literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Sarrera gisa

 

L. Akesolo

 

«Noelak»

Joannes Etcheberri

SGEP, 1970

 

        Noizbaitere eldu zaio bere aldia Joanes Etxeberri Ziburutarrari. Berak baiño zori obea izan du antziñako euskal-idazle mordo batek. Batzuen idazlanak oraintsu samar izan dira berriz argitaratuak eta beren lanak irakurtzeko aukera obea dugu. Ola, neke geiegirik gabe aurkitu ditezke Etxepare, Leizarraga, Axular eta Oihenarten liburuak, bai Harizmendi eta Argaiñaratz-enak ere.

        Orain, izen berri bat dator aien lerroan jartzen: Etxeberri, Ziburuko seme argi ta idazle ain ugari ta jatorrarena. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones delakoaren eskutik dator, eta Donostiako Caja de Ahorros Municipal-aren laguntzaz, ain zuzen. Diruak eta kulturaren maitasunak zorioneko ezkontza egin dute emen, eta ez al da azkena izango.

 

        Etxeberri nor dugun

        Baña nor dugu idazle au? Damurik, ezer gutxi dakigu bere biziari buruz. Ziburutarra zela esan dezakegu. Ziburutar egiten du berak bere burua. Baña ez dakigu noiz jaio zen. Ziburun erretor izana ere omen da, or 1637 edo 1638-garren urterarte. Orduan utzi omen zuen erretorgoa, eriotzeak kendurik nonbait.

        Gero, bere izenari itsatsia, titulu au darama beti: Doctor teologoa. Orrek esan nai du eskola nausien batean apaiz-ikasketak egiña zela, teologian irakasle izateko eskubidea zeukala. Non ikasi ote zuen? Paben? Tolosan? Bada emen zer argitu. Dena dela, Jesuitekin ibillia da; Loiolako Iñazioren semeekin ikasi zuen zekien guztia, santu orri egindako kantuan berak dionez. Etxe oneko semea bide zen. Bere liburuetatik ateratzen den bezala, bere anai bat osalari, miriku izan zen, bera baño zenbait urte lenago illa. Iltzat ematen digu, beintzat, bere Manual devotionezcoa atera zueneko; beraz, 1627-garren urterako.

        Orra bere biziaz dakigun guztia: oso gutxi, egiaz. Baña bere urteei buruz esatekorik ain gutxi utzi badigu ere, ez da berdin gertatzen bere idazlanez. Emen aztarrenik aski utzi du, bai. Bere mendeko euskal-idazlerik ugariena dugula esan genezake.

        Baditu, gutxienaz, argitara emanak, iru liburu: Manual Devotionezcoa, bi tomotan eta bi aldiz argitaratua, 1627-an eta 1669-an; E1içara erabilceko liburua, iru aldiz argia ikusia, 1636, 1665 eta 1666-an, eta bestea, emen orain ematen duguna: Noelac.

        Gutxienaz, iru liburuok ezagutzen ditugu. Besterik idatzi ote zuen? Laffite jaunak oraintsu ezaguerazi duen Oihenart-en lan batean beste bat ere aipatzen da: Egunorozcoa. Beste xeetasunik ez digu ematen. Eta esan bearra dago orainarte ez dela orren aztarrenik azaldu, eta beste iñork ez duela bere ezagutzerik eman. Liburu berria ote da, lengoez beste bat ote da, ala besteen zatien bat, edo besteen zatien bati eman ote dio Oihenartek izen ori? Gogoan ar dezagun Elizara erabiltzeko liburuak ere baduela zati bat, Egunorozko othoitz laburrak titulutzat daramana. Eta, gaiez, berdintsu da Manualaren bigarren zatia ere.

        Au esanez, ez dugu ukatu nai liburu ori izan denik. Eta iñoizkoren batean agertu baledi, ongi etorria izango litzake euskal-literaturan. Bai, orixe.

