literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Sarrera

 

X. Hiriart

 

«Olerkiak eta bertsoak»

Juan Inazio Iztueta

Hiria, 2003

 

        Juan Inazio Iztueta 1767 urtean jaio zen Gipuzkoako Zaldibian, eta jaiotako etxe berean hil zen 1845ko abuztuan. Etxe berean jaio eta hil izanak, ordea, ez du adierazi nahi bizitza labain eta aldagaitza izan zuenik; aitzitik Iztuetak, bizimodu nekeza eta arazoz betea ukan zuen.

        Juan Inazio Iztuetak obra oparoa idatzi eta utzi zuen, baina ez da hargatik euskaldunen artean ezaguna eta preziatua. Iztueta historiagile, etnografo eta poeta izan zen, bertsolari izateaz gain, baina esan daiteke Zaldibiako idazlea oharkabean iragan dela euskal literaturaren historiatik. Idazle laiko izateak zentzu aparta eransten badio ere ez da hargatik preziatuagoa izan edo eta agian arrazoi horregatik izan du da gehinetan isildua eta maizenik alde batera utzia. Dena den, Iztueta euskal letra modernoen aintzindari dugu eta euskaldungoak berari zor dio historia arloko euskararen trebakuntza. XVI gizaldian Oihenartek latinez idatzi zuen Euskal Herriko historia eta Iztuetak aldiz euskaraz eratu zuen berrehun urte geroago Gipuzkoako Historia.

 

        Bizitza

        Bizitza aztoragarria izan zuen Iztuetak. Bere aita Josep Iztueta Lazkaokoa zen eta Ordiziakoa, berriz, Maria Inazia bere ama. Hamabi senideko bostgarren haurra izan zen Joan Inazio. Ez dakigu ezer askorik Joan Inazioren haurtzaro eta gaztaroaz eta bere bizitzako lehen urrats nagusia 1790 urtean eman zuen Urnietako Lizuaingo Maria Joakinarekin ezkontzean. 22 une zituen gure idazleak, eta 19 bere emazteak.

        Tradizioak dioenez «txuri» ezizenaz ezagutzen zuten bere herrian eta soinez oso handia ez bazen ere oso begi argiak omen zituen eta azkar nabarmendu zen bere adineko beste gazteren artean. Ez dakigu non izan zen eskolatua, baina badirudi Lazkaoko Karmeliten monastegian egin zituela bere ikasketak.

        Bere lehen ezkontzatik, bost haurra ukan zituen Joan Inazio Iztuetak. Ezkonberritan merkatari lanetan ageri zaigu Iztueta arrain tratoan, bakailoa eta balearen koipea salerosiz. Errota bi ere kudeatzen zituen bere herrian eta artalde baten nagusia ere bazen nonbait.

        Joan Inazio Iztuetak ez zuen bizitza lasaia izan ordea; bere lehen urteak Zaldibian iragan bazituen ere laster ikusten dugu mila istiluetan nahasia eta legearekin hainbat kasutan kontrajarria. Ordiziako herrian preso hartu zuten balizko lapurreta salaketa bat medio eta Tolosako gartzelara eraman zuten. Lapurretaz gain emakume zale eta erlijio kontuetan hotza izatea ere leporatzen diote. Tolosako gartzelan zegoela hil zen bere emazte Maria Joakina eta handik berehala Azpeitiako gartzelara eraman zuten. Han, Azpeitian, Maria Concepción Bengoetxea (Conchesi) ezagutu zuen, zeina haur baten erailkuntzaren kausaz espetxean zegoen.

        Azpeitiko kartzelatik, Inkisizioak Logroñok zuen ezkutuko gartzelara eraman zuten, bere pentsakeraren kausaz. Logroñoko espetxean idatziko ditu Iztuetak Conchesiri buruzko bertso sutsuenak eta halaber bere burua zuritzeko balioko zioten zenbait bertso elizkoi ere.

        Behin kartzelatik kanpo Iztueta eta Conchesi Azpeitiako eleizan ezkondu ziren 1808 urtean. Azpeitiako herrian bizitu zen zenbait urtez, baina laster Donostian eta Donibane Lohitzunen ageri da Frantsez ejerzitoek Donostia setiatzen dutenean. Donostian dendari agertzen zaigu eta Frantziako gudalostearen ornitzaile bezala diru ugari galdu zuen.

