira urteotan: Larramendiren Corografía de Guipuzcoa (1882), Astarloaren Discursos filosóficos sobre la lengua primitiva o Gramática y análisis razonada de la Euskara o Bascuence (1887), etab. Orohar, «1876-1900.etako urteek berrikuntza osoa ekarri zioten hizkuntzaren balioztapen ideologikoari (ez hainbeste sozialari), eta euskaltzaletasunak harez gero abiapuntu berrietatik ekin zion lanari» [6].

        Bitartean arrakasta literarioa benetan eduki eusko narratiba erdarazkoak dauka, antzinako Euskal Herria legenda-lanbro nostalgikoz janzten duenak: Navarro Villosladaren Amaya o los vascos del siglo VIII (1877); Araquistainen El Baso-Jaun de Etumeta (1882); V. de Aranaren Los últimos iberos (1882), etc. [7]

 

        Mende berria, kontzientzia berria

        Bat harrituta geratzen da «La Jura» bezalako testu bat irakurtzean, holako patriotismo espainol gerrazaleko kantarik nola izan litekeen euskaldun eta frantziskotar batek ondua. Hor frantses madarikatuak («esos malditos») Espainian sartuak dira:

 

¿Sabéis lo que esos franceses

Sin pundonor y sin honra

Pretenden al invadir

Esta nación española?

Encadenar nuestra Patria,

Mancillar la Fé Católica,

Arrebatar lo que más

Nuestro corazón adora.

 

(...)

 

¿Juráis defender de sangre

Hasta la postrera gota,

Nuestra Patria, nuestra santa

Religión y Zaragoza?

 

        Horra hor, bada, ideologia patriotero espainolaren aspaldidaniko eskema klasikoa: aberria eta erlijioa, espainolen betidaniko heroismo esentziala —Viriatorekin edo hasita— eta jendearen hidalgotasuna («De la plebe se codean/ Los hijos con aristócratas,/ Creyéndose iguales ante/ Dios, España y Zaragoza»), Euskal Herrian ere ideologia nagusi bilakatu dena Austriar eta Borbondarren morrontza mendeetako denbora luzearen poderioan. Ideologia nagusia nagusien ideologia izaten baita.

        Harritu? Foruak mehatxatuak izan ziren orduko, euskaldunak egiten ikusten ditugun defentsa beti da, Espainiarentzat arriskurik ez dela Probintzion independentzia, Euskal Herria Espainiako parte zintzoena eta Koroaren zerbitzari leialena dela, etab. etab. «Lo único para que he tomado la palabra ha sido para que se sepa que los vascongados somos dignos de pertenecer a esa gran nación [Espainia)» esanez defendatzen zituen Espainiako Gorteetan Valentin de Olano Diputatuak 1840ko martxoan Foruak (39ko urriaren 25ko Legeak hankaz gora utziak). 64ko erasoaldi berrian berdin jarraitzen zuen Pedro Egañak, euskaldunen balentriak zenbatu ondoren Las Navas de Tolosan, Sevillako konkistan, Lepanton, Pavian, eta Elkano, Urbieta, Okendo euskal heroiak alegatuz Espainiaren handitasunaren handitzaile paregabeak: «Nos llamamos vascongados porque no queremos renegar de nuestro nombre de pila; pero eso no quita que siendo vascongados seamos tan españoles como Su Señoria [Sanchez Silva Ministroari] y como el mejor español». Beste hainbeste egin du Barroeta Aldamarrek egun horietan, euskaldunen merezimenduak Espainiaren zerbitzuan aipatuz eta euskaldunen leialtasuna alegatuz «a esa buena y amada reina que preside los destinos de España, nuestra patria querida». Eta 76an bertan Fidel Sagarminaga bera honela espresatzen zen: «El señor Canovas, que tan bien conoce la historia de su patria, sabe que los vascongados no han sido nunca otra cosa que españoles, y aquellos entre los espanoles que mas originalidad y pureza en Su españolismo tuvieron»... Horixe izan da mendeetan euskaldunen harrokeria, Sabin Arana Goirik txaldankeria hori buruetatik zarrastatu dien arte: espainol originalak eta frantses originalak berak izatea, azkenean beren originaltasun guztia espainol soil eta frantses huts-huts izatean geratu zaiena. Hori bai, espainolik espainolenak eta frantsesik jatorrenak berak berriro.

        Erroman estudiatzen dagoela (1909-1912), estudiante gazteak urrunean etxeko mira sentitzen du; eta etxea gogoratzea Espainia gogoratzea da harentzat («nuestra querida inolvidable España»), Espainia inperial handia hain zuzen, eskolak eta propaganda ofizialak eta Elizak txiki-txikitatik arimako barru-barruraino iragazia diotena. Fenomeno hau ez dakit aski aztertua ba ote dagoen, aski deskribatua ere, gure kasuan, haur «kolonizatuaren» psikologia berezi hori: eskolan El Gran Capitán eta Hernan Cortesen balentriekin fantasia iratzartu ziotena, edo Clavijo eta Lepanto edo Zaragozako mirabiliekin liluratu zutena, gero, bere arimatxoan orduan egin zituen barren-barreneko identifikazio isil horiek nolabait apurtzen dizkion bestelako konturik eta istoriorik kontatzen badio abertzaleren batek, edo anarkistaren batek esaterako, zeharka bada ere irudi haiek birrintzen dituen eta historiaren arras bestelako irakurketa duen edozeinek, haur kolonizatu izandakoa nola itxi egiten den eta ihardukitzen den aurrena ikusmolde berri honen aurka, eta nola «alderdikoitzat» jotzen duen kritikoa, estukeriak jotako mendizulotar kaiku bat iruditzen zaion abertzalea, espiritu mundura zabaltasunik gabekoa, edo fanatiko erretxin huts-hutsa munduko anarkista maitagarriena bera. Denbora beharko du, beste mundu bat deskubritzeko eta bere barruan ordena berri bat eraikiz joateko. Propaganda aranista hasia zen Euskal Herrian, bere akats guztiekin ere, historiaren ikusmoldea iraultzen ziguna euskaldunoi. Baina espainoltxo asko jarraitzen zuen artean poeta frantziskotar gazteak, Seminarioko ikuspide fueristarekin, edo karlistarekin, Erroman, topiko patriotikoak harilkatzen. Eguzkia zeruan erregea da eta munduan hark maite duen erregina Espainia maiestate zoragarrikoa: Jainkoak berari eman dio munduko zetroa; bere bidean eguzkiak inoiz ez du «Su poder vasto y profundo» begietatik galtzen. Ez, hori lehenago zen; Espainia horrek Inperio gutxi dizu munduan orain: «Pasadas remembranzas! vino el día/ Del eclipse funesto,/ De luto se cubrió la Patria mía,/ Bajo la España de su noble puesto!». Zalantza gabe 98ko eta «98koen» oihartzuna. Espainia hori («Madre amada/ Aún en ruinas venerables grande») handia omen da miserian ere. «¿Alumbrarás de nuevo los hispanos/ —galdetzen dio halere Arrutik eguzkiari— Esplendores de gloria?/ Podrán juntar sus hijos ambas manos/ En explosión de aplausos de victoria?» («Saludo»).

        Hortixe dator —etortzen ari da— euskal kontzientzia, ondo egingo dugu ez ahaztea, mende ilunen barrendik egungo autokontzientzia zail nekagarrira, egun ere oraindik. Arruti euskal literatura piska bat ezagutzen (Domingo Agirre), eta Euskal Herria deskubritzen hasi denean, harentzat, zenbait euskaldun menditarrentzat oraindik ere bezala, Nafarroako Hegoa errea esaterako, hango klima, lurraren kolorea, kale eta etxe tankera, ez da Euskal Herria [9] (eta, bitxiro, Nafarroa hori arrotza ikusten duen berak, ama bezala ikusten dizu Espainia!). Egia da, nahi baduzu, Erriberri/Oliten euskararik ez zuela entzuten; baina bera ere erdaraz ari zen. Prozesu baten hasierako zalantza eta kontraesanak dira, nik uste. Hori 1907an idatzi du, teologiako estudiante zela. Argitsua baita zazpi urte geroagoko «Vestigios»ekin konparatzea, Nafarroan euskararen galera prozesua da hor poesiaren gaia. Estiloan ere, baieztakor deliberatu hasten da:

 

Sí, por aquí pasó. Testigos fuimos

De su dominio, valles y collados;

Su acento lleno de dulzura oímos,

Y cuidadosamente mantuvimos

 

Nuestros primeros nombres vascongados.

Los hombres la olvidaron siempre ingratos

(...) Y ella (euskarak) (...)

Dejó de la Ribera los regatos

Y del Pirine se acogió a las faldas.

 

Al recorrer su vida dolorosa

Que del Ebro comienza a las orillas,

Si ternura filial en tí reposa

Pronto tu faz se tornará llorosa,

Al par que se enrojecen tus mejillas.

 

¿Qué es lo que ves? Jirones por doquiera

del manto señorial (...)

De nuestra madre idolatrada Euskera.

 

Por los vestigios que se ven doquiera

Al recorrer sus valles y montes,

Ves que Navarra vascongada era;

En cuanto abrazan estos horizontes

Señora sin rival reinaba Euskera.

 

        Soziolinguistika nahiko sinplez operatzen duela, esango genuke: sentimental eta boluntarista hutsa, orduan ohi zenez («los hombres la olvidaron siempre ingratos», «despreciar a la madre, ¡Noble hazaña!»). Baina begira zer trasformazioak: ama orain euskara da, ez Espainia; eta Nafarroako Hegoa euskararen lurra da, alegia, erregina ere orain bera den euskararena («Señora sin rival reinaba Euskera») sinbolismoa lekuz korritu da [10]. Garrantzizkoagoa iruditzen zaidana: Euskal Herriarena euskararen historia bilakatu da funtsean; eta historia hori Guruzbidearen metaforarekin interpretatzen da («via dolorosa»), Salbatorek hainbat zuku aterako dion irudia inauguratuz...

        Arrutiren eboluzioa erdarazko poesian euskara goratzetik poesia euskaraz egitera doa. Hizkuntza kultoa, jakintsua, literario dotorea, gaztelania zen orduan (guztietan aberatsena, munduko literatura hoberenduna, etab., topiko ergel guztiekin); euskara, onen-onenean hizkuntza rustiko, familiar, prestigio gabekoa zen, beste askorentzat basahizkuntza lotsagarri hutsa. Arruti gazteak giro hori ezagutu du konbentuan nahiz konbentutik kanpo. Hasieran euskara bere haurtzaroko memoria izango da, dotrina buruz ikasi duen Oikiako mutiko azkarraren lehenengo arrakastatxoen oroipen harro-gozoa [11]. Fraide karrera ikasten etxetik kanpo urteak egon eta Oikiara berriro itzultzen denean, mezakoa eginda, euskara, maitatzen eta errespetatzen duten, berak maite dituen eta errespetatzen dituen herkide baserritarren hizkuntza da [12]. Baina ikasketak jarraitzeko Euskal Herritik kanpo, ikas-lagundi eta hizkuntz giro anizkoi egiaz internazionalean aurkitu denean (eta, beraz, espainolaren garaitasun mundialaren «ebidentziatik» libre), askatu egin da eta poesiak euskaraz idazten hasi da, Erroman.

 

Ainbeste izkuntza ez dirade emen

Gaurko batzarrean bitu?

Al zuan eran bakoitzak bere

Gogoak azaldu ditu,

Ta isill euskera? Ta isill euskaldun

Zintzo bat orain gelditu?

Erroman ere noizbait bear zan

Aitor'en izkuntza aditu

 

        «Erroman ere» horretan, aspaldiko garaipen motibo musikala ezagutu ahal dugu neke gabe: euskara (besteak adinakoa bera ere!), betiko ahalge eta apaltasun lotsorretik, borrokaren eta garaipenaren bidera atera da. «Jalgi hadi borrokara!».

 

        Arrutiren Euskal Herriak

        Arrutiren Euskal Herriak oso bere garaikoa izanik, berehala hurrengo euskal literaturan ondorioak izango dituen ezaugarri markatuak ageri ditu, gogoangarriak. Inoiz inork menperatu ez omen zuen herriaren topikoari («la belicosa Euskal Erria», «los indomables baskos»), bere zortxoa ordaindu gabe ez da geratu. Baina Erroma inperialari («tirano injusto») makurtu ez omen zitzaiona, Erroma katolikoari zein makurtzen zaion aitortzeko bakarrik [14]. Apenas da Arrutiren espiritu frantziskotarrekoa armak aipatzea, gutxiago goratzea. Baina, behin behintzat, ontzat eman ditu askatasunaren alde:

 

Sartu, kupida gabe buztartu

T'azpian artu

Nai gaitun etsai dolorrari

 

        Etsai doilor horrekin ez da esaten konkretuki zein ulertu behar dugun, jada ohargarriro «Arruti'tar Andoni Aba» sinatzen duen 1913ko testuak («Ola-Gizona»). Lehenagoko Ama Espainia hura izan daiteke beharbada, edo antzinako iragan izengabe mitikoren bat, beste gabe [15].

        Bakea eskatzen dio Arrutik Ama Birjinari Euskal Herriarentzat [16] eta bakea, lana, jende apala kantatzen da haren poesian. Orixe 1935ean aurkitu da parada horretan [17], berak esaten digunez, alegia «gerra gauzak» kantatu, Karlomagno, Errolan eta eusko buruzagien Orreagako guduak esaterako, epopeia zaharrak egin ohi duen eran, ala oraingoxe langilejendea eta biziena xumea. Aukera hori da Arrutik lehendik egina zeukana literaturan jende apalaren alde eta Orixek haren bidetik segitu duena. Erdi Aroko gazteluak eta zaldun armatu eta egitandi gerrazaleak ez dituela gogoko, Arrutik, nire ustez garai hartarako modu nahiko ezustekoan, Butroeko gaztelu aurrean erakutsi du, berriz ene bidea zabalduz Salbatorek egingo duen anaiarteko gerra eta bakearen «Arantzazuko mito» kontsolagarriaren garapide poetikoari, eta euskal historiaren ikuspide itxaropentsuago bati ene, bide batez (Gaztelu baten aurrean olerkiak) [18].