 

        Bertsotan zergatik idatzi zuen

        Etxeberri onen idaz-lan guztia, orrialde gutxi batzuez landa, itz neurtuetan idatzia dago. Damugarritzat, tamalgarritzat dauka Oihenartek gure idazlearen bertsoetarako joera. Itz lauz idatzi balu, obe zukeala dio. Berdin uste du Mitxelenak ere, Oihenartek esana irakurri aurretik, alegia, gai batzuk itz lauz erabilli balitu, obe zela. Eta Oihenarten ustez, bertsotan idazteko baiño treheago zen bestela idazteko. Bere etxekoei egindako gutunak aipatzen ditu lekuko. Ongi erakusten omen zuten Etxeberri euskeraren jabe zela. Eta ez bakarrik gutun oiek, bai beste egille beraren bi lanek ere: bata, euskerazko iztegia, eta bestea, euskal-aditzaren formekin egindako lan bat.

        Baña itz lautan idazteko ain trebe zelarik ere, naiago izan zuen itz neurtuetan idatzi. Bertsotan ustu zuen, geien batean, bere barnea, eta bertsotan eman zituen bere irakatsiak ere. Bertsoz egiña da ia bere lan guztia.

        Zerk eragin zion ori? Bertsotan idatziz, zer billatu zuen? Oihenartek ematen dio galdera oni erantzuna, arestian aipatu dugun lanean. Etxeberri berari entzunik zekien. Mariñelen onetan, mariñelei atsegin ematearren jo omen zuen bertsotara. Ziburun jaio ta Ziburun bizi, bazekien Etxeberrik gure itsasbazterreko mariñelen berri. Bertso-zale ta kanta-zale omen ziren, eta aien egarria ase nai izan du Etxeberrik, euskerazko kanta-gaiak aientzat emanez.

        Gazteluzar jesuitari, Etxeberriren ondoko beste olerkari txukunari, berdintsu gertatu zitzaion. Gure mariñelek atsegin omen zuten, itsasoan zebiltzanetan, kantuz aritzea; eta euskerazko kantarik ezean, latiñezko eleiz-kantuetara jotzen omen zuten. Eta zer egin zuen Gazteluzarrek? Gure itsasgizonek kantu berak euskeraz emanez atsegin geiago izango zutela-ta, euskeraz jarri zituen latiñezkoen neurri berdintsuan, beren itsasoko orduetan kanta zitzaten.

        Baña, ageri den bezala, Ziburuko semeak aurrea artu zion Gazteluzar argiari. Eta ez mariñelen onetan bakarrik; euskaldun guztien bertsozaletasuna gogoan zuela, egin zuen Etxeberrik bere lana. Berak ala esango digu, eta ontan Oihenartek esana zerbaitetan zuzendua gelditzen da, teologo olerkari onek bere Manual Devotionezcoa deritzan liburuan esaten duenez:

 

                «Giristinoa, eman diat eskarazko bertsutan

                katoliko manuala neure asti-ordutan.

                Ikusirik, nola bainaiz iaiotzez eskalduna,

                gure nazioa dela kopla maite duena,

                hartarakotz iakiaraz diat bertsuz ezarri:

                lasterrago ikhas eta maizago aiphagarri».

 

        Euskaldunen kantazaletasun ori aspaldietakoa da, erromarren egunetakoa, beroiek aitortu zuten bezala:

 

                «Ezen, dakusun bezala,

                eskaldunak, zaharrek,

                kanten maitatzaille deithu

                zituzten erromarrek».

 

        Ikus, bide batez, nolako itz-joskera derabillan sarri gure teologo onek euskeraz. Elkarrekin joan bear zuten omen erromarrek eta zaharrek (erromar zaharrek), baiña ikus nola jarri dituen biak elkarrenganik ain urruti.

        Mariñelik ez da emen aipatzen; euskaldun guztien alderako egin du lan gure olerkariak. Baña, Oihenartek esana dena gezur gerta ez dedin, or dago bere Manual ori, eta bertan zati osoa, Mariñelantzat egiña, Itsasoko biaietako othoitz-araldea, alegia.

