literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Iztueta erromantikoa (II)

 

Juan San Martin

 

«Bidez, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1981

 

        Iragan asteko artikuluan Juan Inazio Iztueta, zaldibiarraren erromantikotasuna adierazi nuen, Jose Garmendiak argitaratu duen «Iztuetaren olerkiak» liburuan oinarriturik. Argi dago erromantiko garaiko giroak piztu zuela Iztuetaren idealismo suharra. Europako kultur korrontak hemen bertako ekintzeri loturik ikertzean kontutan hartu beharrezkoa dugu.

        Jose Garmendiaren bildumak honako aukera hau begien aurrean jarri badigu ere, herri xehearen kulturazko lanak hor zituen gure Iztuetak bere dantza, soinu zahar eta hitz-neurtu direlako bildumetan.

        Erromantikotasunaren erakusgarri ditugu Iztuetak folklore arloan egin zituen bilketak. Honen berri eman nuen duela hamar urte, Iztuetaren sorturtearen berrehungarrena betetzeaz. J. Garmendiak bere liburu horren bibliografian aipatzen dituen lanak (ikus, 182-183 orr.), eta ordukoari ildoz jarraituko natzaio.

        Erromantizismoak berakin zekarren herriaren kultura baliatzea eta sistematikoki biltzea, eta Iztueta beste inor baino lehen ohartu zen hortaz eta bere lanari ekin zion. Garibai ea Oihenartek lehenago bildu zituzten zenbait herri kanta, Larramendiren «Coreografía» eta Mogelen «Peru Abarka»-k ohitura eta bizibideak, baina hoietan oraindik ez zen nabari erromantikoen kultur berritze mugimendua, bai ordea biltzaile eta sortzaile agertuko zen zaldibiar kementsuagan.

        Thomas Percy-k piztu zuen Bretainia Handian herri kantak ez ezik ipui, ohitura, dantza eta abar jasotzeko gogoa, «Reliques of Ancient English Poetry» (1765) bilduma argitaratzeaz, eta laster zabaldu zen Europa erdialdera. William John Thoms-ek «Folklore» hitza sortu orduko (1846an izan zen), Iztuetak eginak zituen bere lanak. Izan ere, 1767an Zaldibian jaio zen euskal idazle hau 1845. urtean hil bai zen.

        Zalantzarik gabe. Iztueta, erromantiko mugimendu harek bultzaturik egin zuen bere lana. Bestela ulerkaitza iduritzen zaigu historiako une berean ekintza hortara jotea. Lanerako erabili zuen metodologia eta bere izatezko poeta mindua ditugu lekuko. Gainera, erromantikoa izateaz beste, folklore bilketan beste inor baino lehen aritu zen Penintsula partean. Bere lana euskaraz eman zuenez, historiagintzan jardun diren erdaldunak oraindik ez dira ohartu, eta oraindik orain ere R. Serra i Pagés eta J. T. Fernandes Braga, bata katalana eta bestea portugesa, jartzen dituzte lehen folklore biltzailetzat.

        Iztuetaren bildumazko lehen liburua «Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira» izan zen, 1824an Donostian bertan argitaratua. Handik bi urtera eman zuen argitara «Gipuzkoako soiñu zahar eta hitz-neurtu»ena. Agintari eta elizaren aldetik kritika gogorrak jaso zituen, baina horraitiok, A. Pascual Iturriaga apez ernaniarra izan zuen bere alde.

        Baina berak hasi zuen lan harek jarraitzaileak izan zituen, bertako seme eta herbestetik etorriekin. Xaho, Borrow, Fr. Michel eta Sallaberry. Eta erromantiko mugimenduaren gailurrean Jose Manterola bere «Cancionero Vasco» (1877-1878) sortarekin.

        Musika eta dantzak hainako aberatsa edo aberatsagoa dugu ahozko literatura, kanta zaharrak bereziki. Biltzailerik ere izan dugu ondoko urteetan eta estudio sakonik ere egina da.

        Folklore bilketaz eta poesiaz aparte, Gipuzkoako historia bat ere idatzi zuen, 1847. urtean Donostian argitaratua. Hastapenetan zenbait kondaira faltsu agertzen ditu, erromantiko giroak berakin zituenak noski. Baina ez zen joan Xaho bezain urruti. Honek sortu bai zuen Aitorren kondaira, Aitor euskaldunon sorrerako aitatzat jarriaz. Iztuetaren historiaren bigarren parte guzia eta hirugarrenaren zati bat, 25. orrialdetik 255.era bitartean probintziako bizitza eta ohiturak jasotzen ditu, etnografiarako berri baliagarriak, eta hau berau ere garaiko erromantikotasunaren lekuko dugu: artzantza, nekazaritza, ola zahar, kofradi erakudeak, estadistikak eta abar, lehen aldiz bertsolarien berriak ematera arte.

        Liburuak idaztearekin bakarrik ez zen konformatu eta ber berak antolatutako dantza taldea ere bazuen. Heriotzako orduan ere bere mutilak (dantzariak) ondo portatu ote ziren kezkaturik omen zen.

        Sorterriaren alderako idealak tinko eraman zituen, Iztuetak, hilarteraino.

        Erromantikoen mugimendua ez zen berandu heldu, baina bai ordea berandura arte iraun. Gure herriak garaiz asetu ez zituen gogoaren eragina ote? Hala dirudi.

        Iztuetaren idazkera ezta eredutzat hartzekoa, idazkera bizkorra izanagatik ere. Jose Garmendiaren bildumari esker, poesian lehen baino maila altuagoan jartzea merezi du, erromantikoen atarian ipiniaz. Bestalde, hitz-lauz idatzi zuenak gauzak adierazteko erabilkeraren balioa du. Hizkuntza praktiko baten bilaketazkoa da.

        Iztueta autodidakta zen, ez ordea ikasi gabea, bai bere kabuz ikasia. Izan ere, berak erabili zituen gaiak ez bai ziren inon irakasten, eta hezkuntza nagusietan ari zirenek ez zuten herri xehearen kulturarik haintzat hartzen. Larramendi bezalakoren batek berekikoetan zerbait egitetik aparte, herri jakintza ez zen gai orduko ikastetxetan.

        Ohitura zaharrez arduratu zen Estébanez Calderón-ekin eta Tolosako (Toulouse) Unibertsitatean irakasle zen Lécluse-kin izan zituen harremanak ditugu Iztuetak eskuartean zeramazkien lan eta kezken adierazgarriak, berekiko hezikera, formazioa, neke askoren ondorioz zuela ikus dezakegu. Bere ondotik etorri zirenak, arestian aipatu ditudanak, biderik erdi egina aurkitu zuten. Baina, hala ere, Iztuetaren obra guzia oraindik ez dela zehatz aztertu, eta J. Garmendiak eta bestek, azken urteotan egin dituzten ikerketak argi urratse handiagoa dakarkigutela esan genezake.

 

                Gai hotaz ikus «Iztueta, el precursor del folklore Vasco», La Gran Enciclopedia Vasca, tomo II, pág. 428. Bilbao, 1967.

 

Bilaketa