        Hori baita Arrutiren beste puntu bereizgarri bat: negarrezkoa zen euskal historiaren kanta —euskararen heriotza, etab.— esperantzazkoa bihurtzea. Euskararen agoniaren kantak (nahiko arrazoizkoak!) guztiz arruntu ziren Foruen abolizioaren osteko giroan. Arrese Beitiaren plainu Elizondon sarituak, «Ama euskeriari azken agurrak», ezohiko zabalkundea ikusi zuen Euskal Herri osoan. Arrutik ere badu «Illunabarra» izenburuko poesia bat, hor hiltzera doan baserriko etxejaun zahar baten izenean mintzo baita poeta: «Banua; zoli ziran begiak dauzkat lausuak...». Hotzikara eragiten du irakurtzean: begietako gaitzak itsutzen hasia zuen Arruti bera. Gaztetatik maite izan dituen mendion artean ireki zituen begiak (mendiekiko maitasun hori askotan aitortu dizu), haien aurrean itxiko ditu betiko. Poesiaren azken estrofan agurea Euskal Herriaren irudia bezala azaltzen da: «Larria benaz euzkaldunentzat [sic!][19] oraingo ordua,/ Au gauza zarrak lurpetutzeko lelo zorua!/ Galduko ote da gure Erri Kutun antxinakua?».

        Baina baditu poesia bi —bestela ene inoiz egin izan ditu holako kontraste bikoteak: «Uginak» / «Arkaitzak» bikiak izan nahi dutenak, Udaberria eta Udazkena izenburukoak. «Udazkena»-k ez du ezer berezirik (oraingo gaiari dagokiola), naturako udazken ezaguna da (Arrutik Larramendiren «sortitza» esaten dion natura horren urteroko fenomenoa). «Udaberria», aldiz, Eusko Pizkundearen metafora da. Hilaren piztuera mirarizkoa iragartzen duen «etzegon illa, lotan zegoan sortitza» aipu biblikoarekin naturari buruz hasi eta, berehala aurkitzen dugu udaberri honen barneko esanahia:

 

Euskera il zala? Ez, alajaña!

Gure etsai errai txardunak

Uste izan arren eldu zirala

Beretzat azken egunak.

 

Etzegon illa, burura jaurti

Zitzaion negu gogorra.

Bere semien eskar gaiztoaz

Jarri zan itxu ta gorra;

Baña semiak damatuta gaur

Ordaintzen diote zorra,

Ama maitea jartzen dutela

Gazte, lirain ta bizkorra.

 

        Lizardiren «Asaba zaharren baratza»-n amonak «lausorik du gizargia begietan»; hala Arrutiren baserriko aitonak «begiak dauzka lausuak». Baina hori «Lehena» da. Euskarak bere umeen aldetik, etsaien aldetik bezala, jasan duen gutxiespeneko urte zitalen garaia. «Etorkizuna»-n eguzkiz jantzi eta Lizardiren «baratz zarra baratz berri» ikusten da bihurtzen, distiraz eta fruituz beterik. Euskaldunon geuron «damu» eta —euskararen bizitzan— zikloaren irauliaren irudi hau, Lizardik emango dion antzezpena bera kasik iragarriz, Arrutiren poesian aurkitzen da. Euskararen haurrak, ama lehen zabartua, hura apaintzen eta edertzen ari dira gaur-egun. «Naro, loreak zelaian legez,/ Euskaldunen biotzian/ Loreak erne dira jartzeko/ Euskeraren bekokian». Eta iturri goitar gardenen urek biziberriturik, areriorik gabe, euskara, udaberri zoragarri batean berpizten —«nire baratz zaharraren antzalda!»— amesten du Arrutik, «arin datorren egun batian».

 

        Arrutiren herri euskalduna

        Lore-Jokoek sortu dituzten literatur mota nagusiak erlijiozkoa eta lokalista izan dira seguruenik. Erlijiozkoa, aspaldiko jeneroa da euskaraz; berri samarra, legenda literatura edifikantearen agerpena kontsidera daiteke beharbada [20]. Lokalismoa (edo berdin da erregionalismoa, etab.) fenomeno nahiko unibertsala zen momentuan Europako bazter guztietan. Bakarrik, hemen oso hemengo tankera abarkaduna hartu du, euskaldunaren konplexu zaharrak, orain berriberrituak, islatuz. Probintzia arruntetan geraturiko Probintziak eta udal ezdeusak, beren handitasuntxoak bapo hisiatu dira handitzen eta beren historiatxoak puzten, aurrerantzean historiarik gabe bizitzera kondenatuak geratu diren honetan: «Zumarragako erri eta bere seme ospatsuben kondaira eta doaiak», «Irun eta bere seme ospatsubak lengo denboretan», «Elgoibarko erriaren kondaira laburtxoa», «Bergarako seme argidotarrak», «Eibarko seme argidotarrak»..., ugaltzen dira tituluak. Literatura edifikante modu bat berau ere, zibila. Identitatea galtzeko beldurrak sortu duen handinahia. «Zer onra dan gipuzkoarra izatea», idatziko du Ramos Azkaratek. «Gipuzkoa!» abesten du Gregorio Mujikak eta bere Txurruka, Elkano, Legazpi, Okendo eta konpainiarekin, eta San Inaziorekin, ez dago beste halakorik munduan egon. (Orain San Inazio «unibertsala» izatea omen duzu inportantea, baina lehen probintzianoa izatea zuen benetan inportantea). «Okendo illezkorrari» (Iparragirre), «Txurruka jaunaren oroitzari» (K. Otaegi), «Urdanetari omenak» (Blas Pradere), «Juan Urbietakoari», «On Antonio Okendori» (J. I. Uranga)... Probintziako handikitarren omenaldi poetikoen euria egundoko indarrean indartu da, penagarri eta inpudiko arteko estatuaria bat gure herrietako plazak inbaditzen joan den pareko.

        Merezi du Arrutiri egin ez zuenaren inportantzia nabarmentzea hein honetan.

        Arruti, sentiera sozial eta errealista —zalantza gake frantziskano— goiztiar batez, bere egunetako eta inguruko jende xehearekin geratu da: Oikiako baserritarrak, Erriberri/Oliteko nekazariak («los hijos del trabajo»), mendiko artzainak, olagizonak, haurrak, agureak, bere guraso hilak, konbentuko lagunak.

        Ildo popular eta pertsonal hori Arrutik Truebari ere —ez derrigor tartegabeki— zor diezaioke.

        Truebarekin eusko/euskal literaturan fase berri bat hasi dela —politikan Foruen abolizioarekin batera—, idatzi du Gregorio Mujikak. Truebak, dio, Euskal Herria bihotz-bihotzetik maite zuen, eta maitasun horren fruitua izan zen «la literatura foral que él inicio. En prosa y verso cantó la pérdida de nuestras libertades y ensalzó la virtud de las leyes que acababan de arrebatarnos. Tras de sus artículos y poesias brotaron otros, escritos en euskera o en castellano (...). El fue quien primero expresó su dolor por el despojo de que fuimos víctimas el año 1876» [21]. Euskal Herria maitatzen, euskal lurra eta parajeak ikusten, euskal jendea miresten Truebak irakatsi ziola, aitortzen du Gregorio Mujikak [22]. Baina ez berari bakarrik, mundu osoari baino, berak dioenez: idazle maitagarri paregabea izaki irakurzalearentzat, eta frantses, italiano, portuges, aleman, ingeles, errusora itzulia izaki, Euskal Herria eta euskal herrietako jende xumea beste inork ez bezala Truebak eman ei dio ezagutzera munduari [23] Haren ondotik etorri den ia guztiengana eta guztira iristen da, Mujikari sinestekotan, haren eragina Euskal Herriko literaturan: haren jarraitzailetzat [24] jotzen baititu Joaquín Mazas y Orbegozo, Araquistain, Goizueta, Vicente de Arana, Sotero Manteli, Juan E. Delmas, Iturralde y Suit, Manuel Arcaya, José de Roure, etab. etab. Euskal autoreengan ere nabaritzen da Truebaren itzal handia: Etxeita, Apaolaza, hura euskaratzen ahalegindu dira. Erdaraz Mujikak bezala aitortzen dio J. K. Gerrak euskaraz: «Zure liburuetan, o Txanton prestua!/ Maitatzen ikasi det geure sort-lekua» [25]. Eta eskertzen zaio, euskaldunei begien bistan daukatena agertu izana, lur honek daukan hainbat gauza miragarri; eta munduari, euskaldunok eta Euskal Herria agertu izana: «Euskal mendietako neskatil lirañak,/ Gizon leial, azkarrak ta andre biargiñak,/ Baserritxo zuriak, landa loratsuak,/ Sagasti, gaztañadi, ibar ta basuak,/ Oituera garbiak, ipuñak... kondaira.../ Zuregatik munduan ezagunak dira». Arrutik ere, «Truebari» 1914ean Bilbon sariturikoan, haren fede garbia eta zintzotasuna, etab., eta euskal ohiturak eta jendea munduan zabaldu izana txalotzen ditu. «Aren eresi zoragarriak,/ Nere begiak/ Malkoz lañotu dituztenak,/ Gure txokotik azkeneraño,/ Baltikoraño,/ Dituzte eraman Euzko-izenak» — euskaldunon izen ona munduan zabaldu izan horrek preokupazio handi bati erantzuten diola ematen du, beraz. Euskararen maitasuna, eta jende xumearen biziera eta ohitura garbiak eta lana kantatu izatea, kantatzen zaio.

 

O zenbat maite zituan gure

Atso t'agure

Zintzo, lanean makurtuak!

 

        1913ko Euskal Jaietan Tolosan Arrutik —euskal munduan sartzeko edo— «Ola Gizona» poesia aurkeztu du («Azkeneko ola-gizona»rekin gero M. Lekuonak airoso berrartuko du gai hau: «Tiriki-tauki-tauki/mailluaren otsa...»). Bestetan ere egin izan duen bezala, objektua poesiaren subjektu bihurtzen du. Olagizona bera zaigu mintzo guri zuzenki bere lanlekutik: «Ederki gure lana dijua», gogotik eta pozik ari da gizona. Lan gogorrak ez du ikaratzen. Goruan artile kirrua neskatxak bezain erraz darabil berak burdin gogorra sutan. Bere lanaren garrantzia bakean nahiz gerran garbi dauka, horrek harrotzen du: burdina behar da basoa garbitzeko, burdilla behar dute ikazkinak, nekazariak; burdina behar, soroan artoa eta garia ereiteko, herriaren askatasuna gordetzeko. Ez, ez da dohakabea holako langilea. Bekokia beltz badu, argitsu eta alai ditu begiak.

        Garaian asko estimatzen zen Erdi Aroa —Arana Goirigandik Nemesio Etxanizenganaino— Arrutik, aitzitik, ez du batere maite (horretan ere Salbatorek segituko dio). Ez du han inolako Arkadiarik ikusten, gure historiako fede beroaren eta kristautasun jatorraren aroa, «antzinako» euskal menpegabezia burgoiarekin, ezpada jauntxokeria beltzarena eta biolentzia kapritxosoarena, jende xumearen zapalketa itxuragabekoz eta gerra zibil etengabez. «Billela, Butron, Abendano ta/ Emengo jaun ta jabeak,/ Madarikatzen zaituzte zuen/ Gaurko zentzudun semeak». Arruti, bada, ez dago Ahaide Nagusiok goratzeko. Beharbada horiengan ikusten duena, oso iraganzaharra ez den beste gerra zibil garai bat duelako:

 

O nere euskaldun anai maitiak,

Itxumustuan alkarri

Erasotzeko gogor ainbeste

Bider zeratenak jarri

Ixuririkan anai-odola

Gure bazterretan sarri,

O zer onura dizute zuen

Zorakeriak ekarri!

 

        Arrutiren jendea baserritarrak eta langileak direla, esan dugu, jauregi eta gazteluetako jauntxoak barik. Aurren-aurrena —Orixek oso antzekoa egingo du— jaio ez, baina bera han hazitako Oikiakoak ditu bere-bereak, ik. «Una visita a mi aldea» (1907), langile eta baserritarrak. Gehitu beharra dago segituan, halere, poesiotako baserriak eta baserritarrak nahiko «espiritualak» direla, nolabait esateko. Lehenengo bertsotik jada —«mis dulces paternos lares»— hizkera kitsch sasidotore batek baserri-unibertso «fin de siècle» estrainio batean sartzen gaitu. Hor jarraituko dugu azkeneraino. Etxeak «humildes caseríos,/ fiel imagen de la amable vascongada sencillez» dira; baserritarrak «¡Oh qué guapos mocetones, qué fornidos y robustos!/ ¡Cuál se refleja en sus caras bonachonas de los gustos/ La conciencia sosegada, del alma la dulce paz». Haizkoran eta segan edo igitaian eta laiaketan bezain trebeak dira pilotan eta palankan (oroit Orixe gaztearen baserri epikoan «Laiariak», «Ittariak»). Bertso batzuk gero. Aingerutako kanpaiarekin, erretiroa. «Así viven en mi aldea, venturosos y felices». Giro honetan haurrak «lurreko aingeruak» dira [26]; neskatoak elizara badoaz, «se dibuja/ En sus labios la pura sonrisa/ De los Angeles. Púdico tinte/ Arrebola sus castas mejillas» [27].

        Ordea beti ez da izango 25 urte berdeko eta barnetegi luzetik irtenberri hau. Bere burua baserritarra sentitzen duen [28] eta izateaz harrotzen den zarauztarra, ia hamar urte geroago —munduan ibiliagoxea ere [29] gai berera berriz itzuli denean, baserriaren eta baserriko bizieraren irudia, beti ere oso positiboa, baina hagitz konplexuagoa da. Kalearen edo hiriaren eta baserriaren kontrastea dago orain lehen planoan [30] Baserria ez da edozeinentzat, esaten zaigu orain lehen-lehenengo bertsotik: ez da, esaterako, hirietan hazi eta atseginetan ohituarentzat. Baserria jende apalarentzako da eta ematen duena bakea da («gentza»). Ate eta leiho zaharrekin, horma zatar beztuekin, hiritarrei barre eragiteko modukoa ageri da basetxea. «Ez da benetan ikusgarria». Baserriko biziera ere latza da: «Egun osoko lanaz aulduta / Aita-semiak etxera!»... Baina baserri hori, balio tradizionalen (Truebak bere ideal bezala proklamatzen zuen «la causa de Dios, de la patria y de la familia») altxorra eta gordelekua da. Bere ahultasun, apaltasun, gogortasunean, baserriari eginkizun altu hori aitortzen dio Arrutik:

 

Euskal-basetxe maitea, gure

Abi bigun ta gozua,

Itzali gabe gorde zeuk beti

Oitura garbien sua!