 

        Gure eliz-kanten aita

        Ala da: gure eliz-kanten sortzaille jo dezakegu Ziburuko Etxeberri Titulu au emateko badire argitasun batzuk beronen liburuetan, sarrera bezela adiskideek eskeintzen dizkioten kopletan, latiñezkoetan, batez ere.

        Batek onela dio bein: Euskaldunek ezin zutela gogo onez eraman Jainkoari izkuntza arrotzez kantatu bearra; orregatik, lan txalogarria gure olerkari onek egin duena: gure lurreraiño ekarri ditu musak eta berei euskeraz egin arazi die. Geroak zeruetaraño goratu bear omen du lan onen egillea. Euskaldunak ogi eske omen zeuden, eta iñork ez omen zien ematen. Etxeberrik ekarri dio zeruko ogia gure erriari.

        Beste batek aitortzen du: gure erriak maite zituela elizetako kantak, baiña zer zioten etzekitela kantatzen zituzten. Etxeberriri esker zuzendu da oker ori. Dabid euskeraz mintzarazi du. Ain kantari izanik, emendik aurrera euskaldunak iakiaraz eta pozik kantatuko du elizetan.

        Etxeberrik urratutako bideari jarraituko diote gero beste askok: Harizmendi, Argaiñaratz, Gazteluzar, etab. Guztien aurrelari ta aintzingidari: Joanez Etxeberri, Ziburutarra.

 

        Etxeberri XVII-garren mendeko euskal-idazleetan

        Bere mendeko euskal-literaturaren zeruan argizagi, izar andi dugu Ziburuko seme argi au.

        Etxepare Garazitarrak aurreko mendean urratu zuen bideak orduantxe jotzen du gaillurra, itz lauz Axularrekin (edo, iatorrago esateko, Atxularrekin), eta itz itzulitan, itz neurtuetan, gure Etxeberri onekin.

        Eun bat urte geroago, beste Etxeberri batek, Sara-koak, bi gizonok jartzen zituen euskaldunentzat maixu bezala: «Axular perpausa lanoan, eta Etxeberri jaun apeza bere kopletan». Idazle oietan ikasi bear lukete euskaldunek bere izkuntzak nolako aberastasuna duen «ispirituko pentsamenduen sothilki eta agudoki adierazteko».

        Bere aldiko oldarra izan zuen orduan euskal-literaturak lapurtarren artean, sekulan ez bezalakoa. Nonnai agertzen ziren luma azkarrak. Eta nola ebakitzen zuten euskera! Guztiek elkarren leian eta elkar arturik bezela ziarduten. Guztiek, eliz-gizon eta erri-gizon, elkar sutzen, elkarri eusten ziotela badirudi. Atsegin zaigu, orduko liburuen sarreretan, izen ezagunak ikustea, bata besteari laguntzen, gogoa berotzen, gorespenak ematen eta bideak zabaltzen.

        Axular, Harizmendi, ta Argaiñaratz or ditugu Materre, Aranburu eta Etxeberri oni aialdeko egiten, esku ematen. Eta izen andi oiekin nasi, atsegin zaigu beste ots gutxiagoko batzuk entzutea beren bertsozko laudorioekin: Gillentena, Hirigoiti, Aphezte ta Claveria, azkenengo au euskaldun erdal-idazleen kontrako bertsoen egillea. Guztiok, euskerazko bertsogintzan trebeak. Beren artean elizgizonak dire gaillen, baiña or da errigizon bat ere, Hirigoiti jauna, doctor medicus bera. Denok merezi dute gorespenezko aipamentxoa Lapurdiko literaturaren loraldi artan. Bazen orduan euskal-kezkarik, euskera lantzeko gogo bero ta argitsurik. Etxeparek erein zuen aziak fruturik ba zekarren. Ark aurtiki zuen oiuak bazuen erantzuna. Euskera kanpora, plazara zetorren, mundura jalgitzen zen, eta oldarkoi ala ere.