        Conchesirekiko ezkontzak ez zuen luzaro iraun, zeren 1815 urtean hil zen berau 32 une zituela. Hamabi urtez alargun jardun zuen Iztuetak, baina 1828 urtean Maria Ascensión Urruzolarekin ezkondu zen Donostiako San Bizente elizan. Senargaiak, Iztuetak alegia, 60 urte zituen eta andregai gazteak berriz 20. Garai honetan bi etxeren nagusi bezala ageri zaigu Iztueta Donostian. Hainbat ezagupide eginak ditu probintziako agintari eta jende nagusien artean. Aspaldidanik Iztueta folklore lanetan zaletua dabil eta Gipuzkoako Dantzak izeneko lan garrantzitsua urte hauetan gauzatzen du. Dagoneko, Iztuetak baditu harremanak bere garaiko zenbait letra gizonekin eta horrela mantentzen du gutunezko erlazioa Santiago Unceta, Ramón Guereca, Agustin Iturriaga, Pablo de Ulibarri eta beste hainbatekin. Madrilera ere konbidatzen dute euskarari buruzko hitzaldi bat ematera.

        1834 urtean Donostiako poliziaren buru izendatzen dute eta Iztuetak liberalen aldeko agertzen zaigu lehen Gerla Karlistan. Donostiatik Zaldibira aldatzen du bere egoitza eta han hasten buru belarri bere Guipuzcoaco condaira idazten.

        Juan Inazio Iztueta Zaldibian hil zen 78 urterekin.

 

        Iztuetaren obra

        Iztuetak bertso ugari egin zuen bere bizitzaren zehar, eta hargatik agian bertsolarien zaku sakonean sartua izan zen behin eta berriz, bere obraren beste merezimenduak isiltasunera jaurtikiaz. Enkarguz ere sarritan jardun zuen bertsogintzan, baina Iztuetak badu Bilintxek izanen duen bezala, bertsolari izateaz gain poeta sena garbia.

        Iztueta, Pernando Amezketarra, Zabala, Txabalategi eta Altamiraren garaikidea zen eta bertso saioetan maiz jardun ohi zuen epaile gisara ere, baina horrek ez du mugatzen bere lirikarako joera. Bere garaian, jadanik, eta Manterolaren ustetan, Iztueta poeta trebe bezala ageri da bertsolari izateaz gain.

        Hemen hautatu dugun poemario honetan maitasunezko poema unkigarriak aurkituko ditu irakurleak baina baita ere usadio eta dantzei buruzko bertso ugari ere. Esan genezake Iztueta bere garaiko poeta herrikoia eta kultoa dela; herrikoi den aldetik bertsolaritzaren ur gardenak edaten ditu eta kultoa den aldetik bere garaikide diren erdal poeten eragina ere nabaria da.

        Guztitara ere, Iztuetaren grina euskaldunen dantza eta kantuak dira. Zentzu honetan bere poemagintza ere kanta eta dantzari atxikirik ageri zaigu.

        Gaur hemen argitaratzen dugun antologia honetan garbiro ikus daiteke Iztuetak ohizko bertsolari baten antzik ez duela. Egia da bere bertsogintza didaktikaren gurdiari lotzen diola sarritan bai erlijio kantak burutzen dituenean eta areago oraindik Gipuzkoako historiaren pasarteak bertsotan jartzen dituenean, baina guztiaren gainetik Conchesiri egindako poema edo eta Grazianari paratutakoan ageri zaigu benetako Iztueta poeta.

        Hauek dira bere prosazko lan garrantzitsuenak: Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia (1824); Carta eguiten diona don juan Ignacio Iztuetac apez don Juan Jose Mogueli (1829); Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia (1847).

        Juan Inazio Iztueta gizon korapilatsua izan zen bere bizitzaren zehar eta bistan da ondorengo euskal kritiko eta literatur zaleek ez dutela beti ere oso aintzakotzat hartu. Oraindik ere Aita Villasantek euskal literaturaren historian meritu txikiko idazletzat dauka. Oker dabiltza, ordea, Iztuetarengan prosista oparo eta poeta fina ikusi nahi izan ez dutenak. Iztueta Aita Larramendiren belaunaldiaren zorduna da eta askotan andoaindarraren neologismoak erabiltzen ditu zenzukabe, baina Zaldibiako idazlea berezko euskara joriari trabarik jartzen ez dionean bere jenerazioko eskritore nagusi bezala agertzen zaigu. Iztuetak baditu noski, autodidakta izate aldera, hutsuneak eta itzalak, baina guztien gainetik nabarmentzen da biziarekiko errebolta eta bere ingurunearekiko ironia. Bada garaia Iztuetaren lanaren meritua bere jatorrean onartzekoa.

 

Bilaketa