 

 

        Azkenean, Arrutiren Euskal Herria eta jendea («pueblo que trabaja y reza», «de fé sincera y de trabajo honrado») [31] «euskaldun fededundar» purua da, esan beharrik ez dago. Euskal jatortasun eta garbitasunaren babesa dira mendiak berak [32]. Euskara galtzen den lekuan, fedea ere galdu egiten da [33].

 

        «Zure errukizko begiak, Ama»

        Arantzazuko erromesak hainbat aldiz entzun du, Otañoren «itsumutilaren» antzeko melodia batekin abestuta, Arrutiren testu samur hau [34] Arantzazuko Andre Maria gaixoen eta galduen laguntzaile errukitsua da. Autorea hil eta geroxeago bakarrik argitara den kanta batean, gaitzak ia erabat itsutua duen Arrutik, honela erregutzen du:

 

Arantzazuko Ama laztana

Zugana nere begiak

Dijoaz, eta zugana ditut

Jasotzen nere esku biak;

Errukiduna zeran ezkero

Gozatu nere zauriak...

Aspalditikan zeugan jarrita

Dauzkat nere uste guztiak!

 

Erruki zaite, amostu bedi

Nere gaitzaren eztena;

Erruki zaite, betor lenbaitlen

Ezbearraren azkena.

 

Berriz ikusi daidan maitaro

Zure arpegi gozua [35] ...

 

 

        Mirariaren posibilitatean beharbada gaur baino errazago sinesten zuen oraindik jendeak — edo beharrean dagoenak beti errazago sinesten du beharbada. Gaitzak jota bista galdua duen gizongazte itsuak, ez da mirestekoa argia irrikaz itxarotea, eta mirariz bada mirariz. Arrutiren erdarazko poesia batek «Leyendo "Nueva Luz"» dauka izenburua, Sebastián de Luque jaun bati eskainia dago. Jaun hori, bere autobiografian irakur daitekeenez [36], «bekatari handia» eta Elizaren etsaia izan eta gero, Madrilgo ospitale batean hilzorian zegoela Ama Birjina agertu eta sendaturik, Mariaren zerbitzari eta apostolu suhar bilakatu da. Itxura duenez, 1910 aldera sona handiko pasadizoa izan da hori Espainian, eta Luque mirariz sendatu eta «konbertituaren» literatura hierarkia katolikoaren bedeinkazio eta gomendio guztiez gozatu da, berebiziko zabalkundea izan dute haren liburuek. Luque horrek berea baino beste mirari gehiago ere ikusi du nonbait bere inguruan, horietako bat Ondarroan hain zuzen (miraria ezezik mirarizko istorio konpleto bat, erromantiko eta fantastiko askoa, tamalez hemen azaltzeko luzetxoa egingo litzaigukeena) [37]. Zalantza gabe, mirarien itxaropena ez zen arestiko ingurugiro katolikoan oso eskandalosoa. Ama Birjinak beharbada bat-bateko miragarrizkoaren paper horixe zuen orduan erlijioan, gaixoen kontsolatzaile eta ezinari nolabait gain hartzeko laguntzaile. Arruti, mende hasierako katolikotasun modu horretan hazi eta hezia, ez dakit zein harremanetan egon den Luquerekin. Baina Kongresu Euskaristiko Internazionalerako haren Luchas secretas liburuak (1911), Toledoko Kardinal Primatuaren eta Zamorako Apezpikuaren bedeinkazio orrien ondoren, hitzaurre gisa Arrutiren aipatu poesia dakar. (Agian Arruti bazela jada norbait Espainian, ulertu behar dugu). Dena dela, gaur bitxi samarra iruditzen zaigun sentiera molde batean ikusten dugu mugitzen garaiko literatura erlijioso hura dena, Andre Mariarekikoa bereziki, eta Arrutiren poesietatik parte ez kaskar bat gisa horretakoxea izango duzu hemen, haren gaztetakoa batik bat.

        Ama Birjinak aparteko presentzia du Arrutiren produkzio osoan, euskaraz nahiz erdaraz [38] Ama Birjina ageri ez denean ere, erdigunea hark okupatzen duen espiritualitate bat, kultura bat esango nuke, daukagu aurrean («garbitasunaren» kontzeptuaz gero ihardungo gara). Batzuetan okasioko pieza banalak dira (jaiegun baten kariaz, edo ospaketa baten, ezkontza baten), edo agerkari periodiko baten orrietarako obligaziotxoak. Baina nota pertsonaleko puntta edozein momentutan irten daiteke: umezurtzaren alusioa adibidez [39], edo bere iluntasunarena [40]. Berdin da gurutzearekin. Eta orduan alaitasun infantil eta iluntasun izutu baten artean harriarazten du Arrutik, haren bizitzako gurutzea ezagutzen duen irakurlea. Arruti frantziskotarrak bere erlijioso bizitza poetizatzen du. Bere bizitzako lanak, jaiak, bere ikasleak («Iturrigorri»), Txinara misiolari doazen lagunak.

        Eta beti inpresioa egiten duena, gutxiena espero zitekeenean bertan «Iturrigorri»ko olgetan [41] bezala ezkontza ospaketan [42], edo Txinara doan adiskideari adioan [43] heriotzaren agerpen aldioroko setatsua da. Apaiz gazte egina, munduan bere eginkizuna kunplitu duenaren antzera, hiltzeko prest dago, agian desiratzen («Nunc dimittis»). Udazkena «doquiera la muerte» da («Noviembre») [44] Elurra ari badu, bidazti galduaren heriotza da («Noche de nieve»). Ibaiari begira badago, heriotzera doan bizitza da, Jorge Manriqueren gisara:

 

Astiro, baina gelditu gabe

Zu beti zuaz, aurrera,

Ibai galanta, zure urak laster

Itxasoan galdutera;

 

Zeinek zarama? Noren besuak

Bultz egiten dizu bera?

Gure iduria, gu bezelaxe

Ezin iñun egon zera!

 

Jaiotzatikan asi ta gero

Unetxo bat galdu gabe

Lasterka guaz egiteraño

Eriotza gure jabe...

 

 

        Batzutan heriotzaren gaia amarena bilakatzen da; eta amarena Ama Birjinarena. Ama hilaren falta (Orixerentzat ere problema izan dena) Ama Birjinak ordezka dezake [45]; edo Frantziskotarren Ordenak ere har dezake amaren lekua [46]. Halere amaren minak ez du utziko eta lurrean bizitzea noizpait amarengana joateko zain egotea bezala sentituko da [47]. Benetan seriotasuna, gutxitan edo beste inon ez bezalakoa, gurasoen hilobiaren aurrean erakutsi du Arrutik («Ante una tumba»), sentimentua hendekasilabo mardul bortitzetan kontrolatuz:

 

Aquí reposan los que el ser me dieron.

¡Oh padre, oh madre mía! Ved al hijo

que tantos climas Y desdichas vieron,

Mas a quien nunca arrebatar pudieron

Vuestro recuerdo que mantuvo fijo.

 

        «Paz y descanso perenal conceda/ Dios a mis padres» botoarekin, eta «Y que algún día yo abrazarles pueda/ En aquella región alma, luciente», Frai Luis Leongoarekin isiltzen da, biak umetan galdu zituen guraso hilen poema.

 

        Natura

        Arrutiren poesiako bi gai nabarmenduko nuke propioki gaiak ez direnak, Natura eta Erroma, bi esperientzia modu fundamental elkar-osagarri bezala kontsidera genitzakeenak (natura eta zibilizazioa, edo natura eta historia) haren bizitzan.

        Txikitan maiz egon omen da zeru oskarbira beha [48]. Oikiako mendi eta erreka, zelai eta soro artean, eta baserritarrekin, ardi eta behiekin, naturalki koskortu denak, naturarekin kontaktoan jarraituko du gero konbentuan Arantzazu, Erriberri/Oliten, Foruan. Eta —sentimentalismorik gabe, delikatuki ordea— naturaren sentimentu erlijioso bat eta irakurketa sinboliko espiritual bat ikasiko du, frantziskotar bezala. Arkumea hankak lotuta lurrean hiltzeko dagoenean Jesukristo ikusita, zausk egingo dio eta bihotza aztoratuko dio saminak [49]. Alai ongietortuko du enara garrasilari udaberri ekarlea, eta konbentuko edozein teilapeko hegal eskainiko dio, kabia egin eta fraide gazteentzat, estudiatzen duten bitartean, kantari kanta dezan (La vuelta de la golondrina). Barruko azkenik ez duen Udaberria erakusteko, Jainkoak urtean behin zeruko ateak irekitzen dituela, begitantzen zaio udaberrian, bat-batean baratzeak lorez apaintzen hasten direnean, haritzak hostoberritzen, txarak eresiz betetzen, mendiak soineko bikainez jazten: «Gauza guztiak, entzun balute/ bezela Jaunaren itza,/ Berriztatutzen asi dirade/ Bakoitzak bere bizitza» («Udaberria»). Egunak argi berri bat hartzen du, mutikoak zelaian jostatzen dira, «soroan berriz nekazariak/ Bero ta zintzo lanean». Zeruaren iruditatik euskararen biziberrizteraino joan daiteke udaberriaren sinbolismoa.

        Arantzazu den mendi hegaleko habia, naturaren altzoan bilduta, ez da «beatus ille» gogo batentzat paraje txarra. Lurreko zaratak ez baino zeruko doinuak entzuten diren erretiroa, iritziko dio Arrutik [50]. Bakardadea eta isiltasunaz gain, apaltasuna [51] maiteko du naturan (isiltasunaren aldaki bat agian berori). Natura jendearen lehietatik, handikerietatik, joanetorri zoro geldiezinetatik («el asordante popular tumulto») [52] gordelekua da. Eta, zoragarriak izanik ere gizakiaren arte-obra bikainak, zelaiko loretxo apala («vives sencilla y mueres»), maiteago du Arrutik.

        Baina kostako fraidekiek, Arantzazuko haizkorrietan edo Erriberri/Oliteko hegi eta landazabal agorretan estudiatzen zihardutela, itsasoaren mira sentitu ohi zuten. Arrutiri, hainbat urte etxetik kanpo egin eta berriro, trenez datorrela, tupustean leihotik Kantabriko puska bat ikusteak eragin dion zirrarak, saio poetiko interesgarria sortu dio [53]. Gogoratuz Xenofonteren Anabasiko (IV, 7) hamar milaren esklamazioa, Ziroren mertzenari bezala hamaika ibili galdu Asiako basamortuetan alferrik egin eta gero, itzulikoan noizpait ere itsasoa bistatu zutenean, berea emozio berdintsua izan dela adierazten digu. Gero, zenbat aldiz amets egin duen itsasoaz aitortzen du:

 

¡El mar! ¡el mar! inmenso y dilatado (...)

¡Oh cuántas veces recordó mi mente

Y evocó con placer mi fantasía

El espectáculo del mar ingente,

La escena que contemplo en este día.

Cuando hallándome a solas

Dejábala vagar desenfrenada,

Desde remotos climas [54],

Cual flecha disparada,

Cruzando valles y salvando cimas.

Oh, mar, en un instante

Poníame a la vista de tus olas

Y entonces ya radiante

De gozo y de contento

Mirándote quedaba, transparente

Rival del firmamento.

 

        Erriberri/Olite urrun horretako egunsenti bat deskribatzen, maitekiro laketzen da halere. Betiko bere ikuspuntu jainkotiarra [55] nabaritzeko gero:

 

¿Cabe ventura mayor

Que como estoy ora estar,

Y este gran himno escuchar

Que entona al sumo Hacedor

La natura al despertar?

 

        Udazkena meditazio aroa da. Jada hori-hori bilakatu basoan, ur, intxaur, gaztaina, ezkurrak berez jausten. Haize gogorrak gora eta behera darabiltza hostoak; eta «ezin ulertu diraden gauza/ leunak esaten dijoa» («Udazkena»)...

        Arantzazuko lanbroak hainbat eratan desafiatuko ditu Gandiagaren ahal poetikoak. Arruti ere tentatu dizu

 

La luz al cielo y el verdor al monte,

Todo... todo robó la niebla fría;

Sólo un paisaje gris sin horizonte,

Silencio, soledad, monotonía...

Es cuanto yo diviso

Del abrupto peñón que ahora piso.

Así sin duda el mundo

Caliginosa nube circundaba

Cuando al fiat brotaba

Que en el espacio resonó profundo.

(...)

Dios habita en la niebla...

 

 

        Natura ikusteak adina, Orixeri bezala, entzuteak ekartzen bide zion meditazioa Arrutiri ere. Behin euria gozo-gozo ari duena entzuten du bere gelako leihotik klaustroan. Atsegin du erritmo mantso neurtuari adi geratzea. «Y al monotono son adormecida/ El alma lentamente/ Pronto la lluvia material olvida,/ Y otro distinto género de vida/ Otras cosas contempla de repente...». Bereganduta, poliki-poliki Arrutiren arima Jainkoaren meditazioan biltzen da.

 

        Garbitasunaren leloa

        Arrutiren espiritu giroa —senti, pentsa, sufriera—, askotan «ideologia» hitz nahasiarekin espresatu nahi izaten den barne unibertso zermugagaitza, beharbada ezerk ez du hobeto ezaguarazten, «garbi» adjektiboaren eta kontzeptu hurkoen hor ikusten dugun espontanitate errazak baino. Sinesmenaren ziargi leun, garbiak [56] «amets garbiak» [57], «iturri garbia» [58], garbitasuna zabaltzen duten mendiko urak [59]. Natura ona —positiboa— garbitasunarekin asoziatzen da; eta gizarte ona, tradizio onak, jarrera onak ere bai. Haurrak aingerutxo orbangabeak dira, gaitzgabekoak, uholdeak zikindu ez duen erpin bakarrean salbatuak; «biotz ederren jabeak, eta/ Gogo garbi-garbidunak», adimen garbi eta maitagarrikoak; eta, hainbeste garbitasun biltzen duen beste kontzeptu bat erabiltzeko, «loreak» dira. Eta gazteak, onak badira, haur horien antzekoak izan behar dutela («gazte garbizale», «orbange gogua», «Andoniren antzera izaten garbiak»), «Andoni Deuna»-n ikusten da nahikoa [60].

        Baserriak ere —antza— txuriak eta garbiak ikusten dira [61]. Baserria batez ere «ohitura garbien sua» da [62]. «Euren barruan bizi diranak/ Bezela garbi txuriak,/ Onen ekandu zar-ospatsuen/ Antzera kutsu gabiak» [63]. Garbitasun hori guztia babesteko dira euskal mendiak («Oh montes vascongados/ De eterna juventud,/ Dónde las auras flotan/ De vida y de virtud...»). [64] Mendiok babes gaitzatela zikinkeria inbasoretik. Berak, bada, mendiko ur gardenak bezalako poesia gardena egin nahi luke, gaiak hala eskatzen baitu, «agertuteko zein aberatsa/ Dan euskal altxor garbia» [65].