        Orain aukera obean gaude Etxepareganik Etxeberrixen ganañoko bidea obeki ezagutzeko. Oihenartek, Laffitek argitaratu duen lanean, bi izen berri eman dizkigu, bitarte orren betegarri. Bi apez dire: Joanes Etxegarai, eta Arnaut Logras. Etxegarai ori, Etxepareren erkidea, Donibane Garaziko semea, Artzain Gorri izeneko pastoralaren egillea da. Beste bertso-bilduma bat ere utzi omen zuen, eskuz idatzirik. An, 1565-inguruan ari izan omen zen idazten. Bigarrenak, Logras orrek ere utzi omen zuen bertso-pillaren bat, Oihenartek bere eskuetan izana.

        Beude izen oiek emen, Etxepare ta Etxeberriren artean zubi egiten dutela. Guztiok, geroagoko Oihenarte eta Gazteluzar tartean sarturik, sekulako loraldia eragin zioten XVII-garren mendean euskal-poesiari. Guztion artean Ziburuko Etxeberri ez da, ez, izar xehe, bai argizagi andi. Eta bera da bertsorik geien idatzi zuena.

 

        Noelak

        Au da Etxeberriren liburuetan bigarren liburua, eta gaur euskalzaleei emen eskeintzen zaiena. Argitaratzeko baimenak 1630-an emanak ditu; baña urte orretako ateraldirik ez da ezagutzen. Amabost urte geroagokoa da, 1645-koa, ezagutzen dugunik zaarrena. Bordelen egiña. Geroago, Baionan argitaratzen dute: 1697, 1699 (bi aldiz), Maffre-ren inprimerian, eta andik aurrera, lau edo bost aldiz, Fauvet-tarren etxean, urterik gabe. Bere titulu osoak dionez (Noelak eta berze kanta espiritual berriak), noelez gañera beste kanta asko du Kristoren eta saintuen omenez. Ateraldirik zaarrenek, 1699-garrenerartekoek, gai berberak ematen dituzte; andik aurrerakoek kanta bat edo beste geiago sartzen dute azkenean.

        Ezagutzen diren ateraldi guztiak daude utsez josirik. Geienetan ez da zailla utsa non eta zertan den igartzen; ariari jarraituz, gaiak berak ekartzen du gogora bear litzaken letra naiz itza. Beste batzuetan, ordea, ez da orren errez utsa zuzentzen. Oraingo argitaraldirako, ontan nekerik artu bear izan dugula aitortu bearrean gaude. Zatirik ezbaikoenetan jakiñaren gañean jarriko dugu irakurlea, liburuak zer zion eta guk zer esanarazi diogun jakin dezan.

        Liburu oni ezarri diote begia Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones delakoaren zuzendariak, argitaraldi berri au euskaldunei eskeintzeko. Egia esan, bada beste idazlerik gure idazle zaarretan ezagutzea merezi duenik. Or da, esaterako, gure Ziburutar onen ondoko Gazteluzar. Etorriko al zaio oni ere bere aldia.

        Iñoiz iñork esan du gure klasiko guztien bilduma osoa bear genuela atera. Iñoiz neronek ere esan dut Euskaltzaindiak artu lezakeala bere gain egiteko ori, beste iñola eziñean, bere aldizkariaren orriak ortarako eskeiñirik. Or dahil aldizkari ori bere ateraldia atzeratzen beti, zerez bete ez balu bezala. Zergatik ez gure klasiko zaarren sail bat bertan ateratzen asi? Aspaldi batean, an atera ziren bi nobela, gero separata bezala zabalduak. Zergatik olako zerbait ez egin antziñako euskal-idazleen liburu bakanekin?

        Bien bitartean, ar dezagun esker onez Etxeberriren liburu au eskeintzen digutenen opari gaingaiñekoa.