        Zer esanik ez Ama Birjinari dagokiola orozgain garbitasuna. «Edertasunen iturria zera,/ Garbi guztiak zugandikan datoz» [66]. Hark garbitu dio gizadiari galdua zuen omena; baina, orain ere, lohiez inguraturik gauden munduan, haren beharra dugu, begiak lore garbi batengan jarri ahal izateko. Ama Birjinari buruz iharduteko mintzaira melenga berezi bat ere landuko da, erdaraz behintzat. «(...) De la dulce Inmaculada/ Que a la diestra del altar,/ Sobre blanquísima peana,/Luciendo cerúleo manto...», «Blanco lirio de nítida corola/ Que en el fango del mundo germinó...» [67].

        Hau dena ez dela Arrutiren batere espezifikoa, Lauaxetarekin konparazio batek erakusten du aski [68]. Garaia da (mentalitatea da, kultura; beharbada piska bat psikologia indibiduala ere izango da). Adibideak erruz aurkitzen dira Lauaxeta baitan: «larrosa zuriko txindor kantuba» [69], «ibai garbijan ixilik dabil iretargija» [70], «illargi-mosu dabil edurtze zurijan» [71], «ortzargi-mosuz txautu neurtitzik politenak» [72], «lorategiko edur zurijan» [73]; «Goxaldeko edurra» poesia osoa bereziki:

 

Ikusi zuritasun alatz amestija

Edurren gogo leuna bai dala garbija!

Gaiztakerige dago zelaiko matatza.

 

Berak legez nok leuken garbirik gogua!

Dizdiz ori nok leuken bijotzan barruban!(...)

 

Garbitasun mosuba artu dau edurrak.

Gotzonak soilik dira bere laztanen gai.

Lora ganetan datza garbi baxen alai:

Egotxu zerutarrak loitzen dautsoz lurrak.

 

Oi edur zuri!, edur zuri!, edur zuri!

Ikasbide yataz bixitza onetan.

Garbi dirauzu beti (...)

Edur ikasbidia ez aiztu, anaya:

Oñazez ixan arren, zadiz tolesgia.

Garbitasun diztiraz bego zeure etxia,

eta zeure gogua beti gotzon-gaya.

 

        Usua da garbia versus lohi, zikin, tolesduna, oposizio espresoa (baserria/hiria kontrastearen parekoa gerta daiteke) [74], zakurren eguzkitako siestan bertan daukagu: «Nasai-nasai dedate/ bero lixunkoya./Izpi garbijak dargi/ euren gorputz loya» [75]. lkus, baina, «Abestija» polita: «Esku orrein laztanez,/gaste, urik ez loitu,/ Ur gardena bakarrik/ gogoen ispillu,/» — «Neskeak esku miaz/ urari mosuba:/ arri koxkor artian/ ura loirik dua».

        Hemen ere garbi-garbia Andre Maria da nosk¡. «Zeure garbitasuna/ geuregan ixuri./ Soin ta gogoz diraugun/ garbi eta zuri» («Mireni otoya») [76].

        Ez dezagula uste: agian ez da kontzeptu inokuo bat, kaltegabekoa. Inguruak inbaditzen doa: fedea behar zen garbia, gero odola, hizkuntza (euskara), morala... higienea; kontzientzien barneratuz doa mendeak zehar, kultura edo natura trasformatu baten estalkiko metafora orokorra bilakatu arte («razón pura», «verdad pura»), Modernitate Ilustratuaren errainu ahul, euskal garbitasuna, Nietzscheren «apaizen moralaren» eran [77]. Kontzientziak garbia izan behar du; maitasunak garbia izan behar du; eskuek garbiak izan behar dute, diktatzen du ideologiak: h. d., ekintzarik ez, borrokarik ez, zikindu egiten dute. Ordenu xuxen «orbangabearen», hots, guztiz onartuarena bakarrik da atributua garbitasuna. Ez ordenu erreal batena, baizik imaginatu ideal batena (ordenu erreal guztiak izaten diren bezala, berak autoagertzen direnez). Historian badakigu gizarte desanparatuetan, horrorezko garaietan, Ama Birjinak irabazten duen esanahia, benetan zanpaketa beltzak eta «zikinkeria» sozialak sortarazten duten «garbiaren» gosea (errealitatearen ukoa), beste espazio batzuetan asea bilatu behar izaten dutna [78]. Baina hemen ezin has gaitezke luzeago aztertzen, zergatik eta nola XIX. mende hondarrean garbitasunaren obsesio forma politiko, erlijioso, literario diferenteak ilki diren euskal gizarte deskontsolatuan!

        Begiratzen badugu, Arrutiren eta Lauaxetaren poesi-munduko egiazko biztanleak, aingeruak, enarak, txoriak... dira («lucero», «clavel», «lirio»). Lauaxetaren maiteari «garbitasun usana» dario, maitasunak zerutarrak dira. Eta: «ikus eziña zara ezkongai neskutza!/ Baña, arren, entzun neure maitasunan naya:/ Edurra baxen garbi irauki gorputza,/ ixan zaite zitoriz gotzon baten gaya./ — Ixan zaite, oi neure neskatil argija!/ maitatzen dodan amatxu baxen leguna,/ leituten dodan alaba baxen garbija...» [79]. (Harrigarriro —edo agian ez hain harrigarriro— «Euzko seme lerdena, bildur gabekua»k egiten du konplementua) [80]. Errealitate humanoenak holakoak badira, sozialak eta politikoak barne-barnean ez dira izango oso bestelakoak. Garaia da. Eta itxurazkoa da gure garaian Koldo Izagirrek «Nire maitasuna/ ez da inoiz garbia izan —deklaratzen badu—./ Nire maitasuna sasikoa da» [81]. Hori ere garaia da. Eta poeta.

        Baina Lauaxeta, eta Arruti are gehiago, XIX. mendearen zamapean mugitzen dira oraindik, zama ikaragarri hori hastandu ezinik [82]. Arrese Beitiaren euskara «garbia» birao gabea eta lizunkeriek zikindu gabea zen: «Zuaz mundutik orban bagarik,/ Zuaz mundutik garbia» («Ama euskeriari azken agurrak»). Arrutiren «garbia» [83], ez irreala, baina errealitate metafisiko zer den jakiteko zail bat da ja. Garbi beharrak gero lexikoak eta gramatikak berak inbadituko ditu; baserriak eta mendiak «asaben eredu garbiz» [84] bete dira, eta Lauaxetaren garbia ja mistika unibertsal bat da bizitzaren sakrifiziorainoko indarra izan duena, nolanahi ere, bere kasuan.

 

        Erroma

        1891 ean Domingo Agirrek Erroman Koloseoa ikusi du eta «aberekeriak, odolanaiak, astakeriak emetasunagaz alkarturik jasotako egintza urgulutsua» besterik ez du han ikusi (Kristau martiriak). Forua ikusi du eta «munduari legiak emon eutsazana, sepultura edo obi zabal baten antzera dakust: arri lau senduak, lenago bata bestiaren ganian ondo tolestuta egozanak, euren buruak bota ditue nun nai eta edozelan; arroin liran eta lerden ziranak, zatituta, denporiak janda, buru gabiak, etzinda dagoz gizaldiakin euki daben guduan nekatu balira legez» [85].

        Hori da gauzak tesi batekin begietan ikustea, edo gauzak ikusi ordez, gauzetan ideologia bat ikustea. (Ponpeiarekin are garratzago egiten duena) [86].

        Halakoxea zen buruberoa garai hartako giro Katolikoa, Euskal Herrian ezezik, Europa integrista guztian (termino hau lazoki, ez Alderdi konkretu baten izen bezala hartuta), Italiako Estatu Batasunak Eliz-Estatuei eta Aita Santuaren botere politikoari sortzen zizkien arazoetan Neronen Eliz jazarpen berri bat infernu guztiarekin sutan proiektatzen zutela. Migel Antonio Inarra oiartzuarrak bertsoak jartzen zizkion Aita Santu Leon XIII.ari, Erromatik iraizten bazuten, etortzeko Euskal Herrira [87]. «Biba Aita Santu-Erregea!!! eta biba Bizkaia!, biba Gipuzkoa! oihu artean» [88] jarri da abian Erromarantz Domingo Agirre doan peregrinazioko trena euskaldunekin (San Luis Gonzagaren mendeurren kariaz antolatua hain zuzen: «garbitasun aingeruzko» guztien patroia berau!), «Zeruetako giltzak bere eskuan daukazan Kristordea ikusteko». Izan ere Erromak, «katoliko batentzat», hori garbi uzten du Agirrek, Aita Santua esan nahi du [89] (Forua eta Koloseoa ez behintzat). Trenean jendea errosarioa errezatuz doa [90] Gero, Erromako egonaldia, Aita Santuaren kultoa eta hura ikusteko preparazioa, irakurri egin behar da testua. San Luisen hilobian otoitzak hunki-hunkitu eta trasformaturik bezala utziko du gure nobelista. Baina sekulakoa, Aita Santuari eskuan muin emateak eragin diona izan da, biotz-pilpira [91]. Eta San Jenaroren mirari napolitanoak eragin diona orobat, apenas txikiagoa, nik uste: «Ikusi dogu, bai, geure begiakaz ikusi dogu miraria! (...) Bedeinkatua izan dedilla gure Jaungoikoa, bada ikusi eragin deust mirari bat, bere Eleiza Santaren jaungoikotasunezko señale santu bat» [92].

        Erroma ideia bat da. Baina ideia suzko bat, ideia nahasi bat halaber (beharbada —lainotsuki— dibinitatea koinplikatzen duena), modernitateak ikaratu eta hisiatu katolizismo hemeretzigarrentiar honetan. Segurantziaren ideia mehatxuan. Espiritu honetan aurkitzen dugu Erromari dagokion Arrutiren aurreneko testua:

 

Vamos a Roma, a la ciudad eterna,

A la fundada sobre firme roca,

Contra la cual se estrellará la loca

Furia de la impiedad esta moderna. [93]

 

        Ideia bat izateaz gain, ordea, Arrutirentzat Erroma bere esperientzia pertsonal inportanteen lekua izan da. Gaztetatik klasikoen zalea, hiru urtez Unibertsitate internazional batean egongo da estudiatzen Erroman, latina izaki komunikazio mintzaira arrunta lagunartean, latinez eta grekoz estudiatuz ikasgaiak, Europa osoko hainbat lagunekin batera biziz egunoro. Ikusi dugun eran, Arruti, momentu batean Espainiari diosalak bidaliz bere herrimina kantatu duena [94], laster bere euskalduntasuna modu berri batean ulertuz joango da [95]. Erroman batez ere euskararen kontzientzia ematen du argitu zaiola, behiala Etxepareri argitu zitzaion eran egin ere: beste hainbat hizkuntzak parte duen korroan, euskara ezin da falta. Beste hizkuntzak Elizako handizu goiti bati omenaldi egiteko iaioak badira, euskara ere bada; eta iaioz gain, euskara «txit maitearen» doinua samurra, eztia, gozoa da. Hola mintzo da Arruti 1911ko urte bukaeran (abenduko 28an) [96].

        Gaur zaila da erabaki ahal izatea, bere poesietatik zeintzu dituen beharbada Erroman ondu, edo zirriborratu (gero lantzeko), nota solte batzuk hartu ausaz paper batean. «Erromako Foroari begira» Erromakotzat jo behar da zalantza gabe (1915ean argitaratua). Horrekin batera —hizkeran ere badu antzik, aparte bietako atmosfera berdintsua— Erroman egindakotzat har genezakeela iruditzen zait «Ibai-ertzian» (1916an argitaratua). Koloseotik Aventinora jaisten —Bocca della verità— imaginatzen dugu Arruti, handik, Lungotevere gora —Pierleoni, Cenci, Vallati—, faxistek egingo duten hiriaren modernizazioa eta erriberaren txukuntasuna gabe oraindik [97], ibai bazterrean gora pasian joateko, Mazziniren zubi aldean berriro Corsora itzuliz etxera bidean. Sigi-saga nagitan dator Tiber zaharra, baina indartsu. Alboan zumeak, zuhaitzak izan dituen ibai galantari begira, Campagna-ko laborantza bazterrak eskuzabal ondu dituena, orain hemen hirian etxadiak, zubiak, kanpandorreak, parkeko zelaia islatzen ikusten duena bere kristaletan. Ponte Palatino, Ponte Fabricio eta Cestio, Garibaldi, Sisto, ibai ongilearen Triunfo Arkuak bezala iruditzen zaizkio; horiek («mako t'aroak») jendeari on egiten diotenek merezi baitituzte, merezi, herriak menperatzen dituzten gudari garaile basatiek baino gehiago. Farnese aldean, beste aldeko zuhaizti kaletarrek harrituta, eseri egin da apika, burura borbor datozkion pentsamenduak eta irudiak papertxo batean ohartzeko. Eta etxetik urruti, adiskideek ikusi ezingo dituzten erako edertasunak ikusten direnean, harriduraz eta pozez ikuskizunaren inpresioekin bihotza gainezkatzen denean, beti jazoten den bezala, Arrutiren oroimena urrutiko lagunengana Euskal Herrian hegaldatzen da:

 

(...) Baneuzka begietan, ai!,

Euskalerriko mendi t'ibarrak,

Orduan zenbat neurtitz-gai!

Orduan pozez onei begira

Egongo nitzakela, bai,

Eresi leunaz Euskalerria

Goraturik guztiz alai.

 

        Urrutiko sorterriaren miraz egina dago [98], heriotzaren itsasora doan bizitza laburraren meditazio hau ere. («Nuestras vidas son los rios/ que van a dar en la mar,/ que es el morir»). Baina tristurarik gabe —beharbada Erromako urteak bukatzear daudela («... laister bukatuko diren lanak»)— alaitasunezko espiritu batean baizik, funtsean.

        Despedida alai bat, Ateneo Antonianoko hiru urteetan ikastorduak alaitu dizkion txoritxoari egin dio Arrutik: «... consolaste de mi trienio entero/ los largos dias con diario canto» («Al pajarito»). Haren kantu erromatarrek Euskal Herriko zozo eta birigarroen kantaldi lerdenak oroitarazi izan badizkiote urteotan «prometo no olvidarte/ en las montañas de mi patrio suelo/ de la Vasconia en la remota parte». Hiriak, halere, ez du Arruti gatibatu: hari bai, bihotzak, zoaz Euskal Herrira, esan bide dio beti, berea mendietako «Vasconia remota» hori duelarik, berriz han murgildu nahi lukeen arimaren aberria, Naturaren maitalearena txiki-txikitatik. Erromako txoriaren despedida, Euskal Herriaren eta Naturaren gorazarre bat bihurtzen da horrela:

 

Adios, si tengo de nuevo la ventura

como en tiempos mejores,

de arrojarme en los brazos de Natura

rebosante de cánticos y flores,

 

De ver su despertar en primavera...

 

        Laster izango da Euskal Herrian eta Euskalerriaren Alde aldizkarian emango du argitara —euskaltzaleen artera etorria, beraz itzulerako bere pozaren berria: «Ya llego a ti, bendita Euskalerria,/ ¡Oh cara patria mía!,/ Y llega el fin de mi nostalgia amarga...» («De vuelta») [100].

        Guztiz Erromakoa eta espiritu berrikoa —askatasun kanta bat!— «Erromako Foroari begira» da, Arreseren «euzkaldun jaio nintzan» aitortza bereganatuz irekitzen dena. Tradizio luzeko «aurri literaturako» pieza honetan, Arrutik Foru Inperialen ikuskizuna hondakinen meditazioa herrien askatasunaren himno bat bihurtu du: «Pozez gañezka gizonak zure/ Zorigaitzari begira,/ Astindurikan uztarri zarra,/ Orañ kate gabe dira». Aurrietan ez da, beraz, gainbehera eta hondamen historia etsigarri bat irakurtzen, askatasun historia baten garaipena baizik. Hondamena eta desastrea Inperioaren harrokeriak adierazten zuen («Ujol aundien erara zuten/ Estali lur ezaguna») —inperioaren eta dominazioaren ideia bera da, hortaz, honez gero arbuiatua dakusguna—[101]. Orain, berak zanpatu zituen herriek bera abarrakituta, haren erorikoak, herri zapalduen askatasuna sinbolizatzen du.

        Euskal Herriak, historia horretan, leku berezi bat okupatzen du; «Erromak inoiz menperatu etzuen herriarena» hain zuzen, edo askatasun inoiz galdugabearena:

 

...Baña lepo batek ez,

Ez zuan artu uztarria

Lokarri gabe ziñan bakarrik

Gelditu, nere mendia;

Iñoiz ez zuzen garaitu gure

Maite degun Aberria,

Noeren kutxa bezala goian

Egon zan Euskal-erria.

 

O zeñ erreten zabala dagon

Andik gure gizaldira!

Gure etsai arro bildurgarriak

Jetsi ziraden obira,

Aitor-en seme trebeak berriz

Orañdikan bizi dira,

Aietako bat ementxe dago

Foroari gaur begira.

 

        Hiru urtez, Foru Inperialetatik minutu batzuetara bizi izan da Arruti, hainbat aldiz kontenplatu izango du hondar-landa zirraragarria: aurri sakabanatuen ikuskizunak, euskaldun menditar-semea bere askatasunaren indarraz harro-harro sentiarazten zuen, haren gainean zutik euskaraz kantatzen.

        Zilegi izan bekigu, Arrutiren euskal kontzientzia tentea kontraste batekin hobeto nabarmentzea. Arruti Euskal Herrira itzuli eta handik gutxira, 1915ean, Ramón de Basterra, bizkaitar jauntxoseme eta karrerako diplomatikoa, Espainiako Enbasadan Erroman idazkari izendatua izan zen. Ramón de Basterra, latintasunaren adoratzaile sutsua (Koldo Mitxelenak etzuen bereziki maite), poeta da orobat —espainola— eta harentzat euskara, Euskal Herri antzinakoa eta holako kontuak, barbaroen kontuak baino ez dira. Eta «El vizcaino en el Foro Romano» dauka, hain zuzen, poesia bat. Aurrien meditazioa egiten du, pesimista derrigor («la Historia, es jirón de humo...?»), erromatar handien itzalak inbokatzen ditu harri hondar eta huntz artean («¿Dónde está, dueño ayer del mundo...?»), erdeinatzen ditu aldare gainetan belar sastarrak eta euliak («violinean ruralmente [!], las moscas») eta honelaxe bukatzen du jauntxoak:

 

Cuando el Foro Romano fué armonía

aquí se irguió un alcázar, allá un templo

y, entre columnas, rotas hoy, movía

la ciudad, su alma de alto ejemplo,

en el remate de una vía

que de aquí salía, seguía, subía, subía

y entraba en mi comarca montañera,

la sangre que aquí traigo, como aceite votivo

fluía en la tiniebla de la noche primavera.

Entre escombros, hoy, bárbaro redento, vivo.

 

 

        Foruko aurriei so bi-biak, Arrutik euskal askatasunaren sinboloa ikusten du han, itxaropen emaile. Basterra jaunxkilarentzat askatasuna —euskaldun basatiaren erredentzioa— «gau» primitiboaren (euskararen) abandonoan eta haren erromanizazio osoan datza. Honentzat kultoa berdin latinoa/erromatarra da. Ez dago beste kulturarik: latinduz bakarrik zibilizatu ahalko da euskalduna [102].

 

        Euskara barbaroa landu nahiz

        Mendea hasi zen, euskarari buruz gero hainbat aldiz aipatu diren Unamunoren ateraldi sonatuekin eta istiluekin, 1901 eko Lore Jokoetan Bilbon, abuztuaren 26an. «En el milenario euskera no cabe el pensamiento moderno; Bilbao, hablando vascuence, es un contrasentido». Euskara —bere hiztegia, gramatika antigualeko espirituaren taiukoa ei da; espiritu modernoa adierazteko ezgauza bere bailan, hots, berez eta bere izaeraz intrinsekoki herbala mundu eta pentsamendu modernoak espresatzeko. Prehistoriatik hasi eta, gizakiaren (zibilizazioaren) historia arotan, geruzatan bezala, doa osatzen, aldi (zibilizazio) bat bestearen gainean batak besteari eutsiz edo batak bestea azpian zapalduz, eta Unamunoren ustean aro edo geruza bateko espirituaren produktuek («zientziak», mitoek, eta hizkuntzek halaber) aro hartako baldintzak islatzen dituzte, eta garapidearen beste aro aurreratuago batean ez dute balio. Historiako martxaren edo bizitzaren legea da zaharrak berriaria lekua utzi behar izatea, zaharra hiltzea, berria goititzea. «El vascuence se extingue sin que haya fuerza humana que pueda impedir su extinción: muere por ley de vida»...

        Hau dena berez izan liteke historiaren filosofia (eztabaidagarri, baina legitimo) baten adiera «razional hutsean» esana, eta posible da! —posible— pertsonalki Unamunok berak batez ere horrela nahi izatea esandakoa publikoak ulertzea, teoria horren ondorio soil-soil razionaltzat hartuz berak proposatzen zituen konklusioak ere («Tenemos que olvidarlo [euskara] e irrumpir en el castellano... Nuestra alma es más grande ya que nuestro vestido secular, el vascuende nos viene ya estrecho; y como su natural y tejido no se prestan ya a ensancharse, rompámosle»). Txistuka erantzun zioten abertzaleek ez zioten ongi ulertu agian; txaloka eskertu ziotenek gaizki ulertu omen ziotela, Unamunok berak esan du: «les regocijó el ver que se sintió herido en vitales sentimientos un pueblo, mi pueblo vasco, al que aborrecen. Fui, sin quererlo, un instrumento de sus mezquinas pasiones. Dije lo que creía, y sigo creyendo, ser verdad, y lo dije con cariño a mis paisanos; pero me aplaudieron por malquerencia hacia ellos».

        Euskara barbaroa da, beste garai batzuetako hizkuntza da. Orain horren justifikazio berrirako historiaren filosofia progresista moderno-moderno hauek utzita, tesia bera franko zaharra da. Foruak ere antzinakoak eta beste garaietako askatasunak ziren; horregatik kendu omen zizkiguten, zaharrak eta baliogabekoak zirelako —hala esplikatzen zuen Castelarrek—, euskaldunoi askatasun berriak emanez haien lekuan eta Euskal Herria modernizatuz: «hay que aguardar confiadamente una reconciliación de las razas vascas y navarras con la libertad moderna; un abandono del ídolo antropofágico [103] en cuyas aras ha hecho tantos sacrificios humanos, y una adhesión a la patria que convierta sus montes (...) los seguros de la democracia contra el retroceso». Euskal Herri hori, bere mendi-basoetan itxia (Arrutik hain positiboa ikusiko dion menditar izate horretan), oraindik zibilizatzeke dago. Baiespen hori frogatzen Castelarrentzat ez dago zergatik alferrik nekatu, axioma historiko baten egia eta ebidentzia du eta, «que las playas mediterraneas se abren a todos los adelantos, y las montañas vascas y navarras se alzan para todas las resistencias» [104]. Euskal mendiak progresoaren ideia orori uko egiten dioten murru itsuak izan dira beti. Orain bai —dio Castelarrek—, Foruak kendu eta askatasun berriekin, Espainiak laster zibilizatuko gaitu: «la enseñanza superior, sabiamente organizada, y la instrucción primaria universal y gratuita, bien establecida, puede, difundiendo las ideas y la ilustracion que de las ideas proviene, arraigar el espiritu moderno en aquellas montañas y hacer de sus cumbres, cubiertas hoy por la nieve de añejas creencias, como volcanes fulgerentes de las nuevas ideas»...

        «Le barbare c'est d'abord l'homme qui croit a la barbarie», epaitu du gero Levi-Straussek [105] Baina, egiaz barbaroak berak badira ere, ideia eta eskema hauek, kanpaina antiforaletan «gerrako» topikoak izan ondoren XIX. mendean, jauntxeriak bezala Bizkaiko sozialismoak —«progresoaren» obsesio paranoiko batek itolarritzen zuenak— bereganatu eta agresibitate izugarriz erabiliko dituzte, beren autogorrotoz (Ramón de Basterraren eran) edo besteen mesprezuz, edonon «euskaldun barbaroa» hankaperatu beharrez. Eta berak hala ulertu nahi izan zuen ala ez, Unamuno, bere hitzaldiarekin, barbaro moderno horietxen esatari bihurtu da.

        Horixe zen garaiko giroa. Eta halako giroetan keinu publikoak, egitate sinbolikoak, inportantzia handikoak bilakatzen dira. Hein batean hor egon da Lore Jokoen garrantzia soziala. Lore Joko horietantxe, ohorezko gomitatua izan eta gomitatzaileak zakarki probokatuz, ekintza sinboliko sakrifiziala izan da Unamunoren jokabidea.

        Ekintza sinbolikoak izango dira, gero, «Peregrinación vascongada» solemne bat antolatzea Lur Santuetara (den-dena erdaraz), untzian euskarazko Aita Gure («Gure Aita») baten axuleiuak eramanez, munduko beste hogeita hamabi hizkuntza handiren ondoan, moja karmeldarren Pater-Noster konbentuko klaustroko hormetan ezartzeko, inola ez dadin falta gero Palestinako mendi bortuetan euskara (1902) [106]; Madrilgo Kongresutik bidaltzea Teodoro Arana diputatu karlistak euskarazko aurreneko telegrama (1904) [107] Cervantesen mendeurreneko itzulpen esibizioak (1905) [108] ... Beste batzuk, ekintza praktiko eta efikazak izanik, momentuan balio sinboliko apartekoak ere suertatu dira: hala nola, Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés (1905 lehen liburukia); «Euskal Esnalearen esku egundiya» (1910, Arruti Erroman dagoela), prestigio operazioko argitalpen honetan Hegoaldean izen eta izanik zuen oro euskal kulturan biltzea lortu baita, jeneralean erdaraz idazten zutenak ere hemen euskarazko testuak sinatzen dituztela (Telesforo eta Engracio Aranzadi, Campion, Serapio Mujica, Picabea, Urquijo, etc.), euskarazko autore ospetsu guztiekin batera: Domingo Agirre, Altube, Emeterio Arrese, Pepe Artola, Azkue, Aita Bera, Bustinza, Etxegarai biak, Etxeita, Garitaonaindia, Aita Iraizoz, Lopez Alen eta Lopez Mendizabal, Mokoroa, Orkaiztegi, Urruzuno, Zamarripa, etab., etab.

        Egiaz, orduko Euskal Herria eta euskara ez ziren landu-landu horietakoxeak. 1900an % 29 analfabetoa zen Hego Euskal Herrian (egia da irakaskuntza Udalei eta Diputazioei kendu eta eskola estatal zentralistaz zibilizatu nahi gintuen Estatu Espainolean % 64 zela analfabetoa) [109] Baina alfabetoa dexifratzen jakin bazekitenak dezente baziren, egia da irakurleak gutxi zirela, eta oso eskasa zela irakurtzeko eskura zegoen euskal literatura, kantitate nahiz kalitatean.

        Horregatik, mendearekin hasi eta, ehunurteko osoa bete digu euskara moderno, landuaren arazoak. Bereziki poesiaren arloan, 30. urteetako, h. d., hurrengo faseko protagonistak izan ditugu —Orixe, Lauaxeta, Lizardi, etab.— zinez poesia berri landu eta maila kultoko baten ardura erradikalki asumitu eta gogotik bultzatzen ahalegindu zaizkigunak, praxi pertsonalarekin ezezik teoriarekin [110]. 1929an jada Aita Damaso Intza kaputxinoa galdezka ari zen, ezikasietan hainbeste bertsolari on ateratzen duen mintzairan, ikasietan zergatik ez den poeta landu onik sortzen: «Gure gizon ikasiak, beren ikastaroakin ba-dirudi galtzen dutela berezko bersolarien itz-jarioa ta etorria ta baita aien irudimenaren ezatasuna ta biguintasuna ere». Gertatu dena da, ikasiek erdarara edo erdal ereduetara jotzea aparte, poesia zerbait landuagoa sortu nahi izan dutenak, berak jende landugabea zirela askotan. Ikustekoa da, 1927ko «Euskal literaturaren atze edo edesti laburra»n Orixek nola errepasatzen dituen banan-banan gure poeta garaikideak: «Poeta gaia zen inolaz ere Iztueta, bere burua lantzeko bidea izan balu»; Iparragirre «oso landugabea da poesian»; Bilintx, «landugabetxoa zan au ere»; Arrese Beitia, «irakurtzen ere ez dakiten ardandegiko bertsolariek baino ikasiagoa, ta ala ere ez landua (...). Landu-itxura artu nai duenero, ordea, ez du lurraren azal-gainetik aldegiten»... [112]

        Ez dut uste oraindik euskal poesia moderno baten sortzaile izateko asmo beren-beregikoa ikus daitekeenik Arruti baitan. Baina euskal poesigintza modernoan bera da ziurrenik aurreneko autorea kultura klasiko sakonekoa, Unibertsitatean ikasia, zinez kultoa, nolabait esateko. Eta kontzientzia ere ez zaio falta izan, hizkuntza batu eta aberastu, eta euskal poesia dotoretu eta jaso beharra zegoela. Seinale anitz bada:

        —«leiar», «likurt», «donkitu», etab. dela eta: hiztegi selekto edo poetiko esan ohi den hori espreski landu nahian, maiz sumatzen dugula Arruti, esan behar. Baina lexikoan ezezik, dotorezia pseudo kulto eskolar horretako irudi eta metafora eta esamoldez ere —gaur kitsch edo fazatiak iruditzen zaizkigunak askotan— euskal poesia jantzi nahian orobat. Alde handia dago, halere, euskarazko eta erdarazko poesien artean.