 

        Oraingo argitaraldia

        Emen duzu, irakurle euskalduna, gure klasikoetako bat. Bere jatorrean eman nai dizugu, ortografia zerbait berritu ta beste aldaketarik gabe. Ortografia berritu, eta noiz edo bein, gutxitan, berdindu ere egin dugu. Esaterako, Etxeberrik liburu ontan beti berce idazten du, eta guk berze. Iñoizkoren baten minça derabil, baiña geienetan mintça; zalantzan gelditzen gera lenbiziko forma ori ez ote den inprentako utsen bat; orregatik, berdintzeari begiratuaz, emen mintza aldatuko dugu. Berdin egingo dugu penazen edo penatzen formekin; bigarrena da Noeletan ia beti agertzen dena, ta olan berdindu egingo dugu emen ere. Batzuetan neque dio, eta besteetan nekhe; agerian da emen inprentako utsik ez dena. Orregatik bietara jarriko da emen. Bitztu ta piztu erabiltzen du Etxeberrik, eta guk biztu ta piztu; hilltzen Etxeberrik, eta guk hiltzen. Bi bokalen artean s bikoitza dauka Etxeberrik: issuri, naussi, bassa; guk, isuri, nausi, basa.

        Nausi aipatu dugun ezkero, aipagarria dela uste dut Etxeberrik beti ola ematen duela itz ori; iñoiz ez, ez nagusi ta ez nabusi, baña beti iru silaba ematen dizkiola; ez du or diptongorik egiten.

        Irakurleak berak ikusiko du baduela gure idazleak berekeri bat Jainkoaren izenari buruz: bi eratara erabiltzen du, bein Jainko ta bein Jongoiko, ez Jaungoiko ez Jangoiko.

        Baña Ziburutar onen bertsoetan gauzarik nabarmenena askotan erabiltzen duen joskera da: elkarrekin joan bear luketen itzak bata bestearenganik urrun jartzen di tu, bear bada, geiegitan. Len ekarri dugu olako joskeradun puska bat.

        Ona emen orain, ezkenengo kantutik artuta, beste bi: Iñazio Loiolakoari onela esaten dio:

 

                Bereziki ni natzaitzu

                zordun, zeren, zuretan,

                dakidan guztia ikhasi baitut

                eskola sainduetan.

 

        Zure eskola sainduetan esan bearrean, orra nola urrundu dituen zure ta eskola.

Ez ain urrun, baño beste bertso oietan ere ikusi nola dauden neure ta etxea elkarrenganik aldendurik:

 

                Esparantza hartan neure

                bihurtzen naiz etxera.

 

        Liburuaren mamiaz ez dut ezer esan nai. Irakurleak berak atera beza bere iritzia Etxeberriren bertsoen ederrez. Ortaz beste batzuk mintzatu dire naiko argi ta zeatz. Mitxelena jaunak, esaterako, gorespen beroa du bere Historia de la Literatura Vasca-n Etxeberriren lanarentzat.

 

* * *

 

        Noelak liburu au Loiolan bukatua da. Eztakigu zenbat egunez, baña an izana dugu gure olerkari au, eta an egin zuen liburu ontako azken kantua, Iñazio gure Patroi aundiari esker onez, mesede andi bat egin ziolako:

 

                Esker itzultzen darotzut

                zeure iaiatetxean,

                Loiola Iauregiko

                aldare aitziñean.

                Arren, bada, errezibi

                zazu onen partera

                zeure hizkuntzan bihurtzen

                darotzudan eskerra.

 

        Gizaldiak joan dire arrezkero. Eta gaur, irureun eta berrogei urteren buruan, Loiolako santuak bere zaindaritzapean daukan lurralde ontan berriro entzungo da bertso aien oiartzuna, eta liburu onen argitaraldi berri onekin, eskerrik onena itzultzen dio Gipuzkoak Ziburuko seme ta idazle azkar oni.

        Eta Gipuzkoan bakarrik ez, Euskalerri osoan entzun bedi eta euskaldun guztien izenean arako beronen liburu bati laudoriozko koplak ezarri zizkion batek idatzia:

 

                Laudorio, bada, handia

                duzula Eskaldunez:

                lapurtarrez, bizkaitarrez,

                bai eta Nafar Iruñez.

 

Bilaketa