        —orohar, euskal hiztegia nobletzen eta aberasten (beste kontu bat da, zer kriteriorekin) [113] biziki saiatu da beti. Haren poesietan honelako berbak aurkitzen dira: aberri = patria («Erromako Foroari begira», «Gastelu baten aurrean»), anei = mila («Itur-ondoan»), arotu = koroatu («Ederrenari»), bakaldun = errege («Erromako Foroari begira», «Ederrenari», «Orbangeari»), bialdu = apostolu («Adiskideari agur»), donkitu = eskaini, sagaratu («Itur-ondoan»), donoki = zeru («Illunabarra»), edesti = historia («Gastelu baten aurrean»), gaizkatzalle = salbatzaile («Euskal-abia»), gentza = bakea («Euskal-abia», «Illunabarra»), goitizlari = poeta («Truebari»), gotzon = aingeru («Ederrenari», «Orbangeari»), leiar = kristal («Ibai-ertzian»), likurt = perfume, aroma («Truebari», «Ederrenari», «Orbangeari»), ludi = mundu («Udaberria»), mako = arku («Erromako Foroari begira», «Ibai-ertzian»), martizti = armada, gudaroste («Erromako Foroari begira»), metarri = zutabe, koloma («Erromako Foroari begira»), neskutz = birjina («Ederrenari»), notin = pertsona («Maitea», «Euskal-abia»), sortitz = natura («Udaberria», «Udazkena»), («Ama Neskutzaren Sortitzari»/ Inmaculada Concepción). Bere asmazioa du apika «urrungaitza» («Agur amatxo maitea»), herrimina edo nostalgia adierazteko; «urrutimina» erabiliko du gero Salbatorek [114] «koine» literario baten beharrez, euskalkiak batu edo nahastu beharra onarturik, 1)oztoporik ez du Iparraldeko formak sartzeko: «anitz», «ele», «emeki», «ezti», etab.; 2) edo, errazago, bizkaierazko batzuk: «lez» «legez», «ekandu», «sabun», «zugaz», «zutunik», edo «begoz» aditza, esaterako.

        Euskaraz —latinaren antzera?— hiperbaton kultista gisako baten saiakerak, sintaxia bihurrituz (baina, seguruenik, oso baliagarria izan genezakeen eran), azken urteetako esperimentutxoa dirudi: «neurtitz euskal neria» /nire euskal neurtitza («Amalaudunak — Etorria»). Maizena saio modu hau erlatiboarekin edo antzeko formekin batera doa: «gizon burrukan dabiltzan oiek» («Gure uztargia»), «Etsai amorruz dagoanaren/ Erpetatikan atera» (ib.); «Arresi kotor ezin/ dezuna gallendu» («Uginak»); «Orban gabeko Neskuts maitatzen/ Biotzetik zaitudana» («Orbangeari»), «Begira lore zugaitz zarretik/ Eze ta lirain irtena» (ib.); «Ega-gabeko aingeru ezin/ Egon diranak isillik» («Gorantz»).

        Poesia jasotzeko ahaleginotan, bertsogintzan eta herri-poesian beti aurkitzen diren neurri (bulgare)etatik ihesi, batek baino gehiagok entseiatu ditu, lehenago ere, erritmo —«zailago»— berriak, nolabait eleganteago edo landuagoak antza. Arrese Beitiak (1841-1909), iragaitz periodo honetako gazteriaren maisu altxatu denak, hala dihardu, sonetoak paratuz, etab., miresten zituen erdal poetak imitatu guraz (haien jario «kultoa» miresten zuen); eta haren meritutzat jo du A. Campionek, erabiltzea «nuevas y desusadas combinaciones métricas que inventa o importa para enriquecer el caudal eúskaro». Arrutik ere hainbat neurri eta errima moldetako estrofak entseiatzen dituela, ikusiko duzu: 10-5-9 10-5-9, A-A-B, C-C-B («Ola-gizona», «Truebari»); 10-10-5 10-10-5, A-A-B, C-C-B («Itur-ondoan»); hamabost silabako lau bertso berdin errimatuko estrofa («Illunabarra») —modernistek erabili zuten ezohiko neurri hau (Ruben Dario), neurri estrainioetako beste zenbait estrofa molde ere maite izan baitute; 11 (5+6)-11-11-5 estrofa safikoa egokitzeko esperimentu mutiria, tarteka silaba luze eta laburren erritmoa bera entseiatuz agian, errima gabe («Ederrenari»). Espreski jostetan dabilela, esperimentuak egiten, lau sonetoetan erakusten du («Amalaudunak»). Soneto horiek L. ta Mendizabal'dar Ixakari eskainiak egoteko arrazoia, idazle honek «Euzkerazko amalaudun» aren zuzentasunaz idatzi zuena da, zalantza gabe. Dena dela, Lopez Mendizabalek euskaraz amalaudunak egiteko eredu jator bat finkatu nahi izan badu [115], Arrutik lau soneto eskaintzen dizkio eta laurak diferenteak! Lehena («Goitik») hamar silabako bertsoetan (5+5). Bigarrena («Artegaz») hamabi silabakotan (7+5). Hirugarrena («Biak») hamaikakotan (5+6); eta laugarrena («Etorria») hamalaukotan. Errima modua ABBA ABBA, CCD EED, printzipioz beti berdina da [116]

        Erritmo erabiliena zortzikoa du. Zortziko txikia pare bat aldiz («Adiskideari agur», eta bi alegia espiritual gisako «Uginak» eta «Arkaitza»); handia beste dozenatik gora kasutan, bera da ongiena egokitzen zaiona Arrutiri. Uste dut, neurri tradizional hauetan —beharbada doinuak lagunduta— gutxiago sufritzen duela erritmoaren eta isuriaren leuntasunak. Arruti nahiko natural eta libre moldatzen da, zesurari eta, kasu gehiegi egiten ez badio ere askotan.

        Arrutirentzat poesigintza ez da izan ofizio bat, ezta anbizio bat ere; barruko asaskaldia baino, bere penetan, edo josteta bat, astialdian. Batzutan, terapia bat bezala berak ulertu dituela, ematen du:

 

Baldin nere neurtitzak balira apain-apañak

Benetan dituztela sendo mamitxu zañak

Arrotu ni? nereak iñoiz izan ez dira:

 

Nere zauri sakonen belar osasungarri,

Nere gau luzearen izar bezala, sarri

Norbaitek legun esan oi dizkit belarrira [117].

 

        Beste batzuetan, jostari, txiste bat kontatuz entretenitzen da («Maitea»); edo legenda erromantiko bat balada gisa egokitzen du, Zarauzko Konbentua eraiki zela hirugarren mendeurreneko jaiak ospatzeko («Egite onen billa»); edo mutiko tontolisto plantak egiten ditu, seminaristen beila literario-musikal baterako («Iturrigorri»); edo-ta bere buruari barre eginez bukatzen du txantxa («La vuelta de la golondrina»)... Esango nuke askotan esperimentuak eginez dibertitzen dela.

        Lizardik badu poesia bat («Bultzi-leiotik»), trenaren abiada eta paisaia batzeko saioarekin. Arruti hain zuzen Zarautza joan deneko batean ihardun da, trenari eta paisaiari abiada berdina emateko jolas horretan:

 

...¡Oh, mar! ahora,

Ahora sí te veo,

Y en la mente absorta saboreo

Toda tu inmensidad arrobadora,

Mientras dejando atrás la playa y villa

Pintoresca de Deva,

Por la enriscada orilla

Cantábrica veloz el tren me lleva.

¿Quién el osado fué que por aquestas

Acantiladas rocas

Sobre el abismo puestas,

Do sólo crece la silvestre jara,

Sólo pisa la cabra trepadora,

Esta locomotora

Primera vez intrépido lanzara?

Parece que espantado

De su temeridad el tren se oculta

En las entrañas de la madre tierra.

¿Para siempre se encierra?

¿Por siempre se sepulta?

No, que ya al poco rato,

Estridente silbato

Dando a los aires en señal de triunfo,

Sale, corre, se aleja.

Y el ancho mar ver otra vez deja,

El mar, cuyas sonantes

Ondas mi humilde cuna y primer sueño

Mecieron... [118]

 

        «Fotopoesiak» deitu genitzake Arrutiren beste esperimentu kurioso batzuk, nolabait F. Jammesen poesia batzuetako estanpak ere gogora ditzaketenak («Euskal-abia», «Itur-ondoan», «Illunabarra», «Udaberria»): argazkiko irudi baten behaketa meditazioarekin nahasten da poesian, hein batean deskribapen zuzen-zuzena besterik ez dena, beste batean (argazkia gabe) metafora edo bihurtuz) «Euskal-abia»n, adibidez, baserriak ateak eta antzinako kuku-leiho zaharrak dauzka, eta aurrean harmaila latza barrura sartzeko (Harmaila latzak nekez igo beharra dago zerura joateko ere, herri kantak dioenez). Baserri atarian, bi lili, bi neskatila eder alegia eta bien erdian ama... (ongietorria, aitaren itxaropena eta poza, amatusunezko harrera beharbada urruti edo eragabeki aldegin zuen seme zakarrari, etxeko gozotasun femininoa lan astunaren buruan, esanahi ahal dutela). Fotoarekin irakurri ala gabe, poesiak errealitate diferentea erakusten du. Esperimentazio politak.

        Niretzat ez da erraza egiten Arrutiren poesi munduaz baloraziorik ematea. Nahi bada eta ez, eta guretzat ere denbora aurrera doan arren, mundu guzti horren aurka erreakzionatu duen belaunaldiko produktuak izaten jarraitzen dugu. Garai hura bestela ere —kontsolatzen nau gauza bera irakurtzeak Lagarde-Micharden— gaurkooi bereziki urruti geratzen zaigu: hor irakurtzen denez, 1900-1914 arteko kultur mundua (artea, poesia, etab.) alde askotatik urrutikoago eta zaharragoa iruditzen omen zaigu, 1600 edo 1800ekoak berak baino![119] Eta Lansonek honela karakterizatu du mendeen arteko kontrastea: «Le grand fait, le fait dominateur dans l'histoire litteraire des vingt dernieres annees du XIXe siècle, est l'explosión du symbolisme (...). Les premières années du XXe siècle, au contraire, constituent une periode confuse, occupée par la liquidation du symbolisme et le retour à la tradition, ou par des tentatives diverses pour réaliser par différents procédés ou dosages l'accord entre la tradition et la nouveauté» [120].

        Poesia, mende hasieran, krisi eta arrakasta arteko egoera nahastu batean dago. Inoiz baino zabalkunde sozial handiagoa du. Edozein festa publiko eta familiarretan poesiak irakurtzen dira. Aldizkari mota guztiek eta egunkariek berek poesiak argitaratzen dituzte. Poesia guztiz popularizatu da... baina, nolabait esateko, «ismo» indartsu bultzagile bat ez dago poesia sakabanatu horretan (Apollinaireren eztanda aurretik alegia), edo dekadentzia eta idilismo belaxka da, dagoen «ismo»a, 1897an Mercure de France-k bere autoritatearekin «Jammismoa» Frantziako moda poetikoa dekretatu zuenez gero. Eta Frantzian gustu berria dominatzen duten F. Jammes eta P Loti horiek («Ramuntcho», 1897) maite-maite dizute Euskal Herri onpuska, sentimental, idilikoa...

        Garaia hori da. Hemeretzigarren mendeko zientziaren fede agresiboa («la religion de la science», Renan) hankaz gora jausia da. Porrot egin dute naturalismoak, positibismoak: espirituek berriro naturismo «garbi» (puru) delikatua, birfintasun berri bat, zetazko aingerutasun eta deabrutasunak, arabeskoak, japonaiseriak, arimako sekretuak, misterioa, psikoanalisia, parapsikologia dute gose; Pont-Avengo argiaren margo, eta lerro elementalak, Maurice Denis, Klimt, «Jugendstil», «belle époque» (ez konfunditu, mesedez, erromantizismoarekin!); birtute handia berriro errukia da, izan ere, ez errebeldia edo, heroismoa: gauzen eta gizakiaren pietatea; Ingalaterratik G. Elioten, Errusiatik Tolstoiren, Italiatik D'Annunzioren eragina Europa zabal osoan espiritu (espiritualismo) berria nagusiaraziz doa. Poesiak intimoa eta xumea izan nahi du. F. Jammesek landerriko espiritu kristauaren epeltasun gozoa kantatzen du («Géorgiques Chrétiennes», 1911-1912), Lotik euskal arima natural eta garbia...

        Garai hau aztertzeko daukagu — Pizkundeko belaunaldi horiek zein problema ikaragarriarekin aurkitu ziren, eta zein baliabide urri eta moldakaitzekin moldatu beharra izan duten. Euskalarien XIX. mendeak ez zien apenas ezer laguntzen; beren premiak beste nondibait zihoazen dialektologiatik ede, baino. Azken urteotan ahalegin handiak egin dira Errepublika garaiko mugimenduaren memoria historikoa birreskuratzearren. Itxarotekoa da, ekinaldi berri batean, Foruosteko eta XX. mende hasiera neketsuko langile apal, baina txalogarrien ekarpenari ere helduko diola gure ikerketa gazteak. Azkenean, gure mendea haiek errotu dute gure tradizioa. Arrutiren kasuan, esan dezagun beren aitzindari bat harengan ikusi dutela Salbatore Mitxelenak, Bitoriano Gandiagak. Non ikusi eta ikasi ilunpetan haztamuka zebiltzala, Arrutiren deskubrimendua egundoko piz eta pozgarria izan dute, praxian ere maisuzkoa izateaz gain bere ahaleginarekin, euskal poesia landu bat —tradizio herritarretik gehiegi urruntzeke, forma herritarrak berak jasoz— probatzeko izan zuen ausardiaz, estrofa eta erritmo berrien entseguz, etab. Euskal poesiak XX. mendean behin baino gehiagotan hasi behar izan baitu zerotik bezala, berriro hasi. Hain zuzen, Intxausti eta biok argitalpen honetarako lanean ari ginela, lerro hauek izkribatu zizkidan Gandiagak:

        «Pozik jakin dut Antonio Arruti fraide zarauztarraren olerkiak biltzen ari dela Joseba Intxausti. Euskaltzain oso izendatuko ote ninduten nenbilenean, instituzio horretan sartzerakoan egin ohi den hitzaldirako begiz jota nuen gaia, Aita Arruti zen. Oraindik ondo gazte nintzela «Homenaje a Cantabria» liburu maitagarrian ezagutu nuen Aita Arruti, Aita Aingeru Madariagak izenpetu lanari eskerrak. Aita Aingeruk piztu zuen nigan zarauztarrarenganako mirespena eta Probintziako beste fraide batzuek —Aita Urkiolak, adibidez— sendotu. Gure gazte denboran eskuz esku erabiltzen genituen Aita Arrutiren gaztelaniazko poesiak ere. Nik euskarazkoak irakurtzen nituen gogo beraz irakurtzen zituen erdaraz Aita Ezenarrok».

        «Beste euskarazko testu askorik ez eta, irakurriaren irakurriz, buruz ikasi nuen gaztetan haren "Ola-gizona", poema zatia. Gero Aita Onaindiaren "Milla Euskal-Olerki Eder" mardulean arkitu nuen Aita Arruti bere zortzi poemakin. Ondoren "Apostolado Franciscano"n ikusi izan dut, beti txukun, apain eta aratz, euskal pizkunde pozgarriaren adierazgarri jaseko».

 

        [1] Foruak defendatu ahal izateko, euskaldunek Madrilen sortu beharko dute beren prentsa (La Paz, 1876-1878), zentsuraren ihesi.

        [2] ANGULO, J.M. de, La abolición de los Fueros e instituciones vascongadas, II. bol., Donostia 1976 (jat. 1886), 189

        [3] El Fuerista es, pues, con razón, un individuo que desconfia —y, en caso de Angulo, abomina— de los partidos políticos. Ni es liberal, ni consevador, ni —¡lejos de ellos!— carlista, iritzi dio Idoia Estornések Anguloren liburuaren (Loc. cit., 19) hitzaurrean.

        [4] Las elecciones se «fabricaban» desde el ministerio de la Gobernación, ik. TUÑON DE LARA, M., La España del siglo XIX, Barcelona 1975, 45.

        [5] Comme le Pays Basque-espagnol est sous le régime de l'état de siège, nous n'avons pas jugé à propos de publier que M. de Arrese est premier lauréat au concours d'Elizondo (de peur de faire inerdire des concours à l'avenir), adierazi zuen pribatuan Duvoisinek, cfr. DARANATZ, J.B., «Correspondance du Capitaine Duvoisin». in KIEV 21 (1930) 358-359.

        [6] INTXAUSTI, 1., Euskara, euskaldunon hizkuntza, Vitoria-Gasteiz 1900, 126.

        [7] Horrekin nahastu gabe, literatura historiko-politiko edo juridiko-politiko ugaria dago, ez ahaztekoa: Becerro de Bengoaren El libro de Alava (1877); Moralesen Memoria que comprende los principios e instituciones del Derecho Civil en Navarra (1884); A. de Artiñanoren El Señorio de Bizcaya histórico v foral (1885) eta Iturrizaren Historia General de Vizcaya (1885 halaber); Angulo y Hormazaren goian aipatua (1886); E. Serdanen La Cuestión vascongada desde la ley del 21 de julio de 1876 (1891); Sagarminagaren El gobierno y régimen foral del Señorío de Vizcaya (1892); Labayruren Historia General del Señorío de Bizcaya (1895); Los fueros y su defensa. Biblioteca Baskongada Fermín Hernán-ena (1898).

        [8] 1908, Zaragozan saritua, Setioaren Mendeurren Jaietan.

        [9] «La dulce euskaria dejando, a aquesta ciudad de Olite/ Ayer llegamos». («Una visita a mi aldea»).

        [10] «Ama Aberria» ere («Truebari», 1915). «Aberria» terminoaren agerpenari ohartuz halaber.

        [11] «Dos efemérides». Haurren Jaunartzeko mezatan, herri osoaren aurrean, mutikoetarik Dotrinan (Eskolan) Lehenengoak semoitxo bat bota ohi Buen pulpitotik, eta bere urteko txandan Arrutik egin zuen antza semoitxoa: «... que de Aitor en la lengua bendita/ Le compuso el cura/ y en secreto aprendiera la vista».

        [12] «Una visita a mi aldea»: «Saludé, me saludaron con las boinas en las manos,/ Y a besármelas vinieron los sencillos aldeanos,/ Y con ellos en la hermosa lengua vasca conversé».

        [13] «Erbestean».

        [14] «Cierto, no sabe su cerviz altiva/ Bajar al yugo del tirano injusto;/Sólo lo bueno respetar él sabe,/Sólo lo justo./Y él a quien nunca la potente Roma/ Con sus legiones domeñar consigue/ Al blando silbo del Pastor de vida/ Hoy manso sigue» (Al E. C. Pro Nuncio de S. S.

        [15] Ez dago ezkutatzerik, testutxo hori, berez lana goraipatzeko konposizio luze batean aurkitzen dela. Dena den, dotrina klasikoarekin, zuzentzat jotzen dela, ematen du, gerra, Aberriaren eta Sinismenaren alde izanez gero (ik. Gaztelu baten aurrean).

        [16] «Gizon burrukan dabiltzan oiek/Ekarri itzatzu bakera (...) Arrokeria zapaldu zazu,/ Oinperatu kutizia,/ Gorrotuaren ordez ipini,/ Biotz erdian bakia» (Gure Uztargia).

        [17] Euskaldunak poema egiteko gaia eta moldea erabakitzerakoan. lkus «Ikasientzako» edo «Lenengo argitalpenaren itzaurrea Euskaldunak poemari».

        [18] AZURMENDI, J. Inaultza sobietarra eta literatura, Bilbo 1975, 100-102.

        [19] Aranismoaren eragin progresiboa nabarmentzen duen hainbat detailetxo sumatzen da haren obran, seguruenik azterketa bat merezilukeena.

        [20] TOLEDO LEZETA, A.M. Domingo Agirre: euskal eleberriaren sorrera, Bilbo 1989. 118 eta hurr.

        [21] MUJICA, G. de Trueba. Su significación en la moderna literatura vasca (Ensayo premiado en el Certamen literario celebrado en Bilbao en marzo de 1914). San Sebastián 1914, 11.

        [22] «Debo a Trueba emociones dulcísimas que irán por siempre unidas a los recuerdos gratos de mi infancia y de mi juventud. Y acaso le debo también algo más: el amor intenso, profundo, que siento por el País Vasco, donde tuve la fortuna de nacer». (Gratitud)

        [23] (...) Que fue él quién, envolviéndose en el ropaje simpático y ameno de sus narraciones, expuso a la contemplación del mundo entero las sencillas costumbres que eran la norma de vida en las aldeas de nuestras montañas; que fué él quién pregonó a los cuatro vientos la bondad de corazón del aldeano vasco y los rasgos típicos se su raza; que fué él quién hizo desfilar ante los ojos de cuantos en el Universo quisieron leer, las bellezas de nuestros valles y de nuestros cielos, la poesía de nuestros hogares y de nuestros templos, la alegría de nuestras romerías y el amor de nuestras madres. Fué él, fué Trucha quien por vez primera hizo oír en el mundo el murmullo de regatos y fuentecillas humildísimas de existencia para todos ignorada; fué él quien hizo amables a los ojos de todos los paises la sombra de nuestros castañares y los vericuetos que ascendían a las colinas; fue él quien hizo grata a oídos extraños las música de nuestras campanas, el jolgorio de los mozos alegres y la risa limpia y clara de las muchachas euskaldunas; fué él quien habló primero de los impulsos del corazón, de los anhelos del alma de quienes pueblan las montañas vascas; él pregonó los méritos de sus hermanos de modo que el mundo los admirara; entonó himnos al trabajo y a la honradez del hombre, y cantó con vehemencia las dulzuras inagotables de las madres, de esas admirables madres vascas, personificación del sacrificio y del amor... (Ib., 47-48)

        [24] Ez estiloan eta idazkeran, halere («No ha faltado quien haya intentado imitarle, pero nadie ha llegado a hacerlo medianamente»), haren naturaltasuna eta sotiltasuna imitaezinak omen baitira.

        [25] «Truebaren eriotzan». ik. ONAINDIA. A., Milla euskal olerki eder, Larrea-Amorebieta 1954, 403.

        [26] «Lurreko aingeruak».

        [27] «Dos Efemérides».

        [28] «Como buen baserritarra, yo pedí leche con talo» («Una visita a mi aldea»).

        [29] 1913ko «Iturrigorri», ¡kasleen beila baterako paratuan, emigrazioren arazoa jasotzen da. (Poesía hori «la escribió su autor por motivos esencialmente íntimos y domésticos»; beharbada horregatik sentsibilizatu da): «¡Ay! familias baskongadas/Que su patria y casa amadas/hubieron de abandonar...».

        [30] «Euskal-Abia».

        [31] «De vuelta».

        [32] «Vuestros sanos aromas,/ Montes de bendición,/ Indemnes nos conserven/ De toda corrupción» («Los montes vascos»), XIX. mendeaz gerozko hainbat mendi-literaturatan da hori horrela, Euskal Herritik kanpo ere.

        [33] «¡Ay! ¿Saben los actuales moradores/Lo que perdieron al perder su lengua?/ La vida patriarcal de sus mayores,/ Y de la fe los vivos esplendores/ Luego sintieron lamentable mengua». («Vestigios»).

        [34] «Zure errukizko begiak, Ama,/ Arren itzuli izkidatzu,/ Samiñez dagon biotz gaxoa/ Gozatutzen badakizu;/ Ama zera-ta ¿Semien alde/ Zuk zer egingo ez dezu?/ ¡Gure samiñak gozatutzeko/ Zaude hai or Arantzan Zu!» («Gorantz...»)

        [35] «Zugana...».

        [36] LUQUE, S.M. de, El huracán de mi vida, Toledo 1911.

        [37] Aip, lib., 303-309 orr. irakur daiteke.

        [38] Salbatore Mitxelenak eta Gandiagak jarraipen bikaina eman dioten tradizio poetikoa abiatuz.

        [39] «Ama Neskutsaren Sortitzari», 4. estrofan. Zurstasuna ez da alusioz bakarrik ageri: «Dos efemérides»ek («... Gracias, gracias; por tí, oh hijo amado,/ De las llamas y penas horribles,/ Para siempre salgo») Arrutik bere apaiztasun, eta, finean bizitzaren zein kontzeptu ezkutatzen duen aztertzeko, hainbat arrasto erakus lezake agian.

        [40] «Orbangeari», 2. estrofan. «Udazkena» poesía «¡O nere gaurko begi beraak!» hasten da. «Itur-ondoan» azken estrofa minbera honekin ixten da: «Ondo zaudete nere begiak/ (Miñez nik esan arren) itxiak,/ Ez ikusteko/ Ainbeste gauza biotza samin/ Jarzen dutenak, ainbeste notin/ Eskergabeko». «Nere gau luzearen...» («Amalaudunak. 4. Etorria»).

        [41] «Porque apenas nace muere».

        [42] «El amor santo».

        [43] «Adiskideari agur».

        [44] Euskaraz ik. «Udazkena» osoa.

        [45] Y ¿cómo agradecer haberme dado,/ Dulcísimo Jesús, por Madre mía/ Vuestra Madre Santísima María...? («La noche de la Inmaculada»)

        [46] «La que me diera venturoso asilo/ Do librarme tranquilo/ De las tormentas que la vida baten,/ ¡Patentizar pudiera en este día,/ Madre querida mía,/ Los sentimientos que en mi pecho laten!/ —Vine a Tí siendo niño...». («A la Orden Seráfica»)

        [47] «...Zugana juateko/Zorionaren zai» («Agur amatxo maitea»).

        [48] «Urdin dago ozkarbi izar/ ederrez josia./ ¡Txikitan nik ainbeste/ bider ikusia!» (Agur amatxo maitea).

        [49] «¡Si aquí mi padre se hallara! ¡Si San Francisco te viera!» (El Cordero).

        [50] «Leyendo "Nueva Luz"».

        [51] «Humildes caseríos». «Pobre aldea» («Una visita a mi aldea») «mi humilde cuna» («¡Thalassa! ¡Thalassa!»), «pradera humilde» («Noviembre»), «humildes arbustillos» («Matinales»), etab.

        [52] «Flor del campo».

        [53] «¡Thalassa! ¡Thalassa!».

        [54] Seguruenik Erriberri/Olitekoak dira urrutiko klima horiek!

        [55] Itsasoaz ari denean ere falta ez dena noski!

        [56] «Truebari». (Aitzitik, zalantzak lainotsu zatartzat jotzen dira).

        [57] «Itur-ondoan».

        [58] «Vobis... nosse».

        [59] «Udaberria».

        [60] Testu hori, zergatik dago grafia arkaikoan? (eta bertso-lerroak ez errespetatuz, s eta z «zaraustarren maneran» nahastuz, etab.). Itsutu eta gero diktatua ote da?.

        [61] «Tus casitas (Oikiako baserriak) de tejados encarnados, con el horno/ Por delante, las paredes blancas de la iglesia en torno/ Agrupadas a la sombra venturosa de la cruz./ Una banda de palomas de inmaculado plumaje/ Me parecen...» («Una visita a mi aldea»). Poesia hori, sentidoaren inolado dudarik ez uzteko, Domingo Agirreri eskainita dago eta Iparragirreren «baina biotzak dio» ezagunaren aipaldiarekin irekitzen da.

        [62] «Euskal-Abia».

        [63] «Udaberria».

        [64] «Los montes vascos».

        [65] «Ibai-ertzian».

        [66] «Ederrenari».

        [67] «La noche de la Inmaculada».

        [68] Bide barrijak, 1931. (Urte dexente badirudi ere, esan beharra dago, mende hasieratik Errepublikaraino, euskal literatura barruan gauza handirik ez dela mugitu; mugimendu handia urte gutxian gero egin du).

        [69] «Itauna».

        [70] «Gabeko irrintzija».

        [71] «Erantzuna».

        [72] «Lied».

        [73] «Bijotzean».

        [74] «Mendijetara» («Urrun giz-otsetatik inenditara nua,/ leyak ba loitzen dabe garbi den gogua»); eta «Artxanda ganian» orobat («Uriko zaratak kezkatuten dabe/ mendiko lillura...»).

        [75] «Txakurtxuba».

        [76] «Miren neskutzaren baselexa» ere, azker estrofak. Orobat «Artzai ona»: «Zeure gorputz garbija...».

        [77] «NIETZSCHE. F., La genealogía de la moral», Madrid 1984, 37. Ik. baita ere FREUD, S., «El malestar en la cultura», in: Obras Completas, bol. VIII, Madrid 1974, 3035.

        [78] «Garbiaren tragedia» Lauaxetaren «Lili-negarra»n: Mungiako lats garbian garbiketan ari zela itotako neska garbiaren patu dolorezkoa.

        [79] «Maitale kutuna». «Zaurija» ere («Lorapian zengozan zurezko aulkijan./ Eunduten zendum arian zapitxu zurija,/ orratza esku-mian, otzaran arija,/ Gaste bat lotzen zendun zapiño garbjan...»). Eta «Exkontza eguna» sonetoa.

        [80] Erdaraz: «Hijo de la raza vasca que jamás tembló ante el peligro». (Lauaxeta askotan erdaraz hobeto irakurtzen da).

        [81] IZAGIRRE, K., Non dago basques' harbour. 1997, 83.

        [82] Dena dela, konparatzen badira Bide Barrijak (1931) eta Arrats beran (1935), bitartean Lauaxeta oso beste espiritu batean dabilela ohartuko da (hein honetan!): «garbi» ia erabat desagertu da, eta oraindik agertzen den hiruzpalau aldietan, pisurik gabe egiten du. «Ur gargija» («Narkis»), «Goxa don garbi» («Goxaldeko otoya»), «arrats gargija» («Artzañena», —ototitz eta artzain giroan).

        [83] ARRUTI: «Udaberria»; ik. «Vestigios» orobat..

        [84] LAUAXETA: «Neguko gaba».

        [85] PAGOLA, I. (arg.) XIX. mende akabuko kontakizunak, Donostia 1994, 143-144.

        [86] Ib. 159-160. «Jaungoikoaren zigorra ikusten da emen. Lenago Pentapolisko uriak ondatu ziran antzera (esan giñaike bildur baga) amaitu zan Pompeia bere dongatasunagaitik. Dudarik eztaukat ikusi dodana ikusi ezkero».

        [87] ONAINDIA, A., Milla euskal-olerki eder. Larrea-Amorebieta 1954, 367-368.

        [88] PAGOLA, I. (arg.), aip., lib., 109. Ik. 154 ere. Bartzelonan talde honi eranzten zaizkion espainolak «¡Viva España! ¡Viva la Virgen! ¡Viva el Papa!» deihadarka datoz. Dena dela, garaiko giroa imaginatzeko ez digu balio gutxiago kontrarioak ikustea: trena Figuerasera iristean, geltokian jendea bilduta dago pelegrinazioaren aurka txistuka protestatzen: «Batzuk oju egiten dabe ¡fuera!...¡fuera!... kanpora beraz? Eta liberadiaren izenian izango da, e? ¡Fueraaa!!» (120 orr.).

        [89] Ib., 151.

        [90] Eta progresoa eta tradizioaren sintesia «ikusiko» du hor D. Agirrek: «Au da, arro ta otzantasuna alkartuak, munduko aurrepena Eleiziagaz anaiatuta, soberbiaren barruan (trena) umiltasuna, fedia jarraikintzaren (progreso) erraietan. Nork ikusi dau gauza ederragorik?» (112 orr.).

        [91] «Bai, jarrri naz belauniko Aita Santuaren oñetan, berba egin dot Aita Santuagaz, Aita Santuaren, zeruko giltzak daukazanaren eskua euki dot nere buru gañean. Aita Santuaren esku leun, otz ta azurtsua euki dot neure esku artian, neure eskuia estutu dau Aita Santuak! O nire bizitzako unerik dontsuena, etzaitut aztuko! —Guztiz zoriondua urten dot Batikanotik ia ordu bi ta erdietan esaten eztakit zenbat garrenian: Biba Aita Santu erregea!» (154 orr).

        [92] Ib. 160-161.

        [93] «A Roma». (Gaia batere modernoa ez duelarik, gainera: San Frantziskoaren eta bere lagunen ikustaldia Aita Santuari 1209-1210 urtean!).

        [94] «Saludo».

        [95] Bitxiki, Domingo Agirreren «Juan-etorri bat Erromara» testu aipatuak ere antzeko eboluzio baten lekukoa dirudi. Ines Pagola argitaratzaileak ohartarazten duenez, bere bi argitalpenatako aldaketen arabera: aurreneko argitalpenean (1892) «Gure genduan Leon XIII garrenaren aurrian auzpeztuta esan (...) giñala españatarrak, euskaldunak, katoliko Aita Santua biotzez maite genduanak». dion tokian, bigarren argitaldian (1899) «españatarrak» desageru egiten da. Ik. PAGOLA, 1. aip. lib. XII.

        [96] «Erbestean». Arruti 1909ko abuztuan heldu da Erromara.

        [97] Arrutik ezagutu duen Erroma ez da gaurko metropoli zabal dotorea izan, milioi erdi eskas biztanleko hiri nahiko zarpazua baino, Italia batuko hiriburu berri bezala bere buruaren berrikuntza eta apainketan gogotik sartua bazen ere (Domingo Agirrek islatzen duen enpeinu politikoan).

        [98] «Urrungatzez» —herriminez— idatzia da «Agur amatxo maitea» ere (1919an argitaratua), sorterritik «urruti».

        [99] «Ibai-ertzian», 10. estrofa.

        [100] Euskalerriaren Alde 52(1913) 107-108. Apaitu poesiaren aurrean, aldizkariak honela eman du lankide berriaren albistea, sinadura berriari ematen zitzaion inportantzia erakusten baitu: «La Revista Euskalerriaren Alde cuenta desde hoy con un nuevo colaborador que viene a aumentar el número, siempre creciente, de los amigos que nos ayudan en nuestra empresa. Este colaborador es el R.P. Antonio de Arruti, poeta varias veces ensalzado por la crítica. Al presentar a los lectores al P. Arruti, cúmplenos manifestar sincero agradecimiento hacia el religioso que, al honrar con sus producciones las páginas de nuestra Revista, nos prueba que el éxito nos favorece en nuestro afán de reunir en torno a Euskalerriaren Alde a cuantos se esfuerzan en demostrar de algún modo, por medio de la pluma, el cariño que sienten por las cosas de este querido País Vasco, objeto de nuestros constantes amores».

        [101] Kontsekuenteki, gero, jauntxokeria feudalaren arbuioarekin jarraitua ikusiko duguna.

        [102] Holako «latinzaleen» (funtsean espainolzaleen) aurka erreakzioak izan dira, Pio Barojarena, euskalduna espiritu edo kultura zeharo «ipartarrekoa» deklaratuz —esentzialki antilatinoa; eta Krutwigena, kultura bera esentzialki grekoa deklaratuz— inkulturaren jergatzat emanez latina

        [103] Euskaldunak antropofagiaraino barbaroak omen direlako ipuin zaharra, literatura modernoan Voltaire baitan aurkitzen da jada.

        [104] J.M. DE ANGULOK aipatua, in La abolición de los fueros e instituciones vascongadas, Donostia 1976, 80-81. Ik. 118-119 orrietan testu gehiago, eta Castelarren Espainiako historiaren eskema (eskema nahiko topikoa, ez Castelarrena bakarrik) adierazten duen aipamen han 1882ko Bilboko egunkari batetik: «Para el Sr. Castelar todo cuanto ha fecundado y renovado la vida de España ha venido por las costas del mediterráneo, abriéndose estas costas al soplo de todas las ideas, al paso que las montañas del Norte se han cerrado siempre y se cierran a todo soplo de nueva vida y progreso». Ik. orobat 150-151 eta Castelarrek, Bilbon euskaldunen gorazarrez egindako hitzaldia, 154-156 orr., euskaldunen basakeriaren mito guztiak errepikatuz, kasu honetan tonu negatibo gabe antza: «(...) vosotros sepultabais las legiones del tirano Augusto, mandadas por su pariente Agripa, en las hondonadas de Régil, y salvabais del imperio romano a los mayores y primates de nuestra familia en las cumbres del Hernio, encargando a cuantos pudiesen caer en manos del vencedor que comiesen las hojas del ponzoñoso tejo para morir antes de penetrar en la ciudad eterna amarrados al carro del vencedor...».

        [105] LEVI-STRAUSS. C., Anthropologie structurale deux. Paris 1973, 384.

        [106] Crónica de la Peregrinación Vascongada a Tierra Santa, Egipto y Roma en 1902 por Dos Peregrinos, Bilbao 1903, 205. «Junto al Convento de las Carmelitas tiene su residencia una comunidad de Benedictinos (...). Entre los religiosos encontramos dos vasco-franceses de la diócesis de Bayona, con los que nos fue grato hablar la lengua de nuestro padre Aitor. Ahora estamos seguros de que nuestra versión vascongada no será un homenaje mudo, sino que allí hay quien a diario ha de repetirla, porque el Aita guria es de las oraciones que no pueden menos de rezarse en la lengua en que nos la enseñaron nuestros padres cuando apenas empezábamos a balbucearla» (206-207 orr.)

        [107] Testu edukitsu inportante honekin: «Aitoren izkuntz ederrean nere lagun eta erritarrai biotz barrengo oroipenak».

        [108] APRAIZ SAENZ DEL BURGO, J. (arg.), Donkituera umill euskalduna. Cervantes-eri opatua Manchako don Quijote seme argi ta ospatsua agertu zanetik irugarren eunkiurrenean, Gasteiz 1905

        [109] «La enseñanza arrastraba vida lánguida (...). En 1887, el 71,5 por 100 de los españoles no sabían leer ni escribir (81,16 entre las mujeres). En 1900, el analfabetismo había descendido tan sólo al 63,79 por 100»; Ik. TUÑON DE LARA, M., aip. lib., 95-96.

        [110] ARANBARRI, I; IZAGIRRE, K., Gerraurreko literatur kritika, Bilbo 1996, VIII-LXXXII.

        [111] «Itzaurrea» (V-XV orr.), in: JAUTARKOL, Biozkadak, Iruñea 1929, VI. Intzak, beti bersolariekin eta poesia tradizional herritarrarekin konparatuz, bi arrazoi hauek ematen ditu —hizkuntzarekikoa bat eta ikuspegiarekikoa bestea— «poesia ikasiaren» eskastasunarentzat: 1) «Arrotz-izkuntzak ikastean, gerena zapuztutzeraño ez badatoz ere, onen erabilkera aztu ez bada, nagitu egiten zaielako ez ote da? Askotan baietz nago. Auetako askok, beste izkuntzetako olerkien joskera, esaera ta neurtizkera ere beren etxeko soñekoz jantzi nai lukete, baño lan ori egiten gutxik asmatzen dute». Bigarren kritika honek Arrutirentzat ere balio lezakeela, ikusiko dugu.

        [112] ORIXE, Idazlan Guztiak., III bol. Artikulu eta Saiakerak, Bilbo 1991, 269-270. Kultura literario guztiei ukatu hori, Orixek Emeterio Arreseri (1869-1954) aitortzen dio: «Arrese tiene una cultura poética común entre nosotros. Su formación es de escogida y bien digerida lectura», Ik, aip. lib., 241 («Poesía y acción»).

        [113] Hitz horietako asko Larramendirena bada, neologismo «aranistak» ez dira falta. Autore batzuen «garbizaletusunaz» fenomeno bat ez da ahaztu behar: Seminariora haurraren lexiko txikiaz sartu eta urteetan hizkuntzaren iturri bizitik etenda bizi izan denak (agian euskara osoki ahaztu gabe, baina erdaraz biziz), gero bere baliabideak aberasteko eta «euskara ikasteko», eskuarteko hiztegiez eta momentuko testuez baliatu behar izaten du, herriko euskara bizian ezin murgilduz (eta areago literatura klasikoa eskura ez badu).

        [114] Prosazko «Lukainka»n, ipuin baten barruan beste lau ipuintxo dituenean, lexiko azterketa baterako hainbat elementu dago, Iparraldeko («elikatu») edo bizkaierazko («mueta») berba eta neologismoetatik (oin-oharretan argituak) lokalismoetaraino forma batzuetan («agintia», «gauzik», «orroi», «burua») eta bere asmazioa dirudien bateraino («arlotu», txirotu).

        [115] LOPEZ-MENDIZABAL'dar IXAKA. «Euzkerazko amalauduna», in: Euskal Esnalea 61-63 (1913) 193-200, eta 64-65 (1913) 241-246. Amalaudana gure tradizioan gutxitxo landu izan dela, eta era ezberdinetakoak landu direlarik, ez dagoela kriterio garbirik, salatzen du autoreak. (Hor ikasten dugunez, 1911 an Seguran izandako Euskal Jaiten «Amalaudun Batzaldi» bat egin zen). L.M. Ixakaren aburuan «egokiyena litzaken itz-neurkera amar izkiñekua (silaba) litzake» eta «lerro bakoitzian zatiketa (zesura) ondo egitia biar-biarrekua da». Bere konklusioak laburbilduz: «Amalauduna egin biar litzake amar izkindun amalau lerroz. —Lerro bakoitzak bost izkindun bi zatiketa izango ditu. Itz-erorkera berdiña izango dute lerruak bere artian, erorkera onela egiñaz: l'go, 4'g ta 8'garrenak erorkera berdiña izango dute. 2'g, 3'g ta 7garrenak, beren artian, ere erorkera berdiña. —Bi irukoetan egilliaren gogora berdindubaz» (245 orr.).

        [116] Bakarrik, hirugarren sonetoko bigarren terzetoan, uste dut despistatu egin dela: CCD EDE errimatu du.

        [117] «Amalaudunak 4. Etorria».

        [118] «¡Thalassa! ¡Thalassa!».

        [119] LAGARDE, A.-MICHARD. L., XXe Siècle, Paris 1973.

        [120] LANSON, G. Histoire de la littérature française, Paris 1979, 1111.

 

Bilaketa